Arautegia
InprimatuAGINDUA, 2025eko uztailaren 4koa, Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuarena, Enplegu Politika Publikoen Euskal Kontseiluaren funtzionamenduaren Erregelamendua jakitera emateko dena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Agindua
- Organo arau-emailea: Ekonomia, Lan eta Enplegu Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 141
- Hurrenkera-zk.: 3284
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2025/07/04
- Argitaratze-data: 2025/07/28
Gaikako eremua
- Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Administrazioaren antolamendua
- Azpigaia: Lana eta enplegua; Gobernua eta Administrazio Publikoa
Testu legala
Enpleguari buruzko abenduaren 21eko 15/2023 Legearen bitartez, Enplegu Politika Publikoen Euskal Kontseilua eratu zen: Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioak enplegu-arloan koordinatzeko, parte hartzeko eta lankidetzan aritzeko organo gorena.
Helburu hori lortzeko, bi alderdi hartu ditu kontuan: batetik, eskumena, eta bestetik, enplegu-politika publikoen alderdi anitzeko izaera; horregatik daude ordezkatuta hiru erakunde-mailak eta horregatik dauka sektorearteko ordezkaritza, non ordezkatuta baitaude, enplegu-arloaren eskumena duen sailaz gainera, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoa eta hezkuntza, lehiakortasun eta inklusioaren arloetan eskumena duten sailak.
Enpleguari buruzko abenduaren 21eko 15/2023 Legearen 69. eta 73. artikuluetan zehazten dira Kontseiluaren funtsezko ezaugarriak eta osaera, izendatuta dituen eginkizunak, erabakien araubidea eta izan dezakeen aholkularitza eta laguntza tekniko eta administratiboa, eta xedatzen du haren funtzionamendu-erregelamenduaren beraren bidez osa dadila dagokion araubidea. Erregelamendu hori ezartzea organoari berari dagokio.
Horrenbestez, Enplegu Politika Publikoen Euskal Kontseiluak bere funtzionamendu Erregelamendua onartu zuen, 2025eko ekainaren 23ko bilkuran. Erregelamendu horren testua agindu honen bidez ematen da jakitera.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko uztailaren 4a.
Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburua,
MIGUEL TORRES LORENZO.
Enplegu Politika Publikoen Euskal Kontseilua Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioak enplegu-arloan koordinatzeko, parte hartzeko eta lankidetzan aritzeko organo gorena da.
Kontseilua Enpleguari buruzko abenduaren 21eko 15/2023 Legearen 69. artikulutik 73. artikulura bitartean xedatuak eraentzen du, eta artikulu horietan xedatu gabekoetan, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 15. artikulutik 18.era bitartean xedatuak.
Enplegu Politika Publikoen Euskal Kontseilua Eusko Jaurlaritzan enplegu-arloaren eskumena duen sailari adskribatuta geratzen da.
Sailaren beraren egoitza bera izango du, Vitoria-Gasteizen, ezertan eragotzi gabe ohiko bilkurak, ezohikoak edo berariazkoak egoitzatik kanpo egiteko aukera, dagokion deialdian hala zehazten bada.
Enplegu Politika Publikoen Euskal Kontseiluari dagozkio Enpleguari buruzko abenduaren 21eko 15/2023 Legearen 71. artikuluan zehaztutako eginkizunak, zeinak arauan izendatutako xedera mugatuko baitira, eta lege- edo erregelamendu-xedapenez izendatzen zaion beste edozein.
Enplegu Politika Publikoen Euskal Kontseiluaren funtzionamenduaren ondorioetarako, eginkizunak honela sailkatzen dira: informazioa ematekoak, proposamenak egitekoak eta antolamendu-arlokoak.
Informazioa emateko eginkizunak ondoren aipatzen diren arloetan nahitaezko txostenak emateari buruzkoak dira.
Enplegu-arloko xedapen orokorrak.
Foru-aldundiek egiten dituzten lurraldeko enplegu-planak eta enplegurako eta toki-garapenerako planak.
Enplegu eta inklusio politiken Ebaluazio, Ikerketa eta Berrikuntza Organoaren titularra izendatzea, kargutik kentzea edo ordeztea.
Enpleguari buruzko abenduaren 21eko 15/2023 Legearen 64. artikuluan aurreikusitako kasuak: zerbitzuak emateaz arduratzen dena ordeztea.
Eusko Jaurlaritzaren plan estrategiko eta sailetako planak, eta xedapen orokorrak, enplegu-politika publikoetan eragina dutenak.
