Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2025eko uztailaren 8koa, Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza sailburuarena. Honen bidez, Euskal Autonomia Erkidegoan egoitza-portua duten eta Arrantzako Idazkaritza Nagusiaren 2024ko urtarrilaren 26ko Ebazpenean ezarritakoaren ondorioz arrantza-jarduera aldi baterako geldiarazi behar izan duten ontzientzako laguntzetarako deialdia egiten da, ebazpen horren bidez geldialdi bat ezartzen baita txitxarroaren JAX/08C stock-aren arrantzan espezie horren mendeko inguraketa-flotarentzat eta tresna txikientzat, bai eta aldi baterako geldiarazteagatik konpentsazioa emateko aukera eta hura eskuratzeko baldintzak ere.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 145
  • Hurrenkera-zk.: 3384
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2025/07/08
  • Argitaratze-data: 2025/08/01

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Ingurumena; Gobernua eta Administrazio Publikoa; Nekazaritza eta arrantza

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Arrantza Politika Erkidearen funtsezko helburuetako bat da itsasoko baliabide biologikoen ustiapen jasangarria bermatuko duen eta ekonomikoki errentagarria izango den flota profesional bat sustatzea, aprobetxamendu ezin hobea ahalbidetuz, eta ustiatutako populazioen oreka biologikoa eta ingurune fisikoaren osotasuna arriskuan jarri gabe. Hori horrela, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 11ko 1380/2013 (EB) Erregelamenduak Arrantza Politika Erkideari buruzko arau-esparru berri bat ezarri du, baita haren aplikazio-eremua, helburuak eta gobernantza egokirako printzipioak ere.

AAA/2534/2015 Aginduak, azaroaren 17koak, Kantauriko eta Ipar-mendebaldeko Arrantzategi Nazionaleko zentsuetako ontziak kudeatzeko plan bat ezartzen duenak (urtarrilaren 23ko APA/37/2024 Aginduaren bidez aldatua), debekualdi bat ezartzen du txitxarroa arrantzatzeko (JAX/08C stocka) inguraketa-aparailuetarako eta arte txikietarako, hurrenez hurren, I. eta IV. eranskinetan.

Aldi baterako debekualdia aplikatuko da Europar Batasunaren araudiaren arabera txitxarrorako (JAX/08C stocka) TAC bat (harrapaketen guztizko onargarria) ezartzen den urteetan, harrapaketa osagarrietara mugatuta, eta horren ondorioz, CIEM VIIIc eremura hogeita hamar eguneko bi alditan sartzea debekatuko da, urtarril, otsail edo abenduaren artean aukeratzekoak. Debeku horrek txitxarroaren (stock JAX/08C) harrapaketen mendeko itsasontziei eragingo die, merkaturatutako harrapaketa guztiei eragin ere.

Bestalde, eta arrantza-politika erkidearen zutabeetako bat denez, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko uztailaren 7ko 2021/1139 (EB) Erregelamenduak, Europako Itsas, Arrantza eta Akuikultura Funtsa (EIAAF) ezartzen duenak eta, beraren 65. artikuluko xedapen iragankorren hirugarren apartatuaren arabera, programazio-aldi horretan aplikatzeko denak, 21. artikuluan aurreikusten du neurriak hartzea arrantza-ontzien arrantza-ahalmena eskuragarri dauden arrantza-aukeretara egokitzeko, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 11ko 1380/2013 (EB) Erregelamenduaren 7. artikuluaren arabera kontserbazio-neurriak hartzen direnerako, kasu honetan bezala.

Abenduaren 29ko 1173/2015 Errege Dekretua (Europako Itsas eta Arrantza Funtsa garatzekoa, arrantza-jarduera behin betiko eta aldi baterako gelditzeko laguntzei buruzkoa) arrantza-sektorea antolatzeko oinarrizko legeetako bat da, haren azken xedapenetako lehenengoari jarraikiz. Errege Dekretu horren 12.1.a) artikuluak ezartzen duenez, arrantza-jardueraren aldi baterako geldialdia konpentsatzeko laguntza eman ahal izango da, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko uztailaren 7ko (EB) 2021/1139 Erregelamenduan (Europako Itsas, Arrantza eta Akuikultura Funtsa ezartzen duena) ezarrita dauden kasuen esparruan. Duela gutxi, abenduaren 29ko 1173/2015 Errege Dekretua aldatu du abenduaren 5eko 1013/2023 Errege Dekretuak, zeinak armadoreentzako baremoak eguneratzen baititu, arrantza-jarduera aldi baterako eten behar izatearen ondoriozko kalte-ordainak kalkulatzeko.

Era berean, abenduaren 29ko 1173/2015 Errege Dekretuaren 17.1.c) artikuluak irizpide bat ezartzen du kasu honetan bezala arrantza-jarduera gainustiapen-egoeran edo arriskuan dagoen espezie jakin baten arrantza-jarduera aldi baterako geldiarazten denerako laguntzetarako: ontziak espezie horren harrapaketekiko duen mendekotasuna. Mendekotasuna hauen arabera erabakiko da: kasuan-kasuan arrantzatutako espeziearen tonak, merkaturatutako tonen guztizko balioa, espezie horiek balio osoari dagokionez duten balio erlatiboa, edo aurrekoen konbinazioa, betiere denboraldi jakin batean txertatutako kopuru osoak oinarri hartuta.

Agindu honen bidez, arrantza-jarduera aldi baterako geldiarazteko laguntzen deialdia egiten da, azaroaren 17ko AAA/2534/2015 Aginduan eta Arrantzako Idazkaritza Nagusiaren 2024ko urtarrilaren 26ko Ebazpenean ezarritakoaren ondorioz (AAA/2534/2015 Aginduak Kantauriko eta Ipar-mendebaldeko Arrantzategi Nazionalaren zentsuko ontziak kudeatzeko plan bat ezartzen du, eta Ebazpenak geldialdi bat ezartzen du txitxarroaren JAX/08C stock-aren arrantzan, espezie horren mendeko inguraketa-flotarentzat eta tresna txikientzat, bai eta aldi baterako geldiarazteagatik konpentsazioa emateko aukera eta hura eskuratzeko baldintzak ere).

Agindu hau honako hauetan xedatutakoaren mende dago: 8/2024 Legea, abenduaren 20koa, Euskal Autonomia Erkidegoko 2025. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituena; 20/2023 Legea, abenduaren 21ekoa, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzekoa; eta bi arau hauetan bildutako oinarrizko erregulazioa: Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, eta 887/2006 Errege Dekretua, uztailaren 21ekoa, azken horren erregelamendua onartzen duena.

Azkenik, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 7.1 artikuluak xedatzen duenarekin bat etorriz, adierazi behar dugu laguntzen programa hau ez dagoela jasota Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren 2024, 2025 eta 2026rako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan (Plana Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren 2023ko abenduaren 28ko Aginduaren bidez onartu zen). Hala ere, martxan jartzen diren sustapen-neurriek asko laguntzen dute bertan ezarritako erronka estrategikoak eta helburuak lortzen, zehazki arrantza-flota egokitzeko eta haren jarduera kudeatzeko orduan (jasangarritasun sozialera eta ekonomikora bideratuta eta ingurumena errespetatuta).

Ekainaren 30eko 7/1981 Legeak, Jaurlaritzari buruzkoak, 26.4 artikuluan arautzen du sailburuen eskumena dela, besteak beste, eta Jaurlaritzako kide diren aldetik dituzten eskumenak galarazi gabe, haien sailei dagozkien gaietan administrazio-xedapen orokorrak eta ebazpenak ematea.

