Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2021eko uztailaren 28koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuarena, zeinaren bidez egiten baita mahastizaintza eta ardogintzako sektorea bultzatzeko programaren inbertsiorako laguntzen 2022. urteko deialdia.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 179
  • Hurrenkera-zk.: 4669
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2021/07/28
  • Argitaratze-data: 2021/09/08

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Europako mahastizaintza eta ardogintzako ekoizleen lehiakortasuna areagotzeko eta haien ardoen kalitatea finkatzeko, mahastizaintza eta ardogintzako merkatuaren erakunde komun bat ezarri da. Europako Erregelamenduak ezarritako babes-neurrien artean, mahastizaintza eta ardogintzako sektoreko enpresen errendimendu orokorra hobetzera eta horiek merkatuko eskaeretara egokitzera bideratutako inbertsiorako laguntzak daude.

Merkatu-antolakunde erkide hori (MAE), egun, honako erregelamendu hauen arabera arautzen da: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1308/2013 (EB) Erregelamendua, Nekazaritza-produktuen merkatu-antolakunde erkidea sortzen duena eta erregelamendu hauek baliogabetzen dituena: 922/72 (EEE), 234/79 (EE), 1307/2001 (EE) eta 1234/2007; Batzordearen 2016ko apirilaren 15eko 2016/1149 Erregelamendu Delegatua (EB), zeinaren bidez osatzen baita Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1308/2013 Erregelamendua (EB) mahastizaintzaren eta ardogintzaren sektoreari laguntzeko programa nazionalei dagokienez, eta aldatzen baita Batzordearen 555/2008 (EE) Erregelamendua, eta Batzordearen 2016ko apirilaren 15eko 2016/1150 Betearazpen Erregelamendua (EB), zeinaren bidez ezartzen baita Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1308/2013 Erregelamenduko (EB) zer xedapen aplikatu behar diren mahastizaintzaren eta ardogintzaren sektoreari laguntzeko programa nazionalei dagokienez.

Estatuan, 2018ko azaroaren 3an, argitara eman zen azaroaren 2ko 1363/2018 Errege Dekretua, Espainiako mahastizaintzaren eta ardogintzaren sektoreari laguntzeko 2019-2023ko programako neurriak aplikatzekoa, eta aldaketa ugari izan ditu argitaratu zenetik: 608/2019 Errege Dekretua, urriaren 25ekoa; 137/2020 Errege Dekretua, urtarrilaren 28koa; 558/2020 Errege Dekretua, ekainaren 9koa; 617/2020 Errege Dekretua, ekainaren 30ekoa; eta 283/2021 Errege Dekretua, apirilaren 20koa. Arau honen II. kapituluko 4. atalean, «Inbertsioak» neurria jasotzen da.

Euskal Autonomia Erkidegoan, abenduaren 9ko 227/2014 Dekretuak ezartzen ditu Europako erregelamenduak eta Estatuko oinarrizko araudia garatzeko eta aplikatzeko arauak (227/2014 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko mahastizaintzaren eta ardogintzaren sektoreari laguntzeko Europako laguntza-neurriak aplikatu eta garatzekoa). Arau horrek abenduaren 22ko 630/2009 Dekretua indargabetu eta ordeztu du, hain zuzen ere laguntza hauek arautzen dituzten arau substantiboetan egindako aldaketak txertatzea ahalbidetzeko.

Bestalde, agindu honen bidez, deialdia egiten da azaroaren 2ko 1363/2018 Errege Dekretuan ezarritako laguntzak emateko, baina laguntza horien gastua FEAGA 2023 aurrekontuari egotziko zaio. Horrenbestez, laguntza horiek eraginkorrak izateko, Euskal Autonomia Erkidegoaren 2022ko Aurrekontu Orokorretan behar besteko kreditua eduki behar da, hala xedatuta baitago Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzea arautzeari buruzko 2007ko apirilaren 26ko Aginduan.

Horrenbestez, honako hau

Lehenengoa. Xedea.

Agindu honen xedea da inbertsioetarako laguntzen 2022ko deialdia egitea, betiere azaroaren 2ko 1363/2018 Dekretuan xedatutakoa betetzeko.

Bigarrena. Eskabideak aurkeztea eta horretarako epea.

  1. Inbertsioak egiteko laguntza-eskabideak aurkezteko epea, berriz, agindu hau argitaratu eta biharamunean hasi eta 2022ko otsailaren 1a baino lehen bukatuko da. Hala ere, 2021eko otsailaren 1etik aurrera (egun hori barnean dela) aurkeztutako eskabideak onartuko dira. Agindu honen III. eranskinean dago jasota laguntza hau eskatzeko inprimakiaren edukia.

  2. Eskabideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan sartuta aurkeztuko dira, ebazpen-zati honen 3. apartatuan adierazitako helbideen bidez.

  3. Administrazio-prozeduraren informazio-fitxa (bertan daude izapideak egiteko jarraibideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta ereduak, eta haren bidez sar daiteke eskaera egiteko inprimakira) honako esteka honetan dago:

    https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0111009

    Eskabidearen ondorengo izapideak helbide elektroniko honetan egiten dira, bitarteko elektronikoen bidez: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

  4. Eskabidea ordezkari baten bitartez egiten bada, artikulu hauetan xedatutakoaren arabera egiaztatu beharko da ordezkaritza: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 5. eta 6. artikuluak. Ordezkaritza Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Ahalordeen Erregistro Elektronikoan inskribatu ahal izango da, zeina helbide honetan baitago: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

    Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak honako helbide honetan eskuratu daitezke: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

    Hirugarrena. Egokitzapena.

  1. Laguntza hauek xedapen eta erregelamendu hauetan xedatutakoaren arabera arautuko dira: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1308/2013 Erregelamendua (EB) (apirilaren 15eko 2016/1149 EB Erregelamendu Delegatuak osatua), Batzordearen 2008ko ekainaren 27ko 555/2008 (EE) Erregelamendua, Batzordearen 2016ko apirilaren 15eko 2016/1150 Betearazpen Erregelamendua (EB), azaroaren 2ko 1363/2018 Errege Dekretua denak ere Espainiako estatu osoan bete beharrekoak, abenduaren 9ko 227/2014 Dekretua, edo horiek aldatzen edo ordezten dituzten araudiak.

