Egoitza elektronikoa

Energia-eskariak ur-eskasia handiagoa eragingo du; halaxe baieztatu du Gregok Bilbon aurkeztu duen Nazio Batuen txostenak

Argitalpen-data: 

URAk, Eusko Jaurlaritzak eta Ur Baliabideak Ebaluatzeko Munduko Programak Urari buruzko Munduko Txostena aurkeztu dute Bilbon

Nazio batuen txostenaren aurkezpena

“Munduan energia-eskaria geroz eta handiagoa izateak ur-eskasia areagotzea ekar lezake”. Horixe da, hain zuzen, Munduko Ur Baliabideen Garapenari buruzko Nazio Batuen Txostenean jasotako mezuetako bat. Txosten hori gaur aurkeztu du, Bilbon, Nazio Batuetako aditu Simone Gregok, eta berarekin batera izan dira Ana Oregi sailburua eta Mikel Mancisidor Unesco Etxeko zuzendaria. Azterlan horretan, orobat, nabarmendu da ez dela lankidetzarik eta plangintzarik egiten bi sektoreen artean, eta kudeaketa hobea egin behar dela defendatu du, etorkizunean ur- eta energia-faltarik egon ez dadin.

Ur Baliabideak Ebaluatzeko Munduko Programaren ordezkari eta txostenaren koordinatzaile Simone Gregok adierazi duenez, “Ura eta energia dira erronka nagusiak, eta toki gailena izan behar dute 2015. urte osterako garapen-programan”.

Lanaren aurkezpenean, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburu Ana Oregik nabarmendutakoaren arabera, “lankidetza estuan aritu dira Nazio Batuak-NBGP eta Eusko Jaurlaritza, 2005. urteaz geroztik.

Biek ala biek dute uraren, haren kudeaketaren, zaintzaren eta ur-hornidurarako sarbidearen gaineko erantzukizuna. 2008an geure gain hartu genuen Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontuan urtero diru-ekarpen bat sartzeko konpromisoa, uraren kanonaren arabera bildutako zenbatekoaren %5.

Nazio Batuen Garapenerako Programaren bitartez kudeatzen diren proiektuak finantzatzeko erabiltzen dira baliabide horiek; ahal izanez gero, jendeak ura eta saneamendua izan ditzan bidea errazten duten ekintzetarako. NBGPren eta Eusko Jaurlaritza/URAren arteko lankidetzak aukera eman digu errealitate desberdinak ezagutzeko, eta laguntza teknikoa eta finantzarioa emateko ura eta saneamendua eskuratzeko hainbat proiektu gauza daitezen, Saharaz azpiko Afrikan eta kontinente amerikarrean”.

Txostenaren ondorioak

NBE-Ura eratzen duten nazioarteko 36 bazkideren eta Nazio Batuen barnean dauden 31 entitateen arteko lankidetzaren emaitza da Munduko Ur Baliabideen Garapenari buruzko Nazio Batuen Txostena. UNESCOk barnean hartzen duen Ur Baliabideak Ebaluatzeko Munduko Programak (WWAP) egin du.

Gaur egun, munduan 768 milioi lagunek ez du sarbiderik ur-horniketako sistema hobetuetara. Aldi berean, 1.300 milioi lagunek ez dute argindarrik, eta ia 2.600 milioi lagunek erregai solidoak —biomasa, bereziki— erabiltzen dituzte sukaldean jakiak prestatzeko. Txostenean ikus daitekeenez, ura eskuratzeko behar bezalako sarbiderik ez duten pertsonen mapa eta argindarrik ez dutenena oso antzekoak dira, eta sektore horiek zenbateraino diren elkarren mendeko erakusten du.

Guztira, energia-ekoizpena ur-erauzketen ia %15 da, eta goranzko joera du. Aurreikusitakoaren arabera, hemendik eta 2035. urtera bitartean, energia-ekoizpenari loturiko ur-erauzketak %20 gehituko dira, hazkunde demografikoaren, urbanizazioaren eta kontsumo-moduak bilakatzearen ondorioz. Datozkigun erronkei ekin ahal izateko, txostenean nabarmendu da ura kudeatzeko politikak eta energia kudeatzekoak koordinatu beharra dagoela.

Erakusketa

Azterlana aurkeztu ondoren, Asier Reinoren WC: Errealitate desberdinak. Diferentes realidades erakusketa ireki dute. Hondakinak kudeatzeko sistema desberdinen irudien bitartez, saneamenduak munduan zer-nolako egoera duen ikusteko aukera ematen du erakusketak. Ikusgai egongo da urriaren 5era arte Bilboko Itsas Museoan. UNESCO Etxeak antolatu du erakusketa, eta Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoaren eta URAren babesa du.