  1. Agindu honen xedea da onartzea egoitza-portua Euskal Autonomia Erkidegoan duten eta Arrantzako Idazkaritza Nagusiaren 2024ko urtarrilaren 26ko Ebazpenean ezarritakoaren ondorioz arrantza-jarduera aldi baterako geldiarazi behar izan duten ontzientzako laguntzen oinarriak, eta horietarako deialdia egitea. Ebazpen horren bidez geldialdi bat ezartzen da txitxarroaren JAX/08C stock-aren arrantzan espezie horren mendeko inguraketa-flotarentzat eta tresna txikientzat, bai eta aldi baterako geldiarazteagatik konpentsazioa emateko aukera eta hura eskuratzeko baldintzak ere, zeinak I. eranskinean jasotzen baitira.

    AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA. Errekurtsoak.

    Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuari, hilabeteko epean, edo, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, betiere agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

    AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA. Ondorioak.

    Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

    Vitoria-Gasteiz, 2025eko uztailaren 8a.

    Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburua,

    AMAYA BARREDO MARTÍN.

  1. oinarria. Xedea.

  1. Agindu honen xedea da onartzea egoitza-portua Euskal Autonomia Erkidegoan duten eta Arrantzako Idazkaritza Nagusiaren 2024ko urtarrilaren 26ko Ebazpenean ezarritakoaren ondorioz arrantza-jarduera aldi baterako geldiarazi behar izan duten ontzientzako laguntzen oinarriak, eta horietarako deialdia egitea, ebazpen horren bidez geldialdi bat ezartzen baita txitxarroaren JAX/08C stock-aren arrantzan espezie horren mendeko inguraketa-flotarentzat eta tresna txikientzat, bai eta aldi baterako geldiarazteagatik konpentsazioa emateko aukera eta hura eskuratzeko baldintzak ere.

  2. Ezarritako laguntzaren intentsitatea % 100ekoa izango da. Ordainketa egingo da diruz lagundutako arrantza-jarduera aldi baterako geldiarazi dela egiaztatzen duten agiri guztiak egiaztatu ondoren, ofiziozko egiaztapenak barne, eta dirulaguntza emateko ebazpenaren ondoren.

  1. oinarria. Finantzaketa.

  1. Deialdi honen zenbatekoa 268.784,00 eurokoa izango da. Funts horietatik 188.148,80 euro, hau da, % 70, Europako Itsas, Arrantza eta Akuikultura Funtsari (EIAAF) dagozkio, eta gainerako % 30a, hau da, 80.635,20 euro, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorrari, zeinak 2025eko ekitaldiko ordainketa-kredituak baitira. Laguntzen zenbateko osotik 163.184,00 euro armadoreentzat izango dira, eta 105.600,00 euro arrantzaleentzat.

  2. Deialdi honen barruan emango diren laguntzek ezingo dute gainditu aipatutako aurrekontu-zuzkidura. Horrenbestez, guztizko zenbateko hori agortutakoan, ezin izango da laguntza gehiagorik eman, eta hortik aurrera baliorik gabe geratuko da agindu hau. Orotarako diru-kopuru hori agortzen bada, Arrantzako eta Itsasertzaren Garapeneko sailburuordearen ebazpen baten bitartez jakinaraziko da.

  3. oinarria. Onuradunak.

    Honako hauek izango dira agindu honetan iragartzen diren laguntzen onuradunak:

  1. Aldi baterako geldialdiak eragindako arrantza-ontzien armadoreak, Arrantza Flotaren Erregistro Nagusian aktibo gisa erregistratuta badaude eta laguntza-eskaera aurkeztu aurreko bi urteetan itsasoan gutxienez 120 eguneko arrantza-jarduera gauzatu badute.

    Izaera juridikorik ez duten pertsona fisiko edo juridiko pribatuen elkarteen eta ondasun-erkidegoen kasuan, kide guztiek sinatutako dokumentua aurkeztu beharko dute eskaera egiterakoan. Dokumentu horretan, hauek jasoko dira: kide bakoitzak bere gain hartzen duen egikaritze-konpromisoa partaidetza-ehunekoaren arabera eta elkartearen edo ondasun-erkidegoaren ordezkariaren izena.

  2. Laguntza-eskabidea aurkeztu aurreko bi urte zibiletan, aldi baterako geldiarazteak eragindako arrantza-ontzi batean gutxienez 120 egunez itsasoan lan egin duten arrantzaleak. Era berean, laguntza hauen onuradun izan daitezke aldi baterako geldiarazteak eragindako itsasontzian erroldatutako armadore edo titular autonomoak, baldin eta agindu honetan eskatzen diren baldintzak betetzen badituzte. Urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartekoa izango da urte zibila.

    Aldi baterako geldiarazteagatiko laguntza eman ahal izateko, arrantzalearen arrantza-jarduerak gutxienez 30 egunez eta gehienez 12 hilabetez eten beharko dira urte zibil jakin batean ontzi eta arrantzale bakoitzeko, EIAAFaren programazio-aldian.

  1. oinarria. Onuradun izateko debekuak.

  1. Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluari jarraikiz, ezingo dira onuradun izan inguruabar hauetako edozeinetan dauden entitateak:

    1. Zigortuta egotea, epai irmo bidez, dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzeko aukera galtzera, delitu hauetakoren bat egiteagatik: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoak bidegabe erabiltzea, influentzia-trafikoa, iruzurrak eta legearen aurkako ordainarazpenak edo hirigintza-delituak.

    2. Hartzekodunen konkurtso boluntarioa deklaratzeko eskaria egin izana, edozein prozeduratan kaudimengabetzat jo izana, hartzekodunen konkurtsoan deklaratuta egotea konkurtso horretan hitzarmen bat indarrean jarri bada salbu, epailearen esku-hartzearen mende edo uztailaren 9ko 22/2003 Konkurtso Legearen arabera desgaituta egotea, hartzekodunen konkurtsoa sailkatzeko epaian finkatutako desgaitze-aldia oraindik amaitu gabe egonik.

    3. Administrazioarekin egindako edozein kontratu ebazpen irmoz suntsiarazteko arrazoiak sorrarazi eta haien errudun deklaratu izana.

    4. Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Bateraezintasunei buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legean aurreikusitako bateraezintasunen araubideko egoeraren batean eta Kargu Publikodunen Jokabide Kodea eta Haien Interes Gatazkak Arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legean aurreikusitako egoeraren batean egotea. Edo Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapen bidezko kargu batean egotea, arau horretan edo gai hauek arautzen dituen arau autonomikoan ezarritakoaren arabera.

    5. Indarrean dauden xedapenek ezarritako zerga-betebeharrak edo Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean ez izatea.

    6. Dirulaguntzak itzultzeko betebeharren ordainketa egunean ez izatea, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan ezarritako baldintzetan (Agindua, 2023ko otsailaren 13koa, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa).

    7. Ebazpen irmo baten bidez, dirulaguntzak jasotzeko aukera galtzea dakarren zigorren bat izatea. Zehazki, ezingo du dirulaguntzen onuradun izan sexuaren ziozko bereizkeria egiteagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik zehapen administratibo edo penala jaso duen pertsonak, kasuan kasuko zehapenean ezarritako aldian.

    8. Zigortuta egotea Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legean edo Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitako arau-hauste astun edo oso astun batengatik, administrazio-bidean emandako ebazpen irmo baten bidez, zuzenketa-neurri egokiak hartu eta zehapena ordaindu arte.

    9. Desgaitasuna duten pertsonentzat lanpostuak erreserbatzeko legez ezarritako kuota bete ez izana, hura betetzeko neurri alternatiboak abian jarri direla frogatu gabe.