Enplegurako eta toki-garapenerako lankidetza-funtsa banatzeko irizpide bakoitzerako urtero izendatzen diren diru-kopuruen gaineko proposamena.
Proposamenak egiteko eginkizunetan, ondoren aipatzen diren eremuetan proposamenak edo gomendioak egiten dira, legean ezarritako edukia eta ezaugarriak dituztela:
Erakundeen arteko koordinazio-irizpideak zehaztea, enplegu-politika publikoak garatzeko eta Enpleguaren Euskal Sarearen zerbitzu-zorroa eta enplegagarritasuna eta okupagarritasuna hobetzeko programa osagarriak kudeatzeko.
Euskal Enplegu Sarearen mapa proposatzea, Eusko Jaurlaritzak onar dezan.
Euskal Autonomia Erkidegoko enplegu-politika publikoen ildo estrategikoak proposatzea.
Enpleguaren Euskal Estrategia eta Euskadiko hiru urteko enplegu-plana proposatzea.
Enplegua sustatzeko ekintza koordinatuak proposatzea, eta, hala dagokionean, zerga-arloko neurriak hartzea.
Enplegu-politika publikoekin lotuta dauden gaiei buruzko proposamenak eta gomendioak egitea.
Lan-merkatuaren egoerari buruzko informazioa aztertzea eta sektoreko eta sektorearteko azterlanak eta ikerketak egin daitezen proposatzea.
Enpleguari buruzko abenduaren 21eko 15/2023 Legearen Hirugarren Xedapen Iragankorrean araututako Tokiko Enplegu eta Garapenerako Lankidetza Funtsaren zuzkidurarako zenbatekoa proposatzea.
Antolamendu-arloko eginkizunak honako hauek dira:
Funtzionamendu-erregelamendua eta horko aldaketak onartzea.
Batzorde tekniko baten eraketa onartzea.
Urteko kudeaketa-memoria onartzea.
Antolamendu-arloko beste erabaki-mota batzuk onartzea, haren funtzionamendu-araubideari buruz.
Enplegurako Politika Publikoen Kontseiluak hamabi kide izango ditu lehendakari bat eta hamaika bokal, honela banatuta:
Bokalak, Eusko Jaurlaritza ordezkatuz:
Bokal bat: Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoko Zuzendaritza Nagusiko titularra.
Bokal bat: inklusio-arloaren eskumena duen saileko titularra.
Bokal bat: lehiakortasun-arloaren eskumena duen saileko titularra.
Bokal bat: hezkuntza-arloaren eskumena duen saileko titularra.
Bokal bat: enplegu-arloaren eskumena duen saileko Enplegu Sailburuordetzako titularra.
Baldin eta sail batek gai bat baino gehiagori buruzko eskumenak izendatuta baditu, ordezkaritza enplegu-arloaren eskumena duen saileko goi-kargudunei egokituko zaie, ordezkaritza osatu arte.
Foru-aldundiak ordezkatuko dituzten bokalak.
Bokal bat, foru-aldundi bakoitzeko: enplegu-arloan eskumen duen sailean diputatu-maila duen kide bat izango da.
EAEko udalak ordezkatuko dituzten bokalak.
Bokal bat: 10.000 biztanle baino gutxiago dituzten udaletako hautetsietako bat.
Bokal bat: 10.000 eta 50.000 biztanle artean dituzten udaletako hautetsietako bat.
Bokal bat: 50.000 biztanle baino gehiago dituzten udaletako hautetsietako bat.
Titularrek ordezko bat izan beharko dute izendatuta, karguari datxezkion eginkizunak egin ditzan titularra absente dagoenean edo gaixorik dagoenean, kargua hutsik dagoenean edo eginkizunak betetzea eragozten duen beste edozein kausa dagoenean. Ordezko gisa jarduten duenak erantzukizun-kargu bat izan beharko du dagokion entitatean, ordezkaritza egoki baliatuko duela eta izendatutako eginkizunak egikaritzen jarraituko duela bermatzeko. Titularrak izendatzearekin batera izendatuko dira ordezkoak.
Kideak izendatzerakoan, gizonen eta emakumeen presentzia orekatua izan dadin sustatuko da, ezertan eragotzi gabe karguaren ondorioz kide direnak.
Enplegu-arloaren eskumena duen sailaren titularrari dagokio Enplegurako Politika Publikoen Euskal Kontseiluko lehendakaritza.