  2. 2022ko laguntzak arautzen dituen araudia ezagutarazteko, abenduaren 9ko 227/2014 Dekretuaren 7.2 eta 17.2 artikuluetan xedatutakoa betez, agindu honen I. eranskinean jasotzen da araudia, ekitaldi honetan aplikatzekoa zein erreferentziazkoa.

    Laugarrena. Baldintza.

    Agindu hau eraginkorra izateko, kreditu egokia eta nahikoa izan beharko da Euskal Autonomia Erkidegoko 2022ko Aurrekontu Orokorretan, behin betiko ebazpenaren unean, hala xedatzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargurako gastu-espedienteen aldez aurretiko izapidetzea arautzen duen Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduan.

    Bosgarrena. Bateraezintasunak.

    Laguntza hauek ezingo dira bateratu otsailaren 14ko 43/2017 Dekretuaren bidez deitutakoekin. Dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Landa Garapenerako 2015-2020 Programan jasota dauden laguntzen esparru-araudia ezartzen da. Laguntza hauek bereziki bateraezinak dira programa horretako «Lehiatu Berria» laguntzekin.

    Seigarrena. Inbertsioetarako laguntzetan lehentasuna izateko irizpideen haztapena.

    Agindu honetako II. eranskinean jasota dago Euskal Autonomia Erkidegoan egiten diren inbertsioetarako laguntzetan lehentasuna izateko irizpideen haztapena, azaroaren 2ko 1363/2018 Errege Dekretuaren 68.5 artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako.

    Zazpigarrena. Errekurtsoak.

    Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, haren aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke nekazaritza-gaietan eskumena duen sailburuari, hilabeteko epean, edo bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

    Zortzigarrena. Ondorioak.

    Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera sortuko ditu ondorioak.

    Vitoria-Gasteiz, 2021eko uztailaren 28a.

    Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua,

    MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

  1. Aplikazio-eremua.

    Mahastizaintzaren eta ardogintzaren sektoreko enpresen errendimendua oro har hobetzeko, merkatuaren eskarira egokitu daitezen laguntzeko eta haien lehiakortasuna areagotzeko, laguntza finantzarioa emango zaie ardogintzaren eraldaketa-instalazioetan eta azpiegituretan egindako inbertsio ukigarri eta ez-ukigarriei, bai eta merkaturatze-egitura eta -tresnetan egindakoei ere. Laguntza finantzarioa emango da, halaber, energia-aurrezpena, efizientzia energetiko orokorra eta prozesu jasangarriak hobetzeko.

    Inbertsio horiek mahastizaintzako eta ardogintzako zenbait produktu ekoizteko, merkaturatzeko edo bietarako izango dira; zehazki Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1308/20013 (EB) Erregelamenduaren VII. eranskineko II. zatian aipatutako produktuak, Espainiako lurraldean ekoitzi direnak.

    Ekitaldi honetan, inbertsioen neurriei dagokien araudi aplikagarria azaroaren 2ko 1363/2018 Errege Dekretuko 4. atalean jasotakoa izango da, Espainiako mahastizaintzaren eta ardogintzaren sektoreari 2019-2023 aldian laguntza-neurrien programa eskaintzekoa, urriaren 25eko 608/2019 Errege Dekretuak aldatua.

  2. Onuradunak.

    Inbertsioaren gaineko neurriaren onuradun izango dira:

    1. Mahastizaintzako eta ardogintzako enpresak, baldin eta, eskabidea egiten duten unean, honako erregelamendu honetan jasotako produktuak ekoitzi edo merkaturatzen badituzte: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1308/2013 (EB) Erregelamenduaren VII. eranskineko II. zatian. Onuradun izan daitezke, orobat, laguntza-eskaeraren xede den eragiketa gauzatzearen ondorioz halako produktuak ekoizten edo merkaturatzen hasi diren enpresak. Eskabidea aurkezteko eguna baino lehen eratuta behar dute enpresek.

    2. Mahastizaintzako eta ardogintzako ekoizleen erakundeak, baldin eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1308/2013 (EB) Erregelamenduaren 152. artikuluari jarraituz aitortuta badaude.

    3. Ekoizle bi edo gehiago biltzen dituzten elkarteak, baldin eta nortasun juridikoa badute eta lehenago adierazitako erregelamenduaren VII. eranskineko II. zatian aipatutako produktuak ekoizten badituzte. Eskabidea aurkezteko eguna baino lehen eratuta behar dute erakundeek.

    4. Lanbidearteko erakundeak.

      Dena den, jarduera bakartzat merkaturatzea duten enpresak badira, itxitako azken ekitaldiko fakturazioaren % 80, gutxienez, honako produktu hauek merkaturatzetik atera beharko da: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1308/2013 (EB) Erregelamenduaren VII. eranskineko II. zatian zehaztutako produktuak.

      Ez zaie laguntzarik emango zailtasun-egoeran dauden enpresei, betiere aintzat hartuta Krisialdian dauden enpresak salbatzeko eta berregituratzeko estatu-laguntzei buruzko Batzordearen 2014ko uztailaren 31ko 2014/C-249/01 Jakinarazpenean halako enpresei buruz jasotako definizioa.

  3. Iraunkortasuna.

    Laguntza eta dagozkion berandutze-interesak itzuli beharko dira, bost urteko epean, onuradunak azken ordainketa jasotzen duenetik hasita, baldin eta 2013ko abenduaren 17ko 1303/2013 Errege Dekretuaren 71. artikuluan adierazitako gorabeheraren bat gertatzen bada, hala ezarrita baitago Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1308/2013 Erregelamenduaren (EB) 50. artikuluko 5. apartatuan, zeinak ezartzen baitu honako artikulu honen mutatis mutandis aplikazioa: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1303/2013 Erregelamenduaren (EB) 71. artikulua.