    10. LGTBIfobia egin, bultzatu edo sustatu izana, konbertsio-terapiak sustatzea edo egitea barne.

    11. Berreskuratze-agindu baten mende egotea, Europako Batzordeak aurretiaz erabaki badu laguntza bat legez kanpokoa eta barne-merkatuarekin bateraezina dela.

    12. Gainfinantzaketarik ez egiteko konpromisoa ez adieraztea.

      1. apartatuaren b), d), e), f) eta j) letretan jaso diren debekuak automatikoki hartuko dira aintzat, eta bere horretan iraungo dute kasu bakoitzean zehaztutako egoerek irauten duten bitartean.

      13.1.e) artikuluan jasotako debekua Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren 7. artikuluan xedatutakoaren arabera ezarriko da. Agindu hori, zehazki, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa da.

      1. Artikulu honen 1. apartatuaren a), g), h) eta i) letretan jaso diren debekuak automatikoki hartuko dira aintzat. Epai edo ebazpen irmoak zehaztuko du debekuaren irismena. Halakorik ez bada, irismena arauz zehaztutako prozeduraren bidez ezarriko da, eta ezingo da bost urtetik gorakoa izan debekua ez bada epai irmo baten ondoriozkoa.

      2. Artikulu honen 1. paragrafoaren c) letran jasota dagoen debekua aintzat hartzeko eta haren irismena zehazteko, sektore publikoko kontratazioa erregulatzen duen arautegiak ezarritakoaren arabera jokatuko da.

      3. Eskatzaileek, dirulaguntza emateko proposamena egin baino lehen, egiaztatu beharko dute zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela. Betebehar horri eutsi beharko zaio, gutxienez laguntzaren edo dirulaguntzaren azken ordainketa egiaztatzen den unera arte. Betebehar horiek betetzen direla egiaztatzeko, zerga-organo eskudunek edo Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak emandako administrazio-ziurtagiri positiboak aurkeztu beharko dira. Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzak, elkarreragingarritasun-zerbitzuen bidez, zuzenean eskatuko dizkie dokumentu horiek organo eskudunei. Entitate interesdunak, horren aurka azalduz gero, bere kabuz bilatu eta aurkeztu beharko ditu dagozkion ziurtagiriak.

      4. Onuradun izatea galarazten duen debekurik ez dutela frogatzeko artikulu honen 1. paragrafoan adierazten dira debekuak, bide hauek dituzte entitateek: lekukotza judiziala, ziurtagiri telematikoak edo datu-transmisioak, betiere Herritarrei arreta integral eta multikanala emateko eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoz irispidean izateko ekainaren 20ko 91/2023 Dekretuan xedatutakoaren arabera; edo, bestela, ziurtagiri administratiboa, kasuaren arabera. Agiri hori agintari eskudunak egiterik ez badu, haren ordez Administrazioko agintari edo notario publiko baten aurrean egindako erantzukizunpeko adierazpen bat aurkez daiteke.

      1. oinarria. Onuradun izateko betekizun espezifikoak.

      1. Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko uztailaren 7ko (EB) 2021/1139 Erregelamenduaren 11. artikuluaren arabera (Europako Itsas, Arrantza eta Akuikultura Funtsa ezartzen duena eta (EB) 2017/1004 Erregelamendua aldatzen duena), ezin izango dira onuradun izan honako egoera hauetakoren batean dauden eskatzaileak:

        Eskaera ezin onartuzkoa izatea dakarren arau-hauste astun bat egin dutenak, (EE) 1005/2008 Erregelamenduaren 42. artikuluari edo (EE) 1224/2009 Erregelamenduaren 90.1 artikuluari jarraikiz.

        (EE) 1005/2008 Erregelamenduko 40.3 artikuluan jasotzen den Europar Batasuneko INDNR ontzien zerrendan sartutako arrantza-ontzien edo erregelamendu horretako 33. artikuluan zehazten diren hirugarren herrialde ez-kooperanteen bandera duten ontzien ustiaketan, kudeaketan edo jabetzan nahasia egon direnak.

        Arrantza Politika Erkidearen aurkako arau-hauste astunak egin dituztenak.

        2008/99/EE Zuzentarauko 3. artikuluan zehaztutako delituetarik bat egin dutenak.

      2. Gainera, arrantza-ontzien armadoreek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

        1. Pertsona juridikoen kasuan, egoitza soziala Euskal Autonomia Erkidegoan izatea, eta, pertsona fisikoen kasuan, bertan erroldatuta egotea.

        2. Ontziak Ontzien eta Enpresa Ontzi Ustiatzaileen Erregistroko hirugarren zerrendan egotea.

        3. Ontzia alta emanda egotea Arrantza Flotaren Erregistro Nagusian, eta arrantza-lizentzia eta behar diren baimenak izatea, dagokion modalitatearen eta arrantzategiaren arabera. Ontzia aktibo dagoela jotzen da, baldin eta Arrantza Flotaren Erregistro Nagusian behin-behineko nahiz behin betiko alta-egoeran badago eta laguntza eskatu aurreko urtean zehar arrantzan jardun badu (aurreko 365 egunak zenbatzen dira, edo, aurreko urtea bisurtea bada, aurreko 366 egunak).

        4. Itsasoan gutxienez 120 eguneko arrantza-jarduera egin izana eskaera aurkeztu aurreko bi urte zibiletan.

          Arrantza-ontzi batek 2 urte baino gutxiago badarama inskribatuta Arrantza Flotaren Erregistro Nagusian, eskaera aurkezten den egunean, ontzi horretarako eskatzen diren arrantza-jardueraren gutxieneko egunak honela kalkulatuko dira: 120 eguneko proportzioa geldialdia hasi aurreko azken 2 urte zibiletan. Horrela, betekizun hori betetzeko itsasoan eskatzen diren jarduera-egunak honela kalkulatuko dira: seirekin zatituko dira Arrantza Flotaren Erregistroko alta-egunak aldi horretan. Era berean, arrantza-ontzia ustiatzen 2 urte baino gutxiago daramaten armadoreen kasuan ere aplikatuko da sistema hori.

        5. Enpresariak lan-agintaritzari egindako jakinarazpena aurkeztea, zeinaren bidez jakinarazi baita kontratuak eten direla edo lanaldia murriztu dela, eta ezinbesteko kasuetan lan-agintaritzaren ebazpena ere, Langileen Estatutuaren 47. artikuluarekin bat etorriz, geldialdia abiarazteko helburuarekin porturatu den azken egunean ontzian erroldatuta zeuden eskifaia-kide guztiei dagokienez.

          Kontratuen eteteak edo lanaldiaren murrizketak, ezinbesteko kasuetan, ezinbestea sorrarazi zuen egintzaren egun beretik izango ditu ondorioak, eta arrazoi ekonomikoen, arrazoi teknikoen, antolaketa-arrazoien edo produkzio-arrazoien kasuan, lan-agintaritzari jakinarazi zaion egunetik, salbu eta enpresariaren erabakian geroagoko beste bat ezartzen bada. Hala ere, ez da betekizun hori bete beharrik izango, baldin eta agiri bidez justifikatzen bada geldialdia abiarazteko helburuarekin ontzia porturatu denean ontziko eskifaia-kideen lan-kontratuak (daukaten izaeragatik) une horretan azkendu edo eteten direla, edota armadoreak ontziko eskifaia-kideak eurak badira eta Gizarte Segurantzan autonomo gisa alta emanda badaude.

