Administrazio Elektronikoari buruzko terminoen glosarioa 2021

 

e-administracion espe    Administrazio elektronikoari buruzko terminoen gaztelaniazko/euskarazko glosarioak, 2021eko 3. edizioan, administrazio publikoen Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien esparruan, erabiltzen diren kontzeptu nagusien definizioak teknikarien eskura jartzen du.

PDF-a Deskargatu

 

 

TERMINOEN AURKIBIDEA


Administrazio elektronikoa UE. Europako Batzordearen arabera (2003), Administrazio Publikoetan IKTak (Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak) erabiltzea da, antolaketa-aldaketekin eta gaitasun berriekin batera, zerbitzu publikoak eta prozesu demokratikoak hobetzeko eta politika publikoen babesa indartzeko. 

Kontzeptua Batzordeak 2003ko irailaren 26an Kontseiluari, Europako Parlamentuari, Europako Ekonomia eta Gizarte Komiteari eta Eskualdeetako Komiteari egindako komunikazioan sortu zen.

Itzuli

Administrazio elektronikoaren erabiltzailea. Datuak edo baliabideak erabiltzeko baimena duen pertsona edo prozedura. Erabiltzaile fisiko baten identifikaziorik gabe datuetara edo baliabideetara iristeko aukera ematen duten prozesuak ere erabiltzaile direla joko da.

Iturria: 1720/2007 Errege Dekretua, abenduaren 21ekoa, Datu pertsonalak babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoa garatzen duen araudia onartzen duena.

Itzuli

Administrazioaren jardun automatizatua. Administrazioaren jardun automatizatua da administrazio publiko batek administrazio-prozedura baten barruan soil-soilik bitarteko elektronikoak erabiliz egiten duen eta enplegatu publiko batek zuzenean esku hartzen ez duen edozein egintza edo jarduera.

Administrazioaren jardun automatizatuen kasuan, aldez aurretik organo eskuduna edo organo eskudunak ezarri beharko dira, kasuan-kasuan, espezifikazioak, programazioa, mantentzea, gainbegiratzea eta kalitate-kontrola definitzeko eta, hala badagokio, informazio-sistemaren auditoretza eta iturburu-kodea definitzeko. Era berean, aurkaratzeetarako organo arduraduna zein izango den ere adieraziko da. (40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena).

Itzuli

Administrazio-prozedura. Negozio-prozesu baten edo espediente baten oinarri diren eragiketen logika definitu bat duten eta faseka egituratuta dauden izapideen multzoa. Espediente baten tratamendu osoa identifikatzen du, espedientea hasten denetik amaitzen den arte. Prozedurak, jeneralean, araudi batean oinarritzen dira, kanpoan (alderdi batek eskatuta) nahiz barruan (ofizioz) hasten dira, eta eragina izaten du kanpoan.

Itzuli

Agiri elektronikoa. Modu elektronikoan dagoen edozein eratako informazioa; euskarri elektronikoan artxibatuta dago, formatu jakin batean, identifikatu egin daiteke eta tratamendu berezitua izan dezake. (12352 11/2007 LEGEA, ekainaren 22koa, Herritarrek Zerbitzu Publikoetan Sarbide Elektronikoa izateari buruzkoa).

Dokumentu elektroniko bat, dokumentu digital ere esaten zaiona, euskarri material gisa gailu elektroniko edo magnetiko bat duen dokumentua da, zeinetan edukia kode digitalen baten bidez kodetuta baitago; halaber, kode hori irakurri, interpretatu edo erreproduzitu ahal da sentsore elektrikoen bidez (magnetikoak, optikoak edo mekanikoak). (WIKIPEDIA)

Itzuli

Aholkulari birtuala. (Aholkulari Birtual Elkarreragilea – AVI) Kanal anitzeko interfazea da, kanal telematikoetako autozerbitzua eta informazioa eskuratzeko aukera areagotzen eta errazten duena. Errealitate birtualaren, ahots-sintesiaren eta jakintzaren kudeaketaren teknologiak integratzearen ondorio da. Teknologia horiek, hain zuzen ere, aholkulari birtualaren kanal elektronikoak humanizatzeko aukera ematen dute.

Itzuli

Aholkularitza telematikoaren zerbitzua. Zerbitzu honen bidez, erabiltzaileari laguntza edo aholkularitza ematen zaio modu interaktiboan, kanal telematikoetatik.

Itzuli

Alertak. Edukiak ikuskatzeko zerbitzua da, erabiltzaileari abisua bidaltzen diona berri, web, blog, bideo eta/edo eztabaida-taldeen eduki berria bat datorrenean hark aukeratutako eta alerta-zerbitzuak bildutako bilaketa-terminoekin. Abisuak hainbat bidetatik bidal daitezke, hala nola posta elektronikoz, SMS bidez, eta abar.

Itzuli

Android APP (sistema eragilea). Android sistema eragile mugikor bat da, eta Linux nukleo batean eta kode irekiko beste software batean oinarrituta dago. Ukipen-pantaila duten gailu mugikorretarako diseinatu zen, hala nola telefono adimendunak, tabletak, erloju adimendunak (Wear OS), automobilak (Android Auto) eta telebistak (Android TV).

Itzuli

Antolaketa-elkarreragingarritasuna. Elkarreragingarritasunaren dimentsio honek hauxe adierazten du: erakundeek ?eta, orobat, erakunde horiek beren helburuak betetzeko baliatzen dituzten prozesuek? beren zerbitzuen gainean hitzartutako helburuak lortzeko elkarlanean aritzeko daukaten gaitasuna.(18/2011 Legea, uztailaren 5ekoa, Justizia-administrazioan informazio- eta komunikazio-teknologien erabilera arautzen duena).

Itzuli

Aplikazioa. Informatika erabiliz arazo bat konpontzea xede duen programa edo programa-multzoa. (12352 11/2007 LEGEA, ekainaren 22koa, Herritarrek Zerbitzu Publikoetan Sarbide Elektronikoa izateari buruzkoa).

Itzuli

APP. Telefono adimendun batean edo abonatu-zenbakia eta SIM txartela dituen tableta batean exekutatzen den aplikazioa.

Itzuli

APP store/denda. Gailu mugikorretarako aplikazioen banaketa-zerbitzua (APP).

Itzuli

Artxibo elektronikoa. Espediente bakoitzarekin erlazionatutako agiriak eta fitxategiak modu seguruan gordetzen dituen sistema, dokumentu bakoitzaren bizi-zikloa kudeatzen duena, dokumentua sortzen eta erregistratzen denetik behin betiko artxibatzen den arte (zaintzea eta gordetzea).

Agiriak eta fitxategiak gordetzeaz gainera, sistema honek administrazio-prozedura bakoitzari dagozkion agiriak berreskuratzeko eta kontsultatzeko aukera eskaintzen die Administrazioko langileei eta prozeduran interesdun denari.

Gauza izan behar du espediente baten zati den eta/edo herritarren nahiz enpresen eskubideei eta interesei eragiten dien edozein agiri elektroniko formatu elektronikoan gordetzeko.

Kontuan izan behar du administrazio publikoek benetako kopiak egin ditzaketela, baldin eta jatorrizko agiria Administrazioaren esku badago eta sinadura elektronikoaren gaineko informazioak (eta, behar izanez gero, denbora-zigiluak) kopia eta jatorrizkoa bat datozela egiaztatzeko aukera ematen badu.

Agiriak modu seguruan gorde behar dira (artxibo segurtatua). Batez ere, artxibora sartzen direnen identifikazioa eta kontrola ziurtatu behar da. Kontuan izan beharko du espedienteek aurkibide elektroniko bat izan behar dutela, Administrazioak sinaturik.

Itzuli

Ataria. Informazio-, lotura- eta zerbitzu-kopuru handiko web orri bat edo orri batzuk, edozein internautaren premiak ase ditzakeena. Oro har, atariek zerbitzu hauek eskaintzen dituzte: direktorioak, posta eta abar. Normalean badu ‘Home’ bat, eduki, zerbitzu edo izapideak sailkatzeko asmoz.

Itzuli

Aurkibide elektronikoa. Espediente elektroniko bateko dokumentu elektronikoen zerrenda, kasuan-kasuan administrazio, organo edo erakunde jarduleak izenpetua. Aurkibide elektronikoaren helburua espediente elektronikoaren osotasuna bermatzea da, eta, beharrezkoa den bakoitzean, hura berreskuratzeko aukera ematea. (18/2011 Legea, uztailaren 5ekoa, Justizia-administrazioan informazio- eta komunikazio-teknologien erabilera arautzen duena).

Itzuli

Autentifikazioa. Bitarteko elektronikoak erabiliz, pertsona edo erakunde baten identitatea egiaztatzea, haren eragiketetan, transakzioetan eta agirietan adierazitako borondatearen edukia egiaztatzea eta agirien osotasuna eta agirien egilea zein den egiaztatzea. (12352 11/2007 LEGEA, ekainaren 22koa, Herritarrek Zerbitzu Publikoetan Sarbide Elektronikoa izateari buruzkoa).

Itzuli

Azpidomeinua. Administrazio- edo antolaketa-helburuetarako erabiltzen den domeinuaren izenaren azpitaldea edo azpisailkapena. Bigarren mailako domeinutzat har liteke. Normalean, domeinuaren aurretik idazten diren karaktere edo hitz batzuk dira, baina atzean ere egon daitezke.

Itzuli

Azpiegitura eta zerbitzu komunak. Tresna operatiboak dira, aukera ematen dutenak zerbitzu berriak garatzeko eta hedatzeko, eta lehendik dauden zerbitzuen elkarreragingarritasuna bermatzeko; horretarako, erlazio multilateralekoak diren eta administrazio-arloen premia komunak asetzen dituzten bitartekoak sortzen dituzte. Azpiegitura eta zerbitzu komunak dira, esate baterako, Espainiako administrazio publikoen komunikazio-sarea, Europa barneko sTESTA sarea, eta ziurtagiri elektronikoak egiaztatzeko plataforma.(18/2011 Legea, uztailaren 5ekoa, Justizia-administrazioan informazio- eta komunikazio-teknologien erabilera arautzen duena).

Itzuli

Back Office. Hitzez hitz, 'atzeko bulegoa'. Publikoari begira ez dauden bulegoak dira, publikoa zentzu zabalean hartuta: pertsona fisikoak, juridikoak, beste entitate publiko batzuk...

Administrazio elektronikoan, atzeko bulegoko lantzat jotzen dira administrazioaren beraren izapideak eta barne-kudeaketak, berdin izanik pertsonak, enpresak edo administraziotik kanpoko entitateak prozedura horien parte diren ala ez. Kontrako terminoa, berriz, ‘front office’ da: harrera-lekua; administrazioek eta era guztietako administratuek elkarri eragiteko erabiltzen da, berdin delarik zein kanal erabiltzen den: presentziala, elektronikoa, telefono bidezkoa, eta abar.