    Era berean, laguntzaren xede den ekoizpen-jarduera eta horrekin lotutako azpiegiturak eskualdatzen diren kasuetan, eskuratzaileei ere eskatuko zaie iraunkortasuna, eta agintari eskudunen aurrean behar bezala egiaztatu beharko dute horren berri dutela eta onartzen dutela. Hala egin ezean, laguntza itzultzeko eskatu ahal izango zaio laguntzaren jatorrizko onuradunari.

  4. Eragiketen xedeak.

    Laguntzaren xede diren eragiketek lagundu behar dute azaroaren 2ko 1363/2018 Errege Dekretuaren XVII. eranskinean bildutako helburu estrategietako bat lortzen, gutxienez.

    Helburu estrategiko horiek lortzeko, eragiketa bakoitzean helburu orokor bat edo batzuk identifikatu beharko dira. Helburu horietako zenbait, baina ez denak, zerrendatuta daude abenduaren azaroaren 2ko 1363/2018 Errege Dekretuaren XVIII. eranskinean. Eragiketa jakin baten helburu orokorretakoren bat jasota ez badago zerrenda horretan, eskatzaileak zehaztu beharko du zein den helburu hori.

  5. Eragiketen ezaugarriak.

    Laguntza-eskabideak aurkezteko epea FEAGAren zer ekitalditan amaitzen den, ekitaldi horren ondorengo aurrekontu-ekitaldiari eragingo diote gehienez eragiketek. Eskaera aurkezten den egunetik has daiteke eragiketak gauzatzen, eta, hala badagokio, eragiketak hasi gabe daudela dioen akta egiten denetik aurrera.

    Urteko eragiketetarako eskaerak kasu honetan bakarrik onartuko dira: gastu-kontzeptuak mugatzen badira deialdiko laguntza-eskabideak aurkezteko epea bukatzen deneko FEAGA ekitaldiaren ondoko ekitaldira.

  6. Eskabideak onartzeko irizpideak.

    Eskabideak irizpide hauen arabera aztertuko dira:

    1. Inbertsio-eragiketak argiro zehaztuko dira, ekintzak eta haien iraupena azalduz, eta ekintza bakoitzaren gastu-kontzeptuak eta aurreikusitako kostuak zehaztuz.

      Zehaztuko da, orobat, eragiketa bakoitzak nolako helburu estrategiko eta orokorrak bete nahi dituen.

    2. Bermatuko da proposatutako eragiketaren kostuek ez dituztela gaindituko merkatuaren prezio normalak, eta kostuen moderazioa betetzen dela.

      Diruz lagundu daitezkeen gehieneko zenbatekoak (azaroaren 2ko 1363/2018 Errege Dekretuaren XIX. eranskinean jasota daudenak) ezartzeak ez du esan nahi kostuen moderazioa ebaluatu behar ez denik.

      Agintari eskudunek uste badute kostuek merkatuaren prezio normalak gainditzen dituztela edo ez dela betetzen kostuen moderazioa, eskatzaileari eskatuko diote eskabidea zuzentzeko edo behar bezala justifikatzeko.

      Kostuen moderazioa ebaluatzeko, sistema hauetako bat edo haien konbinazioa erabiliko da:

      1. Zenbait eskaintzaren konparazioa.

        Oro har, eskatzaileak hiru hornitzaileren eskaintzak aurkeztu beharko ditu gutxienez, zerbitzua eman baino lehen edo produktua entregatu aurretik.

        Gutxienez, honako alderdi hauek ebaluatuko dira: eskaintzen independentzia; eskaintzen elementuak konparagarriak izatea; eta eskaintzen deskribapenaren argitasuna eta zehaztasuna.

        Eskaintzen artean hautaketa egiteko, efizientzia- eta ekonomia-irizpideak erabiliko dira, eta, eskaintza merkeena hautatzen ez bada, berariaz justifikatu beharko da zergatik, bai eta, hala badagokio, zergatik ez dagoen hornitzaile nahikorik. Alderdi hori berdin aplikatuko da, halaber, gauzatutakoa ez badator bat onartutakoarekin.

      2. Erreferentzia-kostuak.

        Agintari eskudunek erreferentzia-prezioen datu-base bat ezarri edo erabiltzen dute. Datu-base hori osoa eta behar bezain zehatza izan behar da, aldian-aldian eguneratu beharko da, eta bermatu beharko du prezioak merkatuaren prezioen isla direla.

      3. Ebaluazio-batzordea.

        Ebaluazio-batzorde bat eratzen bada edo merkatu-azterlan bat egiten, kontuan hartu beharko da batzordekideek dagokion arloan esperientzia izan behar dutela. Batzordearen lana behar bezala dokumentatu beharko da.

    3. Eskatzaileak frogatzen du eskura dituela baliabide teknikoak eta finantzarioak, eragiketa zuzen gauzatzeko adinakoak, eta enpresa ez dagoela krisi-egoeran Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren abenduaren 17ko 1308/2013 Erregelamenduaren 50. artikuluko 2. apartatuaren hirugarren zenbakian ezarritakoari jarraituz.

      Eskatzaileak frogatu beharko du enpresa ekonomikoki bideragarria dela, non ez den, estatutuei jarraituz, irabazi-asmorik gabeko erakunde bat.

      Ekoizle bi edo gehiago (Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren abenduaren 17ko 1308/2013 (EB) Erregelamenduaren VII. eranskineko II. zatian aipatzen diren ekoizleak) biltzen dituen eta nortasun juridikoa duen elkarte bat baldin bada eskatzailea, elkarteko ekoizle bakoitzak frogatu beharko du gaitasuna duela beharrezkoak diren baliabide tekniko eta finantzarioak eskuratzeko, inbertsioan duen partaidetzaren arabera, edo, bestela, elkarteak gaitasuna duela beharrezkoak diren baliabide tekniko eta finantzarioak eskuratzeko.

