Egoitza elektronikoa

Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2025eko azaroaren 14koa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez arautzen baitira Euskal Autonomia Erkidegoko funts publikoekin sostengatutako ikastetxeetako Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako curriculum anitzeko programak.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Hezkuntza Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 230
  • Hurrenkera-zk.: 5090
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2025/11/14
  • Argitaratze-data: 2025/11/28

Gaikako eremua

  • Gaia: Hezkuntza
  • Azpigaia: ---

Testu legala

Hezkuntzari buruzko abenduaren 29ko 3/2020 Lege Organikoak aldatutako Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 27. artikuluaren arabera, curriculum anitzeko programen helburua izango da ikasteko zailtasun nabarmenak dituzten pertsonek Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu-titulua lortzea, baldin eta laguntza-neurriak jaso badituzte lehenengo edo bigarren mailan, edo aniztasunari erantzuteko neurri hori mesedegarri gertatzen bazaie titulua lortzeko.

Curriculum anitzeko programak araututa daude Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako gutxieneko ikasketak eta antolamendua ezartzen dituen martxoaren 29ko 217/2022 Errege Dekretuaren 24. artikuluan. Programa horiek ezartzeko, beharrezkoa da metodologia espezifiko bat aplikatzea. Horretarako, curriculuma antolatu behar da curriculum orokorretik bestelakoak diren ezagutza-esparruetan, jarduera praktikoetan eta, hala badagokio, ikasgaietan, bete ahal izateko etapak berezkoak dituen helburuak eta irteera-profilean ezarritako konpetentziak.

Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntzari buruzko abenduaren 21eko 17/2023 Legeak adierazten du aniztasuna dela euskal eskola inklusiboaren jardunaren oinarria, eta, horrenbestez, kalitatezko hezkuntza eta aukera-berdintasuna bermatuko dituela, bidezkoa eta ekitatiboa izango dela, eta ikasle guztien eskola-arrakasta lortzeko xedea duen politika-, kultura- eta praktika-multzo batean gauzatuko dela. Era berean, legeak zehazten du hezkuntzaren arloko eskumena duen sailak erregelamendu bidez zehaztuko dituela ikasleen askotariko beharrei erantzuteko politikak eta estrategiak, inklusioaren, integraltasunaren eta ekitatearen printzipioetan oinarritutako hezkuntza-sistemaren esparruan.

Bestalde, Oinarrizko Hezkuntzaren curriculuma zehaztu eta Euskal Autonomia Erkidegoan ezartzeko maiatzaren 30eko 77/2023 Dekretuak ere arautzen ditu curriculuma dibertsifikatzeko programak, 25. artikuluan. Artikulu horretako 1. apartatuaren arabera, curriculuma dibertsifikatzeko programak aniztasunari erantzuteko neurri bat dira, eta zuzenduta daude Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako hirugarren edo laugarren mailetan eskolatuta egonik ikasteko zailtasun bereziak dituzten, ikasteko beste erritmo bat duten edo eskola-ingurunera egokitzen ez diren ikasleei (hor ez dira sartzen ikasteko ahalegin faltaren ondoriozko arazoak dituztenak). Programak dira ikasle horiei Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu-titulua lortzen laguntzeko.

Azkenik, ekainaren 18ko 78/2024 Dekretuak, zeina baita Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko ikastetxeetako ikasleentzat hezkuntza-sistema inklusibo baten esparruan aniztasunari erantzuteko, neurri eta laguntza osagarriak arautzen ditu 8. artikuluan. Hain zuzen, neurri horien artean sartzen dira curriculum-aniztasuneko programak, egiturazko izaerarekin.

Hori guztia ikusita, egokitzat jotzen da arauz garatzea Oinarrizko Hezkuntzaren curriculuma zehaztu eta Euskal Autonomia Erkidegoan ezartzeko maiatzaren 30eko 77/2023 Dekretuan ezartzen dena, eta, agindu honen bidez arautzea Euskal Autonomia Erkidegoko Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako curriculuma anitzeko programak.

