Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2023ko uztailaren 17koa, Hezkuntzako sailburuarena, Hizkuntza-eskola ofizialetako maila eta kurtsoetara atxikitzeari, ebaluatzeari, maila ziurtatzeko probei eta beste ziurtagiri eta ikastaro batzuei buruzkoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Hezkuntza Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 150
  • Hurrenkera-zk.: 3845
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2023/07/17
  • Argitaratze-data: 2023/08/08

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua; Hezkuntza
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren I. tituluaren VII. kapitulua araubide bereziko hizkuntza-irakaskuntzaren antolamenduari buruzkoa da. Hauek osatzen dute antolamendu horren araudi-esparrua:

1041/2017 Errege Dekretua, abenduaren 22koa, Egiaztapenaren ondoreetarako oinarrizko mailaren gutxieneko eskakizunak finkatzen eta Hezkuntzaren maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak arautzen duen araubide bereziko hizkuntza-irakaskuntzako B1 (tartekoa), B2 (tartekoa), C1 (aurreratua) eta C2 (aurreratua) mailen oinarrizko curriculuma eta zenbait ikasketa planetan araututako araubide bereziko hizkuntza-ikasketen eta errege-dekretu honetakoen arteko baliokidetzak ezartzen dituena;

1/2019 Errege Dekretua, urtarrilaren 11koa, Araubide bereziko hizkuntza-irakaskuntzako B1 eta B2 tarteko mailak eta C1 eta C2 maila aurreratuak ofizialki egiaztatzeko probei aplikatzen zaizkien oinarrizko ebaluazio-irizpide komunak ezartzen dituena;

80/2019 Dekretua, maiatzaren 21ekoa, Euskal Autonomia Erkidegoan araubide bereziko hizkuntza-irakaskuntzen ezarpena xedatzen duena, irakaskuntza horietako oinarrizko A1 mailaren, oinarrizko A2 mailaren, tarteko B1 mailaren, tarteko B2 mailaren, C1 maila aurreratuaren eta C2 maila aurreratuaren curriculumarekin batera;

2013ko uztailaren 3ko Agindua, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza-eskola ofizialetan ikasleak onartu eta matrikulatzeari buruzkoa

Aipatutako arauek, kasu batzuetan estatuko oinarrizko lege gisa eta beste batzuetan soilik Euskal Autonomia Erkidegoan aplikatzeko arau gisa, hizkuntza-eskola ofizialetan emandako ikastaroei eta ziurtagiriei buruzko hainbat alderdi aurreikusten dituzte.

Kasu batzuetan, alderdi horiek gehiago zehaztu behar dira behar bezala garatu eta aplikatzeko, eta agindu honek helburu horri erantzuten dio. Agindua emateko, Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 26.4 eta 61. artikuluen bidez emandako eskumen orokorra baliatzen da, baita sail honi maiatzaren 21eko 80/2019 Dekretuaren bidez arau-garapenetarako emandako gaikuntza zehatza ere.

Horrenbestez, hau

  1. Agindu honen xedea da lege eta dekretu hauetan aipatzen diren araubide bereziko hizkuntza-irakaskuntzak arautzen dituen araudia garatzea: Hezkuntzari buruzko 2/2006 Lege Organikoaren 59. artikuluan, abenduaren 22ko 1041/2017 Errege Dekretuan, urtarrilaren 11ko 1/2019 Errege Dekretuan eta maiatzaren 21eko 80/2019 Dekretuan, maila-ziurtapen ofizialari dagokionez:

    1. Maila eta kurtsora atxikitzea maila-ziurtagirietara zuzendutako irakaskuntzetan.

    2. Ebaluazioa mailaren gaitasun orokorreko kurtsoetan.

    3. Hizkuntza-jardueretako gaitasun orokorreko eta partzialetako mailaren ziurtagiri ofiziala lortzeko probak.

    4. Hizkuntza-jarduera partzialen araberako kurtsoak eta perfekzionatzeko espezializatuak.

  2. Halaber, agindu honen xedea da I. eranskinetik eta IV.era bitartekoetan jasotako ebaluazio- eta ziurtagiri-dokumentuen ereduak finkatzea.

Agindu hau Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza-eskola ofizialetan aplikatuko da.

