Arautegia
InprimatuAGINDUA, 2025eko irailaren 17koa, Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, zeinaren bidez publikoak ez diren artxiboak antolatu, digitalizatu eta zabaltzeko dirulaguntzak emango baitira eta 2025eko ekitaldirako deialdia egingo baita.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Agindua
- Organo arau-emailea: Kultura eta Hizkuntza Politika Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 181
- Hurrenkera-zk.: 3991
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2025/09/17
- Argitaratze-data: 2025/09/24
Gaikako eremua
- Gaia: Kultura eta Kirola; Administrazioaren antolamendua; Ekonomi jarduerak
- Azpigaia: Gobernua eta Administrazio Publikoa; Informazio etak komunikazioak
Testu legala
Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren artxibo-politikaren helburuetako bat jabetza pribatuko artxibo-funtsen antolaketa sustatzea da. Helburu hori lortzeko, urtero dagokion dirulaguntzen deialdia egiten da, zeinaren emaitzak oso onak izaten baitira. Horrela, behar bezala kontserbatu nahi da dokumentu-ondarearen zati hori, informazioa errazago kontsultatu ahal izateko.
Aginduaren filosofia lankidetzan datza, aldeen elkarrekiko errespetuan eta bakoitzaren erantzukizunean oinarrituta: lankidetza, alde batetik, Euskadiren dokumentu-ondarearen politikaren ardura duen Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren aldetik, eta bestetik, publikoa ez den Euskadiko dokumentu-ondarearen titularren aldetik (artxibo-funtsak, dokumentu-bildumak eta dokumentu bereziak). Filosofia hori berariaz jasota dago Euskal Autonomia Erkidegoko Dokumentu Kudeaketa Integralari eta Dokumentu Ondareari buruzko ekainaren 23ko 5/2022 Legearen IV. tituluan; bertan, artxibo pribatuaren kontzeptua eta Euskal Autonomia Erkidegoko Dokumentu Ondarearen parte diren artxibo pribatuen titularren eskubideak eta betebeharrak definitzen dira, eta, halaber, administrazio publikoek artxibo pribatuak sustatzeko neurri jakin batzuk ezartzeko aukera aurreikusten da.
Ekainaren 23ko 5/2022 Legearen IV. tituluko artikuluek, bestalde, muga batzuk ezartzen dizkiete ondasun horien titularrei; jakina, horrek dagokion ahalegina egitea eskatzen dio Administrazioari, aipatutako legean aurreikusitako arauak bete daitezela eskatzeko bide emango dioten kontraprestazioak edo erraztasunak erabakitzeko. Adostasunean eta batzuen eta besteen arteko lankidetzan oinarritzen da, azken batean, ageriko errealitate bihur dadila gu guztion nahia: hau da, lankidetzarako bide sendoak ezar daitezela, arian-arian sare eta informazio-sistema publikoetan txertatzeko dokumentu-ondarearen parte hori, horretarako ezertan urratu gabe ondasun horien titularren eskubideak, legean bertan jasoak eta babestuak.
Aurreikusitako lankidetzak artxibo-funts horien titularrek planteatutako programak ditu oinarri. Horretarako, artxibo-programatzat ulertuko da urtebeteko edo iraupen laburragoko programa bat, programaren aplikazioaren xede diren dokumentuen edo artxibo-funtsen tratamendu zehatz bat proposatzen duena, eta dirulaguntzaren eskaera eragiten.
Dirulaguntza lerro hau sailaren 2025-2028 Dirulaguntzen Plan Estrategikoan sartuta dago; plan hori Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak onartu zuen 2025eko otsailaren 27ko Aginduaren bidez. Agindu horren bidez, halaber, 2025eko Dirulaguntzen Urteko Plana onartzen da. Biak daude eskuragarri hemen: https://www.euskadi.eus/sail-plana/pes-2025-2028-dirulaguntzen-plan-estrategikoa/web01-s2hhk/eu/
Horregatik guztiagatik, hau
Agindu honen xedea honako hau da: artxibo-dokumentuak eta artxibo-funtsak artxibo-irizpideen arabera antolatzeko eta, dokumentu eta funts horiek zabaltze aldera, digitalizatzeko programak garatzeko dirulaguntzen 2025eko ekitaldirako deialdia egitea. Dokumentu horiek guztiek, euskal dokumentu-ondarearen parte izanik ere, ez dute izaera publikorik.
Aurreko apartatuan xedatutakoaren ondorioetarako, dokumentutzat eta artxibo-funstzat hartuko dira Euskal Autonomia Erkidegoko Dokumentu Kudeaketa Integralari eta Dokumentu Ondareari buruzko ekainaren 23ko 5/2022 Legearen 3.a), d) eta g) artikuluan jasotako definizioak.
Pertsona edo entitate onuradunak:
Agindu honetan ezarritako dirulaguntzen onuradun izan daitezke izaera publikorik ez duten pertsonak, fisikoak zein juridikoak, baldin eta, edonon daukatela ere egoitza soziala nahiz fiskala, euskal herritarren dokumentu-ondarearen parte diren artxibo-dokumentuen eta artxibo-funtsen titular badira, Euskal Autonomia Erkidegoko Dokumentu Kudeaketa Integralari eta Dokumentu Ondareari buruzko ekainaren 23ko 5/2022 Legearen artikuluan ezarritakoaren arabera.
Era berean, Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 11.4 artikuluan aurreikusitakoaren babesean, onuradun izan ahalko dira pertsona fisiko edo juridikoen taldeak, publikoak edo pribatuak, ondasun-erkidegoak edo beste edozein unitate ekonomiko edo ondare bereizi, nortasun juridikorik izan ez arren, proiektuak, jarduerak edo portaerak egin baditzakete edo dirulaguntza ematea eragin duen egoeran badaude.