Horregatik guztiagatik, hau

  1. Agindu honek curriculum anitzeko programak arautzen ditu, bat etorriz Oinarrizko Hezkuntzaren curriculuma zehaztu eta Euskal Autonomia Erkidegoan ezartzeko maiatzaren 30eko 77/2023 Dekretuaren 25. artikuluan ezarritakoarekin.

  2. Agindu hau aplikatuko da funts publikoekin sostengatzen diren eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako irakaskuntza ematen duten ikastetxe guztietan.

Agindu honen ondoreetarako, curriculum anitzeko programak aniztasunari erantzuteko neurri bat dira, eta zuzenduta daude Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako hirugarren edo laugarren mailetan eskolatuta egonik ikasteko zailtasun bereziak dituzten, ikasteko beste erritmo bat duten edo eskola-ingurunera egokitzen ez diren ikasleei (hor ez dira sartzen ikasteko ahalegin faltaren ondoriozko arazoak dituztenak). Programa horien helburua da ikasle horiei Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu-titulua lortzen laguntzea.

Curriculum anitzeko programen xedea da premia duten ikasleei laguntzea bete ditzaten etapak berezko dituen helburuak eta irteera-profilean ezarritako konpetentziak, eta lor dezaten Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu-titulua. Horretarako, metodologia espezifiko bat erabiltzen da; zehazki, curriculuma antolatzen da curriculum orokorretik bestelakoak diren esparru eta diziplinarteko proiektuetan, eta tutoretza-ekintzak sustatzen dira, banaka nahiz taldeka, programan parte hartzen duten ikasleentzat.

  1. Irakasle-taldeek proposamenak egin ditzakete egoera jakin batean dauden ikasleak curriculum anitzeko programa batera sartzeko. Hauek dira egoera berezi horiek:

    1. Programaren lehen mailara sartzeko profilak:

      Bigarren maila amaituta, hirugarren mailara igarotzeko moduan ez dauden ikasleak, baldin eta irakasle-taldeak uste badu maila berean beste urte batez egoteak ez diola mesederik egingo ikasle horien bilakaera akademikoari.

      Proposatu ahal izango da ikasleak programaren lehen urtean sartzeko baldin eta hirugarren maila amaituta badute eta aurreko paragrafoan aipatutako egoeran badaude.

      Hezkuntza-sisteman berandu sartu diren eta programan sartzeko eskatzen diren baldintzak betetzen dituzten ikasleak.

    2. Programaren bigarren mailara sartzeko profila:

      Salbuespen gisa, proposa daiteke egoera hauetan dauden ikasleak programaren bigarren mailara sartzea:

      Laugarren mailaren amaieran Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu-titulua eskuratzeko moduan ez dauden ikasleak, baldin eta irakasle-taldeak uste badu neurri horrek lagunduko diela titulua eskuratzen; betiere, gainditu gabe Oinarrizko Hezkuntzaren curriculuma zehaztu eta Euskal Autonomia Erkidegoan ezartzeko maiatzaren 30eko 77/2023 Dekretuan zehaztutako iraupen-mugak.

      Hezkuntza-sisteman berandu sartu diren eta programan sartzeko baldintzen atalean zehaztutako baldintzak betetzen ez dituzten ikasleak.

      Salbuespenezko proposamen hori Aniztasunerako eta Inklusiorako Zuzendaritzari bidaliko zaio, onar dezan, IV. eranskinean jasotako ereduari jarraituz. Bertan, tratamenduaren amaierari dagokionez, soilik sartuko dira datu egokiak, beharrezkoak eta mugatuak, datuak minimizatzeko printzipioa betez. Hori onartzeko, ikastetxeak talde baimendua izan beharko du.

  2. Kasu guztietan, programa batean sartzeko, beharrezkoa izango da irakasle-taldeak proposamen akademikoa egitea, eta Orientazio Sailak egindako egokitasun-txosten bat aurkeztea. Txosten hori egiteko, entzun beharko da zer dioen ikasleak, eta guraso edo legezko tutoreen baimena eskuratu beharko da. Baimen hori argi eta espresuki jaso beharko da III. eranskinean.

Curriculum anitzeko programek, oro har, bi ikasturte irauten dute, hirugarren mailatik etapa amaitu arte. Salbuespen gisa, iraupena urtebetekoa izango da, betiere betetzen badira 4.1.b) artikuluan jasotako baldintzak.