  1. Hizkuntza-eskola ofizialek ikasleen esku jarriko dute haien gaitasun eta aukeretara ondoen egokitzen diren maila eta kurtsoa identifikatu ahal izateko beharrezko informazioa (prestakuntza-ibilbidea, ziurtapen-proben deskripzioa, programazioak).

  2. Maila-ziurtagiriek aukera emango diete ikasleei ziurtatutakoaren hurrengo mailako (A2, B1, B2, C1 edo C2) talde batean sartzeko. Maila bi edo hiru kurtsotan garatzen bada, beheko kurtsoan sartuko da, hurrengo apartatuan aurreikusitako kasuan izan ezik.

  3. Eskolako ikasle berriek ez badute maila-ziurtagiria edo, nahiz eta hura izan, ziurtagiriaren hurrengo maila baino goragoko talde batean sartu nahi badute, edo, horren barruan, hasierakoa baino goragoko kurtso batean, haren ezagutzetara ondoen egokitzen den maila eta kurtsora sartzeko sailkatuko da, hurrengo artikuluan aurreikusitako sailkapen-prozedurarekin bat.

  4. Ezingo da inolaz ere kurtso batean sartu maiatzaren 21eko 80/2019 Dekretuaren 5.2 artikuluan aurreikusitako araubide ofizialekoa izateko gehieneko denbora gainditu duen inor.

  1. Agindu honen aurreko artikuluaren 3. apartatuan aipatzen den sailkapen-prozedura, zeina maiatzaren 21eko 80/2019 Dekretuaren 4.2 artikuluan jasotzen baita, sailkapen-proba bat izango da, hizkuntza-eskola ofizial bakoitzari dagokion hizkuntzaren sail didaktikoak finkatuko du eta erreferentzia gisa hartuko ditu irakaskuntza horien curriculumetan ezarritako hizkuntza, maila eta kurtso bakoitzerako helburuak, edukiak eta ebaluazio-irizpideak.

    Autoebaluazio-proba bat, idatzizko ariketa bat edo elkarrizketa bat izan daiteke, eta ikastetxeak egingo du deialdia.

  2. Probaren emaitzak baliozkoak izango dira soilik ikaslea dagokion maila eta kurtsoan sartzeko. Proba horren ondorioz, ez da aurreko kurtsoak gainditu izana aitortuko, ezta inolako ziurtagiririk lortuko ere.

  3. Kurtsoaren lehen hilabetean, hizkuntza-eskola ofizialeko dagokion sailak, plaza hutsen arabera eta aintzat hartuta irakasleen behaketa zuzena eta ikasleak ikasgelan erakutsitako gaitasunak, sailkapen-proban zehaztutako kurtsoa baino goragoko edo beheragoko beste batera esleitu dezake ikasle bat, betiere sailkapen-proba autoebaluazio-proba bidez egin bada.

  1. Kapitulu honetako xedapenak aplikagarriak izango dira hizkuntza-eskola ofizialetan emandako ikastaroen modalitate presentzial eta erdipresentzialean, maila-ziurtapen ofiziala lortzeko irakaskuntzen eremuan.

  2. Irakasleek ebaluatuko dituzte ikasleen gaitasunak, maiatzaren 21eko 80/2019 Dekretuaren 8. artikuluan ezarritakoarekin eta bertan finkatutako helburu, gaitasun eta ebaluazio-irizpideekin bat.

  1. Ikastetxearen hezkuntza-proiektuan irakaskuntza- eta ikaskuntza-prozesuen jarraipen-plan bat gehituko da, eta bertako orientazioak sartu beharko dira programazio didaktikoetan.

  2. Irakaskuntza- eta ikaskuntza-prozesuen jarraipen-planean adieraziko da zein unetan bidaliko zaien ikasleei haien ikaskuntza-aurrerapenei buruzko informazioa.

  1. Irakasleek, sail bakoitzak ezarritakoarekin bat, ikasleen aurrerapena ebaluatuko dute kurtsoan zehar, ikaskuntza-prozesuak egiaztatu ahal izateko, irakaskuntza planifikatu eta berrantolatzeko, beharrezkotzat jotzen dituzten errefortzu-ekintzak aplikatzeko eta ikasleei autoebaluazio-aukerei eta haien ikaskuntza-estilora ondoen egokitzen diren estrategiei buruzko aholkularitza emateko.