Programa hauek lagunduko dira diruz:
Xede hau dutenak:
Artxibo-funts historikoak artxibo-irizpideen arabera antolatzea, batez ere XX. mendeko dokumentazioa dutenak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Dokumentu Ondarea osatzen dutenak.
Aurretiaz datu-base batean antolatutako eta deskribatutako artxibo-funtsak digitalizatzea. Proiektuen barruan sartu behar da kontserbazio iraunkorreko artxibo digital bat sortzea, bai eta kopia digital bat sortzea ere, Euskadiko Artxibo Sistemaren web-orriaren bitartez zabaltzeko. Aurkeztutako proiektuek agindu honen 1. eranskinean jasotako preskripzio teknikoak bete behar dituzte.
Dirulaguntzen xede diren programak 2025eko urtarrilaren 1etik 2025eko abenduaren 31ra bitartean gauzatu beharko dira.
Kanpo utzitako programak:
Deialdi honen babespean ez da dirulaguntzarik emango programa hauek garatzeko: Euskal Autonomia Erkidegoko 2025eko Aurrekontu Orokorretan Kultura eta Hizkuntza Politika Sailari dagokion atalean izendatuta agertzen diren dirulaguntzen bitartez finantzatutako jarduketekin lotutako programak.
Baliabide ekonomiko hauek bideratuko dira agindu honetan jasotako xedea lortzeko: ehun eta hogei mila (120.000,00) euro.
Betekizunak:
Jarduteko behar besteko gaitasuna izatea, eta, pertsona juridikoen kasuan, legez eratuta egotea eta dagozkien erregistro eta administrazio-erroldetan inskribatuta egotea.
Eskatzaileak nortasunik gabeko taldeak badira, pertsona fisikoz edo juridikoz osaturik eta publikoak edo pribatuak izanda, berariaz adierazi beharko dira, eskabidean eta emakida-ebazpenean, elkarteko kide bakoitzak proiektua gauzatzeko hartzen dituen konpromisoak, bai eta horietako bakoitzeko aplikatu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa ere, horiek ere onuraduntzat hartuko baitira. Nolanahi ere, ordezkari edo ahaldun bakar bat izendatu beharko da ahalorde askietsiak dituena, taldeari onuradun gisa dagozkion betebeharrak betetzeko. Elkartea ezin izango da desegin Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren eskubideen legezko preskripzio-epea igaro arte.
Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean izatea.
Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateetako administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak ez egotea Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Bateraezintasunei buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legean eta Kargu Publikodunen Jokabide Kodea eta Haien Interes Gatazkak Arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legean aurreikusitako bateraezintasun-erregimenetako batean, edo Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapen bidezko karguren bat ez izatea, lege horretan edo gai horiek arautzen dituen Euskal Autonomia Erkidegoko araudian ezarritako baldintzetan.
Dirulaguntzak lortzeko aukera galduta ez izatea ebazpen irmo baten bidez, ordenamendu juridikoan aurreikusitakoaren arabera. Zehazki, ezingo dira dirulaguntzen onuradun edo entitate laguntzaile izan sexu-diskriminazioagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik administrazio- edo zigor-zehapena jaso duten pertsona fisiko edo juridikoak, dagokion zehapenean ezarritako aldian. Era berean, ezingo dute laguntzarik edo dirulaguntzarik jaso Estatuko araudiaren arabera berdintasun-plan bat indarrean eduki behar duten baina halakorik ez duten enpresek, ez eta 50 langiletik gorako enpresek ere, egiaztatu ezean sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta horri aurre egiteko neurriak ezarri dituztela, Estatuko legeriak emakumeen eta gizonen berdintasunari buruz ezarritakoaren arabera.
Pertsona fisikoa edo juridikoa, publikoa edo pribatua izanda, ez egotea zigortuta Ekonomia zirkular baterako hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legean edo Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitako arau-hauste astun edo oso astun batengatik, administrazio-bideko ebazpen irmoaren bidez, harik eta neurri zuzentzaile egokiak egikaritu eta zehapena bete arte.
Desgaitasuna duten pertsonen alde lanpostuak erreserbatzeko legez ezarritako kuota bete izana edo hori betetzeko neurri alternatiboak abian jarri izana egiaztatu izana.
Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta izatea (Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoan, zehaztutakoaren arabera).
Onuradun izateko beste debekurik ez izatea, Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan ezarritakoaren arabera.
Betekizunak egiaztatzea:
Betekizunak egiaztatzeko, eskabide-orriko eta berarekin batera doan dokumentazioko datuak egiazkoak direla adierazi beharko da, bai eta betetzen dituela ere agindu honetan erregulatutako laguntzak jasotzen dituen pertsona edo entitatea izateko indarrean dagoen araudian ezarritako baldintzak. Horrekin batera, erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko da, Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan pertsona edo entitate onuradun izateko aipatzen diren egoera eta debekuetako bakar batean ere ez dagoela adierazteko.
Betekizunak betetzen direla egiaztatzeari dagokionez:
Pertsona fisikoak:
Agindu honetan erregulatutako laguntzak kudeatzeko ardura duen zuzendaritzak automatikoki egiaztatuko ditu NANeko datuak, non eta prozeduran espresuki kontra egiten ez den.
Deialdi hau kudeatzen duen organoak automatikoki egiaztatuko du dirulaguntzaren eskatzaileek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela, salbu eta eskatzaileak horretarako baimena espresuki ukatzen badu. Kasu horretan, dagozkion ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu.