  1. Programa horiek sartuko dira ikastetxeko aniztasunari erantzuteko neurrien barruan, eta curriculum-antolamendu bat izan beharko dute, esparruen edo diziplinarteko proiektuen bidez garatzeko modukoa.

  2. Bi kasuetan, tutoretza-lana indartuko da hala programan parte hartzen duten ikasleen taldekoa nola banakakoa, eta programako tutoretza-planean jasoko da. Astean, bi tutoretza-ordu egingo dira: bat, programaren espezifikoa, eta bestea, talde arruntarekin batera egingo dena. Neurriak jarriko dira bi tutoreen artean koordinatuta lan egiteko. Horrez gain, banakako tutoretzak ere egingo dira, gutxienez hamabost egunez behin.

  3. Diziplinarteko proiektuen bidez antolatuz gero, programako ikasleek talde arruntetan izango dituzte hirugarren eta laugarren mailetako ikasgai guztiak.

  4. Esparruen arabera antolatutako programa bat aukeratuz gero, ikasleek bi esparru espezifiko izango dituzte, eta hiru ikasgai, etaparako ezartzen direnak eta esparruetan jasotzen ez direnak (azken horiek, oro har, talde arruntean egingo dituzte). Bi esparru espezifiko horiek honela osatuko dira:

    Hizkuntza- eta gizarte-esparrua: Euskara eta Literatura, Gaztelania eta Literatura, Atzerriko Hizkuntza eta Geografia eta Historia ikasgaien oinarrizko alderdiak biltzen ditu.

    Esparru zientifiko-teknologikoa: Matematika, Biologia eta Geologia, Fisika eta Kimika eta Teknologia eta Digitalizazioa ikasgaien oinarrizko alderdiak biltzen ditu.

  5. Curriculum-proposamena: agindu honetako I. eranskinean daude jasota hizkuntza- eta gizarte-esparruko eta esparru zientifiko-teknologikoko curriculumak; haiek egokitu egin daitezke, ikastetxeen autonomia pedagogikoaren arabera, eta kontuan hartuta zer ezaugarri dituzten ikasleek.

  1. Programa hauetan parte hartzen duten ikasleen asteko ordutegia 30 irakastordukoa da.

  2. Esparruka antolatutako programetan, ikasleek gutxienez 23 ordu eskainiko dizkiete guztira hizkuntza- eta gizarte-esparruari eta esparru zientifiko-teknologikoari, eta, curriculum anitzeko taldean, beste ordu bat gehituko da taldeko tutoretza egiteko. Esparru horietakoak ez diren ikasgaiak talde arruntetan (gutxienez 3 ikasgai) edo talde espezifikoetan egingo dira, bat etorriz Oinarrizko Hezkuntzaren curriculuma zehaztu eta Euskal Autonomia Erkidegoan ezartzeko maiatzaren 30eko 77/2023 Dekretuan ezarritakoarekin.

  1. Programek zehaztu beharko dute zer metodologia erabiliko den izan esparruen araberakoa edo diziplinarteko proiektuen araberakoa, nola antolatuko diren edukiak eta ikasgaiak, zer jarduera praktiko egingo diren ikasleak eskura ditzaten hala irteera-profilean ezarritako konpetentziak nola etapako helburuak, eta, ondorioz, ikasleek lortu ahal izan dezaten Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu-titulua.

  2. Metodologia espezifiko bat erabiliko da, eta curriculumeko edukiak landu eta azaltzeko, proiektu esanguratsu eta garrantzitsuetan banatuko dira; betiere, metodologia aktiboak erabiliz (ikaskuntza-proiektu, -erronka edo -egoeretan oinarritutako lana; norberaren ezagutza sustatzen duen ikaskuntza parte-hartzaile eta autogidatua; autonomia eta erantzukizuna pixkana bereganatzea; etab.).

  3. Ikaskuntzako Diseinu Unibertsalari jarraituko zaio ikaskuntza-egoerak diseinatzeko orduan, eta, norbanakoen desberdintasunak errespetatzeko, askotariko errepresentazioak, ekiteko eta adierazteko askotariko moduak eta inplikatzeko askotariko erak eskainiko dira.

