Arautegia
InprimatuAGINDUA, 2025eko urtarrilaren 16koa, Justizia eta Giza Eskubideen sailburuarena, zeinaren bidez lekualdatze-lehiaketarako deialdia egiten baita Justizia Administrazioaren kidego eta eskala hauetako funtzionarioen artean: Prozesu eta Administrazio Kudeaketa, Prozesu eta Administrazio Izapidetzea eta Laguntza Judiziala.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Agindua
- Organo arau-emailea: Justizia eta Giza Eskubideen Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 31
- Hurrenkera-zk.: 722
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2025/01/16
- Argitaratze-data: 2025/02/14
Gaikako eremua
- Gaia: Segurtasuna eta justizia; Administrazioaren antolamendua
- Azpigaia: Justizia; Funtzio publikoa
Testu legala
Justizia Administrazioaren Prozesu eta Administrazio Kudeaketako, Prozesu eta Administrazio Izapidetzeko eta Laguntza Judizialeko kidego edo eskaletako lanpostu generikoetan lanpostu hutsak daude Euskal Autonomia Erkidegoan, eta aurrekontuetan diruz hornituta daude. Lanpostu horiek betetzea egokitzat jotzen denez gero, deialdia egiten da lekualdatze-lehiaketaren bitartez, Botere Judizialaren uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoa aldatzen duen abenduaren 23ko 19/2003 Legearen VIII. tituluan eta abenduaren 7ko 1451/2005 Errege Dekretuaren 43. artikuluan eta hurrengoetan eta xedapen indargabetzaile bakarrean ezarritakoaren arabera (1451/2005 Errege Dekretua, Justizia Administrazioaren zerbitzupeko funtzionario berriak hartzeari, funtzionario horien lanpostuak hornitzeari eta lanbide sustapenari buruzkoa).
Horrenbestez, I. eranskinean zerrendatzen diren lanpostu hutsak oinarri hauen arabera beteko dira:
Lehenengoa. Eska daitezkeen lanpostuak.
Lehiaketan parte hartzen duten funtzionarioek I. eranskinean bilduta dauden plazen artetik edozein eskatu ahal izango dute, betiere deialdi honetan eskatzen diren baldintza orokorrak eskabideak aurkezteko amaiera-datan biltzen badituzte, eta deialdiari buruzko behin betiko ebazpena ematen den arte guztiei eusten badiete, administratiboa barne, destinoko herriagatiko mugarik ezarri gabe.
Plantilla organikoan hutsik dauden plazak organo judizialaren hurrenkera-zenbakiarekin identifikatuko dira. Organo judizial baten hurrenkera-zenbakia eskatze hutsarekin ulertuko da organo horretan hurrenkera-zenbaki horretan argitaratu diren kidegoko lanpostu huts guztiak eskatzen direla, bai eta sor daitezkeen erresulta guztiak ere, iragarri diren kasuetan.
Lehiaketa honen ebazpenaren ondorioz hutsik geratzen diren plazak ere eskatu ahal izango dituzte. Lanpostu horiek erresulten kontzeptupean gehituko zaizkie eskaintzen diren lanpostu hutsei, salbu eta behin-behinean atxikitako funtzionario titularrenak badira; amortizatu nahi badira, plantilla organikoa aldatzeko proiekturen bat dagoelako edo efektiboen berratxikipena edo birrordenazioa egin behar delako; edo organo judizial bati atxikitako dotazioa funtzionario titular batez edo gehiagoz beteta dagoelako (kasu horietan, ez da sortuko dagokion kidegoko plazen erresultarik). Plaza bati behin-behinean atxikita egonik lehiaketan parte hartu eta behin betiko lanpostua lortzen dutenek ere ez dute sortuko erresultarik. Tartekatuta eskatu ahal izango dira lanpostu hutsak eta erresultak.
Plantilla organikoaren plazen kasuan, erresulta posible gisa soilik iragarriko diren lanpostuak ere deialdiaren hurrenkera-zenbakiaren arabera identifikatuko dira. Organo judizial bateko hurrenkera-zenbakia eskatze hutsarekin ulertuko da kidego horretan hurrenkera-zenbaki horretarako sor daitezkeen erresulta guztiak eskatzen direla.
Bulego Judizial Berrian hutsik dauden plazak, ordea, lanpostu- eta dotazio-zenbakiarekin identifikatuko dira. Hori dela eta, eskatu nahi diren plaza guzti-guztiak adierazi beharko dira eskabidean.
Ez dira erresultatzat hartuko honekin batera egiten diren beste lehiaketa batzuetan funtzionario parte-hartzaileek bete gabe uzten dituzten plazak.
Deialdian parte hartzen dutenek ebazpenaren ondorioz sortzen diren erresultak eskatzeko eskubidea gauzatu ahal izan dezaten, Justizia Ministerioaren webgunean (www.mjusticia.gob.es), EAEko Justizia Administrazioaren atarian (www.justizia.eus) eta Justiziako Langileen Atarian argitaratuta egongo da Justizia Administrazioko organo judizialen, fiskalen eta zerbitzuen zerrenda iragarri diren organoen izaera bera dutenena eta eska daitezkeenena, hurrenkera-zenbakia adierazita, agindu hau argitaratzen denetik aurrera eta eskabideak aurkezteko epeak irauten duen bitartean.
Parte hartzen duten funtzionarioek ziurtatu beharko dute eskabidean zehazten dituzten hurrenkera-zenbakiak bat datozela lehiaketa honetarako argitaratu direnekin I. eranskinean jasotakoak zein lehiaketaren ondorioz sortzen direnak, beste lehiaketa batzuetan erabili diren kodeak erabili ez daitezen.
Hainbat lanpostutan azaltzen diren EAI siglek esan nahi dute organo judizial horiek bateragarri egingo dituztela arlo penalari eta zibilari dagozkien eginkizunak eta emakumearen aurkako indarkeriari buruzko gaiak, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak 2005eko ekainaren 22ko Osoko Bilkuran hartutako Erabakiaren arabera (2005-06-28ko BOE). Izena eta ATP zutabean agertzen diren gainerako siglek honako hau esan nahi dute: AV (biktimentzako laguntza); CP (presondegia); DE (dedikazio berezia); GU (guardiak); HE (ordutegi berezia); ML (lege-medikuntza); PERS. ADTVO. D. PROV. (probintzia-ordezkaritzetako administrariak).