Izaera publikorik gabeko pertsona juridikoak:
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren Erregistroan inskribatuta badaude, ofizioz egiaztatuko dira entitatearen legezko osaera eta entitatearen ordezkaria, bai eta zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela ere, non eta prozeduran espresuki kontra egiten ez den edo Administrazioak egiaztatzen ez duen ezin duela ofizioz lortu eskatutako dokumentazioa (kasu horretan, dagozkion ziurtagiriak aurkeztu beharko dituzte interesdunek).
EAEko Administrazio Orokorraz kanpoko erregistro batean inskribatuta badaude, entitatearen legezko osaera egiaztatu beharko da, bai eta entitatearen ordezkariak behar adina ordezkaritza-ahalmen duela ere. Gainerako alderdiak 4.2.b.1 artikuluan xedatutakoaren mende egongo dira.
Eskatzaile mota bakoitzari ezarritakoaz gain, dokumentazio hau ere aurkeztu beharko da eskabidearekin batera:
Memoria xehatua, non jasoko baitira aurkezten den programaren edo proiektuaren helburuak, jarduerak, epeak, aurrekontu xehatuak eta justifikazioa.
Aurkeztutako programa bakoitzaren aurrekontua, non diru-sarreren atalaren barruan adieraziko baita, hala badagokio, zer dirulaguntza edo laguntza gehiago eskatu diren eta zer egoeratan dauden, bai eta xede bererako lortu diren beste diru-sarrera nahiz baliabideak ere, edozein administrazio edo ente publiko nahiz pribatutik datozela ere.
Adierazi beharko da helburu bererako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo beste baliabide batzuk eskatu eta, hala badagokio, jaso direla edozein administraziotatik edo ente publiko zein pribatutatik.
Erantzukizunpeko adierazpena, non adierazpen-egileak berariaz adieraziko baitu ez dagoela dirulaguntza publikoen onuradun izateko 4.1 artikuluan adierazitako ezein egoera edo debekutan.
Kultura Ondarearen, Jabetza Intelektualaren eta Lege Gordailuaren Zuzendaritza arduratuko da deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak kudeatzeaz.
Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
Pertsona fisikoek aurrez aurre zein bide elektronikoa erabiliz aurkeztu ditzakete eskabideak:
Aurrez aurre: eskabideak Kulturako sailburuordeari zuzenduko zaizkio, eta toki hauetan aurkeztuko dira: Zuzenean zerbitzuan, aurretiazko hitzordu bidez (https://www.euskadi.eus/hitzordua-zuzenean); aurretiazko hitzordua eskatzeko edo ezeztatzeko 945 01 90 00 telefonoaren bidez; erregistroaren arloko laguntza-bulegoetan (Herritarrei arreta osoa eta kanal anitzekoa emateko eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoen bidez eskuratzeko ekainaren 20ko 91/2023 Dekretuan araututa) edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako organo edo establezimenduetan, eskabide normalizatuaren bidez, zeina osorik eta behar bezala bete beharko baita.
Bide elektronikoa: Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan sartuta aurkeztuko dira eskabideak, https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0095712 helbidean.
Prozedurak izapidetze elektronikoa izango du, eta atzera botako dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Erregistro Elektroniko Orokorraren bidez aurkezten diren eskabideak.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak honako helbide honetan eskuratu daitezke: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak
Eskabidea eta dokumentuak aurrez aurre aurkezteak edo bide elektronikoa erabiltzeak ez du esan nahi nahitaez baliabide horiek erabili behar direnik prozeduraren ondorengo izapideetan, edozein unetan alda daitezke eta.
Eskabidea ordezkari baten bidez izapidetu ahalko da, eta, horretarako, ordezkaritza hori Euskadiko Autonomia Elkargoaren Administrazio Publikoaren Ordezkarien Erregistro elektronikoan inskribatu beharko da, helbide elektroniko honetan: https://euskadi.eus/ordezkariak.
Pertsona juridikoek eskabideak eta dokumentazioa aurkeztu eta hurrengo izapideak egin beharko dituzte bitarteko elektronikoen bitartez, aurretik aipatutako helbide elektronikoaren bidez.
Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak, justifikazioak eta gainerako ereduak aurrez aurre nahiz elektronikoki nola izapidetu jakiteko xehetasunak, helbide elektroniko honetan eskuratu daitezke: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0095712
Eskaera egin osteko izapide elektronikoak, jakinarazpenak eta espedientearen kontsulta barne, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» aplikazioaren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
Pertsona edo entitate eskatzaileek Euskal Autonomia Erkidegoko zeinahi hizkuntza ofizialetan aurkeztu ahal izango dute eskabidea, atxikitako egiaztagiriekin batera. Era berean, eskaeratik eratorritako jarduketetan, eta prozedura guztian zehar, pertsona edo entitate eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan xedatutakoa betez.
Eskabideak aurkezteak adierazten du espresuki eta formalki onartzen direla deialdi honen oinarriak definitzen dituzten baldintzak.
Eskabideak oinarri arautzaileetan ezarritako baldintzak betetzen ez baditu, interesdunari 10 eguneko gehieneko epe luzaezinean zuzentzeko eskatuko zaio, eta adieraziko zaio hori egin ezean eskabidean atzera egin duela ulertuko dela, horretarako ebazpena eman ondoren.
Agindu honi jarraikiz eskabidea bitarteko elektronikoz aurkeztu behar duen eskatzaileren batek aurrez aurre aurkezten badu eskabidea, bitarteko elektronikoz aurkeztuta egindakoa zuzentzeko eskatuko zaio. Ondore horietarako, eskabidea zuzenketa hori egiten den egunean aurkeztu dela joko da.
