Segurtasun Saila

Euskalmet iragarpenaren arabera eguraldi hotza izango da Gabon eta Eguberri egunetan

Argitalpen-data: 

Hilaren 24an, prezipitazio ahulak eta tenperatura baxuak espero dira. Eguberri egunean tenperaturak oraindik ere baxuagoak izango dira, eta elur-maila 500-600 m inguruan kokatuko da egunaren amaieran, baina prezipitazio gutxi pilatuko da.

Euskalmet – Euskal Meteorologia Agentziak eguraldi hotza iragarri du Gabon eta Eguberri egunetarako. Bi egun horietan nabarmen jaitsiko dira tenperaturak, eta hilaren 25ean elur-maila jaisten joango da, nahiz eta prezipitazio gutxi pilatuko dela espero den.

Euskalmeten arabera, Atlantikotik iritsiko den depresioak eta horri loturiko fronte hotzak, haizearen norabidea aldatuko du, eta mendebaldeko eta iparraldeko haize hezeagoaren eta hotzagoaren eraginpean egongo da giroa. Datorren ostegunean, abenduaren 24an, behe-presio horiek Europa barnealderantz egingo dute eta antizikloi indartsu bat sortzen joango da Atlantikoan. Horren ondorioz haize hotza iritsiko da iparraldetik, batez ere ostiralean eta asteburuan.  

 Iragarpenen arabera, hilaren 24an, Gabon egunean, hodeitza trinkotzen joango da, batez ere isurialde kantauriarrean, eta prezipitazioak izateko probabilitatea handia izango da, nahiz eta arinak izango diren. Tenperaturei dagokienez, litekeena da nabarmen behera egitea, eta isurialde kantauriarrean maximoak 10-11 ºC ingurukoak izango dira eta gainerako lurraldean 8-9 ºC ingurukoak.

 Hilaren 25ean, Eguberri egunean, egunaren lehenengo erdian espero dira prezipitazioak, eta arratsaldean eta gauean gutxitzen joango dira. Tenperaturek oraindik ere gehiago egingo dute behera, eta isurialde kantauriarrean 7-8 ºC ingurukoak izango dira eta EAEko gainerako lurraldean 5 ºC ingurukoak. Bestalde, elur-maila jaisten joan liteke goizaldean eta goiz osoan zehar, eta egunean zehar 1.000 metrotik behera kokatuko da eta egunaren amaierarako 500-600 m inguruan. Hala eta guztiz ere, elur-maila jaisten doan neurrian, prezipitazioak gutxitzen joango dira, eta ez da prezipitazio askorik pilatuko.

 Asteburuan eguraldia egonkorra izango da, baina hotz handia egingo du. Azpimarratzekoa da goizaldean eta lehenengo orduetan izotza izango dela, eta moderatua izan liteke, nahiz eta behe-lainoa ere sortuko den zenbait lekutan.

Iragarpen eguneratuak jarraitzea gomendatzen da Euskalmet (www.euskalmet.euskadi.eus) eta Twitter (@Euskalmet) bidez, edo “Abisuak nahieran” zerbitzuan alta emanda. Larrialdietarako deitu 112 zenbakira.