  2. Aurrerapena ebaluatzeko eskubidea galduko dute irakastorduen % 25etik gora justifikatu gabe huts egiten duten ikasleek.

  3. Aurrerapena ebaluatzeko eskubidea galduz gero, ikasleak aurrera egiteko ebaluazioa jasotzeko eskubidea bermatuta geldituko da ikastaro-amaierako proba baten bidez.

  1. Artikulu honetan aurreikusitakoaren arabera, mailaren gaitasun orokorreko ziurtapen-proba egiten ez duten kurtsotzat jotzen dira ikasturte bat baino gehiagotan egituratuta egon eta mailako azken kurtsoak ez direnak.

  2. Kurtso horien amaieran amaierako ebaluazioa eta kalifikazioa egingo da. Kalifikazio horretan, irakasleak kontuan hartuko du ikasturtean zehar egindako aurrerapenaren ebaluazioa.

  3. Maiatzaren 21eko 80/2019 Dekretuaren 5 artikuluan aipatzen den moduan kurtsoz igarotzeko, beharrezkoa izango da amaieran «gai» kalifikazioa lortzea.

  1. Artikulu honetan aurreikusitakoaren arabera, mailaren gaitasun orokorreko ziurtapen-proba egiten duten kurtsotzat jotzen dira ikasturte bakarrean egituratutakoak eta ikasturte bat baino gehiagotan egituratutakoetan, azkeneko kurtsoak.

  2. Kurtso horietan, kurtsoaren amaierako ebaluazioa eta kalifikazioa mailaren gaitasun orokorreko ziurtapen-probaren bidez egingo dira.

  1. Maiatzaren 21eko 80/2019 Dekretuaren 8.5 artikuluan aurreikusitako ebaluazio-dokumentu ofizialek artikulu horretan aipatutako baldintzak beteko dituzte.

  2. Egindako kurtsoei buruzko dokumentu eta ziurtagiriak I. eranskinean (kalifikazio-akta) eta II. eranskinean (espediente akademikoa) jasotako ereduetara egokituko dira.

  3. Ikastetxeko idazkaritzari dagokio ikasturte-amaierako ebaluazio-aktak eta espediente akademikoak artxibatu eta zaintzea.

  1. Ziurtagiriak, maiatzaren 21eko 80/2019 Dekretuaren 9 artikuluan, urtarrilaren 11ko 1/2019 Errege Dekretuan eta abenduaren 22ko 1041/2017 Errege Dekretuan aurreikusitako bi modalitateetan, hezkuntza-arloan eskumena duen saileko titularrak emango ditu, hizkuntza-eskola ofizialak proposatuta.

  2. Aipatutako urtarrilaren 11ko 1/2019 Errege Dekretuaren 3.4 artikuluaren arabera, modalitate hauetako maila-ziurtagiri ofizialak eman ahalko dira, eta Estatu osoan izango dira baliozkoak:

    1. Gaitasun orokorreko ziurtagiriak.

    2. Hizkuntza-jardueren gaitasun partzialen ziurtagiriak.

  3. Ziurtagiria eman aurretik interesdunak eskaera egin beharko du, formatu elektronikoan edo paperezkoan. Eskaera paperean egin nahi badu, proba egin duen hizkuntza-eskola ofizialera jo beharko du.

  4. Ziurtagiriek V. eranskinean (I. eta II. apartatuak) ziurtagiri-modalitate bakoitzerako finkatutako eduki eta ereduak izango dituzte, eta aurrealdean hezkuntza-arloko eskumena duen saileko titularraren eta hizkuntzen irakaskuntzaren arloko eskumena duen zuzendaritzaren sinadurak jasoko dira.

  5. Soilik probaren zati batzuk gainditzeak ez du eskubidea emango abenduaren 22ko 1041/2017 Errege Dekretuaren 7.1 artikuluan aurreikusitako gaitasun partzialen ziurtagiriak lortzeko, baizik eta soilik, ikasleak eskatuta, agindu honen 22. artikuluan aurreikusitako ziurtagiri akademiko bat lortzeko eskubidea emango du.

