Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2022ko maiatzaren 25ekoa, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuarena, udal plangintzan eta hirigintzan genero-ikuspegia txertatzeko dirulaguntzak emateko arauak ezarri eta 2022ko ekitaldirako deialdia egiten duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 110
  • Hurrenkera-zk.: 2540
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2022/05/25
  • Argitaratze-data: 2022/06/08

Gaikako eremua

  • Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Gizarte Gaiak; Hirigintza eta etxebizita; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Dirulaguntza horien xede nagusia da Emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzeko eta emakumeen kontrako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen mandatua betetzea. Lege hori Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legearen bigarrenez aldatzen duen martxoaren 3ko 1/2022 Legeak aldatu du, eta azken horrek honako hau adierazten du 3.5 artikuluan: «Euskal botere publikoek genero-ikuspegia txertatu behar dute politika eta ekintza guztietan, horietan guztietan ezar dadin desberdinkeriak ezabatzeko eta emakumeen eta gizonen berdintasuna sustatzeko helburu orokorra.

Lege honen ondorioetarako, hau da genero-ikuspegia txertatzea: sistematikoki kontuan izatea emakumeen eta gizonen egoera, baldintza, jomuga eta beharrizan diferenteak, eta, horretarako, desberdinkeriak ezabatzeko eta berdintasuna sustatzeko xedea duten helburu eta jarduketa espezifikoak gehitzea politika eta ekintza guztietan, maila guztietan eta horiek planifikatzeko, exekutatzeko eta ebaluatzeko fase guztietan.»

Zehatz-mehatz, lege horren 46.1 artikuluak honako hau ezartzen du: «Euskal botere publikoek behar diren baliabideak jarriko dituzte berma dadin genero-ikuspegia txertatzen dela lurralde-antolamenduaren, hirigintzaren, garraioaren eta etxebizitzaren arloko politikak, arauak, planak eta programak diseinatzean, betearaztean eta ebaluatzean; besteak beste, gai hauek hartuko dira kontuan:

  1. Emakumeen eta gizonen beharrizan desberdinen ezagutza sustatzea mugikortasunari eta etxebizitza-, garraio- eta hirigintza-politikekin lotutako espazioak, azpiegiturak eta zerbitzuak erabiltzeari dagokionez, horretarako diagnostikoak, azterlanak eta sexuaren arabera bereizitako estatistika-datuen eta sektore horietako emakumeen eta gizonen berdintasunari buruzko adierazle espezifikoen eskuragarritasuna areagotuz eta hobetuz.

  2. Emakumeen kontrako indarkeria matxistarik gabeko bizitza bermatzeko gune seguruak sustatzea.

  3. Gizartearen aldetik kohesionatuta dauden eremuak eta lurraldeak sustatzea, emakumeen eta gizonen bizi-kalitatea hobetzen laguntzeko eta zerbitzuak eta azpiegiturak berdintasun-baldintzetan eskuratzeko, bereziki kontuan hartuta 3.1 artikuluko azken tartekian aipatutako faktoreak biltzen dituzten emakumeen egoera.

  4. Erraztea etxeko lanak eta pertsonak zaintzeko lanak egitea eta erantzukidetasunez bateratzea bizitza pertsonala, familia eta lana, eta, oro har, kontuan hartzea ekoizpen- eta ugalketa-arloan sortutako beharrak, bizitzaren iraunkortasuna errazteko helburuz.

  5. Sektoreko profesionalen berdintasun-arloko prestakuntza sustatzea.

  6. Aipatutako politika eta programak diseinatzerakoan eta gauzatzerakoan gardentasuna eta emakumeen ikusgaitasun eta parte-hartze handiagoa sustatzea, bereziki 3.1 artikuluaren azken tartekian aipatutako faktoreak biltzen dituztenen emakumeena.»

    Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako VII. Planean (2018ko ekainaren 19ko Gobernu Kontseiluan onartua), hirigintzan genero-ikuspegia integratzearekin lotutako helburuen artean, honako hauek daude jasota:

    1. 2 helburu operatiboa. Garraio eta ekipamendu publikoaren estaldurarekin pozik dauden emakumeen kopurua handitzea, bereziki landa-ingurunean, talde- eta behar-aniztasuna aintzat hartuta.

    1. 10 helburu operatiboa. Erantzukidetasunezko kontziliazioa eta pertsonen autonomia erraztuko duten lurralde- eta hirigintza-plangintzako eta etxebizitzen, gune publikoen eta garraiobide jasangarrien diseinuko irizpideak identifikatzea eta aplikatzea.