  4. Erabilitako material didaktikoek balio beharko dute murrizteko zer eragin duten sexismoa erreproduzitzeko mekanismoek hezkuntzako esku-hartzean, Berdintasunerako Legearen 33. artikuluan xedatutakoaren arabera.

  1. Orientazio Sailak egingo du ikastetxe bakoitzeko curriculum- anitzeko programa, ikasketaburuarekin koordinatuta, eta eraginpeko koordinazio didaktikoko sailetako buruekin lankidetzan. Programa egiteko, oinarritzat hartuko dira Koordinazio Pedagogikorako Batzordeak ezarritako gidalerroak.

  2. Klaustroak oniritzia eman ondoren eta curriculuma zehazte aldera, hartu beharreko erabakiak hartuko dira curriculum anitzeko programei buruz, eta Urteko Programa Orokorrean sartuko dira.

  3. Programak, gutxienez, honako elementu hauek jaso beharko ditu:

    Zer printzipio pedagogiko, metodologiko eta antolakuntzazkotan oinarritzen den programa, bermatzeko eskuratuko direla Oinarrizko Hezkuntzako irteera-profilean ezarritako konpetentzia espezifikoak.

    Zer ikasgai ikasiko dituzten programako ikasleek oinarrizko curriculumaren barruan eta talde arruntetan, eta zer ikasgai ikas dezaketen baldintza espezifikoetan.

    Zer irizpide eta prozedura erabiliko diren zehazteko zer ikasle sartuko diren programan.

    Zer irizpide erabiliko diren ikasleak taldetan biltzeko, eta espazioak, ordutegiak eta baliabide materialak antolatzeko.

    Zein diren programaren tutoretza-ekintza espezifikorako orientazioak, eta zer prozedura erabiliko den tutoretza-saio horien eta erreferentziazko taldearen tutoretza-saioen arteko koordinazioa bermatzeko.

    Zein diren esparruetako programazio didaktikoak, eta, beharrezkoa izanez gero, zein diren programarako berariaz diseinatutako hautazko ikasgaienak.

    Zer irizpide eta prozedura erabiliko diren programaren jarraipena eta ebaluazioa egiteko.

  4. Hezkuntza Ikuskaritzari dagokio programa gainbegiratzea eta ebaluatzea.

  5. Laguntza-zerbitzuei dagokie programa garatzeko aholkularitza ematea.

Prozesu honi jarraitu beharko zaio ikasleak curriculum anitzeko programa batean sartzeko:

  1. Bigarren hiruhileko ebaluazio-saioan, irakasle-taldeak aztertuko du zer informazio ateratzen den etengabeko ebaluazio-prozesutik eta zer eraginkortasun duten aniztasunari erantzuteko aplikatutako neurriek, eta ezohiko bilera bat antolatuko du, ikasleei behin-behineko proposamen bat egiteko hurrengo ikasturtean programan sar daitezen. Erabaki hori adostasunez hartuko da, ikastetxeko orientatzailearen aholkularitzarekin.

  2. Kasu guztietan, programa horietan sartzeko, beharrezkoa izango da: irakasle-taldeak egindako proposamen akademikoa edukitzea eta ikasleen ebaluazio psikopedagogikoa egitea, ikastetxeko Orientazio Departamentuak neurriaren egokitasun-txostena egitea, ikasleari berari entzutea, eta haren gurasoen edo legezko tutoreen adostasuna lortzea (III. eranskina).

  3. Irakasle-taldea bildu ostean, ikasketaburuak ikastetxeko irakasle orientatzaileei helaraziko die proposamena, abian jar dadin ikasleak programan sartzeko prozedura. Prozesuari hasiera emateko, horren berri emango zaie ikasleei eta familiei. Horretarako, tutorea aurrez aurre bilduko da ikasleekin eta haien familiarekin edo legezko tutoreekin, eta idatziz jasoko da bertaratuek zer iritzi duten erabaki horren gainean, III. eranskinaren arabera.