  6. Ziurtagiriak Euskal Autonomia Erkidegoko Unibertsitatez Kanpoko Titulu Akademikoen Erregistroan eta hezkuntza-arloko eskumena duen ministerioaren Tituluen Erregistro Zentralean jasoko dira.

  1. Ziurtapen-proba egin behar duten ikastaroetan matrikulatutako ikasle ofizialek ez dute izena eman beharko eta matrikula formalizatu beharko proba egiteko.

  2. Hizkuntza eta maila baten ziurtagiri ofiziala lortzeko interesa duten pertsonak, ikasketak egin gabe, araubide librean matrikulatu beharko dira, eta horrek eskubidea ematen du probak egiteko.

  3. Edozein hizkuntza eta mailako ziurtapen-proba bat egiteko araubide librean, 16 urte bete beharko dira proba egingo den urtean.

  4. Araubide libreko hautagaiak hizkuntza baten edozein mailatako probak egiteko matrikulatu ahal izango dira nahiz eta hizkuntza horren beheragoko mailen ziurtagiririk ez eduki.

  5. Araubide libreko inskripzioa eta ikasle ofiziala izatea ez dira bateragarriak hizkuntza berean, modalitate presentzialean, erdipresentzialean edo urrunetik.

  6. Oro har, ikasleek egiaztapen-proba espezifikoaren atal guzti-guztiak egin ahal izango dituzte, eta ataletako edozein gainditzea ez da izango gainerako atalak egin ahal izateko ezinbesteko baldintza.

  7. Proba batean bi fase egiten badira ikasturte berean, ohikoa eta ezohikoa, ikasleek ez dituzte ohiko deialdian gainditutako probaren atalak egin beharko ezohiko deialdian, eta atal horietan lortutako puntuazioari eutsiko zaio azken kalifikazioa kalkulatzeko.

  1. Hezkuntza-arloko eskumena duen sailak, urtean behin gutxienez, oinarrizko A2, tarteko B1 eta tarteko B2 mailetako, C1 maila aurreratuko eta C2 maila aurreratuko gaitasun orokorreko ziurtagiriak lortzeko proba bat prestatuko du, horretarako deialdia egingo du eta proba bera administratuko du, araubide presentzialean eta erdipresentzialean matrikulatutako ikasleentzat.

    Sailak, halaber, araubide presentzialean eta erdipresentzialean matrikulatuta ez dauden pertsonei zuzendutako gaitasun orokorreko ziurtagiriak lortzeko probak ere antolatu ahalko ditu.

    Abenduaren 22ko 1041/2017 Errege Dekretuaren 6.3 artikuluaren arabera, hizkuntza-jarduera bati edo gehiagori dagozkien gaitasun partzialen ziurtapen-probak iragarri ahalko dira.

  2. Probara aurkeztu arren «gai» kalifikazioa lortu ez duten hautagaien kasuan, deialdiak proba gainditzeko beharrezko atalak ezohiko fasean egiteko aukera aurreikusi ahal izango du; kasu horretan, amaierako kalifikazioa 18. artikuluaren 6. apartatuan xedatutakoarekin bat egingo da.

  3. Urtarrilaren 11ko 1/2019 Errege Dekretuaren 7.2 artikuluan ezarritakoarekin bat, deialdiak proben ebaluazio-irizpideak jasoko ditu.

  1. Maiatzaren 21eko 80/2019 Dekretuaren 9.7 artikuluak zehazten duen Batzordea Euskal Autonomia Erkidegoko Hizkuntza Eskola Ofizialetako irakasleek osatuko dute.

  2. Haren egitura, antolaketa eta funtzionamendua dagokien Hezkuntzako sailburuordearen jarraibide egokien bidez ezarriko dira.