    1. 2 helburu operatiboa. Emakumeen aurkako indarkeriari buruzko eta haren adierazpenei buruzko jakintza hobetzea.

      Helburu horiek garatzeko, eta otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 15.2 artikuluari jarraituz, zeinaren arabera «Eusko Jaurlaritzaren sail bakoitzak bere jarduketa-plan propioa egingo baitu legegintzaldi bakoitzean», sail honek emakumeen eta gizonen berdintasunaren inguruan duen plangintzan bere gain hartuko ditu genero-ikuspegia lurralde-plangintzan eta hirigintzan txertatzeko zenbait jarduketa. Izan ere, dirulaguntzak emateko agindu hau da jarduketa horietariko bat.

      Bestetik, Lurralde Antolamenduaren Gidalerroak (aurrerantzean, LAG) behin betiko onartu ziren uztailaren 30eko 128/2019 Dekretuaren bidez. Gidalerro horiek berariaz aitortzen dute zenbait gai garrantzitsuak direla, eta, berez lurralde-izaera izan ez arren, garrantzia eman behar zaiela politika publikoak diseinatzeko eta kudeatzeko orduan, eta kontuan hartu behar direla lurralde-antolamenduan. Eta gai horietariko bat genero-ikuspegia da, hain zuzen. Alde horretatik, adierazi behar da pertsonek premia eta helburu desberdinak dituztela lurraldeari eta hiri- eta landa-inguruneari dagokienez, eguneroko bizitzan bere gain hartzen dituzten genero-rolen eraginez. Hori dela eta, lurralde-antolamenduan genero-ikuspegia txertatzeak bide ematen du gizonak eta emakumeak baliabide guztietara baldintza berdinetan iristea bermatzeko.

      Azken batean, asmoa da udal hirigintza-planetan genero-ikuspegiaren benetako integrazioa sustatzea, horretarako zenbait ekintza estrategiko eginda lehentasunezko ekintzetarako lau arlotan: lurralde-antolamendua eta hirigintza, mugikortasun jasangarria, landa-eremua eta gobernantza.

      Lurralde-antolamenduko eta hiri-inguruneko desberdintasun esanguratsuenak eremu hauetan hautematen dira: mendeko pertsonen zaintzarako ekipamenduen existentzia eta irisgarritasuna; hiri-eremuen eta eraikinen erabilera-patroi desberdinak, pertsonek bereganatzen dituzten genero-rol desberdinak direla eta; bikotekiderik ez duten emakumeek eta, batez ere, talde kalteberek (esaterako, familia gurasobakarreko amek eta genero-indarkeriaren biktimek) etxebizitza bat lortzeko dituzten zailtasun handiak; emakumeek eremu publikoan eta hiri-zuzkiduretan sentitzen duten ziurgabetasun handiagoa.

      Jardun-eremu horietan igarritako desberdintasunetatik, hauek dira esanguratsuenak:

      Lurralde-antolamenduan eta hirigintzan: mendeko pertsonen zaintzarako ekipamenduen existentzia eta irisgarritasuna; hiri-eremuen eta eraikinen erabilera-patroi desberdinak, pertsonek bereganatzen dituzten genero-rol desberdinak direla eta; bikotekiderik ez duten emakumeek eta, batez ere, talde kalteberek (esaterako, familia gurasobakarreko amek eta genero-indarkeriaren biktimek) etxebizitza bat lortzeko dituzten zailtasun handiak; emakumeek eremu publikoan eta hiri-zuzkiduretan sentitzen duten ziurgabetasun handiagoa.

      Mugikortasun jasangarrian: pertsonen mugikortasun-patroiak aldatu egiten dira, gizonek eta emakumeek estatistikoki bereganatzen dituzten genero-rolen arabera; horren ondorioz, emakumeek gizonek baino gehiago erabiltzen dute garraio publikoa, arrazoi gehiagoren eraginez egiten dituzte bidaiak, bidaia gehiago kateatzen dituzte eta gutxiago erabiltzen dute ibilgailu pribatua; beste pertsona batzuen zaintzarekin eta etxearen mantenuarekin lotutako bidaiak ez dira behar bezala kontabilizatzen estatistiketan.