      Honako egoera hauetan ulertuko da alderdi horiek frogatu gabe geratu direla eta, ondorioz, eskatzailea ezin dela dirulaguntzaren onuradun izan:

      1. Krisialdian baldin badago, betiere Krisialdian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko estatu-laguntzei buruzko jarraibideetan xedatutakoaren arabera (Batzordearen 2014ko uztailaren 31ko 2014/C-249/01 Jakinarazpena).

      2. Borondatezko konkurtsoa deklaratzeko eskaria egin badu, prozeduraren batean kaudimengabekotzat jota badago, hartzekodunen konkurtsoan deklaratuta badago (salbu eta horretan itun batek eragingarritasuna hartu badu), epailearen esku-hartzearen mende badago edo uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera desgaituta badago, konkurtsoa kalifikatzeko epaian finkatutako desgaitze-aldia amaitu gabe dagoelarik.

      3. Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak beteta dituela egiaztatu ez badu Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamenduan ezarritako eran.

    4. Eskatzaileak proposatutako estrategien eta finkatutako helburuen arteko koherentzia, eta eragiketak izan dezakeen eragina eta arrakasta eraldaketaren edo merkaturatzearen errendimendu orokorra hobetzeko, eskatzailearen instalazioak merkatuaren eskarietara egokitzeko eta lehiakortasuna areagotzeko.

      Ez da inolako laguntzarik emango, laguntza-eskabideetan inkoherentzia-egoerak atzemanez gero, edo haietan aurreikuspenak behar bezala dokumentatuta ez badaude.

  7. Laguntza-eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.

    Pertsona fisikoentzat:

    Pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga, eskaera aurkeztu den dataren aurreko ekitaldiarena.

    Pertsona juridikoentzat:

    Legezko ordezkariaren NANa.

    Enpresa eratzeko eskritura.

    Legezko ordezkariaren ahalordetze-eskritura.

    Entitatearen estatutuak.

    Eskaera aurkeztu den dataren aurreko ekitaldiari dagokion sozietateen gaineko zerga.

    Bien kasuan:

    Ez badu Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntzarik jaso azken 5 urteetan, hirugarrenaren altaren dokumentua.

    Enpresa merkaturatzailearen kasuan:

    Fakturazioaren % 80 1308/2013 Erregelamenduaren (EB) VII. eranskinaren II. zatiko produktuetatik datorrela ziurtatzeko idatzizko konpromisoa.

    Proiektua deskribatzeko memoria, atal hauek dituena:

    Ekintza eta inbertsioen deskripzio zehatza.

    Betearazteko aurreikusitako epea.

    Aurrekontu zehatza, euskarri-dokumentazioarekin batera; besteak beste, proformako fakturak, kontratuen kopia edo eskabide irmoak.

    Obra zibila duten proiektuen kasuan:

    Lurren jabetza-titulua edo lurzoruaren erabileraren lagapena.

    Obra betearazteko proiektu ikus-onetsia.

    Obra-lizentziaren eskabidea.

    Inbertsio guztien kostuen moderazioa (hiru eskaintza, hiru hornitzaile desberdinena).

    Enpresaren bideragarritasun-memoria tekniko-ekonomikoa; honako hauek jasoko dira gutxienez:

    Sustatzaileen identifikazioa (enpresaren aurrekariak).

    Enpresaren egitura.

    Ekoizpen-prozesuaren eta landutako produktuen deskribapena.

    Prestatutako produktuen merkatuak.

    Proiektuaren kokalekua.

    Inbertsioarekin aurreikusten diren emaitzak (ekonomikoak, modernizazioa, enplegu-sorkuntza...).

    Azken bi urteetako balantzea eta emaitza-kontua.

    Euskadiko berariazko lehenespen-irizpideak egiaztatzen dituen justifikazio-memoria (azaroaren 2ko 1363/2018 Errege Dekretuko XXII. eranskina, urriaren 25eko 608/2019 Errege Dekretuak aldatua).

  8. Diruz lagundu daitezkeen gastuak.

    Honako ekintza hauen kostuak lagundu daitezke diruz:

    1. Ondasun higiezinak eraiki, erosi eta hobetzea.

    2. Makina eta ekipamendu berriak erostea, produktuaren merkatu-balioraino.

    3. a eta b letretan jasotako gastuen kostu orokorrak, hala nola arkitekto, ingeniari eta aholkularien ordainsariak eta bideragarritasun-azterlanak, betiere inbertsio-eragiketarako onartutako aurrekontuaren % 8ko muga dutela.

    4. Ordenagailuetarako euskarri logikoak erosi edo garatzea, patenteak, lizentziak eta egile-eskubideak erostea eta marka kolektiboak erregistratzea.

      Azaroaren 2ko 1363/2018 Errege Dekretuaren XIX. eranskinean adierazitako kontzeptuetarako, inbertsio-eragiketetan diruz lagundu daitezkeen gehieneko zenbatekoek ezingo dituzte gainditu eranskin horretan adierazitako mugak. Hala, eragiketa batean muga horiek gainditzen badira, gaindikina ez da diruz laguntzeko moduko gastutzat hartuko.

      Ezingo dira diruz lagundu azaroaren 2ko 1363/2018 Errege Dekreturen XX. eranskinean ezarritako gastuak.

  9. Ebazpena.

    1. Nekazaritza eta Landa Garapenaren Sektoreko Konferentziak hautatutako eskabideen behin betiko zerrenda jakinarazi ondoren, Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak dagozkion ebazpenak emango ditu eta onuradunei jakinaraziko dizkie. Ebazpenetan honako hauek adieraziko dira gutxienez: diruz lagun daitezkeen inbertsioen zenbatekoa, emandako laguntza eta onartutako exekuzio-egutegia.

    2. Prozedura ebazteko eta jakinarazteko gehieneko epea eskabideak aurkezteko epea bukatu eta hurrengo egunetik sei hilabetekoa izango da. Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzari dagokio dirulaguntza ukatzeko edo, errekurtsorik aurkeztuz gero, errekurtsoak ezesteko ebazpen arrazoituak egitea.