Urtero eta erresulten arabera egiten den lehiaketa honetan, plaza hutsak eta erresultak batuta eskatu ahal izango den organo judizialen gehieneko kopuruak ezin izango du hurrenkeraren araberako 200 zenbakia gainditu. Nolanahi ere, ulertuko da hurrenkeraren zenbaki bakoitzak biltzen dituela dena delako organo judizialerako iragarri diren lanpostu huts eta erresulta guztiak (baldin badaude). Aintzat hartuta lehiaketa honek hiru kidego edo eskalei eragiten diela eta funtzionario askok parte hartuko dutela, deialdia arintzeko asmoz ezartzen da muga hori, abenduaren 7ko 1451/2005 Errege Dekretuaren 42. artikuluak ematen duen ahalmenari jarraikiz, eta bat eginez Justizia Ministerioak eta bitarteko pertsonalen eta materialen eskumenen lekualdatzea jaso duten autonomia-erkidegoek sinatutako esparru-akordioan ezarritakoarekin.
Ez da onartuko inolako aldaketarik egindako destino-eskaeran, eskabideak aurkezteko epea igaro eta gero. Era berean, ez da onartuko, lehiaketa behin betiko ebatzi eta gero, lortutako destinoari uko egitea, arrazoia edozein dela ere, ezta ere lehiakideak eskabidean hurrenkera-ordena betetzerakoan akatsik eginez gero. Beraz, lehiaketan parte hartzen duten interesdunek ziurtatu beharko dute eskatzen dituzten deialdiko hurrenkera-zenbaki guztiak zehazki bat datozela eskaintzen diren organo judizialen izenekin.
Lehiaketan parte hartzeari uko egitea onartu ahal izango da eskabideak aurkezteko epearen barruan eta epe hori amaitu eta hurrengo hamar egun baliodunetan.
Salbuespenez, lanpostu huts edo erresulta gisa iragarritako plaza batzuk kendu ahal izango dira, horretara behartzen duen zirkunstantziaren bat gertatzen bada.
Baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuko barruti judizialen batean jurisdikzioak banantzen badira, ulertuko da banantze horrek eragindako lanpostuak deialdi honen I. eranskinean iragarritakoak eta horien erresultak izen berria duten organo judizialei dagozkiela.
Bigarrena. Parte hartzeko betekizun eta baldintza orokorrak.
Lehiaketa honetan parte hartu ahal izango dute, eta Justizia Administrazioaren Prozesu eta Administrazio Kudeaketako eta Prozesu eta Administrazio Izapidetzeko kidegoetako edo eskaletako organo judizialetako lanpostu hutsak eskatu ahal izango dituzte kidego edo eskala horietako funtzionarioek (edozein izanik ere funtzionario horien administrazio-egoera), honako hauek izan ezik: aurreko lehiaketa batzuetan destinoa lortu zutenek eta emandako destinoa oraindik hartu ez dutenek, irmo etenda daudenek (eteteak irauten duen bitartean), eta nahitaezko lekualdatzearekin zigortuek, zigorra ezarri zitzaien herri bereko destinoa lortzeko, hutsegitea larria edo oso larria izan den kontuan hartuta, hurrenez hurren urte bat edo hiru igaro arte; kasu horretan, abenduaren 7ko 1451/2005 Errege Dekretuaren 43.2.c artikuluan aurreikusitakoaren arabera zenbatuko dira epeak.
Zerbitzu aktiboan diren funtzionarioek egoera horri eutsi beharko diote, harik eta lehiaketa behin betiko ebatzi arte. Zerbitzu berezietan edo familiakoak zaintzeko borondatezko eszedentzian direnak, erreserbatutako lanpostura itzultzen badira, ez dira baztertuko lehiaketan parte hartzetik. Halaber, ez dira baztertuko zerbitzu aktiboan dauden funtzionarioak, zerbitzu berezietara edo senideak zaintzeko borondatezko eszedentziara pasatzen direnak.
Lehiaketan parte hartzetik kanpo geratuko dira zerbitzu aktiboan, zerbitzu berezietan edo senideak zaintzeko borondatezko eszedentzian dauden funtzionarioak, baldin eta, lehiaketa ebazteko prozesuan zehar, egoera hauetara aldatzen badira: sektore publikoan zerbitzuak egiteagatiko borondatezko eszedentziara, interes partikularrengatiko eszedentziara, familia elkartzeagatiko borondatezko eszedentziara edo behin betiko eginkizun-gabetzera.
Justizia Administrazioko letraduen kidegoan ordezko gisa aritzeagatik borondatezko eszedentzian dagoen funtzionarioak lehiaketan parte hartzen badu berriro sartzeko eskatuz, eta lehiaketa-aldian behin-behinean atxikitzen bazaio Kudeaketako kidegoari, ez da ulertuko haren administrazio-egoera aldatzen denik lehenengo oinarriaren 1. puntuan aurreikusitako ondorioetarako. Administrazio-egoera aldatzeagatik ez litzateke salbuetsiko, orobat, behin-behinean Kudeaketako kidegoari atxikitako funtzionarioa, ordezko letradu-lanetan aritzeagatik borondatezko eszedentzian egon dena, baldin eta, eskariak aurkezteko epea bukaturik, berriro ordezko letradu izendatzen badute.
Kudeaketako, Izapidetzeko eta Laguntzako kidegoetako edo eskaletako funtzionarioek honako kasu hauetan bakarrik parte hartu ahal izango dute lanean ari diren kidego edo eskalan: eskabideak aurkezteko epea amaitzen denean bi urteko epea igaro bada funtzionarioak behin betiko azken destinoa (parte hartzen duen kidegoan edo eskalan) lortu zuen lekualdatze-lehiaketarako deialdia egin zuen ebazpena eman zenetik, edo, funtzionario berrien kasuan, behin betiko destinoa eman zion ebazpenetik zenbatzen hasita. Urteak zenbatzeko, ebazpena eman zen urte naturala joko da lehenengo urtetzat, ebazpenaren data kontuan hartu gabe. Bigarren urtea, berriz, hurrengo urte naturala izango da (abenduaren 7ko 1451/2005 Errege Dekretuaren 46.1 artikulua).