      3. Aldi baterako geldialdiak eragindako ontzian dauden arrantzaleek edo armadoreek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

        1. Arrantza-jarduera aldi baterako eten izanak eragindako arrantza-ontziren batean erroldatuta egotea. Hala ere, arrantzale hauek ere jaso ahal izango dute laguntza: enpresarekin etengabeko harremana izan arren, aldi baterako geldialdiaren unean erroldatuta ez zeuden arrantzaleek ordaindutako baimena, oporrak, eszedentzia edota ontziratzeko zain egotea, adingabearen jaiotza eta zaintza, haurdunaldiko arriskua eta edoskitze naturaleko arriskua direla eta, oinarri honetan ezarritako gainerako baldintzak betetzen badituzte eta egoera hori geldialdiak dirauen bitartean bukatzen dela ziurtatzen badute.

        2. Artikulu honen 1.e) apartatuan ezarritako lan-kontratuak eteteko edo lanaldia murrizteko prozeduran sartuta egotea geldialdia dela-eta porturatu zen egunean, abenduaren 29ko 1173/2015 Errege Dekretuaren 15.1.e) artikuluan ezarritako salbuespenetan izan ezik.

        3. Gizarte Segurantzan alta-egoeran egotea eta geldialdian zehar etengabeko lan-harremana izatea flota geldiarazi den unean erroldatuta zeuden itsasontziko enpresa armadorearekin.

        4. Lan-bizitza osoan zehar, Itsasoko Langileen Gizarte Segurantzako Araubide Berezian gutxienez hamabi hilabeteko kotizazio-aldia egiaztatzea.

        5. Arrantzale batek beste itsasontzi batean arrantza-jarduerari berriro ekiten badio, laguntza jasotzeko eskubidea galduko du.

        6. Tripulatzaile gisa erroldatuta azaltzen diren armadoreek laguntza tripulatzaile gisa jasotzeko eskubidea ere izango dute. Horretarako, ezin izango dira egon Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko uztailaren 7ko 2021/1139 (EB) Erregelamenduaren 11. artikuluan ezarritako kasuetan. Erregelamendu hori Batzordearen 2022ko ekainaren 29ko 2022/2181 (EB) Erregelamendu Eskuordetuak garatu zuen, laguntza-eskaeren onartezintasunari dagokionez, hasiera-datak eta denbora-epeak direla eta.

        7. Arrantzaleek egunean izan beharko dituzte beren zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, ezingo dira ebazpen bidez agindutako itzulketa-prozedura batean zordun izan eta ez dira dirulaguntzak jasotzeko aukeraz gabetuta egongo epai irmo baten bidez.

          1. oinarria. Arrantza-jarduera aldi baterako gelditzeko betekizun espezifikoak.

          1. Aldi baterako geldialdiagatiko konpentsazioa eskuratzeko aldi konputagarria ondoz ondoko hogeita hamar eguneko bi aldikoa izango da, urtarrilean, otsailean edo abenduaren artean aukeratzekoak, txitxarroaren arrantzan geldialdi bat ezartzen duen Arrantzako Idazkaritza Nagusiaren 2024ko urtarrilaren 26ko Ebazpenean ezarritakoaren arabera.

          2. Diruz lagundu daitekeen aldia 1. paragrafoan ezarritako aldi konputagarria izango da, asteko nahitaezko atsedenaldiak kenduta.

          3. Ontziak Arrantza Flotaren Erregistro Nagusian alta emanda egon beharko du, deialdi honetan adierazitako modalitatearen eta arrantzategiaren araberako erroldan, eta indarrean izan beharko ditu errolda honi dagozkion lizentziak eta baimenak.

          4. Ontziak txitxarroaren harrapaketekiko mendekotasuna izan beharko du, % 18koa edo handiagoa 2020-2021-2022 urteetan merkaturatutako harrapaketa guztiekiko.

          5. Aldi baterako geldialdiak EIAAFaren baterako finantzaketa jasotzen duenez, 2021eko uztailaren 7ko 2021/1139 (EB) Erregelamenduan ezarritako baldintzak bete beharko dira, eta, zehazki, 21. eta 11. artikuluetan adierazitakoa.

          6. Jarduera gelditzen den aldian zehar, arrantza-jarduerarik eza erabatekoa izango da, eta ontziak portuan amarratuta egon beharko du geldialdiari dagokion aldi osoan; hala, ontzia ezin izango da inolako jardueratarako atera. Portu horrek ez du nahitaez egoitza-portua izan behar. Egoera hori behar bezala jasota geratu beharko da despatxu-rolean; gainera, bertan berariaz adieraziko da itsasontzia arrantza-jarduera aldi baterako geldiarazteko helburuarekin sartu dela portuan, eta, irteteko egunean, geldialdi hori amaitutzat eman dela adieraziko da.

            Agintaritza eskudunak eskatutako eta segurtasun-arrazoiek eragindako itsasontziaren mugimenduak salbuetsita geratu ahal izango dira, baita mantentze-lanak eta konponketak egiteko ontzitegira egindako lekualdatzeak ere (kasu horretan, onuradunak agiri bidez egiaztatu beharko du hori). Edonola ere, jarduera zehatz horietarako itsasontziaren portu-izapideak egin beharko dira, eta irteera-eguna eta helmuga-portura iritsi den eguna adierazi beharko dira.

            Era berean, eta salbuespen gisa, itsasontziaren mugimenduak onartu ahal izango dira, baldin eta debekualdian edo aldi baterako geldialdian itsasontziek itsas jai tradizionaletan parte hartzen badute. Mugimendu horiek agiri bidez egiaztatu beharko ditu onuradunak, ekitaldi horretan parte hartu duten itsasontzien zerrenda aurkeztuta. Zerrenda hori ekitaldia antolatzen duen arrantzale-kofradiak ziurtatu beharko du. Zerrendan, ekitaldian parte hartzen duten itsasontzien izena edo kodea jasoko dira, lekualdatzearen eguna eta ordua, eta zein eremutan egin den.

          7. 2021eko uztailaren 7ko (EB) 2021/1139 Erregelamenduaren 21. artikuluan aipatzen diren itsasoko jarduera-egunak ofizioz egiaztatuko dira ontziak satelite bidez lokalizatzeko gailuen bitartez (VMS). Ontziek gailu horiek instalatuta izateko betebeharra ez badute, ontziko egunkari elektronikoen bitartez egiaztatuko dira. Ontziek aurreko bi gailu horiek instalatuta izateko betebeharra ez badute, arrantza-egunkarien bitartez egiaztatuko dira jarduera-egunak.

            Gailu horiek ontzian instalatuta izateko edo arrantza-egunkariak betetzeko betebeharra ez duten gainerako ontzien kasuan, jarduera salmenta-oharren bitartez egiaztatuko da, betiere salmenta-oharrari dagokion eguna eta lehorreratze- edo harrapatze-eguna bat datozela bermatu badaiteke; era berean, itsasoko jarduera-egunak modu fede-emailean egiaztatzea ahalbidetzen duten beste gailu, dokumentu edo bitarteko batzuk erabili ahal izango dira. Itsasontziak satelite bidez lokalizatzeko gailuak dituzten itsasontzi guztiek piztuta izan beharko dituzte gailu horiek aldi baterako geldialdiak irauten duten bitartean. Aurreko bigarren paragrafoan aipatutako salbuespeneko kasuetan, helmugarako ibilbidean piztuta egon beharko du lokalizazio-gailuak, eta itsasontzian mantentze-lanak eta konponketak egiten diren bitartean itzalita edo deskonektatuta egon ahal izango da.

