Lehendakaria Konstituzio Auzitegiko Abokatuen Elkartearen jardunaldien inaugurazioan izan da
2016.eko urriak 20
Iñigo Urkullu lehendakaria Vitoria-Gasteizko Villa Suso Jauregian egiten ari den Konstituzio Auzitegiko Abokatuen Elkartearen XXII. jardunaldien inaugurazioan izan da (Oinarrizko eskubideen babes prozesalaren perspektiba berria/La nueva perspectiva de la tutela procesal de los derechos fundamentales). Ekitaldian izan dira gainera Herri Administrazio eta Justizia sailburu Josu Erkoreka, Konstituzio Auzitegiko lehendakari Francisco Pérez de los Cobos, eta Manuel Lezertua arartekoa.
Lehendakariak zabaltzen ari den “garai politiko berria” azpimarratu du, hasten den etapa berri bat, azaldu duenez, bizikidetza-itun baterako akordioa egiteko borondatez, politikaren “etengabeko” judizializazioa ekidingo duena, azken lau urteotan gertatu den bezala. Ildo horretan, eta Espainiako hauteskunde orokorretatik gobernagarritasun-akordio batera iritsi gabe hamar hilabete betetzen diren egunean, Urkulluk berriz gogorarazi du bere apustua aldebiko erlazio “eraginkor” bat adosteko, adostutakoa betetzen dela bermatuko duena.
Halaber, lehendakariak gogora ekarri du gaur bost urte betetzen direla ETAk jarduera terrorista behin betiko uztea iragarri zuenetik. “Garai berri bat bizi dugu, hobea”, ziurtatu du Urkulluk, eta esan du Eusko Jaurlaritzaren erantzukizuna bakearen eta bizikidetzaren alde lan egitea izan dela “konpromisotik, topaketa sozial berri bat ehunduz”, eta ildo horretan jarraituko da lan egiten. Era berean, “estatu-politika berri bat” antolatzera premiatu du, planteatutako ekimenak erraztuko dituena.
Aipatutakoez gain, jardunaldien inaugurazioan izan dira, baita ere, Arabako diputatu nagusi Ramiro González, Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran, Konstituzio Auzitegiko Abokatuen Elkarteko lehendakari Amparo Guilló, Gobernuaren ordezkari Euskal Autonomia Erkidegoan Carlos Urquijo, Auzitegi Nagusiko lehendakari Juan Luis Ibarra, Euskal Autonomia Erkidegoko fiskal nagusi Juan Calparsoro eta Konstituzio Auzitegiko lehendakariorde Adela Asúa.