Behin-behineko atxikipenaren bidez zerbitzu aktibora berriro itzuli diren funtzionarioek (abenduaren 7ko 1451/2005 Errege Dekretuaren 68.c artikulua), baldin eta indarreko araudiaren arabera lehiaketetan nahitaez parte hartu behar badute, ez dute bete beharko oinarri honetako 2. atalean aurreikusitako denbora-muga. Funtzionario horiek atxikita dauden probintziako kidegoari edo eskalari dagozkion plaza guztiak eskatu beharko dituzte, lanpostu hutsak zein lehiaketaren ondorioz sor litezkeenak. Behin-behineko atxikipenaz geroztik izandako lehenbiziko lehiaketan parte hartu ezean, interes partikularragatiko borondatezko eszedentzia-egoerara pasatuko da. Baldin eta, atxikitako probintzian lanpostuak izanik, lanpostu guztiak eskatzen ez baditu edo beste probintzia bateko lanpostuak eskatzen baditu, eta destinorik lortzen ez badu, transferitutako autonomia-erkidegoko organo eskudunak edo atxikita dagoen esparruko ministerioaren organo eskudunak behin betiko esleituko dio plaza bat, behin-behinean atxikita dagoen probintzian, edo, halakorik ezean, autonomia-erkidegoaren esparruan.
Behin betiko destinoa lortzen ez badute eta behin-behinean betetzen duten lanpostua betetzen bada, probintzia horretan edo lehiaketarako lanpostu hutsak elkartu diren lurralde-eremu berean dagoen edozein bulego judizialetan edo destinoko lantokian dagoen lanpostu huts bati atxikiko zaizkie behin-behinean. Hurrengo lehiaketan behin betiko destinoa lortzen ez badute, lehiaketa horretan edozein lurralde-esparrutan hutsik geratzen diren lanpostuetako edozein atxikiko zaie behin-behinean (abenduaren 7ko 1451/2005 Errege Dekretuaren 69. artikulua). Une horretan beren funtzioak betetzen dituzten lanpostuari behin-behinean atxikitzeko F1R dokumentua aurkeztu beharko dute eskaerarekin batera.
Instantziako auzitegiak ezartzeko eta egokitzeko lehen faseak eragindako barruti judizialetako antolamendu-unitateren batean behin-behineko destinoa duten funtzionarioek, bat etorriz Justizia Zerbitzu Publikoaren efizientzia-neurriei buruzko urtarrilaren 2ko 1/2025 Lege Organikoarekin, ez dute lehiaketan parte hartzeko betebeharrik izango, eskatu beharko lituzketen lanpostuak ez baitira lehiaketa honetan iragartzen, eta, beraz, behin-behineko atxikipen-egoeran jarraituko dute. Hala ere, lehiaketan parte hartu nahi duten langileek aukera izango dute horretarako, eta, destinorik lortzen ez badute, behin-behineko atxikipen-egoeran jarraituko dute.
Botere Judizialaren uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoa aldatzen duen abenduaren 23ko 19/2003 Lege Organikoaren 506.d artikuluan ezarritako borondatezko eszedentzia-egoeran dauden funtzionarioek (sektore publikoan jarduteagatik emandako eszedentzia) ez dute inolako denbora-mugarik izango egoera horretan dauden kidegoan berriz lanean hasteko.
Botere Judizialaren uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoa aldatzen duen abenduaren 23ko 19/2003 Lege Organikoaren 506. artikuluaren e) eta f) letretan ezarritako borondatezko eszedentzia-egoeretan dauden funtzionarioek (familia biltzeko eszedentzia eta interes partikularragatikoa) lehiaketan parte hartu ahal izango dute baldin eta eskabideak aurkezteko epea amaitzen denerako gutxienez bi urte igaro badira eszedentzia-egoerarako baimena eman zietenetik.
Botere Judizialaren uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoaren 509. artikuluan ezarritakoaren babesean (lege hori abenduaren 23ko 19/2003 Legeak aldatu zuen) senideak zaintzeko eszedentzia-egoeran dauden funtzionarioek abenduaren 7ko 1451/2005 Errege Dekretuaren 46.1 artikuluan ezarritako bi urteak igaro badira soilik parte hartu ahal izango dute lehiaketan.
Behin-behineko atxikipenean eta behin betiko gabetuta dauden funtzionarioek (abenduaren 7ko 1451/2005 Errege Dekretuaren 68.e artikulua) lehiaketa honetan parte hartu beharko dute behin betiko lanpostua eskuratzeko. Lehiaketan parte hartzen ez badute, edo eskatutako lanpostua lortzen ez badute, gainerako lehiakideei eman ez zaizkien lanpostuetako bat emango zaie, hala badagokio, betiere atxikita dauden lurralde-eremuan.
Prozesu eta Administrazio Kudeaketa kidegoko funtzionarioek, baldin eta 2024ko abenduaren 24a baino lehenagotik behin-behinean atxikita badaude ordezko letradu-kargua uzteagatik, eskubidea izango dute atxikita dauden udalerrian lanpostu orokorrak lehentasunez betetzeko, lehiaketara ateratzen diren lehen aldian, hala ezarrita baitago abenduaren 7ko 1451/2005 Errege Dekretuaren 70.3 artikuluan. Lehentasun hori ez dute galduko berriro ordezko letradu izendatzen badituzte ere, eskabideak aurkezteko epea bukatu ondoren. Ezin badituzte lanpostu horiek bete, beste funtzionario batzuek ere lanpostu horiek lehentasunez betetzeko eskubidea dutelako, behin-behineko atxikipen-egoeran jarraituko dute, harik eta ondorengo lehiaketetan parte hartu izanaren ondorioz, eta atxiki beharreko herrian dauden lanpostu huts guztien eskaria egitearen ondorioz, behin betiko lanpostu bat eman ahal zaien arte.
Adierazitako lehentasuna eskatu ezean edo lehiaketan parte hartu ezean edo atxikita dauden herriko I. eranskineko plaza hutsak eskatu ezean nahiz eta behin-behinean atxikita dauden plaza ez iragarri, eta hortik ondorioztatzen bada lanposturik ez lortzea, esleitu gabeko lanpostuetatik edozeinetan emango zaie behin betiko destinoa. Eskualdaketa jaso duen autonomia-erkidegoko organo eskudunak emango diete, edo atxikita dauden ministerioko esparrukoak.
Behin-behineko atxikipen hori eskabidea aurkezteko epearen barruan egin bada, ez dute lehiaketan parte hartzeko betebeharrik izango.
Ordezko letradu gisa kargua utzi duten funtzionarioek, baldin eta 2024ko abenduaren 24a baino lehenagotik behin-behineko atxikipenean badaude instantziako auzitegiak ezartzeko eta egokitzeko lehen faseak eragindako barruti judizialetako antolamendu-unitateren batean, ez dute lehiaketan parte hartzeko betebeharrik izango, eskatu beharko lituzketen lanpostuak ez baitira lehiaketa honetan iragartzen, eta, beraz, behin-behineko atxikipen-egoeran jarraituko dute, bat etorriz Justizia Zerbitzu Publikoaren efizientzia-neurriei buruzko urtarrilaren 2ko 1/2025 Lege Organikoarekin. Hala ere, lehiaketan parte hartu nahi duten langileek aukera izango dute horretarako, baina puntu honetako lehenengo paragrafoan adierazten den lehentasunik gabe; eta, destinorik lortzen ez badute, behin-behineko atxikipen-egoeran jarraituko dute.