            Itsasontziak debekualdian edo aldi baterako geldialdian, salbuespen gisa, itsas jai tradizionaletan parte hartzen badu, armadoreak edo patroiak, itsas prozesioa edo itsas jaia egin baino gutxienez zazpi egun lehenago, Arrantzako Idazkaritza Nagusiaren Itsasontzien Jarraipenerako Zentroari jakinarazi beharko dio. Jakinarazpen horretan itsasontziaren izena eta kodea zehaztuko dira, bai eta ekitaldia zein egunetan egingo den eta zer ordutegi izango duen ere. Itsasontziaren lokalizazio-gailuak piztuta egon behar du egun horretan egindako ibilbidean zehar. Hala ere, arrantzan aritu ez dela frogatzeko, kontuan hartuko dira agiri bidezko beste froga batzuk ere; besteak beste, harrapaketen deklarazioak edo salmenta-oharrak, armadoreak jaiegun horretan eta jai-ekitaldi horren ondorengo zazpi egunetan arrantzan egin duen egiaztatzeko; edo ikuskapenak egin daitezke ontzian, arrantza-aparailurik ez dagoela edo guztiz jasota daudela begiratzeko.

            Ontzitegian sartzeagatik lokalizazio-gailua deskonektatzen bada, ontziolak edo ontzitegiak itsasontziaren sarrera eta irteerako egunak ziurtatu beharko ditu. Kasu horretan, interesdunak horren berri emango die Itsasontzien Jarraipenerako Zentroari eta laguntzak kudeatzeko organo eskudunari.

            Gailuaren beraren edo itsasontziaren arazo teknikoengatik lokalizazio-gailua aldi baterako itzali edo deskonektatzen bada, armadoreak horren berri eman beharko dio Arrantzako Idazkaritza Nagusiaren Itsasontzien Jarraipenerako Zentroari, gailuak emititzeari utzi zion ordutik 48 ordura gehienez ere. Era berean, laguntzen organo kudeatzaileari agiri bidezko froga guztiak bidaliko zaizkio, itzaltzea edo deskonexioa eragin zuten inguruabarrak egiaztatzeko. Agiri bidezko frogatzat onartuko dira itsasontzian egindako konponketen edo mantentze-lanen fakturak, baldin eta interesdunak hori alegatu badu lokalizazio-gailua itzali edo deskonektatzeko arrazoi gisa.

            Lokalizazio-gailuaren bateria agortzeak eragin badu itzaltzea, interesdunak, erantzukizunpeko adierazpenaren bidez, horren berri emango dio Arrantzako Idazkaritza Nagusiaren Itsasontzien Jarraipenerako Zentroari, gailuak emititzeari utzi zion ordutik 48 ordura gehienez ere, eta bateria berriz kargatuko den edo ordeztu egingo den adieraziko du. Gehienez ere, 48 orduko epea izango du beste bat jartzeko edo 24 orduko epea berriz kargatzeko. Bi kasuetan, itzali zen orduan hasiko da epea kontatzen, eta ez dira egun baliogabeak kontuan hartuko.

            Beste bateria bat jartzen bada, agiri bidezko frogatzat onartuko da bateria berriaren erosketa-faktura, eta laguntzak kudeatzeko eskumena duen organoari aurkeztu beharko zaio.

          8. Arrantza-jarduera eten izana behar bezala egiaztatu beharko da, portura iritsi eta berehala Itsas Kapitaintzari rola aurkeztuz; dena den, hura aurrerago ere egiaztatu ahal izango da, aurreko apartatuan adierazitako gailuen bitartez. Itsasontzia ontzitegira lekualdatu behar bada, despatxu-rola helmugako Itsas Kapitaintzan utzi beharko da.

          9. Laguntzak kudeatzeko eskumena duen organoak eskatuta, Nekazaritza, Arrantza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioko Arrantza Antolatzeko Zuzendaritza Nagusiak ziurtatuko du zein egun eta ordutan itzali zen gailua, baita zein egunetan egon zen itzalita eta zein egun eta ordutan konektatu zen berriro ere. Era berean, interesdunak zein egun eta ordutan egin zuen jakinarazpena ziurtatuko du, eta bertan adieraziko du zer alegatu zuen interesdunak itzaltzea edo deskonexioa gertatzeko arrazoi gisa.

          10. Lokalizazio-gailua itzali edo deskonektatzeko arrazoi gisa interesdunak gerora azaldutako arrazoi teknikoren bat alegatzen badu, beste proba osagarri batzuk egingo dira egiaztatzeko. Proba horien bidez, egiaztatuko da harrapaketen deklaraziorik eta salmenta-oharrik dagoen gailua itzali edo deskonektatu den egunetik geldialdiari dagokion aldi konputagarria amaitzen den egunera arte, bai eta, gutxienez, aldi konputagarria amaitu eta hurrengo zazpi egunetan ere. Zazpi eguneko tarte hori zabaldu ahal izango da, diruz lagundutako geldialdia egin duen flotak arrantzatzen duena merkaturatzeko dauden inguruabar zehatzak kontuan hartuta.

            Laguntzak kudeatzeko eskumena duen organoak eskatuta, Nekazaritza, Arrantza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioko Arrantza Antolatzeko Zuzendaritza Nagusiak zenbaki honetako aurreko paragrafoan aipatutako aldian egin diren harrapaketen deklarazioak eta salmenta-oharrak ziurtatuko ditu.

          11. Ontziak satelite bidez lokalizatzeko gailuak (VMS) erabiliz egiaztatuko dira arrantza-jarduerak gelditzeari eta ontzia portuan egoteari buruzko baldintzak; hortaz, VMS gailuek piztuta egon beharko dute aldi baterako, geldialdi osoan zehar.

            Ontziek satelite bidez lokalizatzeko gailuak (VMS) izateko betebeharra dutenean, instrukzio-organoak egiaztatu ahal izango du arrantza-jarduerak eten direla eta ontzia portuan dagoela; VMS hori ez den beste baliabide batzuk erabili ahal izango ditu, hala nola arrantzako egunkari elektronikoa, itsasaldien erregistroa, salmenta-oharren bidez edo ontziaren jarduerarik eza egiaztatzen duen beste edozein agiri ofizialen bidez.

          1. oinarria. Eskabideak eta agiriak aurkeztea.

          1. Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu honek ondorioak dituen egunetik hasita.

          2. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, pertsona juridikoek bitarteko elektronikoen bidez aurkeztuko dituzte eskabideak, euskadi.eus egoitza elektronikoan:

            https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1230402 (Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Katalogoaren prozeduraren kodea).

            Helbide horretan hauek eskuratu ahal izango dira: eskabide-orria, erantzukizunpeko adierazpenaren eredua eta inprimakien ereduak, bai eta eskaerak modu telematikoan aurkezten eta justifikatzen laguntzeko beharrezkoa den dokumentazioa ere.

          3. Eskaera ordezkari baten bitartez egiten bada, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 5. eta 6. artikuluetan xedatutakoaren arabera egiaztatu beharko da ordezkaritza.

            https://www.euskadi.eus/ordezkariak

          4. Eskabidearen ondorengo izapideak «Nire karpeta» atalaren bidez egin eta jakinaraziko dira:

            https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

            Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak honako helbide honetan eskuratu daitezke:

            https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

          5. Urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.1 artikuluaren arabera, pertsona fisikoek aukeratu dezakete Administrazioarekin harremanetan jartzea elektronikoak ez diren bitartekoen bidez; horrela, dagokion eskaera-inprimakiaren bidez eskatu ahal izango dute laguntza, eta inprimaki hori arrantzaren arloko eskumena duen zuzendaritzaren bulegoetan eskura dezakete (ondoren zehazten diren helbideetan); arrantzaren arloan eskumena duen Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Saileko zuzendaritzara jo behar dute, zuzenean edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak xedatzen duen edozein bidetatik. Hona hemen Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzaren bulegoen helbideak:

            Eusko Jaurlaritza. Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Saila. Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritza. Donostia kalea 1 01010 Vitoria-Gasteiz.

