Ekonomia eta Ogasun Saila

Argitalpen-data: 2015/06/09

Eusko Jaurlaritzak 2016ko Euskadiko Aurrekontuak egiteko jarraibide ekonomikoak onartu ditu. (2015-06-09(e)ko Kontseiluan hartutako erabakiaren laburpena)

Erabakia, Euskal Autonomia Erkidegoko 2016. urterako Aurrekontu Orokorrak egiteko Jarraibide Ekonomikoak onartzen dira.

LABURPENA

Gobernu Kontseiluak gaur onartu ditu Euskal Autonomia Erkidegoaren 2016. ekitaldirako Aurrekontu Orokorrak egiteko Jarraibide Ekonomikoak.

2016ko aurrekontu proiektua egiteko jarraibide ekonomikoak lau ataletan egituratzen dira. Lehendabiziko atalak Jaurlaritzaren ekintza zer testuingurutan garatzen den aztertzen du, 2016ko politikak eta aurrekontuak baldintzatuko baititu horrek. Atal horren barruan, Euskadik 2015ean eta 2016an izango duen testuinguru makroekonomikoa zehazten da, eta, bigarren atalean, aurrekontu-egonkortasun markoaren inplikazioak jorratzen dira. Hirugarren atalean gobernu ekintzaren helburu estrategikoak jasotzen dira, jarduera eremuz eremu aztertuta. Azkenik, laugarren atalean, 2016ko kontuak egiteko aurrekontu irizpideak zehazten dira.

1.- Euskadiko agertoki makroekonomikoa 2015-2016 aldirako

Aurreikuspenek diote mundu mailako hazkunde ekonomikoa handixeagoa izango dela 2016ean aurreko bi urteetan baino. Bultzada hori, hein handi batean, ekonomia aurreratuenen eskutik etorriko da. Aldiz, aurreikuspenen arabera, gorabidean diren herrialdeetako ekonomiaren dezelerazioa ez da etengo.

Gure inguru hurbilenari dagokionez, eurogunearen jarduera ekonomikoak politika monetario irekiago baten eta petrolio gordinaren prezioaren murrizketaren onurak jasoko ditu. Testuinguru horretan, 2016an Espainiako ekonomia Europako batez bestekoaren gainetik haziko dela aurreikusten da.

Egoerak onera egin badu ere, hainbat zalantzek bere horretan jarraitzen dute. Hala, gorabidean diren herrialdeak espero baino gutxiago hazten ari dira, eta tartean hainbat egoera oso konplexu ere badira, Ameriketako Estatu Batuek bertako monetaren normalizazioa erabakitzen badute are eta gehiago okertu litezkeenak. Eurogunea bera ere ez dago arriskutik kanpo, batik bat Greziako finantza krisia, ekonomia aurreratuenen inflazio maila baxuen eta arrisku geopolitiko etengabeen ondorioz.

Nazioarteko agertoki horrek hazkundeko agertoki makroekonomiko batera darama euskal ekonomia, behera egiteko arriskua ere bere horretan mantentzen den arren oraindik. Hori horrela, barne produktu gordina 2015ean eta 2016an % 2,5 haztea aurreikusten da. Enplegu maila, berriz, 2015ean % 1,6 haztea aurreikusten da, eta % 1,7 2016an (lanaldi osoko lanpostuen urteko batez bestekotan neurtuta).


2.- Aurrekontu-egonkortasunaren esparrua eta 2014ko aurrekonturako inplikazioak

2016ko aurrekontuek bat etorri behar dute deskribatutako agertoki ekonomikoarekin, eta, aldi berean, Eusko Jaurlaritzaren bi helburu hauei erantzun behar diete: pertsonen oinarrizko beharrak asetzea, eta ekonomia eta enplegua hazteko akuilu izatea.

Dena den, aurrekontu egonkortasuna bermatzeko Europako erregulazio esparruak herri-administrazio guztien aurrekontuak baldintzatzen ditu, derrigor bete beharreko eskakizunak ezartzen baititu defizitaren, zor publikoaren eta gastu-arauren arloetan. Euskadiren kasuan, egun indarrean den akordioak barne produktu gordinaren % 0,3ko defizit helburua ezartzen du 2016rako.

3.- Jaurlaritzaren estrategia eta jarduteko helburuak

2016ko aurrekontuei gehitutako ekintzek lerrokaturik egon beharko dute gobernuaren lehentasun bikoitzarekin, hots, hazkundearen eta enplegu-sorreraren sustatzaile lanak egitearekin eta pertsonen oinarrizko beharrak asetzearen bermatzaile izatearekin.

3.1. Hazkundea eta enplegu-sorrera bultzatzera bideratutako ekintzak.

Lehiakortasuna da hazkunderako eta enplegua sortzeko oinarririk behinena. Hori dela eta, 2016ko aurrekontuek gobernuak legegintzaldi honetan euskal ekonomiaren lehiakortasuna sustatzeko martxan jarri dituen egitasmo ezberdinetan definitutako estrategia eta ekintzak lagunduko ditu.