    3. Behin sei hilabeteko epea igaro ondoren, ebazpenik izan ezean, interesdunek eskabideak ezetsi direla pentsatu ahal izango dute, azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 25.5 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

    4. Ebazpena aldekoa bada, laguntza emateko ebazpena jakinarazi eta hilabeteko epean, onuradunak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu:

      1. Dirulaguntza emateko baldintzak berariaz onartzea.

      2. Egikaritze onaren berme bat gordailutu dela egiaztatzen duen agiri bat, Batzordearen 2014ko martxoaren 11ko 907/2014 (EB) Erregelamendu Delegatuan aurreikusitako baldintzen arabera. Erregelamendu horrek Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1306/2013 (EB) Erregelamendua osatzen du, erakunde ordaintzaileei eta beste organo batzuei, finantza-kudeaketari, kontuen likidazioari, bermeei eta euroaren erabilerari dagokienez. Aipatu bermea Europar Batasuneko finantzaketaren zenbatekoaren ehuneko 15 izango da, eta onuradunak eragiketaren parte diren ekintza guztiak gauzatzen dituela ziurtatuko du.

  10. Eragiketak aldatzea.

    1. Onuradunak eskatu ahal izango du hasiera batean onartutako inbertsio-eragiketa aldatzea, hala ezarrita baitago Batzordearen 2016ko apirilaren 15eko 2016/1149 Erregelamendu Delegatuaren (EB) 53. artikuluaren 1. apartatuan.

    2. Aldaketa guztiak behar bezala justifikatu beharko dira, eta Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzari aurkeztuko zaizkio. Zuzendaritza horrek ebaluatuko ditu aurkeztutako aldaketa guztiak.

    3. Aldaketek honako muga hauek bete beharko dituzte:

      Eragiketa onartzeko aurkeztu ziren helburu estrategiko edo orokorrak ez aldatzea.

      Hautagarritasun-baldintzak ez aldatzea.

      Nekazaritza eta Landa Garapenaren Sektoreko Konferentziak jakinarazitako behin betiko zerrendan Euskal Autonomia Erkidegorako mozketa markatzen duen eskabidean baino puntuazio txikiagoa ez sortzea.

      Onuraduna ez aldatzea, kasu hauetan izan ezik: onuradun berria bat-egite- edo salerosketa-prozesu baten ondoriozkoa bada, edo sozietate motaren edo nortasun juridikoaren eraldaketa baten ondoriozkoa, eta, betiere, laguntza ematerakoan aintzat hartu ziren baldintzak aldatzen ez badira.

      Ez eragitea ordainketak FEAGAren ekitaldi batetik geroagoko beste batera aldatzea.

      Laguntzaren xede den inbertsioa hasieran onartutakoaren % 40 baino gehiago ez murriztea.

    4. Bi aldaketa mota bereizten dira:

      1. Aldaketa handiak: egin aurretik baimendu behar dira, eta Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzaren berariazko aldeko ebazpena beharko dute.

        Aldaketa handiak Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzari aurkeztu beharko zaizkio, aldatu nahi diren inbertsioak ordaintzeko eskatu behar den FEAGA ekitaldiko otsailaren 1a baino lehen.

      2. Aldaketa txikiak: jarduketen amaiera jakinarazi edo ordainketa-eskaera aurkeztu baino lehen aurkeztu behar dira, beranduenez. Hauek hartuko dira aldaketa txikitzat:

        Onartutako eragiketa bateko ekintzen arteko aurrekontu-transferentziak, betiere ekintza bakoitzerako hasieran definitutako aurrekontuaren % 20 bada gehienez, eta hasieran onartutako edo, hala badagokio, aldatutako ekintza guztiak egin badira, edo hasieran aurreikusitako epeen barruan egiteko moduan badaude.

        Ekintza bakoitzerako hasieran onartutako zenbatekoaren % 20ra arte aurreztea dakarten aldaketak.

        Azaroaren 2ko 1363/2018 Errege Dekretuaren XXIII. eranskinaren B zatian aurreikusitako aldaketak. Beste aldaketa txiki batzuk:

        Makina edo instalazio baten marka edo hornitzailea aldatzea, betiere ezaugarri teknikoak mantentzen edo hobetzen badira, errendimendua, energia-kontsumoa eta mantentze-lanak, etab., kontuan hartuta.

        Upelen kopurua aldatzea, betiere guztizko edukiera eta ezaugarriak azaroaren 2ko 1363/2018 Errege Dekretuaren XIX. eranskineko V. epigrafean aurreikusitako tipologiaren arabera mantentzen badira.

        Aldaketa txiki horiek aldez aurreko onespenik gabe egin ahal izango dira, baina kontzeptu horietarako diruz lagun daitekeen inbertsioaren zenbatekoa ezin izango da inoiz dirulaguntza ematean aurreikusitakoa baino handiagoa izan.

        X. apartatu honetan adierazitakoa gorabehera, Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak salbuespenez baimena eman dezake aurreko apartatuetan adierazitako baldintzekin bat ez datozen aldaketak egiteko, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1306/2013 Erregelamenduaren (EB) 2.2 artikuluan zehazten diren salbuespeneko inguruabarretan edo ezinbesteko kasuetan.

        1. Onartutako aurrekontuak murriztea dakarten aldaketek emandako dirulaguntzaren murrizketa proportzionala ekarriko dute.

        2. Onartutako aurrekontuak gehitzea dakarten aldaketek ez dute ekarriko onartutako dirulaguntza handitzea.

        3. Onuradunak bere horretan mantenduko du egikaritze onaren bermea gordailutzeko betebeharra, hasierako dirulaguntza ematearen gainean kalkulatutako zenbatekoen arabera.

  11. Finantzaketa.

    1. Euskal Autonomia Erkidegoan, laguntza mota % 40koa izango da, kontuan hartuta 1308/2013 Erregelamenduaren (EB) 50.4 artikuluan jasotzen diren inbertsio-kostu onargarriak.