  3. Batzordea osatuko duten kideak Ikastetxe eta Plangintza Zuzendaritzaren deialdiaren bidez izendatuko dira.

Hizkuntzen irakaskuntzaren arloko eskumena duen zuzendaritzak, maiatzaren 21eko 80/2019 Dekretuaren 9.7 artikuluan aurreikusitako Batzorde espezializatuaren proposamenari jarraikiz, urtarrilaren 11ko 1/2019 Errege Dekretuaren 3.3, 5.2, 6.2 eta 7.3 artikuluetan aurreikusitako dokumentu hauek onetsiko ditu:

  1. Informazio-gida: maiatzaren 21eko 80/2019 Dekretuaren 9.8 artikuluan adierazitako edukia izango du.

  2. Ziurtapen-probak egiteko gida.

  3. Ziurtapen-probak administratzeko gida.

  4. Ziurtapen-probak ebaluatzeko eta kalifikatzeko gida.

  1. Maiatzaren 21eko 80/2019 Dekretuaren 9.2 artikuluaren arabera, mailen ziurtapen-probak berdinak izango dira hizkuntza-eskola ofizial guztietan.

  2. Probak aurreko artikuluan aipatutako Batzordeak antolatu eta egingo ditu, maiatzaren 21eko 80/2019 Dekretuaren 9 artikuluaren 7., 9. eta 10. apartatuetan, urtarrilaren 11ko 1/2019 Errege Dekretuaren 4. artikuluaren 1., 2., 3. eta 5. apartatuetan eta 5. artikuluan adierazitakoari jarraikiz, artikulu honetan finkatutako egiturarekin bat.

  3. Oinarrizko A1 eta A2 mailetako gaitasun orokorreko ziurtapen-proba lau zatik osatuko dute. Horietako bakoitzak hizkuntza-jarduera bat ebaluatuko du:

    1. Ahozko mezuak ulertzea.

    2. Testu idatziak ulertzea.

    3. Ahozko testuak sortzea, bakarrik zein beste batzuekin (ahozko adierazpena).

    4. Testu idatziak sortzea, bakarrik zein beste batzuekin (idatzizko adierazpena).

  4. Tarteko B1 eta B2 mailetako eta C1 eta C2 maila aurreratuetako gaitasun orokorreko ziurtapen-proba bost zatik osatuko dute. Horietako bakoitzak hizkuntza-jarduera bat ebaluatuko du:

    1. Ahozko mezuak ulertzea.

    2. Testu idatziak ulertzea.

    3. Ahozko testuak sortzea, bakarrik zein beste batzuekin (ahozko adierazpena).

    4. Testu idatziak sortzea, bakarrik zein beste batzuekin (idatzizko adierazpena).

    5. Bitartekaritza.

  5. Urtarrilaren 11ko 1/2019 Errege Dekretuaren 4.2 artikuluaren bigarren paragrafoaren arabera, gaitasun partzialen ziurtapen-probek kasu bakoitzean ebaluatu nahi diren hizkuntza-jarduera adina zati izan beharko dituzte.

  1. Hizkuntza-irakaskuntzaren arloko zuzendaritza eskudunak azterketen zehaztapenen dokumentu bat onetsiko du iragarritako probetarako, eta horrek urtarrilaren 11ko 1/2019 Errege Dekretuaren 4.6 artikuluan adierazitako zehaztapenak izango ditu.

  2. Dokumentua argitaratuko da hautagaiek eta beste interesdun batzuek horren berri izateko, hizkuntza-eskola ofizialen webgunean.

  1. Ziurtapen-proben administrazioa, ebaluazioa eta kalifikazioa hizkuntza-eskola ofizialen sail didaktikoetako irakasleen esku egongo da, eta horiek aztertzaile-lanak egingo dituzte.

  2. Probak maiatzaren 21eko 80/2019 Dekretuaren 9. artikuluan eta urtarrilaren 11ko 1/2019 Errege Dekretuaren 4. eta 7. artikuluetan ezarritakoarekin bat ebaluatu eta kalifikatuko dira.

  3. Urtarrilaren 11ko 1/2019 Errege Dekretuaren 4. artikuluaren 3. apartatuan xedatutakoaren arabera, gaitasun orokorreko ziurtapen-probetan, horiek osatzen dituzten atalek balio bera izango dute, hau da, puntuazio totalaren laurdena proba bakoitzeko oinarrizko A1 eta A2 mailetan eta puntuazio totalaren bostena proba bakoitzeko tarteko B1 eta B2 mailetan eta C1 eta C2 maila aurreratuetan.