Itzuli

Bat-bateko mezularitza (Instant Messaging). Bi pertsonaren edo gehiagoren arteko komunikazioa denbora errealean (testu-mezuak, ahots-mezuak, fitxategiak, irudiak edo bideoak trukatzea edo deiak edo bideo-deiak egitea), denak aldi berean plataforma berean konektatuta daudela.

Komunikazioa PCen artean, PCen eta sakelako telefonoen artean zein sakelako telefonoen artean egin daiteke. Beste euskarri batzuk ere erabil daiteke. Sakelako gailuetako aplikazioak eta plataforma anitzeko aplikazioak erabiltzen dira, eta aplikaziorik behar ez duten web zerbitzuak ere bai.

Itzuli

Benetako kopia elektronikoa. Dokumentu elektroniko hau jatorrizko dokumentu batean oinarrituta sortzen da, Kopia autentikoak egiteko eta dokumentu elektronikoen arteko bihurketarako prozeduren Elkarreragingarritasun Arau Teknikoarekin eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 27. artikuluarekin bat datorren prozedura baten bidez. Funtzionario gaitu baten bitartez egin daiteke (kasu horretan, funtzionarioak sinatuko du kopia elektronikoki), edo administrazioaren jardun automatizatuaren bitartez (kasu horretan, zigilu elektroniko batekin sinatuko da kopia). Jatorri duen dokumentuaren balio eta eraginkortasun berbera dauka.

Itzuli

Bilaketa aurreratua. Bilaketa-tresnak jasaten dituen aparteko ezaugarri batzuk dituen bilaketa mota. Bilatzaile, programa, tresna eta online zerbitzu jakin batzuetan egon ohi da, aukeran.

Bilaketa sinple batek, oro har, testu-koadro bakarra izan ohi du karaktere-kate sinple baterako; bilaketa aurreratuek, aldiz, testu-koadro ugari, egiaztapen-koadrotxoak eta beste formulario-elementu batzuk izan ohi dituzte, bilaketa hobetzeko.

Itzuli

Bilaketa-tresna edo bilatzailea. ‘Spider’ delakoari esker web-zerbitzarietan biltegiratutako artxiboak bilatzen dituen sistema informatikoa (‘web crawler’ ere esaten zaio). Horretan oinarrituta, adierazle batzuk eraikitzen ditu. Bilatzaile hauek kontsultatzen dira nabigatzaile baten bidez termino edo esaldi bat aurkitu nahi denean.

Itzuli

Bitarteko elektronikoa. Agiriak, datuak eta informazioak sortu, gorde edo transmititu ditzakeen mekanismo, instalazio, ekipo edo sistema; horien artean daude komunikazio-sare ireki edo mugatuak, esate baterako, Internet, telefonia finkoa eta mugikorra edo beste batzuk. (12352 11/2007 LEGEA, ekainaren 22koa, Herritarrek Zerbitzu Publikoetan Sarbide Elektronikoa izateari buruzkoa).

Itzuli

Blog. Aldian behin eguneratutako webgunea, pertsona baten edo gehiagoren testuak edo artikuluak kronologikoki biltzen dituena, lehenik testu edo artikulu berriena agertzen dela. Libre da egoki iritzitako zernahi gauza argitaratzea. Termino hau (ingelesez Blog nahiz Weblog esaten diote) web eta log hitzez osatua da (log = egunkaria). Weblog-ak mantentzeko tresnak bi eratakoak dira, nagusiki: alde batetik, doako ostatatze osoa eskaintzen dutenak (hala nola Freewebs, Blogger eta LiveJournal), eta, bestetik, webgune batean instalatutako software batean oinarriturik, webgunea ostatatzen duen zerbitzarian zuzenean blog bat sortzeko, editatzeko eta administratzeko aukera ematen dutenak (hala nola WordPress eta Movable Type).

Software hori Edukiak Kudeatzeko Sistemak (CMS) izeneko tresnen aldaera da, eta horrelako asko doakoak dira. Tresna bien konbinazioa da, hain zuzen ere, WordPress – WordPress MU erabiltzaile anitzeko bertsioak proposatutako soluzioa, bertsio horretatik abiatuta hainbat plataforma sor baitaitezke, hala nola Rebuscando, INFO, WordPress.com, CiberBlog.es, eta Blog total.

Itzuli

Blogosfera. (Blogisfera, Blogsfera, Blogalaxia). Hipertestuko loturen bitartez elkarri konektatutako blogen multzoa. Termino hau ingelesezko Blogosphere hitzetik dator, eta Weblog guztien multzoa izendatzeko erabltzen da. Blogek, lotura, iruzkin, historiko eta erreferentzien bitartez konektatuta daudenez, beren kultura propioa sortu eta definitu dute.

Blogosfera sistema birtualtzat har daiteke, non weblog-komunitateak kokatzen diren, gaika edo interes-profilka kategorizatuta. Gai edo profil horiek mezua osatzen dute, eta blogosferak, Interneten bizitzeko lekua. Blogak, berez, webeko formatu bat baino ez dira, baina elkarrekin konektatzen direnean gertakari sozial bihurtzen dira; izan ere, osotasun gisa ikustean, argi eta garbi zehatz baitaitezke joerak, gustuak, guneen arrakasta zenbaterainokoa den, objektuak, produktuak, musika, filmak, liburuak, eta abar.

Itzuli

Bot. Ezarritako rol bat esleitzeko, komando-kate baten edo aldez aurreko funtzio autonomoen bidez Internet bidez zeregin errepikakorrak automatikoki egiten dituen programa informatikoa.

Itzuli

Burofaxa. Posta bulego batetik faxez bidalitakoa da. Entrega ukaezina behar duten dokumentuak presaz bidaltzeko zerbitzu bat da, hirugarrenen aurrean froga gisa balio duena, eta hartzaileak sinatuta entregatzen dena beti.

Itzuli

Burofaxa online. Burofaxaren ordezko gisa, dokumentuak edo jakinarazpenak posta elektroniko ziurtatu baten bidez bidaltzen ari dira, legezko balioa duen ziurtagiri digital bat erabiliz, non komunikazioarekin zerikusia duen guztia erregistratzen baita.

Itzuli

CATI (Computer Assisted Telephone Interview). Ingelesezko akronimoa da, eta ‘ordenagailuz lagundutako telefonozko inkesta’ esan nahi du. Inkestak egiteko teknika bat da; inkestagileak telefonoz egiten ditu galderak, eta, ordenagailu baten laguntzaz, erantzunak grabatzen ditu.

Itzuli

CAWS (Computer Assisted Web Survey). Ingelesezko akronimoa da, eta ‘ordenagailuz lagundutako web-atarien inkesta’ esan nahi du. Operadore baten eta erroldan erregistratzen diren webguneen arteko interakzioaren bitartez egiten da inkesta.

Itzuli

Chatbot. Teknologia honen bidez solasean egin daiteke adimen artifizialaz baliatuz gizakion hizketa simulatzen duen programa informatiko batekin, normalean mezularitzako aplikazio baten barruan (Facebook Messenger, Telegram, Skype, Twitter, eta abar).

Irekietan adimen artifiziala erabiltzen da eta itxietan programatutako komunikazio-jarioari jarraitzen zaio. Itxietan ere adimen artifiziala erabil daiteke, baina kontrolpean, erroreak zuzentzeko besterik ez.

Telefono-deien bidez erabiltzen diren txatbotak voicebotak dira.

Itzuli

Cookie. Webgune batek bidalitako eta erabiltzailearen nabigatzailean gordetako programa; horrela, webguneak erabiltzailearen aldez aurreko jarduera kontsulta dezake. Bere funtzio nagusiak erabiltzailearen ezaugarri eta nabigazio ohiturei buruzko informazioa lortzea eta hauek kontrolatzea dira.

Itzuli

Cookie ekinak. Cookie mota bat dira. Datuak terminalean bilduta segitzen dute, cookie-aren arduraduna aldi mugagabe batean irits dadin datu horietara eta trata ditzan. Denbora hori minutu batzuk edo urteak izan daitezke.

(Iturria: Diccionario de Conceptos y Términos de la Administración Electrónica 6. bertsioa. 2020ko urrikoa. Ogasun Ministerioa Ekonomia Gaietako eta Transformazio Digitaleko Ministerioa)

 Itzuli

Cookie propioak. Editoreak bidaltzen ditu erabiltzailearen terminal-ekipora. Editoreak berak kudeatzen duen ekipo edo domeinutik bidaltzen ditu; izan ere, ekipo edo domeinu horretatik ematen du zerbitzua.

(Iturria: Diccionario de Conceptos y Términos de la Administración Electrónica 6. bertsioa. 2020ko urrikoa. Ogasun Ministerioa Ekonomia Gaietako eta Transformazio Digitaleko Ministerioa)

Itzuli

Hirugarrenen cookie-ak. Cookie hauek ekipo edo domeinu batetik bidaltzen dira erabiltzailearen terminal-ekipora, baina ez editoreak kudeatzen duen ekipoko edo domeinutik, baizik eta beste entitate batenetik, zeinak lantzen baititu datuok.

(Iturria: Diccionario de Conceptos y Términos de la Administración Electrónica 6. bertsioa. 2020ko urrikoa. Ogasun Ministerioa Ekonomia Gaietako eta Transformazio Digitaleko Ministerioa)

Itzuli

Saio-cookie-ak. Cookie-mota bat dira. Saio-kookie-ak diseinatuta daude datuak jaso eta biltzeko erabiltzailea web-orri batera iristen denean. Erabiltzaileak behin bakarrik eskatzen duen zerbitzuari erantzuteko erabiltzen dira, eta soilik informazio hori biltzeko (adib., erositako produktu-zerrenda bat).

(Iturria: Diccionario de Conceptos y Términos de la Administración Electrónica 6. bertsioa. 2020ko urrikoa. Ogasun Ministerioa Ekonomia Gaietako eta Transformazio Digitaleko Ministerioa)

Itzuli

Data eta ordu ofiziala. Administrazio edo erakunde bakoitzaren erregistro elektronikoak epeak zenbatzeko erabiltzen dituen data eta ordua; erregistro horrek bere osotasuna bermatzeko beharrezkoak diren segurtasun-neurriak eduki beharko ditu, eta erraz ikusteko eta erabiltzeko modukoa izan.

Administrazio Elektronikoaren arloan Elkarreraginetarako Eskema Nazionala arautzen duen urtarrilaren 8ko 4/2010 Errege Dekretuaren 15.2 artikuluak adierazten du data eta ordua Armadaren Errege Behatokiarekin sinkronizatuta egongo direla, urriaren 23ko 1308/1992 Errege Dekretuan legezko orduari buruz aurreikusitakoa betez.