    2. Gainera, laguntza mota horri honako kontsiderazio hauek aplikatuko zaizkio:

      1. Urtarrilaren 12ko 5/2018 Errege Dekretuaren 72. artikuluko 1. apartatuan adierazitako laguntza motak mikroenpresei eta enpresa txiki eta ertainei aplikatuko zaizkie, Batzordearen 2003ko maiatzaren 6ko 2003/361/EE Gomendioan halako enpresei buruz ematen den definizioari jarraituz.

      2. 2003/361/EE Gomendioaren I. tituluko 2. artikuluaren 1. apartatuak estaltzen ez dituen enpresen kasuan 750 langile baino gutxiago dituzten enpresak edo 200 milioi eurotik beherako negozio-bolumena dutenak, laguntzaren intentsitatea azaroaren 2ko 1363/2018 Errege Dekretuaren 72. artikuluko 1) apartatuan aipatzen den laguntzaren % 50ekoa izango da.

      3. 2003/361/EE Gomendioaren I. tituluko 2. artikuluaren 1. apartatuak estaltzen ez dituen enpresen kasuan 750 langile edo gehiago dituzten enpresak edo 200 milioi eurotik gorako negozio-bolumena dutenak, laguntzaren intentsitatea azaroaren 2ko 1363/2018 Errege Dekretuaren 72. artikuluko 1) apartatuan aipatzen den laguntzaren % 25ekoa izango da.

    3. Kasu guztietan, baita enpresa handietan ere, eskatzaileen langile kopurua eta negozio-bolumena zehazteko, Batzordearen 2003/361/EE Gomendioan finkatutako kalkulu-irizpideak erabiliko dira.

    4. Eskatzailea bi ekoizle edo gehiago biltzen dituen eta jarduera ekonomikorik ez duen nortasun juridikodun elkarte bat baldin bada, eta ekoizle horien produktuak Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1308/2013 Erregelamenduaren (EB) VII. eranskineko II. atalean aipatzen direnak badira, laguntzaren kalkulua ekoizle bakoitzak inbertsioan duen partaidetzaren proportzioari jarraituz egingo da, betiere ekoizle bakoitzak bere aldetik izango lukeen laguntza motarekin bat etorriz.

  12. Ordainketak.

    1. Inbertsioa bi FEAGA ekitalditan justifikatu eta ordaindu beharko da gehienez ere, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1306/2013 (EB) Erregelamenduaren 2.2 artikuluan adierazitako ezinbesteko edo salbuespen-egoeretan izan ezik.

      Onuradunek inbertsio-eragiketa orokorra edo dagokion jarduketa justifikatu eta ordaintzeko eskatu beharko dute, FEAGA ekitaldi bakoitzeko maiatzaren 1a baino lehen, baina Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak epe laburragoak aurreikusi ahal izango ditu.

      Onuradun batek hasieran aurreikusitako jarduketa bati edo batzuei exekuzio-egutegian ezarri duena baino lehenago ekiten badie deialdiaren xede den bigarren FEAGA ekitaldian justifikatzeko, jarduera horiek ordaintzeko eskaera aurkeztu ahal izango du, deialdiaren xede den lehen FEAGA ekitaldian justifikatzeko aurreikusitako jarduketen epe berean. Jarduera horiek ordaindu ahal izango dira baldin eta deialdiaren xede den lehen ekitaldian funts erabilgarriak badaude, 68.9 artikuluan ezarritakoaren arabera. Horretarako, autonomia-erkidegoek ukitutako eskabideak eta eskabide horiei dagozkien zenbatekoak jakinaraziko dizkiote Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioko Elikadura Industriako Zuzendaritza Nagusiari FEAGA ekitaldi bakoitzeko maiatzaren 10a baino lehen.

    2. Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak ebazpen bat eman beharko du aurkeztutako ordainketa-eskaera bakoitzeko, inbertsio-eragiketarena edo, hala badagokio, inbertsio-eragiketa osatzen duten jarduketa batena edo batzuena, betiere egiaztatzen bada egin direla hasieran aurreikusitako ekintzak edo jarduerak edo 70. artikuluari jarraikiz aldatu direnak. Onuradunari ordaintzeko eskaera egin eta gehienez ere 12 hilabeteko epean egin beharko zaio ordainketa.

    3. Ordainketa egiteko eskabidearekin batera, honako dokumentu hauek aurkeztu behar dira, gutxienez:

      1. Exekuzio-memoria baloratua, non gastuak, fakturak eta ordainketak justifikatzeko agiriak jaso eta zerrendatuko diren. Gainera, exekuzio-memoriak hasierako eskaeraren aldean egindako aldaketen zerrenda zehatza jasoko du. Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1306/2013 (EB) Erregelamenduaren 2.2 artikuluaren adieran, aurreikusitako jarduketen eta salbuespenezko edo ezinbesteko arrazoiengatik egindakoen artean alderik badago, autonomia-erkidegoaren aurrean justifikatu beharko dira, hark balorazioa egin dezan.

      2. Onuradunaren deklarazioa, zeinaren bidez jasota geratuko baita ez duela eskatu ez jaso inbertsio bererako beste laguntzarik, eta ez dagoela sartuta dirulaguntzak itzultzeko inongo prozesutan.

      3. Dirulaguntzaren zenbatekoa jaso nahi den banku-kontuari buruzko erantzukizunpeko adierazpena.

      4. Eraikinak erosten diren kasuetan, behar bezala egiaztatutako tasatzaile independente baten edota behar bezala baimendutako organo edo erakunde publiko baten ziurtagiria ere aurkeztu beharko da; ziurtagiri horren bidez, frogatuko da erosketa-prezioak ez duela gainditzen merkatuko balioa, lurzoruaren balioa merkatu-prezioen arabera banakatuta.

      5. Gastuaren fakturak edo egiaztapen-balio baliokidea duten kontabilitate-dokumentuak, eta ordainketen ziurtagiriak.

      6. Onuradunak egiaztatu beharko du egunean dituela zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, bai eta dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ere.