Berariazko lehiaketa bidez eskuratutako lanpostu bati uko egin dion funtzionarioak (abenduaren 7ko 1451/2005 Errege Dekretuaren 68.a) artikulua), behin-behinean jarduteko lanpostu bat esleitu arren, lehentasunezko eskubidea izango du, lehiaketara ateratzen den lehenengo aldian, lanpostu-uztea gertatu zenean lanean ari zen udalerrian dagoen lanpostu bat eskuratzeko, eta udalerri horretan deitzen diren lanpostu guztiak eskatu beharko ditu, abenduaren 7ko 1451/2005 Errege Dekretuaren 54. artikuluan xedatutakoa betez. Lehiaketa honetan parte hartu ezean, behin betiko esleituko zaio esleitu gabeko edozein lanpostu.
Izendapen askeko sistemaren bidez eskuratutako lanpostu bati uko egin dion edo lanpostu horretatik kendu egin duten funtzionarioak (abenduaren 7ko 1451/2005 Errege Dekretuaren 62. eta 68.a artikuluak), behin-behinean jarduteko lanpostu bat esleitu arren, lehentasunezko eskubidea izango du, lehiaketara ateratzen den lehenengo aldian, lanpostutik kentzea gertatu zenean lanean ari zen udalerrian dagoen lanpostu bat eskuratzeko, eta udalerri horretan deitzen diren lanpostu guztiak eskatu beharko ditu. Lehiaketa honetan parte hartu ezean, edo eskatutako destinorik lortu ezean, behin betiko esleituko zaio esleitu gabeko edozein lanpostu.
Instantziako auzitegiak ezartzeko eta egokitzeko lehen faseak eragindako barruti judizialetako antolamendu-unitateren batean berariazko lehiaketaren edo izendapen askearen bidez lortutako lanpostu bati uko egin dioten edo lanpostua utzi duten funtzionarioek, behin-behinean atxikita badaude, ez dute lehiaketan parte hartzeko betebeharrik izango, eskatu beharko lituzketen lanpostuak ez baitira lehiaketa honetan iragartzen, eta, beraz, behin-behineko atxikipen-egoeran jarraituko dute, bat etorriz Justizia Zerbitzu Publikoaren efizientzia-neurriei buruzko urtarrilaren 2ko 1/2025 Lege Organikoarekin. Hala ere, lehiaketan parte hartu nahi duten langileek aukera izango dute horretarako, baina puntu honetako lehenengo eta bigarren paragrafoetan adierazten den lehentasunik gabe; eta, destinorik lortzen ez badute, behin-behineko atxikipen-egoeran jarraituko dute.
Oinarri honen 7. eta 8. puntuetan adierazitako udalerriaren gaineko lehentasun-eskubidea arautzea:
Lehentasunaren ondorioak herri jakin batean dauden hurrenkera-zenbaki guztietara hedatzen dira. Horrek ez du esan nahi interesdunak eskabidean eskatutako lehen hurrenkera-ordena esleituko zaionik, arauak ezartzen baitu eskubide hori duen lehiakideak herri jakin batean dauden edozein hurrenkera-zenbakitan lortuko duela destinoa, hurrengo puntuetan agertzen diren baldintzekin. Beraz, eskubide hori baliatzeko nahitaezkoa izango da lehentasuneko herrian eskaintzen diren deialdiko hurrenkera-zenbaki guztiak I. eranskinean agertzen direnak eskatzea, eta eskatutako horiek eskabideko lehentasun-hurrenkerako lehen zenbakietan biltzea. Deialdiko gainerako zenbakiak, lehentasunik gabe eskatutakoak, jarraian ordenatuko dira, eta horien artean ere lehentasunez eskatzen den udalerrian lehiaketaren ondorioz sortutako gainerako hurrenkera-zenbakiak ere eskatu ahal izango dira, eskatzailearen borondatez. Dagokien eskabidean era berean eskatu beharko dute, eta atxikita dauden destinoaren herria zehaztu beharko dute P-1 atalean, eta lehentasun hori egiaztatzen duen dokumentua aurkeztu beharko dute (behin-behineko atxikipena), laugarren oinarriaren 7. puntuan ezarritakoaren arabera.
Lehentasunez aukeratu den udalerrian eskatutako deialdiko hurrenkera-zenbakietako batean destinorik lortu ezean, eta udalerri bererako lehentasuna baliatu duen eta puntuazio handiagoa lortu duen beste funtzionariorik ez badago, puntuazio txikiena duen lehiakideak lortu duen I. eranskineko udalerri horretako hurrenkera-zenbakia esleituko da, eta lehiakide bat baino gehiagoren arteko berdinketa badago, eskalafoiaren zenbakiak erabakiko du. Orduan, hurrenkera-zenbaki horretan destinoa lortzeko eskubidea galduko du horrek, baina parte hartzeko eskabideak agertzen diren hurrengoetarako aukera izango du.
Lehentasuna ez da kontuan hartuko honako baldintza hauek betetzen ez badira: I. eranskineko dagokion udalerriko deialdiko hurrenkera-zenbaki huts guztiak eskatzea eskabidearen lehentasuneko lehenengo postuetan; eskariaren P-1 atalean esanbidez adieraztea zein udalerritarako lehentasuna eskatu nahi den, eta 9.1 puntuan adierazitako dokumentua aurkeztea.
Abenduaren 7ko 1451/2005 Errege Dekretuaren 68.f artikuluan eta 72. artikuluaren 2. atalean aipatzen den funtzionarioak birgaitua, eta behin-behinean atxikia deitzen den lehenengo lekualdatze-lehiaketan parte hartu beharko du lanpostu bat lortzeko. Lehiaketan parte hartzen ez badu, edo eskatutako lanpostua lortzen ez badu, gainerako lehiakideei eman ez zaizkien lanpostuetako bat emango zaio, edozein lurralde-eremutan.
Otsailaren 16ko 249/1996 Errege Dekretuak onartu zuen Justizia Administrazioko Ofizial, Laguntzaile eta Agenteen Kidegoetako Arautegi Organikoaren 52. artikuluan aurreikusitako langileen berrantolamendua dela-eta lanpostua nahitaez esleitua duen funtzionarioak lekualdatze-lehiaketan parte hartu ahal izango du, nahiz eta legez ezarritako epea igaro ez. Horretaz gain, behin bakarrik bada ere, lehentasunezko eskubidea izango du bere lantokiko beste lanpostu bat lortzeko (otsailaren 16ko 249/1996 Errege Dekretuaren 51. artikulua), baldin eta lehiaketa arruntera ateratzen bada eta lehiaketa horretan parte hartzen badu.