Itzuli

Delicious. Nabigatzaileetan gorde ohi ziren laster-markak gehitzeko aukera ematen du, bai eta laster-marka horiek folcsonomia (etiketak) izeneko etiketatze-sistema baten bidez kategorizatzeko ere. Webguneak gordetzeaz gainera, aukera ematen du, orobat, webgune horiek del.icio.us-eko beste erabiltzaile batzuekin partekatzeko eta laster-marketan lotura jakin bat gordeta daukaten webguneak zenbat diren jakiteko.

Itzuli

Denbora-zigilua. Denbora-zigiluaren bidez, bitarteko elektronikoak erabiliz egindako edozein eragiketaren edo transakzioren data eta ordua egiaztatzen du konfiantzazko hirugarren batek.

Itzuli

Digitalizazioa. Prozesu teknologiko bat da, zeinak aukera ematen baitu paperean nahiz bestelako euskarri ez-elektroniko batean dagoen dokumentua fitxategi elektroniko bihurtzeko (fitxategi bakarra nahiz hainbat fitxategi sor daitezke), halako moldez non dokumentuaren irudia kodifikaturik, zehatz eta osorik jasota geratzen baita. Bat etorri behar du Agiriak Digitalizatzeko Elkarreragingarritasunerako Arau Teknikoarekin.

Itzuli

Dokumentuak kudeatzeko metadatua. Dokumentuak sortzea, kudeatzea eta erabiltzea ahalbidetzen duen informazio egituratua edo erdiegituratua. Kudeaketako metadatuek dokumentuak identifikatzeko, autentifikatzeko eta kontestualizatzeko balio dute, bai eta dokumentu horiek sortzen, kudeatzen, mantentzen eta erabiltzen dituzten pertsonak, prozesuak eta sistemak identifikatzeko, autentifikatzeko eta kontestualizatzeko ere. (18/2011 Legea, uztailaren 5ekoa, Justizia-administrazioan informazio- eta komunikazio-teknologien erabilera arautzen duena).

Itzuli

Dropbox. Plataforma anitzeko fitxategiak hodeian ostatatzeko zerbitzua da, eta Dropbox konpainia estatubatuarrak gobernatzen du. Zerbitzuak erabiltzaileei aukera ematen die fitxategiak biltegiratu eta linean eta ordenagailuen artean sinkronizatzeko, eta fitxategiak eta karpetak partekatzeko beste erabiltzaile batzuekin eta tabletekin eta mugikorrekin. Doako eta ordainpeko bertsioak daude, eta bertsio bakoitzak zenbait aukera ditu. Bertsio mugikorra eskuragarri dago Android, Windows Phone, Blackberry eta IOSerako.

Itzuli

E-administrazioaren plataforma. Kudeaketa publiko edo pribatuko euskarri teknologikoak dira, hala webgune independente batean daudenak –ostalari anizkoitza– edo mendeko batean daudenak –ostalari inkrustatua–. Euskarri hauei esker, erakunde publikoek, teknologia bateratu batekin eta batzuetan kanpo-kudeaketa bakar edo partekatuarekin, beren zerbitzuak, prozedurak, izapideak edo edukiak diseinatzen, programatzen eta eskaintzen dituzte kanal telematikoen bidez.

Plataforma hauek bat etor daitezke atari batekin, atari bateko atal batekin edo atari bat baino gehiagotako gune espezifikoekin. Plataforma hauen helburua da herritarrei, enpresei edo erakunde publikoei zerbitzuak ematea eta izapideak egiten laguntzea.

Itzuli

Edukien kudeatzailea. (CMS – Content Management System). Edukiak kudeatzeko sistema programa bat da, parte-hartzaileek edukiak batez ere web-orrietan sortzeko eta administratzeko euskarri bat (framework) sortzeko aukera ematen duena. Datu-base bat baino gehiago kontrolatzen dituen interfaze moduko bat da, eta hor egoten da gunearen edukia. Sistemak aukera ematen du edukia eta diseinua bereiz erabiltzeko. Horrela, edozein unetan edukiari gunearenaz bestelako diseinua eman dakioke, edukiari berriro formatua eman beharrik gabe, eta, gainera, aukera ematen die editore bati baino gehiagori gunean edukiak erraz eta kontrolpean editatu ditzaten. Adibide bat: editore batzuek sisteman kargatzen dute edukia, eta eduki hori maila goragoko beste batean ere (direktorioan) kargatuta geratzen da, jende guztiak ikusteko moduan.

Itzuli

Egiaztapen-zerbitzua. Zerbitzu hau pertsona fisiko edo juridikoentzat da, eta aukera ematen du hala paperezko dokumentuak nola elektronikoak benetakoak direla eta osorik daudela egiaztatzeko.

Itzuli

e-Gobernua. e-Government, e-Gobernua edo gobernu elektronikoa informazioaren eta jakintzaren teknologiak erabiltzea da, bai gobernuko barne-prozesuetan, bai administrazio publikoek herritarrei eta enpresei produktuak eta zerbitzuak eskaintzean.

Nagusiki, honako tresna hauek ditu oinarrian: atariak; ERPak ?administrazio publikoen eremuan GRP esaten zaienak?; CRMak, hala nola Sare sozialak eta komunitate birtualak; eta beste hainbat. Tresna horien bitartez, barne-prozesuen zein gizartearekiko prozesuen efizientzia eta eraginkortasuna hobetu nahi dira.

Itzuli

Egoitza elektronikoa. Egoitza elektronikoa herritarrek balia dezaketen helbide elektroniko bat da, telekomunikazio-sareen bitartez eskainia; helbide elektroniko hori administrazio publiko batena edo erakunde publiko edo zuzenbide publikoko entitate batena edo batzuena da –zein bere eskumenen barruan–.

Egoitza elektroniko bat ezarriz gero, titularraren ardura izango da haren bidez jaso daitezkeen zerbitzuak eta informazioa osoak, egiazkoak eta eguneratuak izatea.

Admnistrazio publiko bakoitzak zehaztuko ditu egoitza elektronikoek izan behar dituzten baldintzak eta tresnak, printzipio hauek betez: gardentasuna, publikotasun ofiziala, erantzukizuna, kalitatea, segurtasuna, baliagarritasuna, irisgarritasuna, neutraltasuna eta elkarreragingarritasuna. Nolanahi ere, egoitzaren titularra identifikatzeko modua bermatu beharko da, baita iradokizunak eta kexak aurkezteko erabil daitezkeen baliabideak ere.

Egoitza elektronikoek komunikazio seguruak bermatzen dituzten sistemak eduki behar dituzte, baldin eta beharrezkoak badira.

Egoitza elektronikoetan informazioak, zerbitzuak eta transakzioak argitaratzen direnean, irisgarritasun- eta erabilgarritasun-printzipioak bete beharko dira, horri buruz ezarritako arauekin bat etorriz; gainera, estandar irekiak baliatuko dira, eta, hala badagokio, baita herritarren artean erabilera hedatua duten beste batzuk ere.

Egoitza elektronikoek webguneak autentifikatzeko ziurtagiri aitortuak edo kalifikatuak edo balio bereko bitartekoak erabiliko dituzte identifikatzeko eta berekiko komunikazio segurua bermatzeko. (40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena).

Itzuli

Egun baliogabeen egutegia. Dokumentu honetan zehazten da zein egun jotzen diren baliogabetzat administrazio-jarduketak egiteko eta herritarrek eskubideak Administrazioaren aurrean erabiltzeko epeak zenbatzeko orduan.

Itzuli

EKS (egiaztapen-kode segurua). Dokumentu elektronikoak sinatzeko balio duten aplikazioek automatikoki sortzen duten kode alfanumerikoa. Dokumentua egiaztapen-tresna zentralizatuarekin integratuta dagoen sistema edo gordailu batean gordeta baldin badago, EKS tresna horretan dokumentu bat sartu eta jatorrizko dokumentu sinatua lor daiteke.

Ohikoa da aplikazioek sorturiko “sinadura-txostenak” direlakoetan kode horiek adieraztea (esate baterako, Portafirmas tresnan); horrela, dokumentu elektronikoen paperezko kopiak dituztenek kopia hori benetakoa den egiazta dezakete, egiaztapen-tresna zentralizatuaren bidez eskura baitezakete kontseilaritza edo erakunde baten sisteman edo gordailuan gordeta dagoen jatorrizko dokumentu elektroniko sinatua.

Aplikazioek ere kode horiek sor ditzakete kudeatzen dituzten espediente elektronikoetarako; horri esker, egiaztapen-tresna zentralizatuarekin integratuta dauden sistema eta gordailuek espediente elektronikoak truka ditzakete elkarrekin.

Itzuli

Elkarreragingarritasuna. Informazio-sistemek eta, ondorioz, horietan oinarritzen diren prozedurek daukaten gaitasuna datuak partekatzeko eta euren artean informazioa eta ezagutza trukatzeko. (12352 11/2007 LEGEA, ekainaren 22koa, Herritarrek Zerbitzu Publikoetan Sarbide Elektronikoa izateari buruzkoa).

Itzuli

Elkarreragingarritasun teknikoa.  Elkarreragingarritasunaren dimentsio honek hauxe adierazten du: informazioaren teknologien sistemen eta zerbitzuen arteko erlazioa. Honako alderdi hauek hartzen dira kontuan: interfazeak, interkonexioa, datuen eta zerbitzuen integrazioa, irisgarritasuna eta segurtasuna, eta antzeko beste batzuk. (18/2011 Legea, uztailaren 5ekoa, Justizia-administrazioan informazio- eta komunikazio-teknologien erabilera arautzen duena).

Itzuli

Enkante elektronikoa. Bitarteko elektronikoez egindako eskaintzak hautatzeko prozedura, lizitatzaileei beheranzko eskaintzen prezioak berrikusteko eta kontratazio-baldintzetako parametro kuantifikagarriak aldatzeko aukera ematen diena. B2B-ren (Business to Business) aplikazioa.

Itzuli

Erabilerraztasuna (Usability). Erabilerraztasuna software batek erabiltzailearentzat baldintza jakin batzuetan ulerterraza, ikaserraza, erabilerraza eta erakargarria izateko daukan ahalmena da (ISO/IEC 9126). Pertsonek tresna jakin bat nahiz helburu zehatz bat lortzeko fabrikatutako edozein objektu erabiltzeko daukaten erraztasuna. Beste batzuetan, berriz, erabilerraztasunaz ari garenean, objektu baten ustezko eraginkortasunaren azterketaz ari gara.

Itzuli 

Erabiltzaile aktiboa (Google Analyticsen arabera). Azken egunean, azken 7 egunetan, azken 14 egunetan edo azken 30 egunetan webgunean saioa hasi duen erabiltzaile bakarra.