  4. Irakasle orientatzaileak koordinatuko du nola ebaluazioa ea ikasleak programan sartuko diren ala ez. Zehazki, egokitasun-txosten bat egin beharko du II. eranskineko ereduari jarraituz, tutorearen laguntzarekin eta irakasle-taldearen parte-hartzearekin. Txosten horrek soilik bilduko du zer datu behar diren lortu nahi den helbururako, Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren 5.1.c) artikuluan jasotako minimizazio-printzipioari jarraituz.

  1. Definitu egin beharko da zer tutoretza-lan egin beharko den programa honetako ikasleekin. Tutoretza-lan hori pertsonala, banakakoa eta jarraitua izango da, eta Orientazio Sailaren aholkularitza espezializatua izango du.

  2. Programako talde bakoitzak tutore bi ditu esleituta. Tutoreok esleitzeko, kontuan hartuko da zer irakaslek irakasten duten esparru horietan. Hezkuntza-prozesua jarraitua izan dadin, ahal dela pertsona bera izango da tutoretzaren arduradun, programak irauten dituen bi urteetan.

  3. Programak tutoretza indartuko du, hezkuntza-baliabide gisa ikaskuntza-zailtasunak konpontzeko eta ikasleen hezkuntza-behar zehatz, pertsonal eta askotarikoei erantzuteko. Horrez gain, lankidetza ere sustatuko da familien eta hezkuntza-prozesuan esku hartzen duten gizarte-eragile guztien artean.

  4. Tutorearen zeregin nagusia izango da programako ikasleei hezkuntza-prozesuan laguntzea, hezkuntza-orientazioa ematea, ikasleek behar duten arreta ematea eta jarraipen pertsonalizatua egitea, maiz eta modu arinean komunikatzea ikasleen familiarekin, gurasoekin edo legezko ordezkariekin, programa ematen duten irakasleekin koordinatuta aritzea irakaskuntza- eta ikaskuntza-prozesuen plangintza, garapena eta ebaluazioa egitean, eta ikasleen, irakasleen eta familien arteko bitartekari-lanak egitea.

  5. Taldeko tutoretza-jardueretan gauzatuko dira konpetentzia sozial eta emozionalak, trebetasun kognitiboak eta orientazio akademiko nahiz profesionala lantzeko programak. Ekintza horiei esker eta ikasleen banakako jarraipenari esker, hezkuntza-ingurune seguruak sortzea lortuko da.

  6. Tutoretza-zeregina irakaskuntza-prozesuaren berezko elementu gisa ulertu behar da; beraz, programan parte hartzen duten irakasle guztiek lagundu behar dute tutoretza-ekintzetan, eta komunikazio arina izan behar dute kasuan kasuko tutorearekin. Konpromiso hori eraginkorra izan dadin, programako talde bakoitzeko irakasle-taldea, gutxienez, hilean behin bilduko da, eta ebaluazio-saio bakoitzaren aurretik.

  7. Programan, astean bi tutoretza-ordu egingo dira: ordu bat tutoretza-lan espezifikoa egiteko, eta bestea, talde arruntarekin tutoretza-lanak egiteko. Gainera, hilabetean behin, banakako tutoretza-lanak ere egin beharko dira. Programa hauetan eskolak ematen dituzten irakasle guztiek lagundu beharko dute ikasleen tutoretza-lanetan; horretarako, komunikazio arina eta egonkorra izan beharko dute kasuan kasuko tutorearekin.

  8. Irakasle tutorea maiz jarriko da harremanetan guraso edo legezko ordezkariekin. Gutxienez, banakako elkarrizketa bat bermatuko da hasieran, beste bat ikasturtean zehar eta beste bat ikasturte amaieran. Hala ere, behar adina bilera eta elkarrizketa egin ahal izango dira.

  9. Tutoretza-jardueraren harira, ebaluazio-saio bakoitzaren ostean, tutoreak ikasleei eta haren familia edo legezko ordezkariei jakinaraziko die zein izan diren saio horretako emaitzak: zer aurrerapauso eman diren proposatutako banakako helburuetan. Horrez gain, jakinarazi beharko die zein den ikaslearen egoera eta ea ikasleak aukerarik duen etapako helburu nagusiak betetzeko.