Eskubide hori baliatzeko, ondoren azaldutakoak bete beharko ditu:
Lehenetsi nahi duen lantokiko lanpostuak eskatzea, eskabidearen lehentasun-hurrenkeraren aurreneko postuetan.
3 marka duen eskabide-ereduaren P-2 atalean adieraztea lehentasunez zer lantoki eta herri nahi duen.
2 atalean adierazten diren lantokirako eta herrirako egin zen nahitaezko izendapenaren egiaztagiria aurkeztea.
Aurreko hiru paragrafoetan zehaztu diren jarraibideak betetzen ez badira, arestian adierazitako 52.c artikuluak aitortzen duen lehentasunezko eskubidea galduko da lehiaketa honetarako.
Funtzionario bati lanpostua nahitaezko izendapen-prozesuaren bidez esleitu bazaio abenduaren 7ko 1451/2005 Errege Dekretuaren 67. artikuluan xedatua, lekualdatze-lehiaketetan parte hartu ahal izango du, erregelamendu bereko 46.1 artikuluan legez ezarritako epea igaro ez bada ere. Era berean, lehentasunezko eskubidea izango du lanpostua bere jatorrizko lantokian eskuratzeko, zentro horretako plazak eskaintzen diren lanpostu generikoen lehenengo lehiaketan.
Eskubide hori baliatzeko, ondoren azaldutakoak bete beharko ditu:
Lehenetsi nahi duen destinoko lantokiko lanpostuak eskatzea, eskabidearen lehentasun-hurrenkeraren aurreneko postuetan.
3 marka duen eskabide-ereduaren P-2 atalean adieraztea lehentasunez zer lantoki eta herri nahi duen.
2 atalean adierazten diren lantokirako eta herrirako egin zen nahitaezko izendapenaren egiaztagiria aurkeztea.
Aurreko hiru paragrafoetan zehaztutako baldintzak betetzen ez badira, 67. artikuluak aitortzen duen lehentasunezko eskubidea galduko da lehiaketa honetarako.
Berariazko lehiaketa bidez edo izendapen askez bereziturik dagoen lanpostua betetzen ari diren funtzionarioek lehiaketa honetan parte hartu ahal izango dute, lanpostua jabetzan hartu zutenetik urtebetez gutxienez bete badute betiere (abenduaren 7ko 1451/2005 Errege Dekretuaren 54. edo 62. artikulua).
Funtzionarioak eskatuta lortutako destinoei uko egin ezin zaienez gero, lanera itzuli den langileak destino bat lortzen badu lekualdatze-lehiaketaren bitartez, jardunean ari zen kidegoan eszedentzia-egoeran geratuko da automatikoki. Nolanahi ere, berariazko lehiaketa bidez lanpostu bat lortu duten funtzionarioek uko egin ahal izango diote, baldin eta, lanpostuaz jabetzeko epea bukatu baino lehen, lehiaketa honetan behin betiko destino bat lortu badute; hala gertatuz gero, interesdunak horren berri jakinarazi beharko dio erakunde deitzaileari. Jakinarazi ezean, esleitutako lehenengo destinoaz jabetu beharko du, abenduaren 7ko 1451/2005 Errege Dekretuaren 53. artikuluan xedatutakoaren arabera.
Berariazko lehiaketa ebazten baldin bada lehiaketa arruntaren behin betiko ebazpena baino lehen betiere berariazko lehiaketaren destinoaz jabetzeko epea ere kontuan hartuta, eragindako funtzionarioek berariazko lehiaketan lortutako destinoaz jabetu beharko dute, eta galdu egingo dute lehiaketa arrunterako aukera. Baina, berariazko lehiaketa geroago ebazten bada lehiaketa arrunta baino, eta azken horretan destinoez jabetzeko epea igarota badago, eragindako funtzionarioek berariazko lehiaketarako aukera galduko dute.
Hirugarrena. Baremoak.
Lanpostuak esleitzeko merezimenduak balioesteko, kontuan hartuko da, batetik, antzinatasuna balioesteko ezarritako baremoa (abenduaren 7ko 1451/2005 Errege Dekretuaren 48.1.a artikulua) eta, bestetik, autonomia-erkidegotako berezko hizkuntza ofizialaren ezaguera (adierazitako artikuluaren b) apartatuan ezarritakoaren arabera).
Antzinatasuna. Parte hartzen duen kidegoan edo eskalan karrerako edo bitarteko funtzionario gisa gauzatutako zerbitzuengatik bi puntu emango dira zerbitzuak gauzatutako urte oso bakoitzeko; aldi laburragoak, berriz, proportzioz zenbatuko dira (0,00555556 eguneko). Hilabeteak hogeita hamar egunekoak izango dira, eta 60 puntu emango dira gehienez.
Horretarako, eskalafoiaren arabera karrerako funtzionario gisa egindako zerbitzaldiari bitarteko funtzionario gisa egindako zerbitzaldia gehituko zaio, biak ere parte hartzen duen kidego edo eskalari dagozkiola.
Benetako zerbitzaldiei dagokienez berdinketa badago, berdinketa hausteko aintzat hartuko da karrerako funtzionario gisa dagokion eskalafoi-zenbakia.
Transferitutako Justiziako lurralde-kudeatzailetza edo autonomia-erkidego bakoitzak Excel fitxategi bat beteko du, lehiaketan parte hartzen duten eta une horretan delako kudeatzailetzaren edo autonomia-erkidegoaren lurralde-eremuan zerbitzuak ematen ari diren funtzionarioei buruzkoa, datu hauekin: IFZ, eta bitarteko funtzionario gisa guztira egindako egun kopurua (denbora hori oinarri honen lehen paragrafoan ezarritako arauei jarraituz zenbatuko da).
Autonomia-erkidegoetako hizkuntza ofizialak jakitea, ahoz eta idatziz. Euskal Autonomia Erkidegoko lanpostuetan, hizkuntza ofizial propioa edukiz gero eta euskara ahoz eta idatziz jakinez gero, jakintza hori behar bezala egiaztatu beharko da autonomia-erkidegoaren ziurtagiri ofizialen bidez, edo aurkeztutako titulua eta titulu horri dagokion maila homologatuz. Hamabi puntu emango dira gehienez, egiaztatutako jakite-mailaren arabera, honako era honetan:
Euskal Autonomia Erkidegoaren esparruan.