            Eusko Jaurlaritza. Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Saila. Arrantza Egituren Zerbitzua. Concha Jeneralaren kalea 23, 2 48010 Bilbao.

            Eusko Jaurlaritza. Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Saila. Arrantza Antolamenduko Zerbitzua. Easo kalea 10 20006 Donostia.

          6. Eskaerarekin batera, honako agiri hauek aurkeztuko dituzte armadoreek:

            1. Erantzukizunpeko adierazpena, zeinaren bidez ziurtatuko baita eskatzaileak aurkezten dituen agiri guztiak egiazkoak direla, agindu honen II. eranskinean jasotzen den ereduaren arabera.

            2. Eraketa-eskrituraren kopia eta identifikazio fiskaleko txartela (pertsona juridikoek), eta erroldatze-ziurtagiria (pertsona fisikoek).

            3. Eskatzailearen ordezkaritza-ahalmena egiaztatzen duen eskrituraren kopia.

            4. Hirugarrenen alta-agiria, azken bost urteetan Eusko Jaurlaritzari beste laguntzarik eskatu ez zaion kasuetan, edo emandakoa aldatu nahi denean. Elektronikoki izapidetu ahal izango da, dagokion zerbitzuaren bidez. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan dago eskuragarri: https://www.euskadi.eus/hirugarrenak/. Gainerako izapideetarako bezala, izapidetze elektronikora behartuta dauden pertsonek eta entitateek zerbitzu hori erabili beharko dute hirugarrenaren alta lortzeko. Pertsona juridikoa bada, ahalordetze-eskritura, hala badagokio, eta erakundearen eratze-eskrituraren eta estatutuen kopia, dagokion erregistroan zigilatuta. Laguntza emanez gero, hura ordaintzeko, beharrezkoa izango da inskribatuta egotea Ogasun eta Finantza Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren Hirugarrenen Erregistroan.

            5. Dagokion portuko Itsas Kapitaintzan rola gordailutu izanaren ziurtagiria, non berariaz adieraziko baititu geldialdia eta geldialdiaren arrazoia.

            6. Ontziaren titulartasunaren ziurtagiria, Merkataritza Erregistroak egina.

            7. Enpresariak lan-agintaritzari egindako jakinarazpena, lan-kontratuak eteteko bere erabakiari buruzkoa; eta, ezinbesteko kasuetan, lan-agintaritzaren ebazpena, aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteak eragindako eskifaia-kide erroldatu guztiena.

            8. Geldialdiaren ondoko despatxu-rola, eskifaia-zerrendarekin.

          7. Erroldatutako arrantzaleek edo armadoreek baldintzak betetzen dituztela egiaztatzeko, geldialdiak eragindako ontziaren armadoreak aurkeztutako dokumentazioa aztertuko da. Hala ere, honako dokumentu hauek aurkeztu beharko dituzte eskaerarekin batera:

            1. Erantzukizunpeko adierazpena, zeinaren bidez ziurtatuko baita eskatzaileak, eskaera aurkezteko unean, agindu honetako betekizun guztiak betetzen dituela eta aurkezten dituen agiri guztiak egiazkoak direla, agindu honen II. eranskinean jasotzen den ereduaren arabera.

            2. Lan-bizitzaren ziurtagiria, eguneratuta.

          8. Dirulaguntza-eskaera aurkezteak esan nahi du eskatzaileak baimena ematen diola Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzari zuzenean eskuratu ditzan beste edozein administrazio publikok egindako agiri guztiak, hala xedatuta baitago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2 artikuluan.

          9. Ekainaren 20ko 91/2023 Dekretuaren 9. artikuluan xedatutakoa aplikatuz (herritarrei arreta integral eta multikanala ematekoa eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoz irispidean izatekoa), eskatzaileek administrazio honetan edo beste edozein administrazio publikotan aurkeztu badute eskatutako dokumentazioa, eta berariaz adierazten badute ez dela aldaketarik izan, ez dute dokumentazio hori aurkeztu beharrik izango, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.3 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz. Alabaina, dokumentu horiek noiz eta zer administrazio-organotan aurkeztu dituzten adierazi beharko dute. Prozedurak eskatzen dituen datu eta dokumentuak kontsultatu edo bilduko eta egiaztatuko ditu Administrazioak, eta ez da interesdunen adostasunik eskatuko Euskal Sektore Publikoaren maiatzaren 12ko 3/2022 Legearen 72.1 artikuluan aipatutako kasuetan.

            Hala ere, interesdunek aurka egin ahal izango dute. Horrelakoetan, interesdunak berariaz alegatu beharko ditu aurka egitea eragin duten arrazoiak, eta tratamenduaren arduradunak haztatuko ditu. Interesdunak tratamenduari aurka egiten diola adierazten badu, dokumentuak aurkeztu beharko ditu, hargatik eragotzi gabe eskabidearen hartzaile den organoaren egiaztatze-ahalak.

          10. Laguntza jasotzeko eskaera, eskatutako dokumentazioarekin batera, nahi den hizkuntza ofizialean aurkez daiteke. Gainera, laguntzen eskaeraren ondoriozko jardueretan eta prozedura osoan zehar, entitate eskatzaileak aurkezten duen hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Legearen arabera.

          11. Hilabetekoa izango da eskaerak aurkezteko epea, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Eskaerak betekizun guztiak betetzen ez baditu, interesdunari jakinaraziko zaio hamar eguneko epea duela hutsa zuzentzeko edo beharrezkoak diren agiriak eransteko. Halaber, adieraziko zaio, horrela egin ezean, atzera egin duela joko dela, hirugarrenaren altari dagokionez izan ezik, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan ezarritako moduan emango den ebazpen baten bitartez.

          12. Aurkeztutako eskaeran adierazitakoa egoki ulertu, ebaluatu eta eskaera izapidetzeko beharrezko iritzitako bestelako argibide edo agiri osagarriak eskatu ahal izango zaizkio eskatzaileari.

          1. oinarria. Laguntzen organo kudeatzailea eta laguntzak emateko prozedura.

          1. Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzari dagokio prozedura hau kudeatzea. Horretaz gain, txosten bat egin beharko du, jasota utziz eskura duen informaziotik ondorioztatzen dela eskatzaileak laguntza eskuratzeko behar diren baldintza guztiak betetzen dituztela. Txostena Arrantzako eta Itsasertzaren Garapeneko sailburuordeari bidaliko zaio, hura baita organo eskuduna.

          2. Segidako lehiaketaren araubidea erabiliz ebatziko da deialdia, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 19.3 artikuluan ezarritakoaren arabera. Eskatzaileek oinarri hauetan ezartzen diren betekizunak bete besterik ez dute egin beharko; haien artean ez da konparaziozko balioespenik egingo, ez eta baterako aintzatespenik ere. Egiten diren eskaerak ordenan ebatziko dira, espedientea osatuta dagoen unearen arabera.

          1. oinarria. Behin-behineko ebazpen-proposamena.

          1. Arrantza eta Akuikulturako zuzendariak, espedientea eta aurreko oinarriko 1. apartatuak apatzen duen txostena ikusita, behar bezala arrazoitutako behin-behineko ebazpen-proposamena egingo du. Proposamen hori interesdunei jakinarazi beharko zaie, eta 10 eguneko epea emango zaie alegazioak aurkezteko.