Itzuli

Erabiltzaile berria (webgunekoa. Google Analyticsen arabera). Webgune jakin bat lehen aldiz bisitatzen duen bisitari bakarra.

Itzuli

Erabiltzaile errepikaria (webgunearena. Google Analyticsen arabera). Webgune jakin bat gutxienez behin baino gehiagotan bisitatu duen bisitaria.

Itzuli

Erabiltzailea (webgunearena. Google Analyticsen arabera). Webgune jakin bateko bisitari bakarra. Pertsona batek nabigatzailea, ordenagailua edo gailua aldatzen badu, Google Analyticsek uste du erabiltzaile berri bat dagoela. Bisitarien artean pertsona fisikoak zein botak sar daitezke.

Itzuli

Eratorritako trafikoa. Sare soziala ez den beste webguneren batetik datorren trafikoa.

Itzuli

Errebotearen ehunekoa (Google Analyticsen arabera). Webgune baten barruko orrialde bakarreko saioen ehunekoa.  Errebotearen ehunekoa honela kalkulatzen da: orrialde bakarreko saioak zati saio guztiak edo erabiltzaileek orrialde bakarra bisitatu eta Analyticsen zerbitzarian eskaera bakarra aktibatu duten webguneko saio guztien ehunekoa.

Itzuli

Erreferentziako ataria. Entitate batek webgune baten titularra baino gehiagoren titularra bada, Webgune Nagusia sailkatuko da erreferentziako atari gisa, hura edukiz gero; webguneak atari bat baino gehiago badu, hasierako Etxeko Orria duena aukeratuko da. Entitateak ez badu Webgune Nagusirik eta atari ostalari bat edo gehiago erabiltzen baditu, zerbitzu, prozedura, izapide eta eduki gehien dituena aukeratuko da.

Itzuli

Erregistro elektronikoa. Bitarteko telematikoen bidez transmititzen diren eskabideak, idatziak eta komunikazioak jasotzeko eta bidaltzeko eratutako erregistroak dira, eta urteko egun guztietan 24 orduan zabalik daude.

Honako hauek dira erregistro elektronikoaren funtsezko egitekoak: denbora-erreferentzia jasotzea, sarrera/irteeraren idazpena egitea, informazio-aurkezpenaren datuak gordetzea, eta erregistro-zenbakia eta aurkezpen-data jasotzen duen hartu-agiri bat itzultzea. 

Erregistroak beste funtzio batzuk ere bete ditzake, hala nola denbora-zigilua ezartzea denbora-erreferentzia lortzeko, erregistroan bertan aurkeztutako agiriak bitarteko elektronikoen bidez erkatzea/konpultsatzea, eta Administrazio osorako erregistro bakar gisa funtzionatzea.

Itzuli

Espediente elektronikoa. Administrazio-prozedura bati dagozkion agiri elektronikoen multzoa. (21/2012 Dekretua, otsailaren 21ekoa, Administrazio Elektronikoari buruzkoa).

Itzuli

Espedientea (Administrazio Publikoaren esparruan). Administrazio publikoek erabiltzen duten tresna administratiboa, administrazio-egintza bat oinarritzeko behar diren agiriak jasotzen dituena.

Itzuli

Estandar irekia. Honako baldintza hauek betetzen dituen estandarra: publikoa eta doan erabiltzeko modukoa izatea, edo kosturik badauka, ez eragoztea irispidea.

Erabiltzeko eta aplikatzeko, ez da jabetza intelektual edo industrialeko eskubiderik ordaindu beharko.(18/2011 Legea, uztailaren 5ekoa, Justizia-administrazioan informazio- eta komunikazio-teknologien erabilera arautzen duena).

Itzuli

Eten digitala. Eten digitala da taldeen arteko edozein desberdintasun, dela IKT-informazioaren eta komunikazioaren teknologietara iristeko dauden desberdintasunak, dela haiek erabiltzeko daudenak, dela haiek duten inpaktuak eragiten dituenak. Definitzeko, oinarritzat hartzen dira sexua, adina, hizkuntza, prestakuntza, irizpide geografikoak edo bestelakoak.

Administrazio elektronikoa bera erabiltzeko dauden maila diferenteak, bestalde, eten digital mota bat dira.

Itzuli

Facebook. Sare sozialen doako webgunea, Mark Zuckerberg-ek sortua. Hasiera batean, Harvard Unibertsitateko ikasleentzako gunea zen, baina posta elektronikoaren kontu bat duen edonorentzat zabalik dago gaur egun. Erabiltzaileek egoera ekonomikoarekin, lantokiarekin edo eskualdearekin lotutako Sare sozial batean baino gehiagotan har dezakete parte.

Itzuli

Facebook Messenger. Bat-bateko mezularitzako aplikazio honen bidez ahots-deiak eta bideo-deiak egin daitezke, bi pertsonaren zein gehiagoren artean. Android sistemako bertsioan SMS eta "Chat Heads” aplikazioak erabil daitezke. Funtzionaltasun bat gehitu diote, Messenger Rooms, bideotxatak egiteko: 50 pertsona aldi berean aritzeko aukera ematen du.

Itzuli

Faktura elektronikoa. Paperezko fakturaren baliokide da, igorleak hartzaileari bitarteko elektronikoak eta telematikoak erabiliz transmitizen diona. 1496/2003 Errege Dekretuaren 6. artikuluak faktura batek izan beharreko edukia arautzen du. Bada, errege dekretu horren arabera, faktura guztiek, bai paperean transmititzen direnek, bai formatu elektronikoan transmititzen direnek, eremu hauek izan behar dituzte nahitaez,

Faktura-zenbakia

Fakturaren data

Igorlearen eta hartzailearen sozietatearen izena

Igorlearen eta hartzailearen IFZ

Igorlearen eta hartzailearen helbidea

Eragiketen azalpena (zerga-oinarria)

Zerga-tasa

Zerga-kuota

Zerbitzuaren data (fakturarenaz bestelakoa bada)

Araua betetzeko, eta, horrenbestez, faktura elektronikoak eta paperean egiten denak legezko balio bera izan dezaten, faktura jasotzen duen agiri elektronikoak baldintza hauek bete behar ditu: faktura batek nahitaez izan beharreko eremu guztiak izan behar ditu, ziurtagiri aitortu batean oinarritutako sinadura elektroniko aurreratuaren bidez egon behar du sinatuta, eta alderdi bien adostasuna jasoz transmititu behar da ordenagaiu batetik bestera.

Itzuli

Faxa. Idatziak edo grafikoak telefono-linearen bidez urrutitik transmititzeko aukera ematen duen sistema.

Itzuli

Feed. (Web Feed, Web iturria edo Web kanala). Web-edukiak birzabaltzeko bitartekoa. Harpidedunei informazio eguneratua emateko erabiltzen da. Web-orri baten edukiak Feed baten bitartez birzabaltzen direnean, erabiltzaileek harpidetza egiteko aukera daukate, azken berriak jaso ahal izateko. Programa agregatzaileak erabiltzen dira toki beretik harpidetutako Feed-etara iristeko. Oso erabiliak dira, bai Interneteko blogetan, bai eta prentsa elektronikoan ere.

Itzuli

Flickr. Lineako argazkiak eta bideoak biltzeko, ordenatzeko, bilatzeko, saltzeko eta partekatzeko aukera ematen duen webgunea. Argazkiak etiketatzeko eta beste erabiltzaile batzuen irudiak arakatzeko eta iruzkintzeko tresnen bitartez irudiak administratzeko ahalmena dauka, eta horrexetan datza Flickr-en arrakasta.

Flickr-ek bi bertsio ditu: bata, doakoa, eta bestea, ordainpekoa, ‘PRO’ izenekoa. Gaur egun, doako kontuen harpidedunek hilean bi bideo eta 100 MB argazki deskarga ditzakete; ‘PRO’ kontuen harpidedunek, berriz, mugarik gabeko biltegiratze-espazioa eta banda-zabalera daukate.

Itzuli

Formularioen kudeatzailea. Administrazio elektronikoaren plataforman formularioak egitea, gordetzea, aurkeztea eta erabiltzea errazten duten tresnen multzoa da. Formularioa funtsezko atala da interesdunek erregistroari eskabideak, idatziak eta komunikazioak aurkeztu eta bidal diezazkioten.

Itzuli

Foroa. Internetez ari garela, foroa lineako eztabaidei eta iritziei leku egiten dien web-aplikazio bat da. Mezuen foroa, iritzi-foroa eta eztabaida foroa ere esaten zaio.

Itzuli

Friendfeed. Feed-agregatzailea, Sare sozialen (Facebook), bookmark sozialeko weben (Delicious), blog eta mikroblogen (Blogger eta Twitter), eta RSS/Atom Feed-aren eguneratzeak kontsolidatzen dituena. Erabiltzaileek informazio-fluxu hori erabil dezakete RS Feed-ak sortu eta adiskideekin partekatzeko eta komentatzeko. Friendfeed-en helburua, bere webaren arabera, web garrantzitsuenaren edukia transformatzea da, eta, horretarako, Sare soziala erabiltzen du informazio interesgarriak bilatzeko. Erabiltzailea pertsona bat, enpresa bat nahiz erakunde bat izan daiteke.

Itzuli

FTP –File Transfer Protocol–. Fitxategien Transferentziarako Protokoloa, bezero-zerbitzari arkitekturan oinarritua. Bezero-ekipamendu batetik zerbitzari batera konekta daiteke, bertatik fitxategiak deskargatzeko edo bertara fitxategiak bidaltzeko, edozein dela ere ekipamendu bakoitzean erabiltzen den sistema eragilea.

Itzuli

Gardentasuna. Administrazio publikoaren arloan herritarrei gobernuaren eginkizun guztien berri ematean datza gardentasuna. Horrela, jakinaren gainean egonda, berekin zerikusia duten erabakietan fidagarritasunez parte har dezakete herritarrek. Gardentasunaren bidez, administrazioaren esku utzitako boterearen parte bat bueltan emango zaie herritarrei eta, ondorioz, erakunde publikoak eratzen lagunduko eta parte hartuko dute.

Itzuli

GIS (Geographic Information System, informazio geografikoko sistema). Erreferentzia espazial bati lotuta dauden eta mundu errealetik datozen datuen sorta zabalak antolatzeko, biltegiratzeko, manipulatzeko, aztertzeko eta modelizatzeko hainbat osagai (erabiltzaileak, hardwarea, softwarea, prozesuak) biltzen eta erlazionatzen dituzten tresnen multzoa; sistema honi esker, erabakiak modu eraginkorragoan hartzeko bide ematen duten alderdi sozial eta kulturalak, ekonomikoak eta ingurugiroari lotutakoak inplementa daitezke.