B2 mailaren egiaztagiria edo titulu homologatuak: lau puntu.
C1 mailaren egiaztagiria edo titulu homologatuak: zortzi puntu.
C2 mailaren egiaztagiria edo titulu homologatuak: hamabi puntu.
Hizkuntzaren ezagutza egiaztatzeko agiriak aurkeztu beharko dira inskripzioa egiten laguntzeko eskuliburuaren 3.6. puntuan aurreikusitako kasuetan. Laguntzaileak Ministerioak aurreko lehiaketetatik erregistratua duen hizkuntza-maila proposatuko dio lehiakideari, edo ez du ezer proposatuko datu erregistraturik ez badago. Maila bat proposatzen bada eta aldatu ez bada, ez da beharrezkoa dokumentaziorik eranstea.
Aitzitik, maila edo hizkuntza berri bat aukeratzen bada, dagokion ziurtagiria erantsi beharko da. Maila edo hizkuntza aldatu bada eta ziurtagiria aurkezten ez bada, ez da kontuan hartuko.
Eskabideak aurkezteko epea bukatzen denean balioetsiko dira merezimenduak. Ziurtagiriak ez dira metatuko; beraz, lehiakideak maila bat baino gehiagoko tituluak baditu, gorenekoa bakarrik balioetsiko da.
Laugarrena. Eskabideak aurkezteko ereduak eta epeak.
Inskribatze-eskabidearen eredua II. eranskinean ageri da, eta agindu honetan dago argitaratua. Ez du aurkezteko balio; dakartzan atalak zein diren jakiteko soilik balio du, oinarri honetako 7. puntuan adierazitako bitartekoak erabiliz baino ezingo baita osatu eta aurkeztu.
II. eranskina. V-1 laukia: Kudeaketa, Izapidetze eta Laguntzako kidego eta eskaletako lanpostuetan behin betiko dauden funtzionarioek, bai eta lanpostua gordeta zerbitzu berezietan edo senideak zaintzeko eszedentzian daudenek ere, lurralde nazionalean kokatuta badaude eskumen transferiturik gabe, II. eranskineko V-1 laukia seinalatu beharko dute eskabidean, eta eskatzen zaizkien atal guztiak bete, eta zazpi egun baliodun izango dituzte eskabidea aurkezteko, agindu hau Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, oinarri honen 7. puntuan adierazitako mekanismoaren arabera.
II. eranskina. V-2 laukia: Destinoa Justizia Administrazioaren edo beste administrazio batzuen kidegoetako eta eskaletako lanpostuetan duten funtzionarioek, baldin eta Botere Judizialaren uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoa aldatzen duen abenduaren 23ko 19/2003 Lege Organikoaren 506.d artikuluan azaltzen den eszedentzia-egoeran badaude Kudeaketa, Izapidetze edo Laguntzako kidego edo eskaletan, lehiaketa honetan eskaintzen diren lanpostuak eskatu ahal izango dituzte; horretarako, II. eranskineko V-2 laukia seinalatu beharko dute eskabidean, eta eskatzen zaizkien atal guztiak bete, eta zazpi egun baliodun izango dituzte eskabidea aurkezteko, agindu hau Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, oinarri honen 7. puntuan adierazitako mekanismoaren arabera.
II. eranskina. V-3 laukia: Egoera hauetako batean dauden funtzionario eskatzaileak:
Familia elkartzeko edo interes partikularragatiko borondatezko eszedentzia.
Behin-behineko atxikipena, behin betiko eginkizun-gabetze egoeratik zerbitzura itzultzeagatik.
Behin-behineko atxikipena, birgaitu ondoren zerbitzura itzultzeagatik.
Behin-behineko atxikipena, lanpostua gordeta izan gabe zerbitzu aktibora itzultzeagatik.
Behin-behineko atxikipena, izendapen askearen bidez lortutako lanpostua utzarazi edo lanpostuari uko egiteagatik edo berariazko lehiaketaren bidez lortutako lanpostuari uko egiteagatik.
Behin-behineko atxikipena, ordezko letradu gisa lanpostua utzi ondoren zerbitzura itzultzeagatik.
Efektiboak berrantolatzeko egoeran dauden funtzionarioak (otsailaren 16ko 249/1996 Errege Dekretuaren 52.c artikulua), edo nahitaezko izendapenean daudenak (abenduaren 7ko 1451/2005 Errege Dekretuaren 67. artikulua).
eranskineko V-3 laukia seinalatu beharko dute eskabidean, eta eskatzen zaizkien atal guztiak bete, eta zazpi egun baliodun izango dituzte eskabidea aurkezteko, agindu hau Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, oinarri honen 7. puntuan adierazitako mekanismoaren arabera.
Interes partikularragatiko borondatezko eszedentzian dauden funtzionarioek, eskabidearekin batera, egoera horretara igaro direla egiaztatzen duen dokumentazioa aurkeztu beharko dute, bai eta administrazio publikoetatik bereizi ez izanaren zinpeko deklarazioa ere, biak pdf formatuko dokumentu berean.
Botere Judizialaren Lege Organikoko 506.d artikuluan xedatutakoaren arabera sektore publikoan zerbitzuak emateagatik borondatezko eszedentzia hartzen duten funtzionarioek eginkizun-gabetze irmoaren egoeran ez daudela adierazten duen zinpeko adierazpena aurkeztu beharko dute lehiaketan parte hartzeko eskabidearekin batera.
Lehiaketa honetan parte hartzen duen funtzionario bakoitzak eskabide bakarra egingo du, nahiz eta transferitutako eskumenak dituzten autonomia-erkidegoetako lurraldean dauden lanpostuak eskatu, eta transferitze horren ondorioz, gobernu autonomoek egindako deialdietan ere azaldu lanpostu horiek eta dagozkien autonomia-erkidegoetako aldizkari ofizialetan argitaratu.
Era berean, eskabide bakarra aurkeztuta aukeratu beharko dute jardunean dauden kidegotik parte hartu nahi duten ala eszedentzian dauden beste kidego batean jarduneko zerbitzura itzuli nahi duten. Bi kidegotan/eskalatan destinoa eskatzeko eskariak aurkezten badituzte, bi eskabideak baliogabetu egingo dira, eta, hortaz, interesdunak ezin izango du lehiaketan parte hartu.
Aurkeztutako eskabide bat zuzendu egin nahi badu lehiakideren batek, beste eskabide bat bete eta aurkeztu ahal izango du, eskabideak aurkezteko epearen barruan, parte hartzen zuen kidego/eskala bererako, eta azken eskabideak aurrekoa automatikoki ezeztatuko du, oinarri honen 7. puntuan adierazitakoaren arabera.
