Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila

Elikagaien industria eta landa garapenerako laguntzetarako epea zabalik dago, guztira 17 miloiko laguntzak emango dira

Argitalpen-data: 

elgoibar.jpg

Arantxa Tapia sailburuak berretsi du elikagaien industriak ekonomia eta enpleguan duen eragina eta proiektu berriei zabalik agertzen den landa garapen berritzailearen aldeko apustua egin du

  • Lehiatu Berria programak 9 milioi eurotik gorako laguntzak emango ditu nekazaritzako produktuak, elikagaiak eta basogintzako produktuak eraldatu eta merkaturatzeko.
  • Era berean, 7,75 milioitik gorako laguntzak emango ditu dibertsifikazio sozioekonomikorako eta landa eremuen garapenerako, 116 udalerrik onura jaso dezaketelarik.
  • Jarduketak Elikaduraren Balio Katea indartzera datoz (lehen ekoizpenetik elikagaien kontsumoraino, hasi elikagaien eraldaketa, banaketa eta salmentatik eta gastronomiara iritsi arte), baita Euskadiko landa eremuaren eta itsasertzaren bizi kalitatea ere.

Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburuak, Arantxa Tapiak elikagai berriak lortzeko eta landa garapenera bideratutako bi inbertsio programen berri eman du gaur Elgoibarren. Guztira 17 miloi dira gaur produktore, mikroenpresa eta tokian tokiko entitateen esku jarri direnak.

Sailburuak adierazi duenez, “honelako ekimenekin ekonomia dibertsifikatuago bat eraikitzearen alde egiten dugu eta Euskadiren izaeran eta garapenean hain garrantzitsua den lurralde orekaren alde”

Eusko Jaurlaritzak bere azken kontseilu bileran onartu du Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuak emandako agindua, zeinaren bidez arautzen diren 2018an nekazaritzako produktuak, elikagaiak, eta arrantzatik eta akuikulturatik eratorritakoak eraldatzeko eta merkaturatzeko diru laguntza deialdiaren oinarriak. LEHIATU BERRIA programaren baitakoak dira eta 9 milioi eurotik gorako zenbatekoa dute.

Era berean, bi agindu onartu dira 2018ko ekitaldian Euskadiko G4, G5 eta G6 landa eremuen sustapen eta garapenerako diru laguntzen deialdiak egiteko, zeinetan 116 herri sartzen diren.

Lehiatu berria

Laguntza horiek Euskadiko Gastronomia eta Elikaduraren Plan Estrategikoa (GEPE) garatzeko urrats bat gehiago izango dira, exekutibo autonomoak legegintzaldi honetan duen lehentasunezko apustuetako bat, hain zuzen ere, eta Elikaduraren Balio Katean oinarritzen da. Kontzeptu berriak lehen ekoizpenetik elikagaien kontsumorainokoa barnebiltzen du, hasi elikagaien eraldaketa, banaketa eta salmentatik eta gastronomiara iritsi arte. Horrela, Planak elikaduraren sektorea, bere esanahirik zabalenean, euskal ekonomiarako oinarrizkotzat jotzen du, eta, ondorioz, elikaduraren industriatik (eraldaketa eta ekoizpena) definitzen du, baita beste sektore batzuetatik ere, hala nola, lehen sektoretik (nekazaritza, arrantza eta abeltzaintza), banaketatik, salmentatik (handizkakoa zein txikizkakoa) eta jatetxeetatik.  

Zehazki, diru laguntzen deialdiak hauek dira:

  • Nekazaritzako produktuen eraldaketan, komertzializazioan edo garapenean inbertsioak egiteko laguntzak, eta basogintzako produktuen eraldaketara eta komertzializaziora bideratutako inbertsioak egiteko laguntzak, Euskadiko Landa Garapenerako 2015-2020 Programaren baitan.
  • Arrantzako eta akuikulturako produktuen eraldaketan eta komertzializazioan inbertsioak egiteko laguntzak, arrantzaren sektorerako FEMPren 2014-2020 aldirako Programa Operatiboaren baitan.
  • Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritzako eta elikagaien industrietan inbertsioak egiteko laguntzak, aurreko ataletan sartzerik ez badute.