Kalifikazio-batzorde batek egingo du aurkeztutako eskabideen eta horien onargarritasunaren aurretiazko azterketa, bai eta eskabideen ebaluazioa ere, agindu honen 11. artikuluan ezarritako parametroei jarraikiz. Batzorde horrek prestatuko du dagokion ebazpen-proposamena, eta Kulturako sailburuordeari igorriko dio.
Kalifikazio Batzordeak kide hauek izango ditu:
Urkiri Salaberria Gracia andrea, Kultura Ondarearen, Jabetza Intelektualaren eta Lege Gordailuaren zuzendaria; batzordeburua izango da.
Josebe Alonso Marigómez andrea, Kultura Ondarearen, Jabetza Intelektualaren eta Lege Gordailuaren Zuzendaritzako Euskadiko Artxibo Historikoaren arduraduna.
Unai Cuevas Arano jauna, Kultura Ondarearen, Jabetza Intelektualaren eta Lege Gordailuaren Zuzendaritzako Euskadiko Artxibo Historikoko teknikaria.
Batzordeko idazkari-kargua, hitza bai baina botorik ez duena, Arantza de la Quintana Ibáñez andreak beteko du, Kultura Ondarearen Jabetza Intelektualaren eta Lege Gordailuaren Zuzendaritzako Aholkularitza Juridikoko aholkulariak.
Kulturako sailburuordearen ebazpenaren bidez, aukera egongo da Kalifikazio Batzordearen osaera aldatzeko, eta ebazpen hori EHAAn argitaratu beharko da.
Laguntza-deialdia lehiaketa bidez ebatziko da. Horretarako, 11. artikuluan ezarritako irizpideei jarraikiz lortutako puntuazioaren arabera antolatuko dira eskabideak, eta ordenatuta banatuko, hasi puntu kopuru handiena lortu duen eskabidetik eta horrela gainerakoak, harik eta 3. artikuluan aurreikusitako aurrekontu-kreditua agortu arte. Halaber, gutxienez 50 puntu lortu dituzten programei bakarrik emango zaie laguntza.
Proiektuen ebaluazio konparatua egin ondoren (11. artikuluan ezarritako irizpideak aplikatuta) eta zenbatekoak zehaztu ostean (12. artikuluan xedatutakoaren arabera), Kalifikazio Batzordeak txostena egingo du, eta, bertan, balorazio-irizpideak eta egindako ebaluazioaren emaitza zehaztuko ditu. Txosten horretan, honako hauek jasoko dira: baietsitako eskabideak, entitate edo pertsona onuradun bakoitzeko dirulaguntzaren zenbatekoa eta diruz lagundutako jarduketa-programak; ezetsitako eskabideak eta ezesteko arrazoiak eskatzaile bakoitzeko; eta onartu ez diren dirulaguntzak, ez onartzeko arrazoiak adierazita.
Era berean, txostenak jasoko ditu pertsona edo entitate onuradun izateko oinarri arautzaileetan ezarritako baldintza administratibo eta teknikoak betez deialdian ezarritako kredituaren gehieneko zenbatekoa gainditzeagatik baietsi ez diren eskaera guztien zerrenda ordenatua, eta eskaera bakoitzari emandako puntuazioa adieraziko du, deialdian aurreikusitako balorazio-irizpideen arabera.
Kultura Ondarearen, Jabetza Intelektualaren eta Lege Gordailuaren Zuzendaritzak, espedientea eta Kalifikazio Batzordearen txostena ikusi ondoren, behin betiko ebazpen-proposamena egingo du.
Dirulaguntzen ebazpen-proposamena prestatzeko eta laguntzon zenbatekoa ezartzeko, Kalifikazio Batzordeak jarraian adierazten diren irizpideen eta horien haztapenaren arabera balioetsiko ditu eskabideak.
Aurkeztutako programaren kalitate zientifikoa; hau da, ea barne hartzen dituen programen deskribapen xeheak, ondarearen eta artxiboen ikuspuntutik, proposamenaren berezko balioak adierazteko moduan (45 puntu gehienez).
Puntuatzeko irizpideak:
30 puntura arte, artxibo-zerbitzuen mantentze-lanak egiteko urteko programetarako, indar handia jarrita jendaurrekoak izatean: funtsaren zati baten antolaketa, inbentarioak egitea; dokumentu-funtsak digitalizatzeko proiektuak; tresna deskribatzaileen hobekuntza eta abar.
45 puntura arte, artxibo-sistemak ezartzeko edo sendotzeko programetarako, epe luzekoetarako (aurrera begirako hainbat urtetako lan-epeak ezarrita, gastuaren zenbatespen zehatza eta abar), indar handia jarrita jendaurrekoak izatean, eta barnean honelakoak hartzen dituzten programetarako: dokumentu-funtsak digitalizatzeko proiektuak, artxiboetako dokumentuak web-atarien bidez hedatzea...
Dokumentazio bolumen adierazgarri bat ekartzea, edukia edota datazioa direla balioa erantsiko diena artxibo-funtsen inbentarioari eta Euskadiko Artxibo Historikoaren web-atariari (30 puntu, gehienez).
Puntuatzeko irizpideak:
1900. urtera arteko dokumentazioa: 25 puntu.
1900. urtetik 1974. urtera arteko dokumentazioa: 30 puntu.
Programak barne hartzea deskribapen-estandarren garapena indartuko duten elementuak, edo artxibo-interesa duen euskarazko beste edozein elementu (20 puntu gehienez).
Puntuatzeko irizpideak:
5 puntu, softwarea euskaraz eskuragarri duten kudeaketa-sistema informatizatuetarako (datu-baseak, espedienteak kudeatzeko programak...).