Kargua hutsik badago edo titularra absente edo gaixorik badago, Eusko Jaurlaritzan enplegu-arloaren eskumena duen sailburuordea arituko da lehendakari.
Lehendakaritzako titularrak eta haren ordezkoak utzi egin beharko dituzte beren eginkizunak, Jaurlaritzaren Legeari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 24. eta 29. artikuluetan eta lege hori ordezten duen arauan aurreikusitako kasuetan.
Lehendakariari eginkizun hauek dagozkio:
Enplegurako Politika Publikoen Euskal Kontseilua ordezkatzea.
Ohiko, ezohiko eta berariazko bilkuren deialdia egitea, eta gai-ordena zehaztea.
Bilkuretako buru izatea eta eztabaidak moderatzea.
Kontseiluaren akordioen aktak eta ziurtagiriak ontzat ematea.
Erabakiak hartzerakoan, berdinketak erabakitzea bere botoaren bidez.
Bilkura nola egin erabakitzea, soilik aurrez aurre edo urrutitik.
Behar diren neurriak hartzea, osoko bilkurak eta batzorde teknikoak behar bezala funtzionatzeko.
Lehendakaritzari datxezkion beste eginkizun batzuk edo legez edo erregelamenduz esleitzen zaizkionak.
Eusko Jaurlaritzan enplegu-arloaren eskumena duen zuzendaritzako funtzionario bat izango da Enplegurako Politika Publikoen Euskal Kontseiluko idazkari.
Idazkaria eta kargua hutsik dagoenean edo titularra absente edo gaixorik dagoenean hura ordeztuko duen funtzionarioa Eusko Jaurlaritzan enplegu-arloaren eskumena duen sailburuak izendatuko ditu, zuzendaritza hartako titularrak proposatuta.
Idazkaritzako titularrak eta haren ordezkoak beren eginkizunak utzi beharko dituzte baldin eta kargua uzten badute, kargutik kentzen badituzte, lanpostuari uko egiten badiote, funtzionario-izaera galtzen badute edo 1. apartatuan aipatzen den zuzendaritzako lanpostua utzi beharra dakarren egoeraren bat gertatzen bada; betiere, bat etorriz Euskal Enplegu Publikoari buruzko abenduaren 1eko 11/2022 Legeak edo haren ordezko arauak xedatuarekin.
Idazkariari eginkizun hauek dagozkio:
Kontseiluaren bilkuretarako deialdia egitea, lehendakariak aginduta, eta Kontseiluko kideentzako zitazioak egitea.
Kontseiluak egin dituen bilkuretan parte hartzea, hitzarekin baina botorik gabe.
Gaiak prestatzea bidera daitezen; bilkura-aktak idaztea; bilkura-akten fede ematea, eta bilkuretako akordioak, kontsultak eta txostenak ziurtatzea.
Kideek organoari egindako komunikazioak jasotzea, izan jakinarazpenak, datu-eskaerak, zuzenketak, nahiz bere ardurapean behar dituen bestelako idazkiak.
Kontseiluko jarduketen legezkotasun formala eta materiala zaintzea.
Sektore publikoaren araubide juridikoari buruzko legediak kide anitzeko organoen idazkaritzari esleitzen dizkion eginkizunak.
Idazkaritzari datxezkion beste eginkizun batzuk, edo legez edo erregelamenduz esleitzen zaizkionak.
Bokalak lehendakariaren aginduz izendatuko dira, ondorengo artikuluan ezarrita dauden izendapen-arauen arabera.
Izendapena lau urterako izango da, eta beste lau urteko aldietarako berritu ahal izango da.
Hala ere, karguagatik izendatzen diren bokalen kasuan, zenbat denbora dirauen kargu-izendapenak, denbora hori iraungo du bokal-izendapenak.
Hauek dira kargua uzteko arrazoiak:
Agintaldiaren epea bukatzea.
Ordezkatzen duten erakunde, organo edo entitateko kargutik kentzea.
Ebazpen judizial edo administratibo irmo bat egotea, kargu publikoak betetzeko desgaikuntza edo kargualdi publikoa etetea dakarrena.
Enplegu Politika Publikoen Euskal Kontseiluko bokalei eginkizun hauek dagozkie:
Bilkuretara joatea eta bilkurako eztabaidetan parte hartzea.
Boto-eskubidea erabiltzea eta boto partikularra ematea, eta boto horren esanahia eta arrazoiak azaltzea.