  10. Kalitatezko hezkuntza inklusiboa eta ekitatiboa bermatzeko, tutoretzak eta hezkuntza-orientazioak beti izan beharko dute kontuan ikuspegi inklusibo eta ekitatiboa, aukera-berdintasuna sustatzeko eta genero-estereotipoak ezabatzeko.

  1. Curriculum anitzeko programa bat egiten ari diren ikasleen ikasketa-prozesua ebaluatzeko, ebaluazio jarraitua, hezigarria eta integratzailea egin beharko da.

  2. Ebaluazioa egiteko erreferentzia nagusiak izango dira esparru eta ikasgai bakoitzeko konpetentzia espezifikoak, eta irteera-profilean ezarritako oinarrizko konpetentziak. Horrez gain, ezarri beharko da zein diren programako ebaluazio-irizpide espezifikoak.

  3. Ebaluazioa integratzailea izateak ez du eragotziko irakasleak ikasgai edo esparru bakoitzaren ebaluazio bereizia egitea, kontuan hartuta zein diren kasuan kasuko ebaluazio-irizpideak. Ebaluazio integratzailea izateak esan nahi du ezen, ikasgai edo esparru guzti-guztietan, kontuan hartu beharko dela zer neurritan barneratu diren ikasgai edo esparru bakoitzeko konpetentzia espezifikoak eta oinarrizko konpetentziak, egokitzeko Oinarrizko Hezkuntzako amaierarako ezarritako irteera-profilera; bat etorriz Ikaskuntzarako Diseinu Unibertsalaren printzipioekin.

  4. Hizkuntza- eta gizarte-esparruan eta esparru zientifiko-teknologikoan, ezingo dira bereizita kalifikatu esparru horietan sartzen diren ikasgaiak.

  5. Curriculum anitzeko programa batean sartzen diren ikasleek gainditu egin behar dituzte aurreko ikasturteetatik gainditu gabe dituzten ikasgaietako ebaluazioak, programako esparruetako batean sartzen ez direnak. Bestetik, esparruetako batean sartuta dauden ikasgaiak, aurreko ikasturteetan gainditu ez badira ere, berdin-berdin landuko dira eta gainditutzat joko dira ikasleak kasuan kasuko esparruan ebaluazio positiboa jasotzen duenean.

  6. Esparru edo ikasgai guztiak gainditu gabe promozionatzen diren ikasleek programako neurri unibertsalen laguntza izango dute; neurri horiek, berriz, programazio espezifikoan jasotzen dira. Hori guztia aintzat hartu beharko da ikaslea mailaz igotzeko edo ikasleari titulua emateko unean.

  7. Ikasturtean egindako jarraipena gorabehera, irakasle-taldeak kasu bakoitzean, ikasleari eskolak ematen dizkieten irakasleek osatuak ikaslearen azken ebaluazioa egingo du. Tutoreak koordinatuko du irakasle-taldea, eta Orientazio Sailaren laguntza izango du. Ebaluazio hori egiteko, bilera bat egingo da ikasturtearen amaieran.

  8. Ikasleen ikaskuntza-prozesua ebaluatzeko, irakasleek, oro har, ebaluazio-tresna ugari erabiliko dituzte, askotarikoak eta ikaskuntza-egoera desberdinetara egokitutakoak, ikasle guztien balorazio objektiboa egin ahal izateko. Programazioetan, finkatu beharko da zein diren tresna horiek, eta berrikusi egin beharko dira. Bestalde, irakasleek bermatuko dute ebaluazioarekin lotutako prozesuak egiteko baldintzak egokituta daudela hezkuntza-laguntzako premia bereziak dituzten ikasleen premietara.

    Era berean, irakasleek ebaluatu beharko dute zer irakaskuntza-prozesu gauzatu diren eta nola jardun duten irakasleek eurek, prozesu eta jardun horiek hobetzeko eta mailaren berezko ezaugarrietara egokitzeko. Horretarako, programazio didaktikoetan, lorpen-adierazle egokiak ezarri beharko dituzte.