10 puntu, softwarea euskaraz eskuragarri izan eta erabiltzaileentzako arreta-zerbitzuan euskara erabiltzen duten kudeaketa-sistema informatizatuetarako (datu-baseak, espedienteak kudeatzeko programak...).
15 puntu, softwarea euskaraz erabilgarri izan, eta erabiltzaileentzako arreta eta artxiboetarako interesgarria den beste edozein osagarri (edukien hedapena, erregelamenduak, erakusketak, bisitaldi gidatuak) euskaraz duten kudeaketa-sistema informatizatuetarako (datu-baseak, espedienteak kudeatzeko programak...).
20 puntu, euskara bada deskribapenetarako hizkuntza (inbentarioak, gidaliburuak, iraulketak, aurkibideak...), eta, horretaz gain, aurreko paragrafoko irizpidean ezarritakoa betetzen bada.
Berdinketa bada, b) irizpidean puntuazio handiena duen eskabideari emango zaio lehentasuna.
Helburuagatik (emakumeek edo emakume-taldeek edo emakume-elkarteek sortutako artxiboak, edo emakumeen bizitzaren eta jardueren inguruko dokumentu-funtsak), eta emakumeen eta gizonen berdintasunerako jardueretan duten eraginagatik, proiektuan genero-ikuspegia berariaz txertatzen duten proiektuei 5 puntu gehiago emango zaizkie, gehienez.
Dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoa diruz lagundutako proiektuaren aurrekontu osoaren (zergak kenduta) % 70 izango da.
Diruz lagundu daitezkeen gastuak inbentarioak idaztetik, artxibo-funtsak antolatzetik, dokumentazioa digitalizatzetik eta kudeaketa informatikorako eta web-atarietan hedatzeko soluzioak garatzetik eratorritakoak izango dira, betiere 2025eko urtarrilaren 1etik aurrera sortu badira eta justifikazio-aldia amaitu aurretik benetan ordaindu badira.
Aurkeztutako programa bakoitzeko dirulaguntza ezingo da, inondik inora, hogei mila (20.000,00) eurotik gorakoa izan.
Honako irizpide proportzional hau aplikatuko da dirulaguntzaren zenbatekoa zehazteko:
80 puntu edo gehiago: % 70.
75 puntutik 79ra bitartean: % 65.
70 puntutik 74ra bitartean: % 60.
65 puntutik 69ra bitartean: % 55.
60 puntutik 64ra bitartean: % 50.
55 puntutik 59ra bitartean: % 45.
50 puntutik 54ra bitartean: % 40.
Laguntza jasotzeko gutxienez 50 puntu lortu behar dira.
Dirulaguntzaren zenbatekoa zehazteko, deialdi honetan aurreikusitako kalkulu-irizpideak aplikatuta lortutako zenbatekoak aurreko edo ondorengo zenbaki osora biribilduko dira. Biribiltzearen ondorioz, finantzatu beharreko guztizkoak deialdian finkatutako kreditua gainditzen badu, finantzaketa handieneko proiektutik kendu egingo da ateratzen den aldea.
Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 31.2 artikuluaren arabera, pertsona edo entitate onuradunek diruz lagundutako jardueren zenbatekoaren % 100 azpikontratatu ahal izango dute.
Nolanahi ere, guztiz aplikagarriak dira Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 30.3 eta 31.3 artikuluak.
Diruz lagundu daitekeen gastuaren zenbatekoak sektore publikoko kontratazioa arautzen duen araudian kontratu txikirako ezarritako zenbatekoak gainditzen dituenean, eta, betiere, horrek berekin badakar hirugarrenekin kontratatzea, onuradunak hornitzaile desberdinen gutxienez hiru eskaintza eskatu beharko ditu zerbitzua emateko konpromisoa hartu aurretik, salbu eta ezaugarri bereziak izateagatik merkatuan ez badago halako zerbitzurik eskaintzen duen nahikoa entitate.
Aurkeztutako eskaintzen arteko aukeraketa (justifikazioan edo, hala badagokio, dirulaguntzaren eskabidean aurkeztu beharko dira) efizientzia- eta ekonomia-irizpideen arabera egingo da, eta proposamen ekonomikorik onena aukeratzen ez bada, berariaz justifikatu beharko da memoria batean.
Aurreko paragrafoetan xedatutakoaren arabera nahitaezkoa bada eskaintza bat baino gehiago eskatzea, eta eskaintza horiek aurkezten ez badira, edo ekonomikoki onuragarriena ez den eskaintza bat adjudikatzen bada, justifikazio egokirik gabe, organo emaileak zerbitzuaren peritu-tasazioa eskatu ahal izango du, eta sortzen diren gastuak onuradunaren kontura izango dira. Kasu horretan, dirulaguntza kalkulatzeko, bi balioetatik txikiena hartuko da erreferentziatzat: onuradunak adierazia edo tasazioaren ondoriozkoa.
Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak bateragarriak dira beste entitate publiko edo pribaturen batek helburu bererako emandako dirulaguntza, laguntza, sarrera edo baliabideekin, baldin eta gainfinantzaketarik gertatzen ez bada. Onuradunek Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 9.4.h) artikuluan jasotako konpromisoa bete behar dute, gainfinantzaketarik ez gertatzeko.
Gainfinantzaketa eragin dezaketen beste laguntza batzuk lortuz gero, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa dagokion gehieneko mugaraino murriztuko da.
Kulturako sailburuordeak ebatziko du prozedura, Kultura Ondarearen, Jabetza Intelektualaren eta Lege Gordailuaren Zuzendaritzak egindako behin betiko ebazpen-proposamena eta espedientea ikusi ondoren. Ebazpena behar bezala arrazoituko da, eta pertsona edo entitate interesdunei jakinaraziko zaie, hilabeteko epean, eskabideak aurkezteko epea amaitzen denetik hasita.