Zentzu hertsiagoan, geografikoki erreferentziatuta dagoen informazioa integratzeko, biltegiratzeko, editatzeko, aztertzeko, partekatzeko eta erakusteko gai den edozein informazio-sistema da GIS. Eta, zentzu zabalagoan, erabiltzaileei kontsulta interaktiboak sortzeko, informazio espaziala aztertzeko, datuak eta mapak editatzeko eta eragiketa horien guztien emaitzak erakusteko aukera ematen duten tresnak dira GISak.

Itzuli

Goi mailako domeinu orokorra (gTLD). Zenbait izen eta multi-erakunde ordezkatzen dituen domeinu-zatia. Hauek dira batzuk: COM, NET, ORG, EDU, GOB, etab.

Itzuli

Google +. Google Inc-ek zuzentzen duen sare soziala, 2011. urtean merkaturatua. Funtzio hauek ditu, besteak beste: argazkiak edo egoeren eguneratzeak argitaratzea stream-ean edo interesetan oinarritutako komunitateei; harreman mota desberdinak zirkuluetan elkartzea (soilik “lagunak” eduki ordez); berehalako talde-mezuak bidaltzea; mezu eta bideoen txatak egitea (Hangouts deitzen zaie); ekitaldien berri izatea; kokalekua monitorizatzea; eta argazkiak editatzea eta hodeian biltegiratutako album pribatuetara kargatzea.

Itzuli

Google Analytics. Web-tresna analitiko honek informazio multzokatua ematen du web orrietako trafikoari buruz: ikustaldiak, bisitarien portaera eta elkarrizketak. Marketin digitalean erabiltzen da.

Era askotako txostenak eman ditzake: erabiltzaile jakinen jarraipena; erabiltzaile-segmentu jakinen errendimendua; lineako marketin-kanpainen emaitzak; saioak trafiko-iturrien arabera; errebote-tasak; saioen iraupena; bisitatutako edukiak; elkarrizketak (e-commerce-rako).

Iturria: Wikipedia

Itzuli

Google Drive. Googleren fitxategiak ostatatzeko zerbitzua. Erabiltzaile bakoitzak doako 15 gigabyte ditu bere artxiboak gordetzeko; kopuru hori handitu daiteke, eta, horretarako, zenbait ordainketa-plan daude. Webgunearen bidez eskura daiteke ordenagailuetatik, eta Android eta IOSerako aplikazioak dituzte, zeinek aukera ematen baitute dokumentuak eta kalkulu-orriak editatzeko. (Wikipedia).

Itzuli

Gordailu elektronikoa. Datu eta dokumentu elektronikoak eta haien metadatuak gorde eta administratzen diren artxibo zentralizatua.

Eskemako elementu garrantzitsuena da dokumentu elektronikoen bizi-ziklo osoa estaliko duen gordailu elektroniko bat sortzea, bulegoko artxibo konbentzionalaren osagarria izango dena eta haren funtzio berberak izango dituena.

Dokumentu elektronikoak modu fidagarrian biltegiratzeko aplikazio espezifiko baten bitartez inplementatzen da.

Itzuli

Gune segurua https: http-a, ssl-en (Secure Sockets Layer) oinarritua. Hipertestua transferitzeko protokolo segurua, erabiltzailearen eta hura konektatuta dagoen web-zerbitzariaren arteko komunikazioen segurtasuna bermatzeko erabiltzen dena.

Itzuli

Gunearen mapa (edo web-mapa). Bilatzaileen eta erabiltzaileen eskura dauden webgune bateko orrialdeen zerrenda.

Itzuli

Hashtag. Metadatu-etiketa da, sare sozialetako zerbitzuetan eta mikroblogintza-zerbitzuetan erabiltzen dena erabiltzaileek erraz aurki ditzaten gai jakin baten inguruko edo eduki jakineko mezuak. Erabiltzaileek hashtag-ak sortzen dituzte hitz edo edo esaldi baten aurrean (tarterik gabe) traola (“#”) karakterea ipinita, mezuaren testu nagusiaren barruan zein amaieran. Norbaitek hashtag horren bilaketa egiten badu, etiketa hori duten mezu guztiak agertzen zaizkio.

Iturria: Arimetrics. https://www.arimetrics.com/glosario-digital/hashtag (leiho berri batean irekitzen da)

Itzuli

Helbide elektroniko gaitua. Administrazio elektronikoak helbide elektroniko bat gaitzen du bere administrazio-organoek bitarteko elektronikoetatik herritarrei jakinarazpenak egin diezazkieten beren eskumeneko prozeduretan, jakinarazpenak helbide elektroniko horren bidez bidaliz.

Helbide elektroniko gaituaren bidez, herritarrek helbide elektroniko bat dute eskura, helbide elektroniko horren titular den Administrazioaren jakinarazpenak bide telematikoetatik jasotzeko.

Helbide elektroniko gaituarekin batera, herritarrek postontzi elektroniko bat izango dute jakinarazpen elektronikoak jasotzeko. Hedaduraz, postontzi elektroniko horri ere helbide elektroniko gaitua esaten zaio.

Itzuli

Helbide elektronikoa. Ekipo edo sistema elektroniko baten identifikatzailea; bertatik, komunikazio-sare batean informazioa edo zerbitzuak eskaintzen dira. (12352 11/2007 LEGEA, ekainaren 22koa, Herritarrek Zerbitzu Publikoetan Sarbide Elektronikoa izateari buruzkoa).

Itzuli

Herrialdeentzako goi mailako domeinua (ccTLD). Ingelesez, ccTLD 'coarch code top level domain’ da. Domeinua sortzen den herrialdea identifikatzen duen domeinuaren zatia da.

Itzuli

Hirugarrenen erregistroa. Aplikazio honek erabiltzaileei aukera ematen die beren banku-datuak kontsultatzeko, aldatzeko eta haiei alta emateko, betiere finantza-erakundeak sistema hori erabiltzen badu. Zerbitzu hau erabiltzeko, erabiltzaileak identifikatuta egon behar du. Horretarako, onartuta dauden ziurtagiri digitaletako bat erabil daiteke.

Itzuli

Home Page (Startpage, Front Page, Main Web). Webgune baten hasierako orria edo orri nagusia. Eskuarki, index.htm(l) du izena, baina beste izen batzuk ere erabiltzen dira, hala nola index.php, index.asp, eta abar. Bestelakoak dira nabigazio-hizkuntza edo pasahitz bat eskatzen duten hasierako orriak, horrelako orriei azal esaten zaie-eta.

Itzuli

http. http baliabideak (Hypertext Transfer Protocol – hipertestua transferitzeko protokoloa).

Itzuli

https. http-a, ssl-en (Secure Sockets Layer) oinarritua. Leku segurua. Hipertestua transferitzeko protokolo segurua, zeina erabiltzailearen eta hura konektatzen den web-zerbitzariaren arteko komunikazioen segurtasuna bermatzeko erabiltzen baita.

Itzuli

Ikusitako orri bakarrak (Google Analyticsen arabera). Webgune batean ikusitako orrialde desberdinen kopurua.

Itzuli

Ikusitako orriak (Google Analyticsen arabera). Webgune batean bisitatu diren orrialdeen guztizko kopurua, errepikatutako orrialdeak zenbatuta.

Itzuli

Informazio-sistema. Baliabide multzo antolatu honen bitartez, informazioa jaso, biltegiratu, prozesatu edo tratatu, mantendu, erabili, partekatu, zabaldu, eskuragarri jarri, aurkeztu edo transmititu daiteke.(18/2011 Legea, uztailaren 5ekoa, Justizia-administrazioan informazio- eta komunikazio-teknologien erabilera arautzen duena).

Itzuli

Inika. Hodeian ikasteko eta kudeatzeko sistema bat da, eta erabil daiteke Lehen Hezkuntzako, Eskolaurreko, DBHko, Batxilergoko, Lanbide Heziketako eta Helduen Heziketako zentroetan, bai eta hizkuntza-akademietan eta musika-eskoletan ere. Sistema malgu bat da non hezkuntza-komunitate osoak, familiek, irakasleek eta ikasleek parte hartzen duten.

Itzuli

Instagram. Argazkiak eta bideoak igotzeko sare soziala eta aplikazioa, Kevin Systromek eta Mike Krieger-ek 2010ean sortua. Aukera ematen du alde batetik argazki-efektuak aplikatzeko, hala nola iragazkiak, markoak, antzekotasun termikoak, oinarri konkaboen azpiko guneak eta retro koloreak, eta bestetik argazkiak sare sozial horretan bertan edo beste batzuetan (Facebook, Tumblr, Flickr eta Twitter) partekatzeko. Aplikazioaren bereizgarrietako bat da itxura karratua ematen diela argazkiei, Kodak Instamatic eta Polaroid kameren omenez.

Itzuli

Integritatea. Informazio-aktiboa baimenik gabe ez aldatzea helburu duen propietatea edo ezaugarria.(18/2011 Legea, uztailaren 5ekoa, Justizia-administrazioan informazio- eta komunikazio-teknologien erabilera arautzen duena).

Itzuli

Internet. TCP/IP protokolo estandarra erabiltzen duten ordenagailu-sareen multzoa, mundu osoan erabiltzaile askori zerbitzua ematen diena. Sareen sare bat da, milioika sare dituena -pribatuak, publikoak, akademikoak, negozioetakoak eta gobernutarrak, tokikoak zein globalak-, sare elektroniko eta optikoen teknologia-matrize zabal baten bidez lotuak.

Internetek informazio- eta zerbitzu-baliabide ugari biltzen ditu; hauexek dira garrantzitsuenak: World Wide Webeko (www) hipertestu-dokumentu interkonektatuak eta posta elektronikoari euskarria emateko egitura.

Itzuli

Interneteko ataria (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen arabera). Interneteko ataria esaten zaio administrazio publiko, elkarte publiko edo zuzenbide publikoko erakunde baten titulartasunekoa den sarbide-puntu elektronikoari. Sarbide-puntu honi esker, Internet bidez eskura daiteke argitaratutako informazioa, eta, kasuan-kasuan, dagokion egoitza elektronikora ere jo daiteke.

Itzuli

Interneteko domeinua. Interneteko luzapena edo domeinua da: Webgunea identifikatzen duen izen bakarra eta zerbitzari batean sartzen uzten du IP zehatza jakin gabe.

Honetan datza Interneteko domeinuen izenen eta domeinu-izenen sistemaren asmo nagusia: sareko aktibo bakoitzaren IP helbideak itzultzea buruz ikasteko eta erraz bilatzeko terminoetara.

Itzuli

Intranet. Erakunde baten barruko sarea, Interneten berariazko protokoloen arabera diseinatua eta garatua. Sare bakartua izan daiteke, Interneti konektatu gabea.