Eskabideak aurkezteko epea amaitzen denean, aukera egongo da lehiaketan parte hartzeari uko egiteko, betiere hurrengo zazpi egun baliodunen barruan, lehenengo oinarriaren 7. puntuan adierazitakoari jarraituz.
Nola sortu eta aurkeztu eskabideak.
Nola sortu eskabideak.
V1, V2 eta V3 ereduetako eskabide guztiak bide telematikoz egingo dira, inskripzioa egiteko laguntzailearen bidez.
Kudeaketa, Izapidetze eta Laguntza kidegoetako funtzionarioen arteko lekualdatze-lehiaketa honetan Espainia mailan parte hartzen duten interesdun guztiek bide telematikoz bete beharko dute eskabidea, Justizia Ministerioaren webgunean, honako helbide honetan: https://www.mjusticia.gob.es/es/ciudadania/empleo-publico/concursos-traslados/Concurso de traslados ordinario Gestión Tramitación y Auxilio 2024.
Web-orri horretan sartu ondoren, «GTA Concurso de traslados» estekan klik egin beharko dute, inskripzioa egiteko laguntzailean sartu, eta sistemak erakutsiko die nola egin eskabidea, zenbait jarraibide beteta. Aipatutako orrian argitaratutako eskuliburu hau kontsultatu beharko dute: Manual del Asistente de Inscripción Web. Gainera, zalantzarik izanez gero, dei egin dezakete erabiltzailearentzako arreta-telefono honetara: 913904605.
Horrela, kodeak transkribatzean egin litezkeen akatsak saihestea lortuko da. Izan ere, lehiakideek grabatutako datuak automatikoki biltegiratuko dira sistema informatikoan.
Inskripzioa egiteko laguntzailean sartu aurretik, lehiakideak elektronikoki identifikatu beharko dira, Cl@ve plataformak eskaintzen dituen sistemetako bat erabiliz:
NAN elektronikoa.
Ziurtagiri digitala.
C@ve Pin 24 h.
Cl@ve iraunkorra.
Nola aurkeztu eskabideak.
Eskabideak aurkezteko sistema honen oinarrian Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legea dago (39/2015 Legea, urriaren 1ekoa), hain zuzen ere 10.1, 10.2.c) eta 36.1 artikuluak.
V1, V2 edo V3 eskabide-eredua duten estatu-mailako lehiakide guztiek inskripzioa egiten laguntzeko eskuliburuan azaldutako jarraibideen arabera grabatu eta aurkeztuko dituzte eskabideak.
Funtsean, honako hauek hartuko dituzte kontuan:
Lehiaketan parte hartzeko eskabiderik ez da aurkeztuko paperean.
Inskripzioa egiteko laguntzailea ez da eskabidea egiteko bakarrik, inskripzioa egiteko prozesu oso bat baizik; hau da, eskabidea laguntzailean grabatu eta berretsi ondoren, ezarritako epearen barruan, eskabidea dagoeneko aurkeztuta egongo da Justizia Ministerioko dagokion sailean.
Berretsitako eskabide bat aldatu nahi badu eskatzaileren batek, eskabideak aurkezteko epearen barruan, inskripzioa egiteko laguntzailearen bidez beste eskabide bat sortu eta berretsi ahal izango du.
Inskripzioa egiteko epearen barruan, nahi adina eskabide sortu eta berretsi daitezke, kontuan hartuta aurkeztutako azken eskabideak bakarrik izango duela balioa lehiaketan; hau da, lehen eskabidea grabatu eta berretsi ondoren, egindako ekintza berri bakoitzak (grabatutako eta berretsitako eskabide berria, edo lehiaketan parte hartzeari uko egitea) aurretik egindako ekintza ezeztatuko du, eta, beraz, azkena bakarrik geratuko da aktibo.
Eskabidearekin batera, beharrezko dokumentuak aurkez daitezke, hala eskatzen den kasuetan.
Baztertuta geratuko dira bide telematikoz eta inskripzioa egiteko laguntzailearen bidez egin ez diren eskabideak.
Uko egitea.
Eskabideak aurkezteko epean, funtzionario parte-hartzaileek egoki iritzitako eskabide guztiak aurkeztu ahal izango dituzte, eta lehiaketan parte hartzeari uko egin ahal izango diote. B puntuan adierazi den bezala, egindako azken ekintza bakarrik geratuko da aktibo.
Eskabideak aurkezteko epea amaitu ondoren, lehiaketan parte hartzeari uko egin ahal izango diote, lehen oinarriaren 7. puntuan adierazitakoaren arabera, epea amaitu eta hurrengo hamar egun baliodunen barruan, baina hori ezin izango da egin inskripzioa egiteko laguntzailearen bitartez, aldaketak egiteko itxita egongo delako. Beraz, sinatuta eta eskaneatuta bidali beharko dute IV. eranskina (alegazioen eredua), concursos.admonjusticia@mjusticia.es helbide elektronikoaren bidez, eta mezua hartu izanaren berrespena jasoko dute «Recibido» dioen erantzun batekin. Erantzun hori jaso ezean, berriro bidali beharko dute eranskina.
Mezu elektronikoan, renuncia adieraziko dute «Gaia» atalean, eta fitxategi bakarra bidaliko dute. Fitxategiaren izenburuan, interesdunaren abizenak, izena, IFZ eta eskabide-eredua adieraziko dira, formatu honetan: «PEREZ PEREZ_LUIS_00000000K_ V1».
Bosgarrena. Baldintzapeko eskaerak.
Kidego bereko edo desberdinetako bi lehiakidek udalerri, barruti judizial edo probintzia bererako iragartzen diren lanpostu hutsak lortu nahi badituzte, aukera izango dute beren eskaera baldintzapean jartzeko, hau da, biek destinoa udalerri berean lortzeko eskaera egin dezakete, eta, horrela gertatu ezean, baldintzapeko eskaerak baliogabetu egingo dira. Baldintzapeko eskaera egiten duten funtzionarioek eskabideko C atalean zehaztu beharko dute hori eta, horrez gain, baldintzatzen duten pertsonaren izen-abizenak eta IFZ ere adierazi behar dituzte. Lehiakideetako batek C atalean ezer adierazten ez badu, bi eskabideak ezeztatu egingo dira.
Eskabideko C apartatua betetzen bada, Funtzionario berriak hartzeari eta Funtzionario horien Lanpostuak Hornitzeari buruzko Arautegiaren 48.2 artikuluan aurreikusitako eskaera baldintzatua egiten duela ulertuko da.