Proposamenak, iradokizunak eta galderak egitea.
Esleitutako eginkizunak betetzeko behar den informazioa eta dokumentazioa eskuratzea.
Kontseilukide izateagatik datxezkion beste eginkizun guztiak.
Enplegu Politika Publikoen Euskal Kontseilua osoko bilkuran arituko da.
Enplegu Politika Publikoen Euskal Kontseiluak behar dituen bitartekoak eta baliabideak izango ditu, behar bezala funtziona dezan bermatzeko. Bitarteko eta baliabide horiek Kontseilua adskribatuta dagoen sailak jarriko ditu.
Lehendakariak, idazkariak eta hamaika bokalek osatuko dute osoko bilkura.
Ohiko bilkuran, urtean birritan batzartuko da, gutxienez, eta ezohiko bilkuran, berriz, lehendakariak deia egin ondoren, bere ekimenez edo bokal gehienek proposatuta.
Berariazko saioetarako deia ere Egina ahal izango da, Enplegu Politika Publikoen Euskal Kontseiluak txostena egin behar duenean prozedura administratiboak tramitatzerakoan.
Lehendakariak gutxienez hamar egun lehenago egin beharko ditu osoko bilkurako deialdiak; ezohiko bilkuretarako deialdietan, ordea, epea bost egunera laburtu ahal izango da.
Deialdia posta elektroniko bidez bidaliko zaie kontseiluko kide guztiei. Bertan, bileren gai-ordena jasoko da, eta, aurreko paragrafoan aipatzen diren epeetan, gai-ordenan agertzen diren puntuei buruzko informazioa jarriko da haien esku.
Berariazko deialdietan, txostena egin zaion dokumentuaren zirriborroa eta/edo batzorde teknikoak egindako proposamena bidaliko zaie kideei.
Bidaltzen denetik, gutxienez bost eguneko epe bat zabalduko da, kideek beren ekarpenak bidaltzeko eta/edo beren botoa emateko aukera izan dezaten. Horiek organoko idazkariari bidali beharko dizkiote.
Ekarpenak edo botoak bidaltzeko ezarritako epean kideren batek txostena eztabaidatzeko osoko bilkura bat egitea eskatzen badu, idazkariak ezohiko bilkurarako deia egingo du, eskaera hori jasotzen duenetik bi eguneko epean, gehienez ere.
Osoko bilkurara adituak joan ahal izango dira, lehendakariak edo bokalek proposatuta. Aditu horiek hitza izango dute, baina botorik ez.
Osoko bilkura baliozkotasunez eratzeko, lehendakaria, idazkaria eta sei bokal egon beharko dira.
Baldin eta idazkaria eta osoko bilkurako kide guztiak bilduta badaude aurrez aurre edo urrutitik, balio osoz eratu ahal izango dira bilerak egiteko, eztabaidatzeko eta erabakiak hartzeko, eta ez da beharrezkoa izango aldez aurretik deia egitea, baldin eta kide guztiek hala erabakitzen badute.
Ezin izango da eztabaidatu edo erabakirik hartu gai-zerrendan sartuta ez dauden gaiei buruz, salbu eta Osoko Bilkurako kide guztiak bertaratu badira eta aztergaia premiazkoa dela erabakitzen bada gehiengoaren aldeko botoaz.
Urrutitik egiten diren bilkuretan, osoko bilkuretako kideak toki batean baino gehiagotan egon daitezke, betiere honako hauek bermatzen badira bitarteko elektronikoen bitartez (telefonoak zein ikus-entzunezko bitartekoak barne): nor diren kideak edo haien ordezkoak, zein den haien adierazpenen edukia eta zein unetan egiten diren adierazpen horiek; era berean, bermatu behar da kideen arteko interaktibitatea eta komunikazioa denbora errealean gertatzen direla eta bilkuretan bitartekoak erabilgarri daudela. Besteak beste, posta elektronikoa eta bideokonferentziak sartutzat joko dira.
Berariazko deialdietan, behin ekarpenak jasotzeko eta/edo botoa emateko ezarritako epea amaituta, idazkariak dagokion akta egingo du, jasotako ekarpenak eta/edo bozketaren emaitza jasoz.
Osoko bilkurako kide guztiek boto bana izango dute, idazkariak izan ezik.
