Eusko Jaurlaritzak Oka ibaiaren estuarioa klima-aldaketara egokitzeko esperientzia aurkeztuko du «Littoral 2016» nazioarteko biltzarrean

Littoral_2016.jpg

2016.eko urriak 20

  • Nazioarteko bilkura horretan ezagutza, tresna eta ikuspuntu berriak aztertu eta ikerketa gai berriak proposatuko dituzte
  • Urriaren 25etik 29ra egingo dute Biarritzen

Datorren asteazkenean, urriak 26, Oka ibaiaren estuarioan klima-aldaketara egokitzeko ezarritako esperientzia aurkeztuko du Eusko Jaurlaritzak «Littoral 2016» nazioarteko bilkuran. Bi urtetik behin European Union of Coastal Conservation (EUCC) erakundeak antolatzen duen bilkuraren hamahiru edizio beteko ditu aurten. Biarritzen urriaren 25etik 29ra egingo dituzten jardunaldietan klima-aldaketak kostaldean izandako eraginak aztertuko dituzte, baita inpaktu horiek arintzeko har daitezkeen neurriak ere.

Urdaibai Biosfera Erreserbaren Patronatuko Zerbitzua, Paula Caviedesek zuzentzen duena, arduratuko da aurkezpenaz. Eusko Jaurlaritzak Oka ibaiaren estuarioko goiko aldean ezarritako proiektua azalduko dute. Inguru horretako sei udalerrietako pertsonentzako azpiegitura berdeak ezarri dituzte, oinezkoentzako eta bizikletentzako pasealekuak, atmosferara isuritako CO2 kopurua txikitzeko helburuz.

“Littoral 2016” biltzarrean klima aldaketarako egokitzapena eta antizipazioa jorratuko dugu aurten. Hala, kostaldeko mugikortasuna ez ezik, biodibertsitatearen erantzuna ere aztertuko dugu, gizakiek gero eta presio handiagoa egiten baitugu kostaldean. Nazioarteko bilera honen helburua ezagutzak partekatzea, tresna eta ikuspuntu berriak aztertzea eta kasu batzuetako informazio eza nabarmentzea da. Gainera, kasu batzuetan ikerketa-arlo berriak proposatuko dira», esan du Iosu Madariaga Ingurumen sailburuordeak.

Europako 16 herrialdetako 62 adituk 126 proposamen egin dizkiote antolakuntzako batzorde zientifikoari. Hautatu dituzten hitzaldiak, artean Eusko Jaurlaritzarena, honako hauek izango dira: Kostaldeko ingurumena: klima-aldaketari aurre egiteko abangoardia, tresna berriak eta ikuspuntuak; Gobernabilitatea: kostaldeko ingurumenaren babesa, kostaldeko kudeaketa integratua eta klima-aldaketarako egokitzapena; Garapen jasangarria eta kostaldeko ikuspuntu teknikoak; eta Klima aldaketarako egokitzapena (hazkunde urdina).

 

Informazio gehiagorako: https://littoral2016.univ-pau.fr/