      Landa-ingurunean: garraioa eta zerbitzuak, ekipamenduak eta lanpostuak erabiltzeko orduan sortzen diren genero-desberdintasunak; ekipamenduak eta zerbitzuak erabiltzeko orduan sortzen diren genero arloko premia desberdinak, zaintzaren kasuan batez ere, zerbitzu- eta ekipamendu-sarearen kapilaritatea dela eta; nekazaritza-jarduerako genero-desberdintasunak, ustiapenen titulartasuna barne.

      Gobernantzan: emakumeen presentzia txikiagoa da herritarrek parte hartzeko prozesuetan eta talde teknikoetan; ahuleziak daude politika, plan eta jardunak diseinatu eta egikaritzeko eta haien jarraipena egiteko fase guztietan generoari buruzko aditu-mailako jakintza integratzean.

      Alde horretatik, LAGen dokumentuan genero-ikuspegiaren arlorako proposatutako gidalerroek helburu hauek dituzte:

      Lurralde- eta udal-jarduketan genero-ikuspegia txertatuko duen plangintza sustatzea, eta denbora igaro ahala errotzen eta sendotzen joatea.

      Genero-ikuspegia sartuta, lortu nahi den lurralde-ereduaren oinarriak ezartzen laguntzea, bereziki lurralde jasangarri, inklusibo, adimendun eta parte-hartzailea eraikitzeko.

      Eskala guztietan zaintza-premiei erantzuna ematen dien lurraldea sustatzea, lurralde eta hirigintza-plangintzan «zaintzaren hirigintza» jarduna sartuta.

      Berdintasunaren helburua lortzen eta herritar guztien bizi-kalitatea hobetzeko lurralde eta hiriak sortzen laguntzea, edozein desberdintasun-ardatzez harago (sexua, adina, maila sozioekonomikoa, etnia, arraza eta abar).

      Dirulaguntzetarako agindu honen bidez, aipatutako helburuak eta gidalerroak sustatu nahi dira, hirigintza-antolamenduan eta haren garapenean genero-ikuspegia sartzea bideratzeko.

      Bestalde, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 8.1 artikuluan xedatutakoa betetzeko, 2021eko ekainaren 2an, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuak agindu bat eman zuen, Sailaren 2021-2024ko aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoa onartzeko. Bertan jasota dago dirulaguntza lerro hau, zehazki «Herri eta hiri inklusiboak, seguruak, erresilienteak eta jasangarriak lortzea, inor atzean gera ez dadin» ardatz estrategiko honetako lehenengo Helburu Estrategikoan: «Lurralde-plangintza bultzatzea, lurralde kohesionatu eta inklusibo baten oinarriak ezartzeko». Plan hori eskuragarri dago Eusko Jaurlaritzaren Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren web-orrian.

      Azkenik, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 11/2021 Dekretuaren 10.2 artikuluaren j) apartatuaren arabera, Lurralde Plangintzaren eta Hiri Agendaren Zuzendaritzari dagokio Lurralde Antolamenduaren Gidalerroetako zeharkako alderdiak eta, batik bat, genero-ikuspegia lurralde-antolamendu, paisaia eta hirigintzako tresnen alorrean txertatzeko egitekoa gauzatzea.

      Ondorioz, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuak eta Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 11/2021 Dekretuak ematen didaten eskumena baliatuta, bat etorrita Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean xedatutakoarekin eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntza eta laguntzei aplikatzekoak zaizkien gainerako xedapenekin, honako hau

  1. Agindu honen xedea da udal plangintzan eta hirigintzan genero-ikuspegia txertatzera bideratutako dirulaguntzak emateko arauak ezartzea eta 2022ko ekitaldirako deialdia egitea, norgehiagoka-prozedura erabiliz.

  2. Analisien, diagnostikoen eta ondorioen dokumentuak egiteko behar den laguntza teknikoa kontratatzeak eragiten dituen gastuak finantzatuko dira, barnean hartuta hirigintza-tresnak hobetzeko proposamenak edo neurri zuzentzaileak, genero-ikuspegiari dagokion aldetik, eta, zehatzago esanda, hauek:

    1. Eraikuntza- edo urbanizazio-ordenantzak proposatzea, eta/edo

    2. hirigintza-plangintzarako, genero-ikuspegia duten tresnak proposatzea.

    3. Plangintza orokorra berrikusteko prozesua hastear dauden edo izapidetzearen hasierako faseetan dauden udalerrien kasuan, dirulaguntza bakarra izango da eta behin emango da: aurrerapenari erantsitako agiria aurkeztean edo hasierako onespenaren dokumentuari erantsitako agiria aurkeztean. Hasierako onespena lortu duten berrikuspen-kasuak ez dira diruz lagunduko.