Ebazpenean, dirulaguntza onartu zaien pertsona eta entitate onuradunen zerrenda eta gainerako eskabideen berariazko ezespena ez ezik, zerrenda bat ere egongo da, non bilduko baitira, deialdian ezarritako gehieneko kreditua gainditu delako, pertsona edo entitate onuraduna izateko oinarrietan ezarritako baldintza administratibo eta teknikoak bete arren baietsiak izan ez diren eskabideak. Eta adieraziko da, batetik, zenbat puntu ematen zaizkion eskabide bakoitzari, 11. artikuluan aurreikusitako balorazio-irizpideen arabera, eta bestetik, 10. eta 12. artikuluetan ezarritakoa aplikatuz legokiokeen zenbatekoa. Era berean, onartu ez diren eskabideen zerrenda bat izango du, ez onartzeko arrazoia adierazita.
Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 41.6 artikuluaren arabera, abisu bat bidaliko da interesdunak adierazitako gailu elektronikora edo helbide elektronikora, eta jakinaraziko zaio jakinarazpen bat ikusgai duela EAEko Administrazio Orokorraren egoitza elektronikoan. Abisu hori ez emanagatik ere, jakinarazpena guztiz baliozkoa izango da.
Emandako ebazpena egoitza elektronikoaren iragarki-taula elektronikoan argitaratuko da (https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa) eta bide elektronikoz jakinaraziko zaie banan-banan prozeduran dauden pertsona eta entitate interesdun guztiei, «Nire karpeta»ren bidez: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta. Horrez gain, ebazpena jakinaraziko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuta. Ebazpenaren jakinarazpena hainbat bidetatik egiten denez, lehenik egin zaionarena hartuko da jakinarazpen-datatzat.
Ebazpen horrek ez du administrazio-bidea agortzen, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote entitate interesdunek Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari hilabeteko epean, jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.
Artikulu honen lehenengo apartatuan adierazitako epean ez bada ebazpenik jakinarazi, pertsona edo entitate interesdunek uler dezakete beren eskaerak ezetsi egin direla, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.
Pertsona edo entitate onuradunen batek dirulaguntzari uko egiten badio agindu honen 16.a) artikuluan ezarritako hamar eguneko epean, dirulaguntza ematen duen organoak erabakiko du Balorazio Batzordea berriz deitu beharrik gabe zerrendan puntuazioaren arabera hurrena dagoen pertsona edo entitate eskatzaileari ematea dirulaguntza, baldin eta gutxieneko puntuazioa (50 puntu) lortu badu eta hark onartzen badu. Entitateari eman beharreko laguntza ez da inola ere izango uko egindako dirulaguntzaren zenbatekoa baino handiagoa. Dirulaguntza ematen duen organoak aukera horren berri emango die pertsona edo entitate interesdunei, dirulaguntzen proposamena jaso dezaten, 10 eguneko epe luzaezinean. Behin pertsona edo entitate eskatzaileak edo eskatzaileek proposamena onartuta, administrazio-organoak dirulaguntza emateko egintza gauzatuko du. Prozedura bera baliatuko da, dirulaguntzaren likidazioa egin behar denean agindu honen 19. artikuluan adierazitakoaren arabera (dela dirulaguntza emateko baldintzak ez dituelako bete, dela xede bererako beste laguntza batzuk lortu dituelako), betiere ordainketa egin gabe badago eta dirulaguntza-jarduerak burutzeko epe nahikoa dagoenean.
Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 63. artikuluan ezarritakoaren arabera, baldintza hau bete behar da: onuradunetako batek uko eginez gero, gutxienez kanpoan geratu diren eskabideetako bati erantzuteko nahikoa kreditu liberatu izana.
Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitakoa aplikatuz, oinarri arautzaileetan baimendutako kasuetatik kanpo beste ekarpen batzuk aldi berean lortuz gero, dirulaguntza emateko ebazpena aldatuko da.
Era berean, Dirulaguntzen Erregimena arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 25. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, dirulaguntza ematen duen organoak, ofizioz edo interesdunak eskatuta, emandako dirulaguntza edo haren baldintzak aldatzea erabaki dezake, betekizun hauek betetzen direnean:
Interesdunak eskatuta eginez gero, onuradunak jakinarazpena egitea, Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14.e artikuluan jasotako betebeharra betez, aldaketa ezagutu bezain laster eta, nolanahi ere, jasotako funtsen erabilera justifikatu aurretik.
Zenbatekoa ez handitzea.
Egindako edo egingo den jarduera edo jokabidea oinarri arautzaileen xedearen barruan egotea.
Aldaketa justifikatzen duten inguruabarrak onuradunaren borondatearen mende ez egotea.
Aldaketa eragin duten elementu eta inguruabar berriek, hasierako emakidan gertatu izan balira, ez zezatela dirulaguntza ukatzea ekarri, eta aldaketa hori ez dadila izan hasieran onetsitako proiektuan funtsezko aldaketa eragiten duen bezain handia.
Hirugarrenen eskubideei kalterik ez egitea.
Pertsona edo entitate onuradunek betebehar hauek dituzte:
Emandako dirulaguntza onartzea. Alde horretatik, dirulaguntza eman zaiela aditzera ematen duen jakinarazpena jaso eta hamar eguneko epean ez badiote dirulaguntzari espresuki uko egiten, onartu egin dutela ulertuko da.
Agindutako xede jakinerako erabiltzea dirulaguntza.
Jarduera gauzatzea edo dirulaguntza ematea bidezko egiten duen egoeran egotea.