Erabakiak bileran dauden boto-eskubidedunen gehiengo soilez hartuko dira, eta lehendakariak kalitateko botoa izango du. Hartutako erabakiekin ados ez dauden bokalek boto partikular arrazoitua eman ahal izango dute, bilera egin eta ondoko 48 orduen barruan. Boto partikular hori erabakien aktari erantsiko zaio.
Erabakiak Enplegu Politika Publikoen Euskal Kontseilua adskribatuta dagoen saileko egoitzan hartutzat joko dira.
Enplegu Politika Publikoen Euskal Kontseiluaren erabakien izaera Enpleguari buruzko abenduaren 21eko 15/2023 Legearen 72. artikuluan aurreikusitakoa izango da, eta, duten xedearen arabera, nahitaez bete beharrekoak, lotesleak edo ez lotesleak izango dira. Azken kasu horretan, dagokion administrazioak memoria bat egin beharko du, egindako proposamena edo gomendioa zergatik baztertu duen arrazoituz, eta Enplegu Politika Publikoen Euskal Kontseiluari igorri beharko dio.
Idazkariari dagokio bilkura guztietako aktak egitea, lehendakariaren oniritziarekin. Aktak elektronikoki sinatu beharko dituzte kargu horiek betetzen dituztenek.
Akta bitarteko elektronikoen bidez bidaliko zaie osoko bilkurako kide guztiei, eta haiek bide bera erabiliz adierazi ahal izango dute testuarekin ados dauden edo eragozpenen bat duten testua onartzeko orduan. Ados badaude, bileran bertan joko da onartutzat.
Bilera guztietako aktak bilera-amaieran onartuko dira, edo, bestela, hurrengo bilera hasten denean.
Aktan, honako hauek zehaztuko dira: nor izan diren bilkuran, zein izan den gai-zerrenda, non eta noiz egin den bilkura, zein izan diren eztabaidetako puntu nagusiak eta zein hartutako erabakien edukia.
Egiten diren bilkurak grabatzea edo euskarri elektronikoko agiriak erabiltzea erabakiz gero, fitxategi elektronikoak osoak eta benetakoak direla bermatzeko moduan gorde beharko dira, bai eta osoko bilkurako eta batzorde teknikoko kideentzat eskuragarri egoteko moduan ere.
Aktak eta apartatu honek aipatzen dituen dokumentuak kontserbatzeko orduan, bat etorri beharko da Elkarreragingarritasunaren Eskema Nazionalari, Segurtasunaren Eskema Nazionalari eta Eusko Jaurlaritzak dokumentuak kudeatzeko dituen politika eta ereduari jarraituz unean-unean onartutako formatu eta estandarrekin.
Enpleguari buruzko abenduaren 21eko 15/2023 Legearen 70.4 artikuluarekin bat etorriz, batzorde teknikoa da Enplegu Politika Publikoen Euskal Kontseiluari laguntza teknikoa emateko organoa.
Batzorde horrek, Enplegu Politika Publikoen Euskal Kontseiluaren kide kopuru bera eta ordezkaritza bera izango ditu, eta gizonen eta emakumeen presentzia orekatua bermatu behar du.
Batzorde teknikoko kideak honela izendatuko dira:
Lehendakaria: enplegu-arloaren eskumena duen saileko sailburuordea.
Kargua hutsik badago edo titularra absente edo gaixorik badago, enplegu-arloaren eskumena duen zuzendaritzako titularra arituko da lehendakari.
Idazkaria: 7. artikuluan xedatutakoaren arabera.
Hamaika bokal, honela izendatuak:
Eusko Jaurlaritza ordezkatzen duten bokalak: gai bakoitzean eskumenak dituzten sailetan gutxienez zuzendari-maila dutenen artean izendatuko dira.
Hauek izango dira:
Bokal bat, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoa ordezkatzeko.
Bokal bat, inklusio-arloaren eskumena duen saila ordezkatzeko.
Bokal bat, lehiakortasun-arloaren eskumena duen saila ordezkatzeko.
Bokal bat, hezkuntza-arloaren eskumena duen saila ordezkatzeko.
Bokal bat: enplegu-arloaren eskumena duen saileko Enplegu Zuzendaritzako titularra.
Baldin eta sail batek gai bat baino gehiagori buruzko eskumenak izendatuta baditu, ordezkaritza enplegu-arloaren eskumena duen saileko goi-kargudunei egokituko zaie, ordezkaritza osatu arte.
Foru Aldundiei dagozkien bokalak: foru aldundiek izendatuko dituzte, enpleguarekin lotutako eremuetan gutxienez zuzendari-maila dutenen artean.