Eta lehiakortasunaren oinarrietako bat, berriz, nazioartekotzea. Hori dela eta Eusko Jaurlaritzak, 2020 Nazioartekotzeko estrategia markoa zuzendu du: izaera integrala duen Basque Country Estrategia. Estrategiak Euskadiko interes multisektorialak du oinarri. Ildo horretan, kontuan izan behar da enpresen nazioartekotzeari aparteko tokia eman zaiola, betiere hezkuntzak, osasungintzak, kulturak eta ingurumenak ere lekua duten ikuspegi sistemiko baten baitan.

Lehiakortasunaren beste oinarrietako bat, berriz, berrikuntza da. Hori dela eta, 2014ko amaieran, Eusko Jaurlaritzak berrikuntzako bere estrategia berria onartu zuen: Euskadi 2020 Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Plana.

Egiturazko lehiakortasun politikek industria dute protagonista nagusi gisa. Egiturazko politikok aurrera eramateko, Eusko Jaurlaritzak berauek garatu eta indarrean jartzeko hiru plan ditu uneotan martxan: 2014-2016 aldirako Enpresen Nazioartekotze Plana, Zientzia eta Teknologia Plana eta 2014-2016 aldirako Industrializazio Plana.

Industriarekin batera, hori bai, beste jarduera sektore batzuk ere sustatuko dira, adibidez merkataritza, turismoa eta lehen sektorea.

Aipatu ere ekintzailetza jarduerari laguntzeko erakunde arteko planak duela ekintzaileei laguntzeko instrumentuak sistematizatzeko eta Ekintzailetzako Euskal Sistemako agente sarea koordinatzeko zeregina.

Sektore produktiboa laguntzeko beste jarduera batzuen artean honako hau ere nabarmendu behar da: trakzio enpresen eta enpresa hornitzaileen arteko lankidetza sustatzea gorabidean diren sektoreetan, sektore jasangarrietan eta Euskadirentzat interesekoak diren sektoreetan, bai enpresa sorkuntza sustatzeko, bai enpresok merkatu eta produktu berrietara sarbidea izan dezaten.

Horrez gain, enpresak laguntzeko finantza-neurriak diseinatzen jarraituko du Eusko Jaurlaritzak honako arloetan: enplegua sortuko duten inbertsio proiektuetarako, zirkulagarrirako, kanpo merkataritza finantzatzeko zein egoera zailean dauden enpresa bideragarriak berregituratzeko -berauetan elkarlan inguruneak diseinatzeko laguntza eskaini eta langileen partaidetza bultzatuko du-.

2014-2016 aldirako Enplegu Planaren markoan, 2016an arreta berezia eskainiko zaie gazteak eta gizartean aukera gutxien duten kolektiboak lan-merkatuan sarbidea izatea sustatzeko politika publikoei, baita lana eta familia uztartzea errazten duten neurriei ere.

3.2. Gizarte-babeseko euskal ereduari laguntzera bideratutako ekintzak

Osasungintza da gizarte-babeseko euskal ereduaren oinarrietako bat. Egungo gobernuaren politika eta jarduera guztien ardatza pertsonak direla aintzat hartuta, 2013-2020 aldirako Osasun Plana jarri zen abian. Planaren xedea osasuna politika publiko guztietara eramatea da, izan ere, sail arteko, erakunde arteko eta sektore arteko izaera duen auzia da osasunarena. 2016ko aurrekontuek plan horretan ezarritako jardunbide eta lehentasunak jarraituko dituzte.

Hezkuntza da gizarte babeseko euskal ereduaren funtsezko bigarren oinarria. Horrenbestez, 2016ko aurrekontuek, lanbide heziketa, unibertsitatea, hizkuntza politika eta kulturaren sustapena bezalako arloetan hezkuntza estrategiak garatzea bultzatuko dute.

Azkenik, gizarte babeseko euskal ereduaren funtsezko hirugarren oinarria gizarte zerbitzuek osatzen dute. Hori horrela, gizarte laguntzei eustea aurreikusten dute 2016ko aurrekontuek, bai diru-sarrerak bermatzeko sisteman, bai gainerako zerbitzuetan.

 

 

 

4.- Aurrekontu Irizpideak

Sarrera korronteak kalkulatzeko aintzat hartuko dira Foru Aldundien ekarpenak, Herri-Dirubideen Euskal Kontseiluan dirubilketa aurreikusian oinarrituta erabakiak.

Funtzionarioen ordainsariak Euskadiko 2016ko Aurrekontu Legeak ezarritakoak izango dira.

Funtzionamendu gastuek, berriz, funtsezko gizarte zerbitzuak finantzatuko dituzte.

Inbertsio-gastuei dagokienez, zehaztuko da zer kreditu behar diren aurreko ekitaldietatik eratorritako betebeharrekin jarraitu ahal izateko, eta 2016ko jarraipena joko, ziklo ekonomikoaren aldaketa eta enpleguen sorrera finkatuko dutenak lehenetsiz.