Laguntza eman duen entitateari justifikatzea emate hori eragin duten edo laguntzaz baliatzea eragin duten baldintzak betetzen direla eta jarduera bera gauzatu dela.
Laguntza eman duen entitateak egiten dituen egiaztapenen mende eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoak egiten duen ikuskaritzaren mende egotea, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura eskuratzen diren laguntzei edo dirulaguntzei dagokienez. Era berean, Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren araudi bereziko neurrien mende ere egotea.
Beste edozein administraziok edo ente publiko edo pribatuk helburu bererako emandako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak eskuratuz gero, horren berri ematea dirulaguntza eman duen entitateari.
Beste entitate publiko zein pribatuei xede berberarekin dirulaguntzarik eskatu bazaie eta agindu honetan arautzen diren dirulaguntzetarako eskabidea egiteko unean erabakitzeke bazeuden edo haien egoeraren berririk ez bazen, laguntza horien egoera zein den adierazten duen agiria aurkeztea.
Dirulaguntza jasotzeko kontuan hartu zen edozein egoera objektiboren edo subjektiboren aldaketa oro jakinaraztea dirulaguntza eman duen entitateari.
Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko Euskadiko Artxibo Historikoaren babesa espresuki adieraztea, dirulaguntza honen ondorioz egiten diren jarduera eta dokumentu guztietan, bai eta horien publizitatean ere.
Edozein formatutako argitalpenak, horien iragarkiak eta dirulaguntzaren bitartez gauzatzen diren jardueren iragarkiek Euskal Autonomia Erkidegoan ofizialak diren bi hizkuntzetan egon beharko dute. Euskaltzaindiaren arauak eta gomendioak hartu beharko dira kontuan, hizkuntza-kalitatea bermatzeko.
Ez dute hizkera sexista erabiliko, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeak agintzen duenari jarraituz. Gizon eta emakumeen rolei dagokienez, erabilera estereotipaturik ez dagoela bermatuko dute.
Egiaztatzea, dirulaguntza emateko ebazpen-proposamena eman aurretik eta dirulaguntza ordaintzen den unean, egunean dituela zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, bai eta dirulaguntzen itzulketari dagozkionak ere, hala ezarrita baitago Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14.f) artikuluan.
Oro har, Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legean, zehazki 14. artikuluan, eta dirulaguntzen arloan aplikatzekoak diren gainerako lege-xedapenetan jasotako beste edozein betebehar.
Dirulaguntza zati bakar batean ordainduko da, justifikatu eta gero.
Ordainketa egin ahal izateko, ezinbestekoa izango da Ogasun eta Finantza Sailaren Hirugarrenen Erregistroan alta emanda egotea. Pertsona edo entitate onuraduna ez badago alta emanda, edo, egonik ere, inskribatutako datuak aldatu badira, erregistro horretan alta emateko eskabidearen eredua bete eta erantsi beharko du. Eredu hori eskabide-ereduarekin batera eskuragai jarri zaie pertsona edo entitate eskatzaileei, eta URL honetan ere eskura daiteke:
https://www.euskadi.eus/contenidos/autorizacion/alta_terceros/eu_7999/adjuntos/ALTA.pdf
Hirugarrenen alta dagokion zerbitzuaren bidez izapidetu daiteke elektronikoki, egoitza elektronikoan: https://euskadi.eus/hirugarrenak
Dirulaguntzaren ordainketa ezingo da egin, baldin eta pertsona edo entitate onuradunak ez baditu ordaindu zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, edo ez dagoenean egunean dirulaguntzak itzultzeko ordainketa-betebeharretan (Euskadiko Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eta dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak bete direla egiaztatzeari buruzko Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan zehaztutakoaren ildotik).
Pertsona fisikoek aurrez aurre zein bide elektronikoa erabiliz aurkez ditzakete justifikazioak:
Justifikazioak aurrez aurre aurkeztu ahal izango dira Zuzenean zerbitzuan (https://www.euskadi.eus/hitzordua-zuzenean), edo aurretiazko hitzordua eskatzeko edo ezeztatzeko 945 01 90 00 telefonora deituta, edo erregistroaren arloko laguntza-bulegoetan (ekainaren 20ko 91/2023 Dekretuan arautuak; dekretu hori herritarrei arreta integrala eta multikanala emateari eta zerbitzu publikoetara bitarteko elektronikoen bidez iristeari buruzkoa da). Era berean, Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 32. artikuluan ezarritakoa bete beharko dute.
Horrez gain, justifikazioak bitarteko elektronikoak erabiliz aurkeztu ahal izango dira www.euskadi.eus/zerbitzuak/nirekarpeta helbide elektronikoan.
Kasu guztietan, diruz lagundutako aurrekontuaren ehunekoa edozein dela ere, justifikazioa aurkeztutako proiektu osoarena izan beharko da.
Pertsona juridikoek bide elektronikoen bitartez aurkeztu beharko dituzte justifikazioak, aurretik aipatutako helbide elektronikoaren bitartez: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
Justifikazioak aurrez aurre nahiz bide elektronikoz nola izapidetu jakiteko zehaztapenak eskuragarri daude https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0095712 helbide elektronikoan.
Halaber, justifikazioek bat etorri beharko dute Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 32.2 artikuluan ezarritako justifikazio-kontuarekin.
Agindu honetan ezarritako dirulaguntzen pertsona edo entitate onuradunek 2026ko urtarrilaren 9a baino lehenago aurkeztu beharko dituzte justifikazioak, eta honako dokumentazio hau ere aurkeztu beharko dute:
Diruz lagundutako programaren xedea bete dela justifikatzeko memoria.