Itzuli 

iOS Apple (sistema eragilea). iOS Apple Inc multinazionalaren sistema eragile mugikor bat da. Hasieran iPhonerako garatu zen (iPhone OS), eta gero, iPod touch eta iPad gailuetan erabili izan da. Applek ez du uzten iOS instalatzen hirugarrenen hardwarean.

 iOS 14 sistema eragilearen azken bertsioak iOS 131 ordezkatu du, erabiltzaileen esperientzia hobetzeko helburu nagusia duelarik. Aldaketa garrantzitsuak dakartza, besteak beste, kanpoko memoriak Sistemaren artxiboak izeneko app-arekin erabiltzeko aukera ematea.

 Itzuli

IoT. Gauzen Internet. Elkarrekin konektatuta dauden gailuak edo sistemak dira; askotan, gailu "adimendun" edo sistema “adimendun" deitzen zaie. Datuak biltzen eta trukatzen dituzte, eta urrunetik monitorizatu edo kontrola daitezke Internet bidez, software bidez edozein konputagailutan, smartphone-tan edo interfazeen bidez (horman jarritako kontrolak).

Itzuli

Iragarki-taula elektronikoa. Egoitza elektronikoaren zerbitzu honekin, Administrazioaren ekitaldiak eta jakinarazpenak argitaratu daitezke.

Itzuli

Issuu. Sareko zerbitzu honek aukera ematen du material digitalizatua modu errealista eta pertsonalizatu batean ikusteko, hala nola liburuak, dokumentuak, aldizkarien zenbakiak, egunkariak eta beste bitarteko inprimatu batzuk. Isuuk argitalpenen esparruan ematen duen zerbitzua aldera liteke Flickr-ek argazkiak partekatzeko ematen duenarekin eta YouTubek bideoak partekatzeko ematen duenarekin.

Gune honetara igotzen den materiala web-nabigatzaile baten bitartez ikusten da, eta argitalpen inprimatu baten ahalik eta antz handiena izateko moduan eginda dago; Issuuren formatuari esker, bi orrialde aldi berean ikus daitezke (liburu edo aldizkari ireki bat balitz bezala) eta orrialdea mugimenduarekin pasa daiteke. Nahiz eta Issuuko dokumentuak sarean ikusteko diseinatuta egon, haien kopia bat gorde daiteke.

Itzuli

Iturri irekiko aplikazioa. Exekutatzeko, iturburu-kodea ezagutzeko, aldatzeko edo hobetzeko eta beste erabiltzaile batzuei kopiak birbanatzeko baimena ematen duen lizentziarekin banatzen den aplikazioa. (12352 11/2007 LEGEA, ekainaren 22koa, Herritarrek Zerbitzu Publikoetan Sarbide Elektronikoa izateari buruzkoa).

Itzuli

Izapidea. Berezko nortasuna duen izapidegile bakar batek faseka garatzen dituen jardueren edo egitekoen multzoa. Honako alderdi hauei buruzko informazioa jasotzen da:

 

                        1.- Informazio-sarrerak eta –irteerak

                        2.- Erabiltzaile arduraduna.

                        3.- Hasiera-data eta amaiera-data.

 

Izapideak prozedura bakoitzaren tratamenduak dira. Izapide garrantzitsuenak kontrol-mugarri bihurtzen dira prozeduran.

Itzuli

Izapidetze proaktiboa. Aldez aurretik erregistratutako informazioan oinarrituta eta aurretik finkatutako eskubideetatik eta betebeharretatik eratorriak izanik, administrazioek zerbitzua, prozedura edo izapidea betetzen dute, herritarrek, enpresek edo beste administrazioek parte hartu gabe.

Itzuli 

Jakinarazpen elektronikoa. Jakinarazpen elektronikoaren arau eta protokoloei jarraituz, interesdunei komunikazio idatziak eta mezuak bidaltzeko aukera ematen duen sistema. Sistemak, alde batetik, jakinarazpenaren abisua bidali behar dio hartzaileari, eta, bestetik, jakinarazpenak irakurtzeko sarbide elektronikoa eskaini behar du. Sistemak jasota utzi behar du erabiltzaileak jakinarazpenak hartu dituela, haietarako sarbidea izan duela, eta irakurri egin dituela.

Itzuli

Jarduera nagusia. Atari baten jarduera nagusia esleitzen da, atari horretan arlo funtzionalaren arabera erroldatutako zerbitzuen, prozeduren eta izapideen maiztasun handiagoa aukeratuta. “Zerbitzu Orokorrak” arloa maiztasun handiagoa zuena bazen, baina maiztasun handiagoa zuen hurrengoaren ehuneko bi edo gutxiagoko aldea izanik, azken arlo hori aukeratzen zen.

Itzuli

Kanal anitzeko bulegoa/plataforma. Erakunde bateko administrazio-atal berezia, zerbitzuak gutxienez hiru kanalen bitartez eskaintzen dituena: aurrez aurre, telefono bidez eta web bidez.

Itzuli

Kanalak. Eduki eta zerbitzuak hedatzeko bitartekoak edo egiturak: aurrez aurreko kanala (bulego finkoak edo mugikorrak), telefono bidezko kanala (finkoa eta mugikorra), posta, web-kanala, posta elektronikoa, aplikazio elektronikoak (APPak), bai eta gaur egun dauden beste batzuk edo etorkizunean izan daitezkeenak ere (gailu mugikorrak, TDT, etab.).

Itzuli

Kanal-orotasuna (Administrazio publikoetan). Administrazio eta administratuen arteko interakzio-sistema bat da, zeinetan berdin da zer diren administratuak, hau da, berdin da pertsona fisikoak, juridikoak edo beste entitate publiko batzuk diren. Existitzen diren kanal guztiak integratzen ditu (presentziala, telefono bidezkoa, posta elektronikoa, web-aplikazioak, APPak, sare sozialak...), zerbitzu, prozedura edo tramite bat kudeatzeko; are gehiago, kudeaketa-prozesuko une desberdinetan, erabaki daiteke kanala aldatzea, eta beste bat edo batzuk erabiltzea.

Ez da kanal-aniztasuna bezalakoa. Izan ere, kanal-aniztasunean, administrazioek hainbat kanal jartzen dituzte administratuen eskura, baina, tramite edo kudeaketa bat hasten denean, beti segitu behar da kanal beretik, edo, kasu batzuetan, nahiz eta administrazioek hainbat kanal eduki, kanal jakin bat finkatzen dute erabiltzaile zehatz batzuentzat.

Itzuli

Kaskadako estilo-orria (CSS). Markatze-lengoaia batean idatzitako dokumentu egituratu baten aurkezpena definitzeko eta sortzeko erabiltzen den diseinu grafikoko lengoaia. Sarri erabiltzen da web-dokumentuen eta HTML-n edo XHTML-n idatzita dauden erabiltzaile-interfazeen diseinu bisuala ezartzeko; lengoaia hau edozein XML dokumenturi aplika dakioke, tartean XHTML, SVG, XUL, RSS eta beste. Aukera ematen du estilo ez-bisualak ere aplikatzeko, hala nola estilo-orri auditiboak.

Itzuli

Kexa eta iradokizunen postontzia. Kexak, salaketa ez-formalak, iradokizunak, esker-hitzak eta halakoak bidaltzeko edo informazioa eskatzeko erabiltzaileen eskura jartzen den aplikazio elektronikoa.

Itzuli

Kontratatzailearen profila. Administrazioen web-orrian txertatutako aplikazioa, administrazio-kontratuei buruzko informazioa argitaratzen duena. Informazioa lizitazio-iragarkiei, kontratazioko baldintza-agiriei eta behin-behineko adjudikazioei buruzkoa izaten da. Datu horiek guztiak entitate interesdunen eskura jartzen dira ?enpresa lizitatzaileen eskura, batez ere?, eta, horretarako, sarbide erraz bat eskaintzen zaie, kontratugintzaren gardentasuna ziurtatzeko.

Itzuli

Kontratazio publikoaren plataforma elektronikoa. Administrazioetako kontratazio publikoaren informazio eta kudeaketa partzial edo osorako gune bakarra da. Kontratazioari buruzko informazioa trukatzeko nodo zentral bat da ?sektore publikoko kontratatzaileen eta lizitatzaileen lehiarako merkatu-plaza moduko bat?, informazioaren gizartearen tresnak osorik edo partzialki baliatuz funtzionatzen duena.

Estatistika honetan (ESPE-2010), kontratazio publikoaren plataforma elektroniko bat dagoela jotzen da, baldin eta, kontratatzailearen profilean jasotako informazioa (lizitazio-iragarkia, baldintza-agiriak eskuratzeko aukera, eta behin-behineko adjudikazioen argitalpena) eskaintzeaz gainera, eskaintzak ingurune elektroniko berean euskarri digitalean egiteko aukera ere ematen bada.

Itzuli

Kontratazio-sistema dinamikoak. Ohiko erabilerako hornidurak eta zerbitzuak eskuratzeko, bete-betean baliabide elektronikoak erabiliz gauzatzen diren kontratazio-prozedurak. Horrelako prozedura batek lau urte iraun dezake gehienez, eta, epe horretan, enpresa interesdun guztiek har dezakete parte, baldin eta hautaketa-irizpideak betetzen badituzte, eta hautaketa-irizpideen arabera eskaintza indikatibo bat aurkezten badute.

Itzuli

Kontratisten erregistroa. Administrazioko kontrataziorako tresna osagarria, Administrazioarekin kontratuak egiten dituzten edo egiteko moduan dauden enpresen datu garrantzitsuenak biltzen dituena.

Itzuli

Koordenatu-txartela. Segurtasun-tresna hau PINaren edo segurtasun-gakoaren gehigarria da, eta urrutiko zerbitzuen bitartez funtsak mugitzeko edo produktu eta zerbitzuak kontratatzeko eragiketak egiteko eskatu ohi da.

Itzuli

Kopia elektronikoa. Herritarrek eta/edo administrazio publikoek aurkeztutako agirien irudi elektronikoak, jatorrizkoen balio eta eraginkortasun berekoak. Agiri-irudia benetakoa eta osoa dela, eta gordeta geratzen dela bermatzen duten digitalizazio-prozesuen bidez egiten dira irudi elektronikoak.

Itzuli

Lehia-elkarrizketa. Emaitzen araberako lizitazio publikoaren ordez erabiltzen den kontratazio-prozedura, botere adjudikatzaileari lizitatzaileekin elkarrizketatzeko aukera ematen diona, haiek behin betiko eskaintzak aurkeztu aurretik. Sektore Publikoko Kontratuen Legeak lehia-elkarrizketaren figura (18/2004 Zuzentarautik hartua) sartu du ordenamendu juridikoan, botere adjudikatzaileak premiei aurre egiteko soluzio teknikoak bere kabuz definitu ezin dituenean edo proiektu baten egitura juridikoa eta finantzarioa lantzerik ez duenean erabiltzeko. Badirudi azpiegitura-proiektu handietarako dela egokia lehia-elkarrizketa.