      7. Bete behar den arautegian exijitutako beste edozein dokumentu, eta emakida-ebazpenean adierazitakoak, laguntza emateko beharrezko diren baldintza eta zirkunstantzietako batzuk egiaztatzeko.

        Dirulaguntza ordaintzeko, nahitaezkoa da inbertsioa justifikatzen duten kontuak aurkeztea. Kontu horiek egiaztatu egin beharko dira, hain zuzen ere Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean izena emanda duen kontu-auditore baten edo auditoria-sozietate baten bitartez; halakorik ezean, autonomia-erkidegoak egiaztatuko ditu aipatutako fakturak eta dokumentuak. Egiaztapen horretan, laguntza-espediente bakoitzaren gainean in situ ikuskapen bat egingo da, gutxienez.

    4. Eragiketa osorik gauzatu ondoren, ezin bada egiaztatu diruz lagundu daitekeen inbertsioa hasieran onartutakoaren % 60koa dela gutxienez, ez da inolako laguntzarik ordainduko, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1306/2013 Erregelamenduaren (EB) 2.2 artikuluan zehazten diren salbuespenezko inguruabarretan edo ezinbesteko kasuetan salbu.

    5. Kontrolen bidez egiaztatzen bada egin direla hasieran onartutako edo aldatutako laguntza-eskaerak estalitako eragiketa orokorra osatzen duten ekintza guztiak, eskatutako laguntza ordainduko da. Era berean, gauzatutako ekintza indibidualei dagokien laguntza ordaindu ahal izango da kontrolek frogatzen badute gainerako ekintzak ezin izan direla egin Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1306/2003 Erregelamenduaren (EB) 2.2 artikuluan zehazten diren salbuespenezko inguruabarrengatik edo ezinbesteko kasuengatik, edo kontrolek frogatzen badute, gainerako ekintzak egin ez arren, eragiketaren helburu orokorra lortu dela, hau da, eragiketaren helburu estrategikoak betetzen direla eta egindako ekintzak laguntza-eskaeran adierazitako helburu orokorren barnean daudela.

    6. Kontroletan egiaztatzen bada ez dela guztiz gauzatu hasieran onartutako edo aldatutako laguntza-eskaera bateko eragiketa orokorra, baina eragiketaren helburu orokorra lortu dela, egindako ekintza indibidualetarako laguntza ordainduko da 5. apartatuaren arabera, eta hasiera batean onartutako edo aldatutako laguntza-eskaeran dauden eta guztiz gauzatu ez diren ekintzei hasiera batean esleitutako zenbatekoaren % 100eko zigorra aplikatuko da.

    7. Eragiketa orokorraren helburua lortzen ez bada, ez da laguntzarik emango eta, eragiketari dagokion deialdiaren arabera, egikaritze onaren bermea betearaziko da, 73. bis artikuluaren arabera, edo zehapen-prozedura abiaraziko da, hala badagokio.

      Laguntza-eskabidean jasotako eragiketa orokorra osatzen duten ekintza edo jarduketa indibidualengatiko laguntzak dagoeneko ordaindu badira, ordaindutako zenbatekoak gehi dagozkien interesak itzultzeko eskatuko da.

  13. Bermeak liberatzea eta betearaztea.

    1. Egikaritze onaren bermeak balioa izango du azken ordainketa egin arte.

    2. Bermea liberatuko da Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak hura ezereztea erabakitzen duenean. Horretarako, egiaztapen administratiboa eta bertatik bertarakoa egin beharko dira, onuradunak hasiera batean onartutako edo aldatutako laguntza-eskaerak estalitako eragiketa orokorreko ekintza guztiak gauzatu dituela egiaztatzeko. Era berean, egiaztatu beharko da ezen, onuradunak betetzen dituela zerga-betebeharrak, Gizarte Segurantzarekikoak eta dirulaguntzak itzultzeko obligazioak, salbu eta Kontseiluaren eta Europako Parlamentuaren 1306/2013 (EB) Erregelamenduaren 2. artikuluko 2. apartatuan zehazten diren aparteko zirkunstantzietan edo ezinbesteko kasuetan.

    3. Onuradunak ez baditu egiten hasieran onartutako edo aldatutako laguntza-eskaerak estalitako eragiketa orokorreko ekintza guztiak, egikaritze onaren bermea exekutatuko da, hasieran onartutako edo aldatutako inbertsiotik justifikatu ez den inbertsio diruz lagunduaren ehuneko berean.

Euskal Autonomia Erkidegoan aplikatutako haztapena, azaroaren 2ko 1363/2018 Errege Dekretuaren XXII. eranskinean bildutako lehentasun-irizpideena.

  1. Eskaerak lehenestea.

    1 lehentasun-irizpidea: Haztapena: 1.

  2. 1 lehentasun-irizpidea: Haztapena: 1.

  1. 2 lehentasun-irizpidea: Haztapena: 1.

  1. 1 lehentasun-irizpidea: Haztapena: 1.

  1. 2 lehentasun-irizpidea: Haztapena: 1.

    5 lehentasun-irizpidea: Haztapena: 9.

    6 lehentasun-irizpidea: Haztapena: 3.

    7 lehentasun-irizpidea: Haztapena: 4.

    8 lehentasun-irizpidea: Haztapena: 6.

    9 lehentasun-irizpidea: Haztapena: 4.

  1. Eragiketak lehenestea.

    1 lehentasun-irizpidea: Haztapena: 14.

    2 lehentasun-irizpidea: Haztapena: 14.

    3 lehentasun-irizpidea: Haztapena: 14.

    4 lehentasun-irizpidea: Haztapena: 1.

    5 lehentasun-irizpidea: Haztapena: 5.

  1. 1 lehentasun-irizpidea: Haztapena: 14.

  1. 2 lehentasun-irizpidea: Haztapena: 7.

  1. 3 lehentasun-irizpidea: Haztapena: 3.

    7 lehentasun-irizpidea: Haztapena: 3.