  3. Ez da diruz lagunduko egikaritze-tresnei buruzko dokumentuak idaztea, adibidez, hirigintza- edo eraikuntza-proiektuak.

  4. Orobat, ez da diruz lagunduko dokumentuen idazketa, baldin eta dokumentuok dagoeneko dirulaguntza-lerro honen bidez dirulaguntza jaso badute.

Dirulaguntza hauek Euskal Autonomia Erkidegoko udalek eska ditzakete, baina udal bakoitzak eskabide bakarra egin dezake.

  1. Agindu honetan araututako dirulaguntzak eta laguntzak emateko eta, hala badagokio, ordaintzeko, beharrezkoa izango da amaituta egotea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren organismo autonomoek emandako mota bereko laguntzei edo dirulaguntzei lotuta izapidetzen ari den edozein itzultze- edo zigor-prozedura.

  2. Agindu honetan araututako dirulaguntzak eskuratzeko, entitate eskatzaileek ezin izango dute dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzea eragozten dien zehapen penalik ez administrazio-zehapenik izan, ezta horretarako legezko inolako debekurik ere, sexuan oinarrituta diskriminatzeagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik jasotako debekuak barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasuna lortzeko eta emakumeen kontrako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako laugarrenak eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren 50.5 artikuluak xedatutakoarekin bat.

  3. Halaber, ezin izango dira dirulaguntzen onuradun izan Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluko 2. apartatuan jasotako gorabeheraren batean dauden entitateak. Inguruabar horiek gertatzen diren ala ez erabakitzeko, aintzat hartuko da 38/2003 Legearen 13. artikuluko 4. apartatutik 6.era bitartean xedatutakoa, eta inguruabar bakoitzerako ezarritako irismena izango dute.

  1. Entitate interesdunek bitarteko elektronikoz egin beharko dituzte eskabideak, kontsultak eta prozedura honetako izapide guztiak.

  2. Izapidetze elektronikoa hauetan dago araututa: Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretua, eta Informatika eta Telekomunikazioetako garaiko zuzendariak Platea e-administrazioko Plataforma Teknologikoa onartzeko emandako 2006ko otsailaren 9ko Ebazpena. Horretaz gain, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea ere aplikatu behar zaio izapidetze elektronikoari.

  3. Erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak izapidetzeko zehaztapenak https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1044906 helbidean eskura daitezke. Eskaera-inprimakia ere helbide horretan eskuratu ahal izango da.

  4. Eskabidea aurkeztu ondorengo izapideak «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

  5. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak honako helbide honetan eskuratu daitezke: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

  6. Izapidetze elektronikoa ordezkari baten bidez ere egin ahal izango da, eta, horretarako, ordezkaritza hori Euskal Autonomia Erkidegoaren Ahalordeen Erregistro Elektronikoan inskribatu beharko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

Lurralde Plangintzaren eta Hiri Agendaren zuzendariari dagokio agindu honen arabera eman behar diren dirulaguntzak kudeatzeko lanak egitea, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 8. artikuluaren 3. apartatuan ezarritako printzipioei egokitu beharko zaizkie.

  1. Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita.

  2. Bitarteko elektronikoak erabilita aurkeztuko dira eskabideak, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1044906

  3. Entitate eskatzaileek euskaraz edo gaztelaniaz aurkez ditzakete eskabidea eta dokumentazioa. Era berean, prozedura osoan zehar, entitate eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan xedatutakoari jarraituz.

  4. Honako agiri hauek erantsi beharko zaizkio eskabideari:

    1. Azalpen-memoria; bertan, gutxienez, berariaz eta ordena ezarrian adierazi beharko dira alderdi hauek guztiak:

      1. Udalerriko arazoarekin zerikusia duten arrazoiak lana egiteko.

      2. Jardun-eremua (udalerriko hiri-bilbe osoa, edo berezko entitate eta singulartasuneko area edo auzo zehatza, edo landa-ingurunea) eta eremu horretako biztanleriaren ziurtagiria (udalerria, area, auzoa...)

      3. Indarrean dagoen plangintzaren edo araudiaren azterketa. Atzemandako ahuleziak. Proposatutako jarduerak (berrikusi beharreko hirigintza-ordenantzak edo -tresnak).

