Gorka Julio Durangoko Azokako Kabi@ espazioaren arduradunari elkarrizketa


Kultura digitalari lotutako eragileak biltzen dituen Kabi@ espazioaren arduradun Gorka Juliok euskal kulturaren arlo horretaz duen ikuspegia eman dio Kulturkliki, Durangoko Azokaren baitan. 

Oraindik Kabi@ ezagutzen ez duenarentzat, nola defini genezake Durangoko Azokako gune hori?
Kultura digitalaren plaza bezala defini daiteke. Bertan, arlo digitalarekin zerikusia duten sorkuntza, teknologiak, gaiak... lantzen dira. Sortzaileek, gazteek, bideo-joko zaleek, garatzaileek eta, orokorrean, euskal komunitatea osatzen dutenek espazio berezia dute bertan, baina interesa duen ororentzat irekita dagoen espazio anitza da.

Zer nobedade dakar aurten Kabi@k?
Lehen egunean, Wikipediari lotutako hitzaldi interesgarri bat izango da, adibidez. Bigarren egunean, egun osoa bideo-jokoei zuzendua izango da Game Erauntsiaren laguntzarekin. Sortzaile egunean mahainguru interesgarri bat izateaz gain, Tirabirak webdok interesgarria ezagutzeko aukera izango dugu. Abenduaren 5ean hitzaldien artean hardware tresnak ere izango ditugu, horien artean bi interesgarri: Interprest eta Wimy. Azken egunean, aldiz, pil-pilean dauden bideoa eta pribatutasunaren gaiak jorratzeko, Ion Turrillasen hitzaldia: "Sare sozialak jokoz kanpo?".

Zer harreman du gune horrek Azokako beste batzuekin?
Erabakiak koordinazio mahaian hartzen ditugu, eta gure artean koordinatzen saiatzen gara bertan. Aurten, lehen egunean, Skuramobile kooperatibak gidatuta gazteentzako tailerrak izango ditugu; egun hori denon artean osatutako eskaintza bateratu batetik ateratzen den proposamena da, adibidez. Elkar ezagutza eta laguntza nabarmenduko nituzke koordinazio mahaiko guneen arteko harremanean.

Plaza digitala eta kultura euskaraz. Bi arlo horiei dagokienez, zer egoeratan gaude kultura propioa mantendu eta bultzatu nahi duen herri gisa?
Dena bat da, kultura digitala euskaraz ere izango da edo ez da izango. Mundu digitalak aukera berri bat eskaintzen dio euskal kulturari. Orain arte, aurrera ateratzeko beharrezko euskarriak, tamainak, baliabideak... eskuratzen zailak ziren, askotan beste kultura batzuekin alderatzeko aukerarik ere ez genuen. Mundu digitalean aldiz, oparotasunaren logikan murgil gaitezke, eta ditugun kartak ondo jolastu. Horretan garrantzitsua izango da eduki eta ezagutzaren aldeko apustua eta hainbat proiektuetan batera aritzea. Ondo kokatua gauden edo ez esateko adierazle zehatzagoak behar dira, nik nahiago Librezale komunitatea, Game Erauntsia komunitatea, Euskal Wikipediaren inguruko elkartea, Garatzaile talde euskaldunak existitzen direla eta indarra dutela nabarmentzea.

Eten digitalak zer neurritan eragiten dio euskarazko kulturari?
Eten digitalak bat baino gehiago dira, garrantzitsuena ekonomikoa, baina ezberdintasun bezala ezkutatzen diren zapalketak asko dira baita gurean ere, eta, hor, Europa aberatsaren mailan gaude. Euskal Herrian, konexio kopuruari begiratuz gero, datuak onak dira; konexio kalitateari begiratzen badiogu, okerxeagoak; baina, edukiei begiratuz gero, egoera ez da batere ona. Euskal Herriak, Internet eskubide unibertsal moduan hartu beharko luke, baina garrantzitsuagoa da oraindik edukiak eta ekimenak euskaraz martxan jarriko dituzten pertsonak izatea.

Zein dira euskal kulturaren komunitate digitalak dituen erronka nagusiak?
Edukien sorkuntzan, teknologia oinarrizkoen lokalizazioan eta sorreran eta komunitate ezberdinen eraikuntzan. Era guztietako edukiak behar ditugu, alde batetik, garrantzi bereziarekin ikus-entzunezkoak eta aisiari lotutako formatu asko, ezagutza komuna sortzen dutenekin batera, adibidez, Wikipedia. Tresna teknologikoen alorrean, hizkuntza teknologikoak oso garrantzitsuak izango dira, baita normalean gehien erabiltzen ditugun eta, bereziki, mugikorreko tresnak euskaraz izateko aukera ere. Bukatzeko, arlo ezberdinetan lan egingo duten komunitateak sortu eta indartu behar dira. Kulturaren arloan, bereziki, beharrezkoak dira Game Erauntsia bideo jokoetan edota Librezale software librea euskaratzen laguntzeko komunitatea bezala, beste arloetan ere horrelakoak sortzea. Ikuspuntu digitaletik ere eragingo duten sortzaile taldeak ere behar ditugu horretarako. Bada beste erronka garrantzitsu bat, eta kultur jardunetik dirua atera nahi dutenei eragiten die, bereziki. Azokaren helburutako bat hori dela kontuan hartuta, bereziki aipatu beharrekoa. Arlo horretan, erronkak beste kultura batzuetan duen maila du gurean ere, eta erauntzun zaila dauka. Nago, gainera, gure kulturarentzako konponbide posibleak ere irudimentsua izan beharko duela, sor daitezken beste modelo batzuk ez baitiote erantzun egokiena eskainiko gure kulturari.

Euskarazko kulturaren zein arlotan finkatu da gehienbat bultzada digitala? Musikan?, literaturan...?
Digitalizatzen lehena musika izan zen; ikus-entzunezkoak, ondoren; eta, azkena, literatura. Baina ez ditugu nahastu behar digitalizazioa eta kultura digitala (edo ikuspuntu horrekin egindakoa). Liburuak aspaldi ziren digitalak, inprentara horrela eramaten zituzten, baina merkaturatzea digitala ere hasten denean hasten da benetan kultura digitala izaten. Hor sortzen dira bi munduen arteko talkak eta eztabaidak, adibidez, fase horretan aurkitzen gara oraindik, trantsizioan. Esango nuke, gainera, euskarrien kulturatik oraindik ez garela atera, mantso goaz eta modelo zehatzik gabe, gainera. Faltan botatzen dira euskaraz bere osotasunean ikuspuntu digital integral bat duten ekimenak, batzuk asmatzen ari direla dirudi, baina oraindik ere modelo ekonomikoaren aldetik zailtasun handiak dituzte: h28 aldizkaria, Argia, Susa liburutegi digitala... batzuk aipatzearren. Aurten, Kabi@n behintzat izango ditugu ikuspuntu digitala erabat integratua duten proiektuak, bideo joko batzuk eta Tirabirak Webdok-a, esate baterako.

Egitaraua