    8 lehentasun-irizpidea: Haztapena: 1.

    9 lehentasun-irizpidea: Haztapena: 1.

    10 lehentasun-irizpidea: Haztapena: 3.

Eremu generikoak:

Identifikazio-agiriaren mota.

Zenbakia.

Izena (pertsona fisikoek soilik).

Lehen abizena (pertsona fisikoek soilik).

Bigarren abizena (pertsona fisikoek soilik).

Sexua (pertsona fisikoek soilik).

Entitatearen izena (pertsona juridikoek soilik).

Telefono finkoa.

Telefono mugikorra.

Helbide elektronikoa.

Ordezkaria.

Lurralde historikoa.

Jakinarazpen eta komunikazioetarako kanala.

Abisuak jasotzeko posta-helbidea.

Abisuak jasotzeko helbide elektronikoa.

Abisuak jasotzeko mugikorra.

Jakinarazpen, komunikazio eta abisuetarako hizkuntza.

Aurreikusitako exekuzio- eta justifikazio-egutegia.

Sistemen ustiapenaren arduraduna.

Zerga-egoitza.

Egoitza soziala.

Onuradunak.

Enpresa eskatzailearen kapital sozialaren egungo egitura.

Nekazaritza-ustiapena (hala badagokio).

Egun garatutako eta/edo aurreikusitako jarduerak.

Erabiltzen eta/edo merkaturatzen dituzten mahastizaintza eta ardogintzako lehengaiak.

Prestatzen eta/edo merkaturatzen dituzten produktuak.

Inbertsioaren kokalekua.

Inbertsioaren deskribapena.

Eragiketen xede estrategikoak.

Eskatutako inbertsioaren zenbatekoa ekitaldien eta ekintzen arabera.

Inbertsio-proiektuaren finantzaketa.

Lehenespen-irizpideak:

Eskatzailea lehenestea.

Eragiketak lehenestea.

Eremu osagarriak: erantzukizunpeko adierazpenak:

Ez du xede eta helburu bererako laguntza edo dirulaguntzarik jaso administrazio publiko eta erakunde pribatuetatik.

Laguntza-eskabidean adierazitakoa egia da, eta eskabidearekin batera aurkeztutako agiriak benetakoak dira; faltsutasunik edo datu okerrik azalduz gero, erantzukizun osoa bere gain hartuko du; eta ez du adieraziko faltsutasun edo datu oker horiek eragin dituzten gertaerak ez zituela ezagutzen.

Konpromisoa hartzen du proiektua gauzatu dela egiaztatzeko beharrezko den dokumentazio guztia Eusko Jaurlaritzaren eta Europar Batasunaren esku jartzeko.

Proposatutako programaren iraupen osorako finantzaketa bermatzen du.

Ez da krisian den enpresatzat hartzen, betiere krisialdian dauden enpresak salbatzeko eta berregituratzeko estatu-laguntzei buruzko Europako zuzentarauetan jasotako definizioaren arabera, estatuek krisialdian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko ematen dituzten laguntzei buruzko zuzentarauekin bat etorriz (Batzordearen 2014/C 249/01 Komunikazioa, 2014ko uztailaren 31koa).

1363/2018 Errege Dekretuak 62. artikuluan inbertsioen iraunkortasunari buruz xedatutakoarekiko konpromisoa hartzen du.

Ez dago zigor- eta administrazio-arloko dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzearekin zigortuta, ezta horretarako ezgaitzen duen legezko debekuen eraginpean ere, sexu-diskriminazioarengatik gertatutakoak barnean hartuta, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenean ezarritakoarekin bat.

Konkurtso-deklaraziorik ez duela eskatu, edozein prozeduratan kaudimengabetzat jota ez dagoela, konkurtsoan deklaratuta ez dagoela, salbu eta horretan eraginkortasuna hartu badu hitzarmen batek, esku-hartze judizialaren eraginpean ez dagoela edo desgaitua ez dagoela Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera, konkurtsoaren kalifikazio-epaian ezarritako desgaitze-aldia amaitu gabe.

Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak ez daude ekainaren 26ko 1/2014 Legean (kargu publikodunen jokabide-kodea eta haien interes-gatazkak arautzen dituena) ezarritako kasuren batean, edo Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapen bidezko karguren bat ez izatea, horietan ezarritako baldintzetan.

Ez du zerga-egoitza erregelamenduz zerga-paradisu gisa kalifikatutako herrialde edo lurralde batean.

Enpresa merkaturatzailearen kasuan: fakturazioaren % 80 1308/2013 Erregelamenduaren (EB) VII. eranskinaren II. zatiko produktuetatik datorrela.

Enpresa mota:

Enpresa ez da ez enpresa txikia ez ertaina, mikroenpresen eta enpresa txiki eta ertainen definizioari buruzko Batzordearen 2003ko maiatzaren 6ko 2003/361/EE Gomendioarekin bat.

Enpresa txikia edo ertaina da, mikroenpresen eta enpresa txiki eta ertainen definizioari buruzko Batzordearen 2003ko maiatzaren 6ko 2003/361/EE Gomendioarekin bat.

Enpresaren kategoria:

ETE-mikroenpresa (10 enplegatu baino gutxiago; 2 milioi eurotik beherako urteko negozio-bolumena edo balantze orokorra).

ETE txikia (50 enplegatu baino gutxiago; 10 milioi eurotik beherako urteko negozio-bolumena edo balantze orokorra).

ETE ertaina (250 enplegatu baino gutxiago; 50 milioi eurotik beherako urteko negozio-bolumena edo 43 milioi eurotik beherako urteko balantze orokorra).

Halaber, baimen inplizitua eman beharko du Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak automatikoki ziurta ditzan NAN, IFK, zerga-betebeharrak bete izana eta Gizarte Segurantzako ordainketak egin izana; baimen hori berariaz ukatzeko aukera izango du, eta, kasu horretan, eskatzaileak aurkeztu beharko du dagokion ziurtagiria edo eskatutako agiria.