  9. Ebaluazio-saioetan, ikaslearen aurrerapena ez badator bat curriculum anitzeko programan ezarritako helburuekin, neurriak hartu beharko dira, aniztasunari erantzuteko egokitzat jotzen direnak, ikaslearen jarduketa-plan pertsonalizatuan jaso beharko da zer neurri ezarri diren.

  10. Curriculum anitzeko programetan, programako bigarren urtea amaitzean erabaki beharko da beti ea ikasleak beste urte batez bertan jarraitu behar duen programan.

  11. Curriculum-doikuntzak edo -egokitzapenak dituzten ikasleen kasuan, ikasleok ebaluatzeko, kontuan hartuko da zer ebaluazio-irizpide ezarri diren doikuntzan edo egokitzapenean.

  12. Curriculum anitzeko programa amaitzean, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu-titulua lortzeko moduan ez dauden ikasleak aukera izan beharko dute beste urtebetez geratzeko programan, baldin eta irakasle-taldeak uste badu titulazioa lortu ahal izango dutela, edo uste badu neurri horrek lagundu egiten duela etaparako ezarritako helburuak eta konpetentzien garapen-maila lortzen.

  1. Ikasleek Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu-titulua lortuko dute baldin eta etapa-amaieran lortzen badituzte irteera-profilean ezarritako konpetentziak, eta etapako helburuak bete badituzte; betiere, irakasle-taldeak hala irizten badio, eta hargatik eragotzi gabe Oinarrizko Hezkuntzaren curriculuma zehaztu eta Euskal Autonomia Erkidegoan ezartzen duen maiatzaren 30eko 77/2023 Dekretuaren 38. artikuluan ezarritakoa.

    Era berean, ikasleek titulua eskuratu ahal izango dute baldin eta, curriculum anitzeko programa bat gauzatu ostean, irakasleek uste badute etapako helburuak bete dituztela, eta lortu beharreko konpetentzien garapen-maila lortu dutela, nahiz eta ez gainditu esparru edo ikasgai guztiak. Hori guztia, bat etorriz Hezkuntzako sailburuaren 2024ko urtarrilaren 22ko Aginduarekin, zeinaren bidez arautzen baitira Haur Hezkuntzako ebaluazioa eta Oinarrizko Hezkuntzako eta Batxilergoko ebaluazioa, mailaz igarotzea eta titulazioa, hala badagokio.

  2. Erabakitzeko ea titulua eman behar den ala ez, kontuan izan beharko da zer ezartzen den Dekretuan eta zer aipatutako aginduaren 33. artikuluan.

  1. Jarraipen eta ebaluazio espezifikoa egingo zaio curriculum anitzeko programari.

  2. Plataforma digital espezifikoen bidez, aniztasun- eta inklusio-eskumenak dituen zuzendaritzak ikastetxe guztiei dokumentazioa eskatuko die (dibertsifikazio-programa, ikasle-zerrenda eta urteko memoria) curriculum anitzeko programa guzti-guztien jarraipena eta ebaluazioa egiteko.

  3. Hezkuntza Ikuskaritzak gainbegiratuko du nola aplikatzen den curriculum anitzeko programa, egiaztatzeko ea egokitzen den agindu honetan ezarritakora eta indarrean dauden gainerako xedapenetan ezarritakora.

  1. Aniztasun- eta inklusio-arloan eskumena duen zuzendaritzak urtero proposatuko du zer talde sartuko diren ikastetxe bakoitzean curriculum anitzeko programetan. Baliabide hori zehazteko, kontuan hartuko da zein den ikastetxearen Hezkuntza Konplexutasunaren Indizea (HKI), zer eskaintza dagoen eremu horretan curriculum anitzeko programak gauzatzeko, zenbat ikasle dauden egun programan, eta zer ezartzen duten irizpideek gehienez ere egon daitekeen ikasle-kopuruari buruz.

  2. Oro har, programa horietarako proposatzen den ikasle-kopurua ezingo da izan DBHko 3. eta 4. mailetan matrikulatutako ikasle guztien % 15 baino handiagoa, eta gehienez ere, bi talde baimenduko dira, salbu DBHko 3. eta 4. mailetan 300 ikasle baino gehiago matrikulatuta dituzten ikastetxeetan.