Diruz lagundutako programa gauzatzeko gastuak justifikatzeko dokumentazioa: horren barruan, gastuen zerrenda sailkatua (hartzekodunaren identifikazioarekin), faktura-zenbakia eta dagozkion fakturak jasoko dira. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 53.1.c) artikuluan ezarritakoarekin bat, jatorrizko fakturak eskatu ahal izango dira salbuespenez. Kasu horretan, fakturaren kopia autentifikatu bat emango zaio pertsona edo entitate onuradunari.
Hala badagokio, diruz lagundutako programan sortutako material zientifikoak (inbentarioak, datu-baseak, kopia digitalak, etab.).
Eskabidea aurkeztu zuten unean onuradunek eskatutako eta geroago jasotako xede bereko beste edozein dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide jasoko duen zerrenda.
12.8 artikuluan aurreikusitako kasuan, artikulu horretan aipatutako hiru eskaintzak aurkeztuko dira.
Onuradunak aldez aurretik eskaera egiten badu, eta eskaera horrek behar bezala justifikatzen badu justifikazioa ezarritako epean egitea eragozten duten arrazoiak, organo emaileak epe hori luzatzea erabaki ahal izango du, amaitu aurretik, betiere hirugarrenaren eskubideei kalterik egiten ez bazaie.
Era berean, dirulaguntza egiaztatzeko eskumena duen organoak ikusten badu zuzendu daitezkeen akatsak daudela onuradunak aurkeztutako justifikazioan, horren berri emango dio onuradunari, eta epe bat emango dio akats horiek zuzentzeko.
Justifikazioa ez bada aurreikusitako epean aurkezten, pertsona edo entitate interesdunari eskatuko zaio hamabost eguneko epean aurkeztu dezala. Epe hori igaro eta justifikazioa aurkeztu ez badu, dirulaguntza likidatzeko prozedurari ekingo zaio.
Dirulaguntza ematean kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira betiere dirulaguntzaren xedea beterik eta arau honetan laguntzaren onuradun izateko ezarritako gutxieneko baldintzak beterik edo edozein entitate publiko zein pribatutatik beste laguntza, dirulaguntza, diru-sarrera edo baliabideren bat jasotzen bada, dirulaguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da.
Horretarako, Kulturako sailburuordeak, aldez aurretik jakinarazita eta alegazioak aurkezteko epea amaituta, dagokion likidazio-ebazpena emango du, emandako dirulaguntzen zenbatekoak egokitzeko, Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. artikuluan ezarritakoaren arabera.
Honako hauek izango dira ez-betetzeak:
Jasotako dirulaguntza osoa edo zati bat agindu honetan adierazitako jarduerez bestelakoetan erabiltzea.
Agindu honetan ezarritako betebeharrak edo, hala badagokio, laguntza ematerakoan ezartzen direnak ez betetzea.
Salbuespen gisa, jardueraren gauzatzearen ez-betetze partzialak onartu ahal izango dira, baldin eta diruz lagundutako jardueraren helburuak eta konpromisoak betetzera bideratutako jarduketa zalantzarik gabe egiaztatzen bada, eta jardueraren betetze-maila eskabidean aurkeztutako jarduera osoari dagokion aurrekontuaren % 65era iristen bada, gutxienez. Kasu horretan, dirulaguntza emateko ebazpena aldatu egingo da, eta azkenean emandako zenbatekoa murriztu egingo da, aurrekontu osoarekiko benetan justifikatutako zenbatekoaren proportzioan.
Salbuespen gisa, aurrez ezarritako ehunekoan ez bada lortzen proiektuaren gauzatze-maila, dirulaguntzaren organo kudeatzaileak ez-betetze partzialak egin direla onartu ahal izango du, baldin eta dirulaguntzaren entitate onuradunak egindako lanek berezitasun- eta espezifikotasun-ezaugarri objektiboak badituzte, eta, berez, diruz lagundutako proiektuaren xedeari eta helburuari balio erantsia ematen badiote.
Dirulaguntzen arloan aplikatu behar den beste xedapen batek orokorrean ezarritako beste edozein betebehar ez betetzea; bereziki, Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan araututako ez-betetzeak.
Halako kasuren bat gertatzen dela egiaztatzen bada, jasotako zenbatekoak eta bidezkoak diren berandutze-interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio, Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. artikuluan ezarritakoa bete ondoren.
Arduraduna: Kultura eta Hizkuntza Politika Saila; Kultura Ondarearen, Jabetza Intelektualaren eta Lege Gordailuaren Zuzendaritza.
Donostia 1 01010 Vitoria-Gasteiz, Araba.
Telefono-zenbakia: 945 01 80 00.
Webgunea: http://euskadi.eus
Xedea: Kultura-ondarearen arloko laguntzak eta dirulaguntzak kudeatzea.
Legitimazioa: tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren izenean egiten den misioa edo tratamenduaren arduradunari aitortzen zaizkion botere publikoak egikaritzeko.
Oinarri juridikoa: 20/2023 Legea, abenduaren 21ekoa, Dirulaguntzen Erregimena arautzen duena.
Hartzaileak: arlo honetan eskumenak dituzten administrazio publikoei eman ahal izango zaizkie datu pertsonalak.
Eskubideak: eskubidea duzu datuak irispidean izateko, zuzentzeko eta ezerezteko, bai eta datuen tratamendua mugatzeko nahiz tratamenduaren aurka egiteko ere. Ikus informazio gehigarria.
Informazio gehigarria: datuen babesari buruzko informazio gehiago eskuratu daiteke honako web helbide honetan: https://www.euskadi.eus/web01-aprat/eu/ac34aRatWebWar/control/fichaRat/416?locale=eu
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu diezaiokete interesdunek Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko irailaren 17a.
Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,
IBONE BENGOETXEA OTAOLEA.