  4. Probaren emaitzak barne hartuko ditu hura osatzen duten zatietako bakoitzaren zenbakizko kalifikazioa eta probaren kalifikazio orokorra.

    Ziurtapenari dagokionez, kalifikazio orokorra «Gai» edo «Ez gai» gisa adieraziko da.

    Baldin eta hautagaiek ziurtapen-probaren atal bat edo batzuk egiten ez badituzte, atal horietako kalifikazioa «Ez aurkeztua» izango da. Kasu horietan, ziurtapen-probaren amaierako kalifikazio orokorra «Ez gai» izango da. Baldin eta hautagaiek ziurtapen-probaren ataletako bat ere egiten ez badute, kalifikazio orokor hau emango zaie: «Ez aurkeztua».

  5. Urtarrilaren 11ko 1/2019 Errege Dekretuaren 4. artikuluaren 4. apartatuaren arabera, gaitasun orokorreko proba osorik gainditzeko eta «gai» kalifikazio orokorra lortzeko, probaren zati guztiak gainditu beharko dira gutxienez ehuneko berrogeita hamarreko puntuazioarekin, eta gutxienez puntuazio totalaren ehuneko hirurogeita bosteko puntuazioa lortu beharko da, atal guztietako gehieneko puntuazio guztiak batuta.

  6. Deialdiak 13. artikuluaren 2. apartatuan jasotako aukera aurreikusten badu, bi aldiz egindako atalaren amaierako kalifikazioa lortutako handiena izango da.

  7. Kalifikazioak ikaslearen kalifikazio-aktan eta espediente akademikoan jasoko dira.

Kalifikazio-aktek mailen ziurtapen-probetan lortutako kalifikazioak jasoko dituzte, abenduaren 22ko 1041/2017 Errege Dekretuaren 8. artikuluaren 9. apartatuan ezarritako baldintzetan eta I. eranskinean jasotako ereduarekin bat.

  1. Proben emaitzak argitaratu egingo dira, bat etorriz datu pertsonalak babesteko indarrean dagoen legediarekin eta, kasu guztietan, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren hogeita hirugarren xedapen gehigarrian ezartzen denarekin.

  2. Ikasleei egiaztapen-proben emaitzari buruz ematen zaien informazioan, probaren atal bakoitzaren puntuazioa eta dagokion kalifikazio partziala jasoko dira, proba osoaren kalifikazio globalarekin batera.

Ikastetxeek amaierako kalifikazioei begira argibideak eskatzeko eta erreklamazioak aurkezteko prozedurari buruzko beharrezko informazioa eman eta zabalduko dute, indarreko araudiarekin bat.

Prozedura hori urtarrilaren 11ko 1/2019 Errege Dekretuaren 8. artikuluan eta agindu honen VI. Kapituluan ezarritakora egokituko da.

  1. Abenduaren 22ko 1041/2017 Errege Dekretuaren 7.8 artikuluaren arabera, hizkuntza-eskola ofizialek ebaluatutako hizkuntza-jardueretan eskatutako menderatze-maila lortu izanaren ziurtagiri akademikoa emango diete tarteko B1 eta B2 mailetako eta C1 edo C2 maila aurreratuetako gaitasun orokorreko ziurtagiriei dagozkien proba guztiak gainditzen ez dituzten ikasleei. Ziurtagiri akademikoak proba osatzen duten atal guztiak aipatuko ditu.

  2. Artikulu honetan aurreikusitako ziurtagiri akademikoak ez du balio akademikorik, eta ez da kalifikazio hori aitortuko hurrengo ikasturteetan.

  3. Hizkuntza-eskola ofizialak ziurtagiri akademikoa emango du III. eta IV. eranskinetan jasotako ereduarekin bat, eta hizkuntzak irakasteko arloan eskumena duen sail-zuzendaritzak ezarritako aplikazio informatikoaren bidez eskatuko da.

  1. Ikastaro horiek hizkuntza-jarduera bat edo gehiago garatzera egongo dira bideratuta. Ziurtagiria lortu ahalko da soilik 11. artikuluan aipatutako hizkuntza-jardueren gaitasun partzialen ziurtapen-proba gaindituta.

