Argitalpen-data: 2015/06/11
Eusko Jaurlaritzak eta EHU-k Arabako Herri Inauterien erregistroa eta katalogazio lana egin dute
- Euskadin administrazioak katalogatu duen lehen kultur adierazpen ez-materiala da. Ondoren egingo diren azterketetarako pilotu gisa balio izango du
- Eusko Jaurlaritzak eta UNESCOren Kultur Paisaia eta Ondarea Katedrak elkarlanean buruturiko katalogazio lanaren aurkezpen jardunaldia egin da ostegun honetan UPV/EHUren Arabako Campusean
Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzak UPV/EHUko Kultur Paisaia eta Ondarearen UNESCO Katedrarekin elkarlanean, Arabako Herri Inauterien erregistro eta katalogazioa (PDF, 25 MB, GAZTELANIAZ) burutu du. Lan honek, kultura adierazpen bizi bat jasotzen du, beroni bizirik eusten dion komunitatearen iturritik zuzen-zuzenean, eta bide berri bat irekitzen du Kultura Ondarearen ikerketan, administrazioek orain arte oso gutxi aztertu dutena eta berritzailea: Ondare ez-materialaren ikerketa.
Azken urteetan, nazioarteko erakunde ofizialen lana, eta bereziki UNESCOren Ondare ez-materiala babesteko konbentzioa (2003), gidari eta akuilu izan da ondare ez-materialaren inguruko politikei eta esku-hartzeei bultzada emateko.
Aurrekari horiekin, Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzak ondare ez-materialera hurbilketa egitea planteatu zuen, esperientzia pilotu gisa balio izango zuena, helburu bikoitzarekin: batetik helburu metodologikoa, eta bestetik ikertzen ari zen gaiaren edukiarekin estuki lotutakoa. Lehenari dagokionez, ondare ez-materialaren inguruko gaietan jardunbide bat ezartzea zen helburua, fitxa eredu bat garatuta. Fitxa honek gure ondare ez-materialaren hurbilketarako eta katalogaziorako balio izan behar du, zabalkundeari ekin aurretiko urrats gisa. Bigarren helburuari dagokionez, datu base bat gauzatzea zen asmoa, eduki guztia kudeaketarako modu erabilgarrian batuko duena. Beraz, UNESCOk Ohitura sozialak, errituak, eta festak izeneko eremuan jasotzen dituen adierazpen kulturalen bat katalogatzea proposatu zen. Aranako Herri Inauterien alde egin zen, elkarteetan ongi egituratuta dagoen kultura aberastasuna baitira, eta aldi beran, adierazpenetan eta berezitasunetan ugaria.
Katalogoak, herri inauteriekin lotutako itemak jasotzeko erreminta izan nahi du, festa horren ezaugarri nagusi eta elementu identifikatzaileekin. Honela, kultura adierazpen honen zabalkundea eta sustapena ahalbidetzen da. Gainera, esperientzia honek ondoren etor daitezkeen Kultur Ondare ez-materialaren inguruko ikerketentzat pilotutzat balio izango da.
Herri inauteria: kultura ondare bizia
Lehen ikerketa honek, izenean bertan ikusten den moduan, Arabako herri inauterietan du ardatza, eta horietan guztietan garrantzia berezia hartzen dute honako udalerri hauetan egiten direnek: Zalduondo, Asparrena (Ilarduia, Andoin eta Egino), Kuartango, Kanpezu eta Salcedo. Ikerlanean 126 inauteri atzeman eta dokumentatu dira Araban. Katalogazio mota honen berezko ezaugarria da, kultura adierazpen biziak izaki, ondare horri bizirik eusten dion komunitatearengandik egin dela zuzen-zuzenean datu-bilketa, hala nola, herrietan, bertako biztanleengandik eta elkarteengandik. Festa hauen inguruko berezitasun, erritual, prozesu edo ondasun materialei buruzko informazioarekin fitxak osatu dira, eta multzoaren analisira lehen hurbilketa egin da, inauteri batzuen eta besteen arteko berdintasun eta desberdintasunak jasotzen dituen kartografia barne.
Ondare ez-material baten gainean egin den erregistro eta katalogazioko lehen esperientzia honen ondotik, hartutako eskarmentuaz eta aplikatu den metodologiaz baliaturik, Eusko Jaurlaritzako Kultura ndarearen Zuzendaritzak hurrengo egingo duen lana zehaztua dauka: dantza tradizionalen erregistroa eta katalogazioa.