Itzuli

Leihatila bakarra. (One stop shop). Herritarrek Administrazio Publikoan xede jakin batekin egin beharreko izapide desberdinak instantzia edo organismo bakar batean biltzea da. Leihatila bakarrak baimenak, akreditazioak, baliabideak edo zerbitzuak lortzeko ordainketak eta prozedura ofizialak arintzeko sortu dira, herritarrek eta enpresek administrazioen egiturak eta organigrama konplexuak eragindako sakabanaketa espazialaren ondorioak nozi ez ditzaten.

Leihatila bakarrak edo espazio komunak: Hainbat administraziok akordio bidez erabakitako informazio, izapide eta zerbitzuetara irispidea izateko herritarrek erabil ditzaketen baliabide edo kanalak (bulego integratuak, telefono bidezko arreta, Interneteko orriak eta beste batzuk). (12352 11/2007 LEGEA, ekainaren 22koa, Herritarrek Zerbitzu Publikoetan Sarbide Elektronikoa izateari buruzkoa).

Itzuli

LinkedIn. Enpresei, negozioei eta enpleguari begira 2003an sortutako komunitate soziala. Erabiltzaile bakoitzak nahieran erakusten ditu bere lan-esperientzia eta trebetasunak, eta, haien profilean oinarrituta, webguneak harremanetan jartzen ditu milioika enpresa eta enplegatu.

Itzuli

Locking (Blokeoa). Fitxategi bateko sarbidea mugatzen duen mekanismoa. Une jakin batean, erabiltzaile edo sarbide-prozesu bakarrari uzten dio sartzen dena delako fitxategian.

Itzuli

Lurreko telebista digitala edo LTDa. Mugimenduzko irudiak eta soinua (telebista) seinale digital baten (kodetze bitarraren) eta lurreko errepikagailu-sare baten bidez transmititzea.

Itzuli

Metadatua. Beste datu batzuk definitzen eta deskribatzen dituen datua. Aplikazioaren arabera, hainbat metadatu mota daude. (18/2011 Legea, uztailaren 5ekoa, Justizia-administrazioan informazio- eta komunikazio-teknologien erabilera arautzen duena).

Itzuli

Microblogging (Nanoblogging). Erabiltzaileei mezu laburrak (140 karaktere inguru), eskuarki testu soilekoak, bidaltzeko eta argitaratzeko aukera ematen dien zerbitzua. Hainbat aukera daude mezuak bidaltzeko: webguneak, SMSak, bat-bateko mezularitza eta ad hoc aplikazioak.

Mezu berriak erabiltzaileen profilaren orrian erakusten dira, eta mezu horiek jasotzea aukeratu duten beste pertsona batzuei ere berehala bidaltzen zaizkie. Jatorrizko erabiltzaileak aukera du mezu horiek bere lagunei baino ez bidaltzeko, edo jende guztiari sarbidea emateko, azken hori izaten da-eta aukera lehenetsia.

Honako hauek dira zerbitzu nagusiak: Tutudio, Twitter, Plurk, Identi.ca, Jaiku, Tumblr, Pownce, Khaces, Picotea.com eta Xmensaje.

Microblogging-a da snack kulturaren agerpen berriena eta ezagunena. Snack kulturak, hain zuzen ere, testuen laburtasunari eta erabiltzaileen mugikortasunari ematen die lehentasuna, eta sare birtualak bultzatzen ditu, indar hartzen ari den ingurune soziala osatzen duten aldetik.

Itzuli 

MMS (Multimedia Messaging System). Telefono mugikorren artean multimedia mezuak bidaltzeko diseinatutako mezularitza-sistema.

Itzuli

Moodle. Irakasleei, hezkuntza-administrazioari eta ikasleei eduki eta zerbitzu hezigarriak sortzen eta kudeatzen laguntzeko diseinaturiko ikaskuntza-programa.

Itzuli

Nabigazio-sakontasuna. Web baten barruan, orri nagusitik beste orri jakin batera iristeko egin beharreko klik-kopurua.

Itzuli

NANe eta 3.0 NANe. Nortasun-agiri nazional elektronikoa. 2. bertsioa 2015era arte eta 3. bertsioa 2016tik. Biek ala biek txip kriptografiko bat daukate, eta aukera ematen dute autentifikazio-ziurtagiriak lortzeko eta sinatzeko. Dual Interface duen txip bat daukate atzealdean, eta, horri esker, hardware bidez konekta daitezke, baina baita haririk gabe ere, NFC (Near Field Communication) teknologiaren bitartez.

Itzuli

Open Data. Mundu osorako proiektu honen helburua da datuak eta informazioa herritarrentzat, enpresentzat edo administrazioentzat irekita egotea, edonork eskuratu, zabaldu eta berrerabiltzeko, murriztapen teknologikorik ez egoteko, guztien eskumenekoak izateko, integritateari eusteko eta diskriminaziorik ez aplikatzeko moduan.

Itzuli

Open Government Data (administrazio publikoen datu irekiak). Gobernuak kontrolaturiko elkarte publikoek edo erakundeek ekoizten edo agintzen dituzten informazio eta datuak, modu proaktiboan dibulgatuak; gero, eskuragarri jartzen dira eta edonork erabili, berrerabili edo zabaldu ditzake.

Itzuli

Ordainketa telematikoa. Aplikazio elektroniko baten bitartez pertsona fisiko edo juridiko baten kontu korrontetik kontu mugatu batera egiten den transferentzia.

Itzuli

Ordainketa-pasabidea. Izapide jakin batzuetan lineako ordainketak egiteko aukera ematea du helburu. Horretarako, plataformak, besteak beste, egoitza eta sinadura elektronikoarekin integratuta egon behar du, eta zenbait banketxerekin akordioa eginda egon behar da.

Itzuli

Ordezkarien erregistro elektronikoa. Aplikazio honetan, interesdunek beste pertsona batzuei erakunde publikoen aurrean elektronikoki beren izenean jarduteko ematen dieten ordezkaritza kudeatzen da.

Itzuli

Orrialdeak Saioko (Google Anaticsen arabera). Saio batean ikusitako orrialdeen batez bestekoa.

Itzuli

PDA. (Personal Digital Assistant). Eskuzko gailu elektronikoa. Hasiera batean, agenda elektroniko gisa diseinatu zen (egutegia, kontaktuen zerrenda, ohar-bloka eta oroigarriak), idazketa ezagutzeko sistema eta guzti. Gaur egun, horrelako gailuek ordenagailu batek egiten dituen funtzioetako asko egin ditzakete (filmak ikusi, agiriak sortu, jokoak, posta elektronikoa, Interneten nabigatu, audio-fitxategiak erreproduzitu, eta abar), baina badute abantaila bat: eramangarriagoak dira.

Itzuli

RSS (RDF Site Summary edo Rich Site Summary). XMLn kodifikatutako web-iturrien formatuen multzoa. Harpidedunei informazio eguneratua maiz bidaltzeko erabiltzen da. Formatuak nabigatzaile baten beharrik gabe edukia banatzeko aukera ematen du, eta, horretarako, RSS edukiak irakurtzeko diseinatutako software bat erabiltzen da (agregatzailea).

RSSren bitartez, web-orri interesgarrien informazio eguneratua oso erraz jaso daiteke ordenagailuan bertan nahiz lineako web-orri batean (RSS irakurgailu baten bidez), orrietara banan-banan sartu beharrik izan gabe. Informazio hori automatikoki eguneratzen da. RSS berriak jaso ahal izateko, orriak RSS zerbitzua erabilgarri eduki behar du, eta, horrez gainera, RSS irakurgailu edo agregatzaile bat izan behar du.

Itzuli

Saioa / Bisita (Google Analyticsen arabera).  Webgune batean aldi jakin batean gertatzen diren elkarreraginen multzoa. Garrantzitsua da gogoratzea Google Analyticsen saioak 30 minutukoak direla, besterik adierazi ezean.

Itzuli

Saioaren/bisitaren batez besteko iraupena (Google Analyticsen arabera).  Saio guztien guztizko iraupena (segundoetan) zati saio-kopurua.

Itzuli

Sarbide orokorra. Herritarrek, Estatuko Administrazio Orokorrarekiko eta haren organismo publikoekiko harremanetan, beraren bitartez iritsi ahal izango dituzte informazio eta zerbitzu baliagarri guztiak. Sarbide orokor horretan, herritarrek eskuratu ahal dituzten zerbitzuen zerrenda bat izango da, bai eta zerbitzu horietara sartzeko bidea ere. Sarbide hori Estatuko Administrazio Orokorraren eta haren organismo publikoen gainerako sarbide elektronikoekin koordinaturik egon beharko da. (12352 11/2007 LEGEA, ekainaren 22koa, Herritarrek Zerbitzu Publikoetan Sarbide Elektronikoa izateari buruzkoa).

Itzuli 

Sarbide-puntu elektronikoa. Interneteko domeinu batean batuta dauden web-orrien multzoa; horren helburua da pertsona batzuen beharrizan bereziak konpontzeko baliabide eta zerbitzu batzuetarako irispidea eskaintzea edo erakunde publiko baten informaziora eta zerbitzuetara irispidea eskaintzea, modu erraz eta integratuan. (12352 11/2007 LEGEA, ekainaren 22koa, Herritarrek Zerbitzu Publikoetan Sarbide Elektronikoa izateari buruzkoa).

Itzuli

Sare sozial birtualak. Pertsonek, erakundeek eta beste entitate batzuek osatutako gizarte-egitura. Sare sozial birtualak osatzen dituztenak elkarrekin konektatuta daude ?dela harremanen bat dutelako (laguntasuna, ahaidetasuna, interes erkideak, truke ekonomikoak, sexu-harremanak), dela sinesmenak, jakintza eta prestigioa partekatzen dutelako? eta, bete-betean ez bada ere, IKT tresnak erabiltzen dituzte, bai egitura sortzeko, bai eta egitura garatzeko ere. Zerbitzu gehienak webean oinarritzen dira batez ere, eta hainbat bide eskaintzen dute erabiltzaileek elkarri eragin diezaieten, hala nola TXATa, mezularitza, posta elektronikoa, bideokonferentzia, hizketa bidezko txata, fitxategien erabilera partekatua, blogak, eztabaida-taldeak, denda birtuala, eta abar.

Itzuli

Segurtasun-neurriak. Informazio-sistemak izan ditzakeen arriskuetatik babesteko xedapenak, sistemaren segurtasun-helburuak ziurtatzeko hartuak. Neurriak hainbat eratakoak izan daitezke:  prebentzio-neurriak, disuasio-neurriak, babes-neurriak, detekzio- eta erreakzio-neurriak eta berreskuratze-neurriak, adibidez.(18/2011 Legea, uztailaren 5ekoa, Justizia-administrazioan informazio- eta komunikazio-teknologien erabilera arautzen duena).