  3. Programa horretan parte hartzeko hautagaiak dituzten baina programa gauzatzeko baimenik ez duten ikastetxeen kasuan, inguruko beste ikastetxe batzuetara jo beharko dute, zeinetan programa gauzatzen baita, eta eskatu beharko dute hautagaiak onar ditzatela. Era berean, baimena duten ikastetxeek plaza batzuk gorde behar dituzte inguruko beste ikastetxeetatik bideratutako ikasleak hartzeko. Plaza horien kopurua proportzionala izango da ikastetxeak DBHko 3. eta 4. mailan matrikulatuta dituen ikasleen kopuruarekiko. Aniztasunerako eta Inklusiorako Zuzendaritzak urtero zehaztuko du zein den proportzio hori.

  4. Funts publikoekin finantzatutako ikastetxe guztietan aplikatuko dira irizpide horiek.

  1. Baimendutako ikastetxeek dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

    Zer ikasle-zerrenda proposatzen duten.

    Zer programa osatu duten 9. artikuluko 3. apartatuan ezarritakoaren arabera.

    Dokumentuak aurkezteko, gehienez ere, hilabeteko epea egongo da, jakinarazpena egiten denetik aurrera. Eskaera eta dokumentazioa elektronikoki aurkeztu beharko dira nahitaez, Hezkuntza Sailak horretarako prestatuko duen aplikazioaren bidez.

  2. Aurkeztutako dokumentazioaren tratamendua:

    Aniztasunerako eta Inklusiorako Zuzendaritzak aztertuko du zer dokumentazio aurkezten den, eta egiaztatuko du ea proposatutako ikasleak egokiak diren, eta zer ezaugarri duten ikastetxe eskatzaileek.

    Zuzendaritza horrek txostenak edo laguntza eskatu ahal izango die hezkuntza-gaietan aditu diren aholkulariei, aurkeztutako eskaerak behar bezala ebaluatu eta aztertu ahal izateko.

    Gainera, urriaren 1a baino lehen, ikastetxeek Hezkuntza Ikuskaritzara bidali beharko dute zein den proiektuaren hartzaile izango diren ikasleen behin betiko zerrenda; horretarako, plataforma digitaletara igo beharko dute.

    Ikasturte-hasieran, Hezkuntza Ikuskaritzak egiaztatuko du ea bat datozen curriculum anitzeko programetarako proposatutako ikasle-zerrendak eta programa horietan benetan eskolatutako ikasleen zerrendak, ebazpen honetan ezarritako baldintzen arabera.

    Azkenik, ikastetxeek Hezkuntza Ikuskaritzaren esku jarri beharko dituzte hala zein diren curriculum anitzeko programetan parte hartzen duten ikasleen orientazio-aholkuak nola familien edo legezko ordezkarien baimenak eta jarduketa-plan pertsonalizatuak.

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako curriculum anitzeko programetako edozein berezitasun, baldin eta ez bada jaso agindu honetan, elkarrekin ebatziko dute Aniztasunerako eta Inklusiorako Zuzendaritzak eta Hezkuntza Ikuskaritzak.

Curriculum anitzeko programak erabat ezartzen direnean, indarrik gabe geratuko dira arau hauek:

Agindua, 1997ko uztailaren 9koa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuarena, EAEko Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako curriculum anitzeko programak arautzen dituena.

Eta agindu honetan araututakoaren aurkakoak diren maila bereko edo txikiagoko xedapen guztiak.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA. Baimena.

Baimena ematen zaie Aniztasunerako eta Inklusiorako Zuzendaritzari, Ikastetxe eta Plangintza Zuzendaritzari eta Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzari xedapenak emateko, Bigarren Hezkuntzako irakaskuntzako arloan bakoitzak dituen eskumenen barruan eman beharrekoak, agindu hau behar bezala aplika eta gara dadin.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA. Indarrean jartzea.

Agindu hau indarrean jarriko da EHAAn argitaratu eta hurrengo egunean.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko azaroaren 14a.

Hezkuntzako sailburua,

MARÍA BEGOÑA PEDROSA LOBATO.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.