          2. Entzunaldiaren izapidea alde batera utzi ahal izango da, baldin eta prozeduran ez badira agertzen eta ez badira kontuan hartzen interesdunek azaldutako egitate, alegazio eta frogez bestelakoak. Kasu honetan, behin-behineko ebazpen-proposamena behin betikoa izango da, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 21.3 artikuluari jarraikiz.

          1. oinarria. Behin betiko ebazpen-proposamena.

          1. Alegazioak aztertuta, halakorik balego, eta ondorengo apartatuetan adierazten diren alderdiak egiaztatuta, Arrantza eta Akuikulturako zuzendariak behin betiko ebazpen-proposamena emango du, dirulaguntzen hartzaile izateko proposatzen den eskatzailea adierazita.

          2. Eskatzaileek, dirulaguntza emateko proposamena jaso baino lehen, egiaztatu beharko dute dirulaguntzak itzultzeko betekizunak betetzen dituztela. Egiaztapen hori Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren 7. artikuluaren arabera egingo da. Agindu hori, zehazki, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa da. Era berean, Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzako zerbitzu teknikoek automatikoki egiaztatuko dute egunean dituztela zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, bai eta haren IFKa eta erroldatze-agiria ere. Hala ere, entitate eskatzaileak berariaz egin ahal izango dio uko egiaztatze horri, baina, orduan, adierazitako dokumentuak aurkeztu beharko ditu.

          3. Onuradun gisa proposatutako pertsonek erantzukizunpeko adierazpenean jasotakoak egiazkoak direla egiaztatu beharko dute, ordeztutako dokumentazioa aurkeztuz.

          4. Behin betiko ebazpenaren proposamena Arrantzako eta Itsasertzaren Garapeneko sailburuordeari helaraziko zaio, hura baita ebazteko eskumena duen organoa.

          5. Behin-behineko eta behin betiko ebazpenaren proposamenek ez dute inolako eskubiderik sortzen proposatutako onuradunaren alde Administrazioaren aurrean.

          1. oinarria. Prozedura ebaztea, errekurtsoak, ebazteko eta jakinarazteko epeak, jakinarazteko modua eta publizitatea.

          1. Arrantzako eta Itsasertzaren Garapeneko sailburuordeari dagokio laguntzak ebaztea, Arrantza eta Akuikulturako zuzendariak proposatuta. Hala ere, aurretik, txosten bat egin beharko da, non jasoko baita zuzendaritzaren esku dagoen informaziotik ondorioztatzen dela onuradun gisa proposatutako eskatzaileak dirulaguntzak jasotzeko behar diren baldintza guztiak betetzen dituela. Ebazpenak barnean hartu beharko du Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 22.3 artikuluan aurreikusitakoa.

          2. Ebazpenaren gutxieneko edukia:

            1. Pertsona edo entitate onuradunaren nortasuna. Onuraduna nortasunik gabeko pertsona fisiko edota juridikoen talde bat izanez gero, taldearen identitateaz gain taldeko kideak ere agertuko dira, onuradun izaera izango dutenak, bakoitzari dagokion zenbatekoa adierazita.

            2. Diruz lagundu daitekeen zenbatekoa.

            3. Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura eta Europako Itsas, Arrantza eta Akuikultura Funtsaren (EIAAF) kontura diruz lagundutako zenbatekoa.

            4. Ordaintzeko modua eta epeak.

            5. Agindu honen babesean eman dela.

            6. Dagokionean, laguntza ukatzeko arrazoia.

          3. Prozedura ebazteko eta ebatzitakoa jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Epe hori igaro eta hurrengo 4. apartatuan ezarritako argitalpena egin ez bada, entitate interesdunek ulertu behar dute dirulaguntza emateko eskaera administrazio-isiltasunez ezetsi dela, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 22.5 artikuluan ezarritakoaren arabera, oinarri honen 5. apartatuan adierazitako gora jotzeko administrazio-errekurtsoa jartzearen ondorioetarako.

          4. Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, eta argitalpena jakinarazpentzat hartuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45.1.b) artikuluari jarraikiz.

          5. Arrantzako eta Itsasertzaren Garapeneko sailburuordeak laguntza emateko edo ukatzeko emandako ebazpenaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango dio interesdunak Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, edo hiru hilabeteko epean, administrazio-isiltasunaren ondorioak gertatu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 122. artikuluarekin bat etorriz.

          1. oinarria. Onuradunen betebehar orokorrak.

            Orokorrean, agindu honek arautzen dituen laguntzen onuradunek betebehar hauek izango dituzte:

          1. Emandako dirulaguntza onartzea. Alde horretatik, baldin eta dirulaguntza eman izanaren jakinarazpena hartu eta hamabost egunean onuradunek ez badiote berariaz uko egiten, onartu egiten dutela ulertuko da.

          2. Eman den xede zehatzerako erabiltzea laguntza.

          3. Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren eta Europar Batasunaren esku jartzea arrantza-jarduera aldi baterako eten dela egiaztatzeko behar diren agiri guztiak.

          4. Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari, agindu honen kontura jasotako laguntzen zertarakoa fiskalizatzeko eginkizunen barruan, eskatzen dieten informazio guztia ematea.

          5. Jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatzen duten agiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne; izan ere, agiri horiek egiaztatze- eta kontrol-jarduketetan erabil daitezke. Era berean, Europako Batzordearen eta Europako Kontuen Auzitegiaren eskura jarri beharko dira diruz lagundutako gastuei dagozkien egiaztagiriak, bi urteko epean, eragiketaren gastuak jasotzen dituzten kontuak aurkeztu eta hurrengo abenduaren 31tik aurrera, eragiketa amaitu ostean.

            3.1.d) artikuluak xedatzen duena eragotzi gabe, beste dirulaguntza edo laguntza batzuk eskatzen badizkiote administrazioren bati edo erakunde publiko edo pribaturen bati xede bera finantzatzeko, arrantzaren arloko eskumena duen zuzendaritzari jakinarazi behar diote, eta, hala badagokio, eman egin dizkietela ere jakinarazi behar diote, idatziz, beste dirulaguntza edo laguntza horiek eman dizkietela jakin eta hamabost eguneko epean.

          1. Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzetako bat, objektiboa zein subjektiboa, aldatuz gero, horren berri ematea arrantzaren arloko eskumena duen zuzendaritzari.

          2. Kontabilitate-liburuak, diligentzia-erregistroak eta behar bezala ikuskatutako gainerako dokumentuak izatea, merkataritza-legeriak exijitutako baldintzetan, eta kontabilitate bereiziko sistema bat edo kontabilitateko kode egoki bat izatea, deialdi bakoitzean finantzatzen den inbertsioarekin lotutako inbertsio eta gastu guztietarako, araudiak xedatzen dituen kontrol-lanak egin ahal izateko.

          3. Diruz lagundutako gastuen eta jardueren inguruan egindako publizitate edo informazio guztietan erraz ikusteko eta ulertzeko moduan adierazi beharko da horiek alde batetik Europako Itsas, Arrantza eta Akuikultura Funtsarekin (EIAAF) finantzatuta daudela, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko uztailaren 7ko (EB) 2021/1139 Erregelamenduaren 60. artikuluan xedatutakoarekin bat, eta bestetik, Eusko Jaurlaritzaren funtsekin, abuztuaren 31ko 318/1999 Dekretuak araututako Eusko Jaurlaritzaren Erakunde Nortasunaren Eskuliburuan zehaztutakoari jarraikiz.

          4. Dirulaguntzen araubidea erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. eta 42. artikuluan ezarritako betebeharrak betetzea.