  2. Ikastaro horiek eskariaren arabera antolatu ahal izango dira, eta Europako Hizkuntzen Erreferentzia Marko Erkideko mailen gaitasun partzialak garatu behar dituzten helduen prestakuntzara bideratuko dira.

  1. Hizkuntza-eskola ofizialek, 2019ko maiatzaren 21eko 80/2019 Dekretuaren 2.6 artikuluan aurreikusitakoaren arabera, hizkuntza-gaitasunak perfekzionatzeko ikastaro espezializatuak antolatu, eman eta ziurtatu ditzakete, Europako Hizkuntzen Erreferentzia Marko Erkideko mailetan, hizkuntzen irakaskuntzaren arloko zuzendaritza eskudunak baimena eman ondoren.

  2. Ikastaro horiek eskariaren arabera antolatuko dira, eta profil profesional jakin baten hizkuntza espezifikoa eta komunikazio-trebetasunak garatu edo lortu behar dituzten helduen prestakuntzara bideratuko dira.

  3. Hizkuntza-eskola ofizialak, ikastaroak antolatu eta ematean, hainbat helburu, eduki, metodologia eta ebaluazio-irizpide finkatuko ditu, eta programa bat egingo du ikasketen epeekin eta ebaluazioaren ezaugarriekin.

    Ikastaroak emango dituzten sailek horien programazio didaktikoak egingo dituzte, ebaluazio- eta kalifikazio-irizpideak barne.

  4. Ikastaroak ziurtatzeko, proba espezifiko batzuk egingo dira, eta hizkuntza-eskola ofizialek ebaluazio-prozesu egokiena finkatuko dute, ikastaroaren helburu eta ezaugarrien arabera. Ebaluazio-prozedura eta -tresnek ziurtatuko dute ikastaroaren ziurtagiria lortzeko beharrezko gaitasun-maila lortu dela.

  5. Oinarrizko A2 mailako gaitasunak perfekzionatzeko ikastaro espezializatuen ziurtagiriak ikastaroak antolatu dituen hizkuntza-eskola ofizialak emango ditu.

    Tarteko B1 eta B2 mailetako eta C1 maila aurreratuko ikastaroen ziurtagiriak hezkuntza-arloko sail eskuduneko titularrak emango ditu, hizkuntza-eskola ofizialaren proposamenari jarraikiz.

  6. Ikastaroen ziurtagirietan, abenduaren 22ko 1041/2017 Errege Dekretuaren 7.9 artikuluan ezarritakoaz gain, dagokion ikastaroaren espezialitatea adieraziko da.

Kapitulu hau emandako ikastaroen amaierako ebaluazioan eta ziurtapen-probetan aplikatuko da.

  1. Ikasleek eta, ikasleak adingabekoak direnean, gurasoek edo ikasleen legezko tutoreek aukera izango dute azken ebaluazioan eragina izango duten proba eta ariketa guztiak ikusteko, horiek zuzendu ostean.

  2. Sarbide hori ahalbidetzeko, ikastetxean gordeko dira ikasturtearen amaierara arte, eta gutxienez beste urtebetez egongo dira gordeta, betiere ez badira izan administrazio-errekurtso edo judizial baten xede; kasu horretan, errekurtsoaren ebazpen irmoa eman arte gordeko dira.

  1. Ikastetxeek amaierako kalifikazioei begira argibideak eskatzeko eta erreklamazioak aurkezteko prozedurari buruzko beharrezko informazioa eman eta zabalduko dute, indarreko araudiarekin bat. Ziurtapen-proben kalifikazioaren aurkako erreklamazioetan aintzat hartuko da urtarrilaren 11ko 1/2019 Errege Dekretuaren 8. artikuluan xedatutakoa.

  2. Lortutako kalifikazioa jakinarazi edo jakinarazteko argitaratu ondoren, interesdunak 3 egun balioduneko epea izango du, jakinarazi eta argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, berrikusteko eskaera aurkezteko; horren bidez lortutako kalifikazioari buruzko argibideak eskatu ahalko ditu.

  3. Eskaera Antolaketa eta Funtzionamendu Erregelamenduak adierazten duen moduan aurkeztuko da, eta berrikuspena, lehenik eta behin, ebaluazioa eta kalifikazioa egin dituzten pertsonek egingo dute, edo, bestela, haien legezko ordezkariek.