      4. Herritarrek parte hartzeko programa, genero-ikuspegiduna, emakumezkoen partehartzea indartzera zuzendua eta udalerriaren edo jardun-eremuaren tamainara egokitua.

      5. Proiektuan parte hartuko duten udal-arloak.

      6. Hirigintzako genero-ikuspegian prestatzeko proposamena, proiektuaren parte diren arloetako langile guztientzat.

      7. Lana idazteko mugarri nagusien egutegia, berariaz barne hartuta partaidetza-prozesua eta langileen prestakuntza.

    2. Diruz lagundutako jarduera bakoitzaren laguntza teknikoaren gastuen aurrekontu xehatua, BEZik gabe, hori ez baita diruz laguntzekoa.

    3. Udaleko idazkaritzaren ziurtagiria, udalerriko, auzoko edo dagokion eremuko biztanle kopurua egiaztatzen duena.

    4. Erantzukizunpeko adierazpena, betebehar eta egoera hauek egiaztatzen dituena:

      1. Jakinaraztea helburu bererako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo bestelako baliabideak eskatu dizkiela beste administrazio edo ente publiko zein pribatu batzuei, eta, kasuan-kasuan, jaso dituela.

      2. Entitate eskatzailea ez egotea laguntza edo dirulaguntza publikoak jasotzea eragozten dion zehapen administratibo edo penal baten pean, edo ez izatea horretarako legezko debekurik.

      3. Entitate eskatzailea ez egotea sartuta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren organismo autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasi eta oraindik izapidetzen ari den edozein itzultze- edo zigor-prozeduratan.

      4. Eskaera egitean, Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean izatea.

        Eskabideak berekin dakar baimena, organo kudeatzaileak ofizioz eta behar bestetan egiaztatu dezan dirulaguntzak eskatzen dituzten entitateek Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak betetzen dituztela.

        Entitate eskatzaileak eskabidean berariaz adierazten badu ez duela ematen baimenik ofizioz egiaztatzeko Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak betetzen dituen, organo eskudunek egindako ziurtagiri administratibo positiboen bidez egiaztatu beharko du.

      5. Eskabidean eta erantsitako agirietan jasotzen diren datuak egiazkoak izatea.

  1. Eskabidean akats edo hutsegiteren bat dagoela edo dokumenturen bat falta dela ikusten bada, entitate eskatzaileari jakinaraziko zaio, eta 10 egun balioduneko epea eman, akatsa zuzendu dezan. Halaber, adieraziko zaio ezen, hala egin ezean, eskaeran atzera egindakotzat joko dela, ebazpen bidez. Ebazpen hori Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluak aurreikusitakoaren arabera eman beharko da.

  2. Akatsak zuzentzeko betebeharra bide elektronikoz jakinaraziko da. Jakinarazpenak kontsultatzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalera jo beharko da: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

  3. Jakinarazpena egindakotzat joko da, interesdunak jaso izana elektronikoki izenpetzen duenean. Jakinarazpena bidali eta egutegiko hamar eguneko epean ez bada edukian sartu, ukatutzat hartuko da, eta izapidea egindakotzat joko; beraz, prozeduran aurrera egingo da egiaztatzen ez bada, ofizioz edo jasotzaileak eskatuta, ezin izan dela teknikoki edo materialki sartu.

  4. Aurrekoa eragotzi gabe, organo kudeatzaileak jasotzaileei jakinarazpenen abisuak igorriko dizkie SMS edo posta elektronikoko mezuen bidez, eskabidean adierazitako telefonoetara edo helbide elektronikoetara. Abisu horiek inoiz ez dira jakinarazpentzat hartuko.

  1. Aurkeztutako eskabideak aztertzeko eta egiaztatzeko, balorazio-epaimahai bat eratuko da, honako kide hauez osatua:

    1. Lurralde Plangintzaren eta Hiri Agendaren zuzendaria, zeina mahaiburu izango baita.

    2. Lurralde Plangintzaren eta Hiri Agendaren Zuzendaritzako Lurraldearen Antolamendurako eta Plangintzarako Zerbitzuko arduraduna.

    3. Lurralde Plangintzaren eta Hiri Agendaren Zuzendaritzako Lurraldearen Antolamendurako eta Plangintzarako Zerbitzuko arkitekto bat.

    4. Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saileko Zerbitzu Zuzendaritzako berdintasun-teknikaria.