          5. Laguntza onartzeak berekin dakar onuraduna eragiketen zerrenda publiko batean sartzea. Zerrenda hori elektronikoki edo beste bide batzuetatik argitaratuko da, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko uztailaren 7ko (EB) 2021/1139 Erregelamenduan ezarritakoari jarraikiz.

          6. Laguntza jaso duen arrantza-ontzi baten jabeak ezin izango du ontzi hori transferitu Europar Batasunetik kanpora, laguntza hori ordaindu zaion egunetik hasi eta hurrengo bost urteetan gutxienez. Ontzia denbora-tarte horretan transferitzen bada, Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzak bidegabe ordaindutako zenbatekoak berreskuratzeko izapideak hasiko ditu, apartatu honetan ezarritako betekizuna bete ez den aldiaren proportzioan, hori guztia Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko uztailaren 7ko (EB) 2021/1139 Erregelamenduaren 15. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.

          7. oinarria. Laguntzaren zenbatekoa.

          1. Arrantza-jarduera aldi baterako geldiarazi zaien ontzietako armadoreentzako laguntzaren gehieneko zenbatekoa kalkulatzeko, baremo aplikagarria erabiliko da. Kalte-ordainaren zenbatekoa honako formula hau baliatuta aterako da*:

            [(kostu finkoaren prima x GT) + (lortu gabeko irabazien prima)] x egun kopurua.

            *Jasoko den gutxieneko zenbatekoa: 134 euro eguneko. Gehieneko zenbatekoa: 2.000 euro eguneko.

            Primak taula honen arabera kalkulatuko dira:

            (Ikus .PDF)

            Ondorio horietarako, tonaje gordinaren (GT) zenbakia itsasontziko inskripzio-orrian agertzen dena izango da.

          1. Tripulatzaileei eman beharreko laguntzaren zenbatekoa honela kalkulatuko da:

            Arrantzaleentzako laguntzaren gehieneko zenbatekoa kalkulatzeko, gehienez 50,00 euro eta diruz lagundu daitekeen aldi gisa ezarritako egun-kopurua biderkatuko dira.

          2. Armadoreentzako laguntzak kalkulatzeko diruz lagundu daitekeen aldiaren iraupena berbera izango da geldialdiak ukitutako itsasontzi guztientzat, bakoitzaren egoitza-portua edozein dela ere.

          1. oinarria. Laguntzen ordainketa.

          1. Laguntzen ordainketa zuzenean egingo zaie onuradunei, diruz lagundu daitekeen egitatea justifikatzen duen dokumentazioa behar bezala aurkeztu ondoren, gehienez ere hiru hilabeteko epean, laguntzaren aldeko ebazpena ematen denetik zenbatzen hasita.

          2. Onuradunei dirulaguntzak emateko eta ordaintzeko, ezinbestekoa da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek ematen dituzten izaera bereko laguntza eta dirulaguntzen esparruko itzulketa- edo zehapen-prozedura oro amaituta izatea.

          1. oinarria. Atzera egitea eta uko egitea.

          1. Laguntza eskatzen duen entitateak atzera egin ahal izango du bere eskaeran. Eskatutako laguntzak emateko prozeduraren ebazpena jakinarazi baino lehen egin beharko du atzera. Atzera egiteko, halaxe egin dela egiaztatzea ahalbidetzen duen edozein modu erabiliko da, eta Arrantza eta Akuikulturako zuzendaria izango da, ebazpen bidez, atzera egite hori erabat onartu eta prozedura bukatutzat joko duena entitate horri dagokionez.

          2. Emandako laguntzari uko egin ahal izango dio entitate onuradunak. Emandako laguntza onartu ondoren eta gastua egiten bukatu aurretik egin ahal izango dio uko laguntzari, baldin eta Administrazioak ez badu inolako ordainketarik egin. Uko egiteko, hala egin dela jasota uzteko moduko edozein bitarteko erabil daiteke. Arrantzako eta Itsasertzaren Garapeneko sailburuordeak, ebazpen baten bidez, berariaz onartuko du uko-egite hori, eta prozedura bukatutzat joko du entitate horri dagokionez.

          3. Aurkeztutako uko-egitea ez da onartuko entitate interesdunari ez-betetzea deklaratzeko prozedura bat edo deialdi honen esparruan hasitako zehapen-prozedura bat hasi dela jakinarazi ondoren. Prozedura horrek aurrera jarraituko du ebatzi arte.

          1. oinarria. Laguntza emateko ebazpena aldatzea eta ez betetzea.

          1. Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzetako bat aldatuz gero edo beste entitate publiko nahiz pribatu batek beste laguntza edo dirulaguntzaren bat emanez gero, Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzari jakinarazi beharko zaio idatziz, eta gerta daiteke horren ondorioz dirulaguntza emateko ebazpena aldatzea, baldin eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 25. artikuluan ezarritako betekizunak betetzen badira. Arrantzako eta Itsasertzaren Garapeneko sailburuordeak aldaketa-ebazpena emango du, zeinetan birdoitu egingo baitira oinarri berriaren arabera emandako dirulaguntzaren zenbatekoak.

          2. Entitate onuradunak ez badu betetzen agindu honetako betebeharren bat edo dirulaguntzak emateko ebazpenak ezartzen duen baldintzaren bat, edo dirulaguntza edo laguntza publikoak itzultzera behartzen duen egoeraren batean badago Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluarekin bat etorriz, Arrantzako eta Itsasertzaren Garapeneko sailburuordeak, ebazpen bidez, dirulaguntza jasotzeko eskubidea kenduko dio (partez edo erabat) onuradunari, eta, hala badagokio, aginduko dio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzultzeko hartu dituen laguntzak (guztia edo zati bat, proiektuaren betetze-mailarekiko modu proportzionalean) eta dirulaguntzen arloan aplikagarriak diren berandutze-interesak, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. artikuluarekin bat. Aipatutako zenbateko horiek zuzenbide publikoko sarreratzat hartuko dira lege-ondorio guztietarako.

          3. Arrantza eta Akuikulturako zuzendaria izango organo eskuduna itzulketa-espedientea abiarazi eta izapidetzeko, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40.1 artikuluan adierazitako deskontzentrazioaren arabera.

          4. Itzultze-prozedura administrazioko arau-hauste baten ondorioa bada, eskumena duen organoari jakinaraziko zaio dagokion zehatze-prozedura hasteko.

          1. oinarria. Bateraezintasunak.

            Aldi baterako gelditzeko laguntza bateraezina izango da geldialdian beste edozein administrazio publikotatik edo entitate pribatutatik jasotako edozein prestaziorekin (langabezia-prestazioa, desgaitasun-prestazioa, etab.).

          2. oinarria. Datu-babesari buruzko oinarrizko informazioa.

            Datu pertsonalak tratatu egingo dira, eta tratamendu-jarduera honetan sartuko dira: Arrantza-sektorerako laguntzak.

            Arduraduna: Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritza; Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Saila.

            Helburua: Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzaren laguntzen jarraipena, kontrola eta kudeaketa.

            Legitimazioa: tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren izenean misio bat egiteko edo tratamenduaren arduradunari aitortzen zaizkion botere publikoak egikaritzeko.

            Hartzaileak: autonomia-erkidegoko beste organo batzuk; Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioa, Nekazaritza eta Arrantzako Estatistika Ofizialen Zerbitzua (SEAS).

            Eskubideak: interesdunak eskubidea du datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezerezteko, bai eta informazio gehigarrian adierazitako beste eskubide batzuk ere.

            Informazio gehigarria: datuen babesari buruzko informazio gehigarri eta xehea duzu gure web-orrian:

            https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/001400-capa2-eu.shtml

            (Ikus .PDF)