Seigarrena. Izapidetzea.
Justizia Ministerioak egingo du baremazioa, bulego horietan dauden antzinatasunari eta hizkuntzari buruzko datu-baseen eta eskabideetan agertzen diren datuen arabera, eta informazio osagarria eskatu ahalko die autonomia-erkidegoei, baldin eta eskumen transferituak badituzte eta beharrezkoa bada.
Zazpigarrena. Esleipenak.
Lanpostuak esleitzeko lehentasun-hurrenkera deialdi honetako hirugarren oinarrian ezarritako baremoen arabera lortzen den guztizko puntuazioak emango du.
Guztizko puntuazioan berdinketarik izanez gero, hizkuntzakoan barne, kasuan kasuko kidegoko funtzionario titular gisa dagokion eskalafoi-zenbakia hartuko da aintzat berdinketa hausteko.
Zortzigarrena. Behin betiko ebazpena.
Instantziako auzitegien ezarpenaren lehen fasea 2025eko uztailerako amaitu behar denez, beharrezkoa da lehiaketa honen prozesua behar besteko aurrerapenarekin amaitzea, Aino@ sisteman gertatzen diren lekualdatze guztiak jasotzeko. Beraz, behin-behineko fasea alde batera utziko da, eta behin betiko ebazpena emango da, eskumen transferituak dituzten autonomia-erkidegoetako organo eskudunekin koordinatuta.
Bederatzigarrena. Lanpostuaz jabetzeko epea.
Lehiaketaren ebazpenak kidegoen arabera bereizi ahal izango dira, funtzionario parte-hartzaileen lanpostu-uzteak pixkanaka-pixkanaka egin ahal izateko, baldin eta Administrazioaren iritziz lanpostu-uzte horien metatzea kaltegarria izan badaiteke zerbitzu publikorako.
Ez bada lortzen agindua aldi berean argitaratzea autonomia-erkidegoetako aldizkari ofizialetan, epeak zenbatuko dira Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Lanpostuaz jabetzeko epea hiru egun baliodunekoa izango da, funtzionarioak herriz aldatu behar ez badu; zortzi egun baliodunekoa, Euskal Autonomia Erkidegoan dagoen beste herri batera aldatu behar badu; eta hogei egun baliodunekoa, autonomia-erkidegoz aldatu behar badu, honako kasu hauetan izan ezik: Kanarietako Autonomia Erkidegoa, Balear Uharteetako Autonomia Erkidegoa, Ceutako Hiri Autonomoa eta Melillako Hiri Autonomoa; kasu horietan epea hilabetekoa izango da, bai irletako nahiz hirietako lanpostua jatorrikoa bada, bai destinokoa bada.
Lanpostuaz jabetzeko epe hori lanpostua utzi eta hurrengo egun baliodunetik aurrera hasiko da. Hain zuzen ere, lehiaketaren behin betiko ebazpenean adierazten diren egunetan utzi beharko da lanpostua.
Jabetza hartzeko epeak zenbatzen hasteko, kontuan hartuko da noiz amaitzen zaizkion funtzionarioari unean dauzkan oporrak, baimenak edo lizentziak, ez badago salbuespenezko inguruabarren bat (behar bezala justifikatua) lizentzia edo baimen horiek eteteko edo baliogabetzeko.
Hamargarrena. Esleitutako destinoen izaera.
Lehiaketa honen ebazpenaren ondoriozko lekualdatzeak borondatezkotzat hartuko dira Zerbitzuagatiko Kalte Ordainei buruzko maiatzaren 24ko 462/2002 Errege Dekretuan aurreikusitako ondorioetarako.
Ezin izango zaie uko egin behin betiko ebazpenean esleitutako destinoei.
Hamaikagarrena. Lehiaketan parte hartzeko muga.
Lehiaketa honetan behin betiko destinoa lortzen duten funtzionarioek ezin izango dute kidego edo eskala bererako beste lekualdatze-lehiaketa batean parte hartu, harik eta abenduaren 23ko 19/2003 Lege Organikoaren 529.3 artikuluan eta abenduaren 7ko 1451/2005 Errege Dekretuaren 46.1 artikuluan ezarritako epeak igaro arte (19/2003 Lege Organikoaren bidez, Botere Judizialaren uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoa aldatzen da).
Hamabigarrena. Errekurtsoak.
Agindu honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Justizia eta Giza Eskubideen sailburuari, hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 123. eta 124. artikuluetan ezarritakoaren arabera, edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke dagokion administrazioarekiko auzien epaitegietan, bi hileko epean, agindua Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, hala xedatuta baitago Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 9. artikuluan.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko urtarrilaren 16a.
Justizia eta Giza Eskubideen sailburua,
MARÍA JESÚS CARMEN SAN JOSÉ LÓPEZ.
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
Gaiarekin lotutako edukiak
Arauaren historia (3)
- Ikus: AGINDUA, 2025eko ekainaren 30ekoa, Justizia eta Giza Eskubideen sailburuarena, zeinaren bidez aldatzen baita 2025eko ekainaren 5eko Agindua, behin betiko ebazten duena Justizia Administrazioko Prozesu eta Administrazio Kudeaketako, Prozesu eta Administrazio Izapidetzeko eta Laguntza Judizialeko kidego eta eskaletako funtzionarioen arteko lekualdatze-lehiaketa.
- Ikus: AGINDUA, 2025eko ekainaren 5ekoa, Justizia eta Giza Eskubideen sailburuarena, zeinaren bidez behin betiko ebazten baita honako lekualdatze-lehiaketa arrunt hau: Justizia Administrazioaren Prozesu eta Administrazio Kudeaketako, Prozesu eta Administrazio Izapidetzeko eta Laguntza Judizialeko kidegoetako eta eskaletako funtzionarioen arteko plaza hutsetarako lekualdatze-lehiaketa arrunta, 2025eko urtarrilaren 16ko Aginduaren bidez iragarria.
- Zuzendutakoa: AGINDUA, 2025eko urtarrilaren 31koa, Justizia eta Giza Eskubideen sailburuarena, zeinaren bidez aldatzen baita 2025eko urtarrilaren 16ko Agindua (urtarrilaren 24ko Estatuko Aldizkari Ofiziala), lekualdatze-lehiaketarako deialdia egiten duena Justizia Administrazioaren kidego eta eskala hauetako funtzionarioentzat: Prozesu eta Administrazio Kudeaketa, Prozesu eta Administrazio Izapidetzea eta Laguntza Judiziala.