    5. Lurralde Plangintzaren eta Hiri Agendaren Zuzendaritzako aholkulari juridiko bat, zeinak idazkari-lanetan jardungo baitu.

  2. Abstentzio-eskubidea eta errekusatze-eskubidea bermatze aldera, eskatzaileei balorazio- epaimahaiko kideak nortzuk diren jakinaraziko zaie bitarteko elektronikoetatik, epaimahaia eratzen denean.

  3. Epaimahaiak bere proposamena igorriko dio Lurralde Plangintzaren eta Hiri Agendaren sailburuordeari, baina lehenago eskabide bakoitza aztertu eta egiaztatuko du hurrengo artikuluan ezarritako esleipen-irizpideen arabera.

  4. Proposamen horretan, diruz lagundu nahi diren eskabideen lehentasun-hurrenkera jasoko da, aipatutako esleipen-irizpideetarako ezarritako puntuazioaren arabera eta zerrenda horretan, entitate onuraduna, diruz lagun daitekeen proiektua eta proposatutako zenbatekoa adieraziko dira aurrekontu-kreditua amaitu arte. Halaber, ukatzeko diren eskabideen zerrenda eta ukatzeko arrazoiak ere egongo dira jasota.

  5. Puntuazio goreneko eskabideei dagozkien zenbatekoak esleitzeko prozesuaren ostean, deialdiko zuzkidura agortzeko falta den saldoa ez bada nahikoa sailkapenean hurrengoa den eskabidearen gehieneko zenbatekoa ordaintzeko, soberako saldo horren zenbatekoa esleituko zaio.

  1. Proiektuaren memoria, 6.4.a) artikuluan jasotzen dena. Kalitatea baloratuko da; 6 puntu gehienez ere, honako hauek kontuan hartuta:

    1. Memorian jasotako atal guztien arteko koherentzia. 1,5 puntu gehienez.

    2. Genero-ikuspegia txertatzeko analisiaren, metodologiaren eta proposamenen garapen zehatza. 2 puntu gehienez.

    3. Proposamenaren zehaztasuna eta bideragarritasuna. 2 puntu gehienez.

    4. Udaleko arlo desberdinek planteatzen den proiektuan daukaten inplikazioa. 0,5 puntu gehienez.

  2. Herritarrek parte hartzeko programa. Gehienez ere, 2 puntu emango dira, honako hauek kontuan hartuta:

    1. Parte-hartze proposamena dirulaguntzaren xedera egokitzea. 0,5 puntu gehienez.

    2. Xede dituen talde eta pertsonei egindako proposamenaren zehaztasuna eta koherentzia. 0,5 puntu gehienez.

    3. Proposamen metodologikoaren xehetasuna eta koherentzia. 1 puntu, gehienez.

  3. Parte hartzen duten arloetako langileentzako prestakuntza-proposamena. Gehienez ere, 2 puntu emango dira, honako hauek kontuan hartuta:

    1. Prestakuntza-proposamena dirulaguntzaren xedera egokitzea. 0,5 puntu gehienez.

    2. Xede dituen arlo eta langileentzako proposamenaren zehaztasuna eta koherentzia. 0,5 puntu gehienez.

    3. Proposamen metodologikoaren eta proposatutako gaien xehetasuna eta koherentzia. 1 puntu, gehienez.

  4. Dirulaguntza jasotzeko, proposamenek 5 puntu lortu behar dituzte, gutxienez.

  5. Berdinketa badago, lehentasun-hurrenkerako memorian lortutako puntuaziora joko da.

  1. Balorazio-epaimahaiaren proposamena ikusi ondoren, Lurralde Plangintzaren eta Hiri Agendaren sailburuordeak ebazpena eman eta jakinaraziko du hiru hileko gehieneko epean, eskabideak aurkezteko epea amaitzen denetik aurrera. Ebazpen horrek balorazio-fasean erdietsitako puntuazioaren arabera esleituko ditu dirulaguntzak, handienetik txikienera, harik eta aurrekontu-zuzkidura agortzen den arte; orduan, gainerako eskabideak ukatuko ditu, eta dirulaguntza jasoko duten udalak, diruz lagundutako proiektuak eta emandako zenbatekoak zein diren adieraziko. Ukatutako eskabideen kasuan, ukatzearen arrazoiak adieraziko ditu. Aipatutako ebazpena jakinarazteko, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian emango da argitara; era berean, horren berri emateko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren iragarki-oholean argitaratuko da. Honako hau da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren iragarki-oholaren helbidea: https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa

  2. Ebazpen horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuari, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluekin bat.