Modalitatearen arabera, onuradunak pertsona fisiko edo juridikoak izan daitezke: nekazariak edo nekazari elkarteak, nekazaritzako kooperatibak edo nekazaritzako elikagaien enpresak, mikroenpresak eta enpresa txiki eta ertainak. Inola ere ezin izango dira onuradun izan Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoa osatzen duten entitateak.

Eskaerak egiteko epea hiru hilabetekoa izango da gaurtik hasita  Agindua atzo publikatu bait zen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian: https://www.euskadi.eus/y22-bopv/es/bopv2/datos/2017/12/1706298a.shtml. Eskaerarekin batera, oinarri hauen 3. paragrafoak ezartzen dituen dokumentuak erantsi beharko dira.

Laguntza eskaera egiteko inprimakia web helbide honetan egongo da eskuragai: http://www.euskadi.eus Eskabideak Elikagaien kalitatearen eta Industrien Zuzendaritzako titularrari zuzenduko zaizkio eta Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituren Sailak Vitoria-Gasteizen duen bulegoetan aurkeztuko dira (Donostia-San Sebastian kalea, 1. 01010 Vitoria-Gasteiz) edo Administrazio Prozeduraren Legeak aurreikusten dituen lekuetako edozeinetan.

Landa eremuko udal erakundeentzako laguntzak 

Euskadiko landa eremuari zuzendutako laguntzak bertako bizi kalitatea eta garapen sozioekonomikoa hobetzeko exekutibo autonomoak egindako apustu sendoaren baitan kokatzen dira. https://www.euskadi.eus/y22-bopv/es/bopv2/datos/2017/12/1706300a.shtml

Laguntza publikoak udal erakundeei eta haien sozietateei zuzenduta daude, eta 5,75 milioi euroko zenbatekoa dute bizi kalitatea hobetzeko eta turismoari lotutako ondare kulturalean eta naturalean inbertsioak egiteko proiektuak laguntzeko, baita erabilera publikorako aisialdi, turismo eta informazio azpiegituretarako ere.

Laguntzen onuradunak izan daitezke: toki entitateak (udalak, kontzejuak eta edozelako lurraldeko toki entitate, udalak baino eremu txikiagoa badute), udalerrien mankomunitateak, Arabako lurralde historikoko kuadrillak, tokiko sektore publiko instituzionala edo landa garapeneko elkarteak, baldin eta toki entitateek interbentzio eremuaren onurarako proiektu bat martxan jartzea haiengan delegatu badute edo enkargua egin badiete.

Diruz laguntzen ahalko dira 2018 ekitaldian abiatutako proiektuak, baldin eta landa eremuko herritarren bizi kalitatea hobetzeko edo turismoari lotutako ondare kulturalean eta naturalean inbertsioak egiteko proiektuak badira, baita erabilera publikorako aisialdi, turismo eta informazio azpiegituretarako proiektuak badira ere.

Landa eremuko sustatzaile pribatuak

Eragile pribatuei bideratutako bi milioi euro pasako laguntzak enpresen sorrera eta garapenaren bidez dibertsifikazio ekonomikoan eta enplegu sorkuntzan aurrera egiteko partikularrek garatutako jarduerak finantzatzera zuzenduta daude, hala nola:

•          Nekazaritzaren sektorearekin zerikusia izan ez, baina sektorea dibertsifikatzen duten jarduerak.

•          Mikroenpresak eta enpresa txiki eta ertainak sortzea eta garatzea, eta autonomo gisa alta emandako pertsona fisikoek garatutako proiektuak, betiere inbertsioak nekazaritzako elikagaien produkziorako, eraldaketarako eta salmentarako badira.

•          Enplegua soil-soilik sortzea. Laguntzen onuradunak izan daitezke mikroenpresak eta enpresa txiki eta ertainak, betiere nekazaritzakoak ez badira eta landaguneetan kokatzen badira.

Lehenengo kasuan onuradunak nekazaritza sektoreari lotutako pertsona fisiko edo juridikoak izan daitezke, baita ustiategi bateko familia unitatea ere. Gainerakoetan, pertsona fisikoen elkarteak edo nortasun juridikorik gabeko pertsona juridiko pribatuen elkarteak, ondasun erkidegoak edo edozein eratako unitate ekonomiko edo ondare bereizia, izaera juridikoa eduki ez arren, aurreikusitako proiektuak edo jarduerak egin baditzakete.