  4. Berrikuspena ezingo da mugatu kalifikazio kuantitatibo edo kualitatibo bat ematera, eta egindako akatsak edo kalifikazioaren azalpen arrazoitua adierazi beharko ditu, eta, amaitzeko, kalifikazioa mantendu edo aldatzeko erabaki arrazoitu bat hartuko da. Hori eskatzaileari jakinaraziko zaio, eta ikastetxearen zuzendaritzaren aurrean bigarren berrikuspena egiteko epea eta aukera adieraziko zaizkio, 3 egun balioduneko epean lehen berrikuspenaren emaitza jakiten duenetik.

  5. Bigarren berrikuspenerako eskaera idatziz aurkeztu behar zaio zuzendaritzari, Antolaketa eta Funtzionamendu Erregelamenduak adierazten duen moduan, eta dagokion hizkuntzaren sail didaktikoari bidaliko zaio, erabaki bat har dezan eta txosten arrazoitua eta ebazpen-proposamena bidal diezazkion zuzendaritzari. Txostenak adieraziko du ea ebaluazioa eta kalifikazioa aurreikusitakoarekin bat egin diren, kalifikazioen kalkuluan akatsik egin gabe eta ezarritako ebaluazio-irizpideak zuzen aplikatuz.

  6. Bigarren berrikuspena zuzendariak ebatziko du, era arrazoituan, eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legean ezarritako moduan jakinaraziko zaio erreklamatzaileari.

  7. Ikastetxeko zuzendaritzak eginiko berrikuspenaren ebazpenaren aurkako erreklamazio bat aurkeztu ahal izango zaio dagokion lurralde-ordezkaritzako titularrari.

  1. Jakinarazpena egiten denetik hamar egun balioduneko epean, ikasturtearen amaierako kalifikazioaren aurkako bigarren berrikuspenaren zuzendariaren ebazpenaren aurkako erreklamazioa aurkeztu ahal izango zaio dagokion lurralde-ordezkaritzaren titularrari; hark ebatziko du, artikulu honetan adierazitako izapideak egin ondoren.

  2. Ikastetxeko zuzendariak erreklamazioari buruzko dokumentazio guztia bidaliko dio Hezkuntzako lurralde-ordezkaritzako titularrari, tartean, hala badagokio, errekurtsogileak aurkeztutakoa, erreklamazioaren xede den kalifikazioaren oinarri diren ebidentziak, programazioa jasotzen duen sail didaktikoaren dokumentazioa, bai eta ikastetxean egindako lehen eta bigarren berrikuspenetan sortutako dokumentazio guztia eta erreklamazioko beste edozein gorabehera ere.

  3. Hezkuntza Ikuskaritzak txosten arrazoitua egingo du, eta aintzat hartuko ditu probaren berrikuspen berria (ikastetxetik kanpoko aditu-talde batek egina), agindu hau, ebaluazio- eta kalifikazio-irizpideak eta kalifikazioaren ebidentziak. Txosten horren lurralde-ordezkaritzaren titularrari proposatu diezaioke erreklamazioa partzialki baiesteko eta prozeduran atzera egiteko, beste ebaluazio-proba batzuk egin daitezen.

  4. Lurralde-ordezkaritzaren titularrak erreklamazioa ebatziko du, era arrazoituan, eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legean ezarritako moduan jakinaraziko zaio erreklamatzaileari.

  5. Erreklamazioaren ebazpenaren aurka gora jotzeko errekurtso aurkeztu ahalko da hizkuntzen irakaskuntzaren arloko zuzendaritza eskudunaren aurrean.

  1. Berrikuspen, erreklamazio eta errekurtsoek ezingo dute inolaz ere eragin aurretik emandako kalifikazioak murriztea.

  2. Aipatutako prozeduren ondorioz kalifikazioa aldatzen bada, dagozkion ebaluazio-dokumentuetan jasoko da.

Indargabetu egiten da Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren 2012ko maiatzaren 15eko Agindua, Erregimen Bereziko Hizkuntza Ikasketak ebaluatu eta egiaztatzea arautzeko dena.

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko uztailaren 17a.

Hezkuntzako sailburua,

JOKIN BILDARRATZ SORRON.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)