  3. Gehieneko epea inolako ebazpenik jakinarazi gabe bukatzen bada, laguntza-eskabidea ezetsi dela ulertu beharko dute entitate interesdunek, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. Artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.

  4. Ebazpenaren jakinarazpen elektronikoak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

Agindu honetan araututako dirulaguntzen entitate onuradunek artikulu hauetan xedatutako betebeharrak bete beharko dituzte: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50. artikulua, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikulua. Zehazki, betebehar hauek bete beharko dituzte:

  1. Emandako dirulaguntza onartzea. Ildo horretatik, dirulaguntza eman zaiela jakinarazi eta hamabost eguneko epean onuradunek dirulaguntzari beren-beregi eta idatziz uko egiten ez badiote, dirulaguntza onartu egin dutela esan nahiko du (agindu honen 10.1 artikuluaren arabera egingo da jakinarazpena).

  2. Dirulaguntza eman den xede horretarako erabiltzea.

  3. Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari beren eginkizunetan eskatzen duten informazioa ematea deialdi honen karietara jasotako dirulaguntzei buruz.

  4. Laguntza hauek kudeatzen dituen zuzendaritzari aditzera ematea edozein administraziok edo ente publiko zein pribatuk helburu bererako emandako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideak lortu izana, eta adieraztea, halaber, organo emailea eta laguntzaren zenbatekoa zein diren; hamar egun balioduneko epea egongo da horretarako, inguruabar horren berri izaten denetik aurrera.

  5. Emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzeko eta emakumeen kontrako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko otsailaren 18ko 4/2005 Legeak administrazioarekin kontratatzen eta hitzartzen, edo harengandik laguntzak jasotzen dituzten erakundeei ezarritako betebeharrak onartzea. Horietan ezarritakoa betetzeko, sexuaren arabera bereizitako datuak izan behar dituzte, hizkera ez-sexista erabili, beren zuzendaritza-organoetan emakumeen eta gizonen presentzia orekatua sustatu eta emakumeen eta gizonen berdintasunari dagokionez aipatu legearen 3. artikuluak ezarritako printzipio orokorrak errespetatu.

  6. Egindako dokumentuak berariaz adierazi beharko du finantzaketa publikoa dela, eta Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren dirulaguntza jaso duela; beraz, jardueraren aipamena egiten den karteletan eta testuetan sail horren logo ofiziala ezarri beharko da, Eusko Jaurlaritzaren erakunde-nortasunaren eskuliburua arautzen duen abuztuaren 31ko 318/1999 Dekretuan xedatutakoarekin bat. Halaber, egindako dokumentua eskuragarri egon beharko da diruz lagundutako erakundearen webgunean.

  7. Lana idazteko mugarri nagusien egutegia betetzea, deialdi-agindu honen 6.4.a) artikuluan ezarritakoari jarraituz. Horretarako, dirulaguntza onartzen denetik sei hilabete igaro ostean, onuradunek egiaztatu beharko dute bete dituztela egutegi horretan ezarritako mugarriak.

Dirulaguntza emateko kontuan hartu diren baldintzetan edozein aldaketa izanez gero, eta nolanahi ere, aldi berean beste administrazio batzuen edo ente publiko zein pribatuen laguntzak nahiz dirulaguntzak lortuz gero, eta, kasuan-kasuan, helburu horietarako edonolako diru-sarrerak edo baliabideak, dirulaguntza emateko ebazpena alda daiteke, baina, betiere, laguntzaren onuradun izateko eskakizunak betetzen badira.

Gastuen behin betiko kostua dirulaguntza emateko oinarritzat hartutako aurrekontua baino txikiagoa bada, dirulaguntzaren zenbatekoa bidezko proportzioan murriztuko da, eta gero dirulaguntzaren ehunekoa oinarri berriari aplikatuko zaio.

Entitate onuradunak ez badu erabiltzen dirulaguntza hori eskatu eta eman zitzaion xederako, edo dirulaguntza eragin duen jarduketa egiten ez badu, edo finkaturiko xedeetarako erabili duela justifikatzen ez badu, edo, oro har, ez baditu betetzen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean, agindu honetan eta dirulaguntza emateko ebazpenean ezarrita dauden betebeharrak, dirulaguntza jasotzeko eskubidea galduko du eta, hala badagokio, jaso duen diru kopurua itzuli egin beharko du, baita sortutako legezko interesak ere. Dirua itzultzeko, horretarako ezarritako prozedura beteko da, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 37. artikuluak xedatzen duen bezala.