Udalak ordezkatzeko bokalak: EAEn nagusi den udal-elkarteak proposatuko ditu, elkarteak berak ezartzen dituen irizpideen arabera.
Kideak izendatzerakoan, gizonen eta emakumeen presentzia orekatua izan dadin sustatuko da, ezertan eragotzi gabe karguaren ondorioz kide direnak.
Batzorde teknikoko bokalak Enplegu Politika Publikoen Euskal Kontseiluko lehendakaritzako titularrak izendatuko ditu.
Bokalak ordezkatzeko, erregelamendu honetako 4. artikuluko 2. apartatua aplikatuko da.
Batzorde teknikoa osoko bilkuraren ohiko, ezohiko eta berariazko bilkurak egin banio lehen batzartuko da, eta, beti, lehendakariak deialdia egin ondoren, bere ekimenez edo sei bokalek proposatuta.
Idazkaritza teknikoak eginkizun hauek izango ditu:
Irizpena ematea, Enplegu Politika Publikoen Euskal Kontseiluaren nahitaezko txostena behar duten gaien inguruan.
Osoko bilkuraren akordioak betetzen direla bermatzea.
Osoko bilkurak gomendatutako lanak egitea.
Osoko bilkurari jarduketa-ekimenak aurkeztea eta proposatzea.
Osoko bilkurak espresuki eskuordetzen dion beste edozein eginkizun.
Batzorde teknikoko deialdiak egiteko, erregelamendu honen 9. artikuluaren 4. apartatuan xedatua bete beharko da.
Batzorde teknikoa eratzeko eta Kontseilura igortzeko proposamenak egiteko, erregelamendu honen 10. artikuluan xedatua bete beharko da.
Batzorde teknikoaren bilkuretan, idazkariak bileraren gaineko ohar batzuk hartuko ditu, akta egin beharrean. Ohar horiek bokal guztiei bidaliko zaizkie, eta ez da beharrezkoa izango ohar horiek onartzea.
Enplegu Politika Publikoen Euskal Kontseiluak, bere lehendakariaren bitartez, aholkularitza guztiak eskatu ahal izango ditu, barne dela enplegu-politika publikoak osatzen dituzten zeinahi arlotan adituak direnen aholkularitza, eta bere eginkizunak betetzeko beharrezkotzat jotzen dituen datuak eskatu ahal izango dizkio Euskal Autonomia Erkidegoko, foru-aldundietako eta udalerrietako edozein organori.
Eusko Jaurlaritzan enplegu-arloaren eskumena duen sailburuordetzak emango du laguntza tekniko eta administratiborako egitura, hain zuzen ere, Enplegu Politika Publikoen Euskal Kontseiluaren eta Kontseilu horri laguntzeko batzorde teknikoaren eginkizunetarako eta funtzionamendurako behar dena.
Enplegu Politika Publikoen Euskal Kontseiluak euskara erabiltzeko aukera bermatuko du, euskaren erabilera normalizatzeko legediarekin bat etorriz.
Nolanahi ere, deialdiak, aktak, oharrak eta ziurtagiriak bi hizkuntzetan idatzi beharko dira.
Euskal Sektore Publikoari buruzko maiatzaren 12ko 3/2022 Legearen 18.5 artikuluaren arabera, urtero, Enplegu Politika Publikoen Euskal Kontseiluaren kudeaketa-memoria bat idatzi behar da, osoko bilkuran onartuko dena, eta horren berri jendaurrean emango da, Eusko Jaurlaritzaren Gardena gardentasun-atariaren bidez.
Gardentasun-atari horren bidez, Enplegu Politika Publikoen Euskal Kontseiluaren, osoko bilkuraren eta batzorde teknikoaren osaera argitaratuko da.
Horiek hartzen dituzten erabakiak eta bileren aktak ere argitaratuko dira.
Erregelamendu hau indarrean sartu baino lehenago egindako izendapenek Osoko Bilkurako eta batzorde teknikoko kideenak erabat indarrean egoten eta ondoreak izaten jarraituko dute, eta Erregelamenduan ezarritako xedapenen mende geratuko dira.
Idazkaritza-kargua beteko duena izendatzeko, gehienez ere bi hilabeteko epea egongo da, erregelamendu hau indarrean sartzen denetik aurrera zenbatuta.
AZKEN XEDAPEN BAKARRA. Indarrean jartzea.
Erregelamendu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.