  1. Diruz lagunduko da 1.2 artikuluan aipatzen den dokumentua idazteko laguntza teknikoa kontratatzea dela-eta sortutako gastuen % 90 (BEZik gabe), betiere dagoen aurrekontu-kreditua agortu arte.

  2. Enkargatutako dokumentuaren benetako kostua alde batera utzita, dirulaguntzarako kontuan hartu behar den gehieneko zenbatekoa (Z) kalkulatzeko, kontuan hartuko da udalerriko edo jardun-eremuko biztanleria (B), formula honetaz baliatuta:

    (Ikus .PDF)

    Edonola ere, kontuan hartuko den gutxieneko biztanle kopurua 700 izango da, baita udalerri txikiagoetarako ere.

    Dirulaguntza ez da inola ere 22.000 euro baino gehiago izango.

  3. Diruz lagundu daitezkeen gastuei Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan adierazitakoa aplikatuko zaie. Artikulu horrek ezartzen duenez, diruz lagundu daitekeen gastuaren zenbatekoak Sektore Publikoko Kontratuei buruzko urriaren 30eko 30/2007 Legean kontratu txikirako ezarritako zenbatekoak gainditzen baditu, onuradunak hornitzaile desberdinen hiru eskaintza eskatu beharko ditu gutxienez, obrarako, zerbitzua emateko edo ondasuna entregatzeko konpromisoa hartu aurretik, honako kasu hauetan izan ezik: beren ezaugarri bereziak direla-eta, merkatuan ez badago horiek egin, eman edo hornitzen dituen erakunde nahikorik, edo gastua dirulaguntza eman aurretik egin bada.

Agindu honen bidez deitutako dirulaguntzak bateragarriak dira beste ente publiko edo pribatu batzuek helburu bererako egindako deialdietako bestelako dirulaguntza edo laguntza batzuekin eta bestelako sarrera edo baliabide batzuekin, baldin eta laguntza horien xede den jarduerarako jasotzen diren laguntza guztiek gainfinantzaketarik eragiten ez badute. Kasu horretan, gehiegizko kopuru hori kenduko zaio deialdi honen bidez emandako laguntzari.

Orotara, 200.000 euro bideratuko dira aipatutako dirulaguntzak emateko; horietatik, 40.000 euro 2022. urteari dagozkio, eta 160.000 euro 2023. urteari.

Lurralde Plangintzaren eta Hiri Agendaren zuzendariak emango ditu dirulaguntza ordaintzeko ebazpenak, eta honela ordainduko da:

  1. Lehen ordainketa emandako dirulaguntzaren % 20koa esleipen-ebazpena jakinarazi eta gehienez hilabeteko epean egingo da.

  2. Bigarren eta azken ordainketa, dirulaguntza justifikatu ondoren, emandako zenbatekoaren gehienez % 80koa. Horretarako, beranduenera 2023ko azaroaren 30ean, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalean dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

    1. Hirigintza-tresnak hobetzeko edo zuzentzeko proposamena.

    2. Justifikazio-memoria, bai egindako parte-hartze prozesuarena, bai lanean parte hartu behar zuten arloetako langileen hirigintzako genero-ikuspegiari dagokion prestakuntzarena.

    3. Laguntza teknikoa kontratatzea dela-eta sortutako gastuak ordaindu izanaren ziurtagiria, udal idazkariak egina, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 30.4 artikuluan jasotako alderdiak egiaztatzen dituena.

      Egindako justifikazioa ez bada heltzen eskabidean aurkeztutako aurrekontura, ordaintzeko, kontuan hartuko da diruz lagundu daitekeen gehieneko aurrekontua, 15. artikuluan aipatua, eta 13. artikuluan adierazitakoa.

      Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Saileko Hirugarrenen Erregistroan egoteko eskatzen bada, hirugarrenen alta elektronikoki izapidetu daiteke dagokion zerbitzuaren bidez (egoitza elektronikoan ere eskuragarri dago), honako helbide honetan: https://www.euskadi.eus/hirugarrenak

Agindu honek administrazio-bidea amaitzen du, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa jar dakioke Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuari, hilabeteko epean, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko maiatzaren 25a.

Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburua,

IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.