Itzuli

SEM. (Search Engine Marketing). Merkadoteknia Interneten: web orri bateko edukia sustatzen da, ikusgarriagoa izan dadin eta bistarago ager dadin bilaketa-tresnen emaitzen artean. SEMen barruan honako atal hauek daude: bilaketa-tresnak optimizatzea (Search Engine Optimization, SEO); klik bidez ordaintzea (PPC); publizitatea testu-iragarkien zein irudi-iragarkien bidez (Search Advertising, SEA); bilaketa-tresnetan eskaintzen diren gainerako atal eta zerbitzu guztiak.

Itzuli

SEO. (Search Engine Optimization). Bilaketa-tresnak marketinerako modu eraginkorrean erabiltzeko plan teknikoa garatzeko prozesua da. Bi elementu egon ohi dira: SEO onpage (web orrian bertan) eta SEO offpage (kanpoan). Ikuspegi teknikotik, SEOren bidez bermatzen da web orri bat ondo indexatuta egotea bilaketa-tresnetan: gako-hitzak, edukia eta estekak.

Iturria: Arimetrics. https://www.arimetrics.com/glosario-digital/seo (leiho berri batean irekitzen da)

Itzuli

Sinadura digitala. Agiri baten sinadura digitala sortzeko, HASH funtzio izeneko algoritmo bat aplikatzen zaio agiriaren edukiari, eta, hurrena, sinadura-algoritmoa gehitzen zaio, gako pribatu baten bitartez. Sinadura digitalaren softwareak zenbait alderdi egiaztatu behar ditu, hala nola:

• Sinatzailearen ziurtagiri digitala indarrean dagoen.

• Sinatzailearen ziurtagiri digitalaren errebokazioa (OCSP bidezko nahiz CRL bidezkoa izan daiteke).

• Denbora-zigilua ba ote duen.

HASH funtzioa algoritmo bat da, euskarri digitalean sinatu behar diren datuen laburpen-balio bat kalkulatzeko aukera ematen duena. Norabide bakarrean funtzionatzen du, hau da, laburpen-baliotik abiatuta jatorrizko datuak kalkulatzea ezinezkoa da. HASH funtzioa agiri bati aplikatzen zaionean, testua zehatz-mehatz identifikatzen duen zenbaki bat ematen du funtzioak. Zenbaki hori testuari erantsiz gero, hartzaileak funtzioa aplika dezake berriro, eta funtzioaren emaitza eta hark jaso duena bat datozen egiaztatu. Dena den, horrelako eragiketak ez dituzte erabiltzaileek berek egiten, baizik eta software bat erabiltzen da, HASH balioa kalkulatzeko funtzioa eta ondorengo egiaztapena automatizatzen dituena.

Itzuli

Sinadura edo zigilu elektronikoaren balidazioa. Sinadura edo zigilu elektroniko baten baliozkotasuna egiaztatu eta berresteko prozesua da. Iturria: Regulation (EU) No 910/2014 of the European Parliament and of the Council of 23 July 2014 on electronic identification and trust services for electronic transactions in the internal market and repealing Directive 1999/93/EC.

Itzuli

Sinadura elektroniko aitortua. Sinadura Elektronikoari buruzko abenduaren 19ko 59/2003 Legearen 3. artikuluaren arabera, aitortutako ziurtagiri batean oinarrituta dago, eta sinadura gauzatzeko dispositibo seguru baten bidez sortzen da.

Itzuli

Sinadura elektroniko aurreratua. Sinadura Elektronikoari buruzko abenduaren 19ko 59/2003 Legearen 3. artikuluaren arabera, sinatzailea identifikatzeko bidea ematen duen eta sinatutako datuetan gerora egin den edozein aldaketa antzemateko bidea ematen duen sinadura elektronikoa; modu bakar batean baino ez dago lotuta sinatzailearekin eta dagozkion datuekin, eta sinatzaileak berak bakarrik kontrola ditzakeen bitartekoekin sortutakoa da. (12352 11/2007 LEGEA, ekainaren 22koa, Herritarrek Zerbitzu Publikoetan Sarbide Elektronikoa izateari buruzkoa).

Itzuli

Sinadura elektronikoa. Eskuzko ohiko sinadura ordezteko aukera ematen duten prozedura teknikoen eta juridikoen multzoa, lehen bertaratuta egin behar izaten ziren izapideak telematikaren bidez egin ahal izateko sortua.

Sinadura elektronikoaren plataformaren laguntzaz identifikatzen eta autentifikatzen dira, bai herritarrak eta enpresak, bai eta Funtzio Publikoko langileak eta egoitza elektronikoak ere.

Orobat, herritarrek eta administrazio publikoetako langileek agiriak sinatzeko egin beharreko eragiketak sinadura elektronikoaren plataformaren funtzioen artean sartzen dira.

Funtzio horiek soluzio bakarrarekin betetzen dira merkatu barruan. Hala ere, administrazioek beste soluzio osagarri batzuk ere erabiltzen dituzte sarri, hala nola sinadura-eragiketen kudeaketa errazten duen soluzioa, zeinak izenpetzeko zain dauden agiri guztiak bistaratzeko eta, behar izanez gero, loteka izenpetzeko (sinaduren karpeta) aukera ematen baitu.

Sinadura elektronikoa. Sinadura Elektronikoari buruzko abenduaren 19ko 59/2003 Legearen 3. artikuluaren arabera, modu elektronikoan dagoen datu-multzoa; beste batzuekin batera edo haiei lotuta jasotako datuak dira, eta sinatzailea identifikatzeko erabil daitezke. (12352 11/2007 LEGEA, ekainaren 22koa, Herritarrek Zerbitzu Publikoetan Sarbide Elektronikoa izateari buruzkoa).

Itzuli 

Sinadura elektronikoko sistema. Sinadura elektronikoa sortzean esku hartzen duten elementuen multzoa. Ziurtagiri elektronikoan oinarritutako sinadura elektronikoaren kasuan, gutxienez honako hauek osatzen dute sistema: ziurtagiri elektronikoak, euskarriak, irakurgailuak, sinadurarako erabilitako aplikazioak eta sinatutako agiriaren hartzaileak erabilitako interpretazio eta egiaztapen sistemak. (12352 11/2007 LEGEA, ekainaren 22koa, Herritarrek Zerbitzu Publikoetan Sarbide Elektronikoa izateari buruzkoa).

Itzuli

SKYPE. Skype software jabedun bat da eta Microsoft-ek banatzen du, izen bereko konpainia erosi eta gero. Internet bidez mezu idatziak, ahots-komunikazioak eta bideokonferentziak (VoIP) egiteko aukera ematen du. Skypeko kodea eta protokoloa itxita daude eta aplikazioaren pribatiboak dira, baina doan deskarga daiteke webgune ofizialetik aplikazio exekutagarria. Skypeko erabiltzaileek doan hitz egin dezakete elkarren artean. (Wikipedia)

Itzuli

SMS (Short Message Service). Telefono mugikorrek duten zerbitzua, mezu laburrak bidaltzeko aukera ematen duena. Mezu horiei testu-mezu ere esaten zaie, eta telefono mugikorren, telefono finkoen eta eskuzko beste gailu batzuen artean bidali daitezke mezu horiek. SMS, hasiera batean, GSM telefonia mugikor digital estandarraren osagai gisa diseinatu zen, baina, gaur egun, sare-mota askotan (are 3G sareetan ere) eskuragarri da

Itzuli

SMS plataforma. Telefonia mugikorreko operadoreekin egindako konexioen bitartez eduki handiko SMS eta MMSak bidaltzeko, hartzeko, tratatzeko eta kudeatzeko aukera ematen duten sistema informatikoak.

 Sarean sartzeko edozein teknologia (GSM, CDMA, TDMA, iDEN, UMTS-3G) nahiz konexio-mota (WAP, GPRS, EDGE, IP) erabiltzeko aukera eskaini behar dute. SMS plataformek zerbitzu hauek eskaintzen dituzte, besteak beste: premium zerbitzuak (berrien bidalketa eta eduki orokorrak); alertak; eta SMSen bidalketa masiboa, Push izenekoa, zeina berrespenak egiteko, bisitak oroitarazteko, kontsultak egiteko, aldaketen berri emateko, publizitatea egiteko, eta abarretarako erabiltzen baita.

Itzuli

Sofistikazio elektronikoaren maila. Honen bidez neurtzen da erabiltzaileek, enpresek edo administrazioek Internet bidez zenbateraino exekuta ditzaketen webguneek edo Internet erabiltzen duten beste euskarri batzuek (APPak...) eskaintzen dituzten zerbitzuak, prozedurak edo izapideak. Ohikoa da zerbitzu, prozedura edo izapide berberak kanal desberdinetatik (elektronikoak eta ez-elektronikoak) exekutatu ahal izatea; hori dela eta, sofistikazio elektronikoaren mailak Interneti ematen dio lehentasuna beste kanalen aldean.

9      sofistikazio maila bereizten dira, zeinak sekuentzialak eta baztertzaileak baitira:

A)    Ez dago eskaintzarik ez webguneen bidez ez Internet erabiltzen duten beste euskarri batzuen bidez.

 

0)    Ez dago eskaintzarik ez webguneen bidez ez Internet erabiltzen duten beste euskarri batzuen bidez.

 

B) Informazioa

1) Webgunean eta Internet erabiltzen duen euskarrian zerbitzuaren, prozeduraren edo izapidearen izendapena soilik agertzen da.

2) Izendapenaz gain, beste zenbait informazio ere ematen dira: beharrezko dokumentazioa, izapidetzeko urratsak, kanalak, etab.

     C) Formularioen deskarga: norabide bakarreko interakzioa

3) Hasierako formularioa edo eskaera deskargatzeko aukera ematen du

4) Formularioetako batzuk deskargatzeko aukera ematen du

5) Beharrezko formulario guztiak deskargatzeko aukera ematen du

     D) Datuen online sarrera: bi norabideko interakzioa

6) Datuen online sarrera

     E) Erabateko izapidetze elektronikoa

7) Erabateko izapidetze elektronikoa

     F) Izapidetze proaktiboa

8) Izapidetze proaktiboa

Itzuli

Sofistikazio telematikoaren maila. webguneen edo Interneta erabiltzen duten beste euskarrien (APPak...) bidez eskainitako zerbitzuek, prozedurek edo izapideek herritarrei, enpresei edo beste administrazioei erabiltzeko aukera-maila, erakunde publikoetara joan gabe, kanal elektronikoak –Internet  edo ez elektronikoak –faxa, telefonoa edo ohiko posta  erabiliz. Zerbitzu, prozedura edo izapide berberak kanal ezberdinetatik, elektronikoak ala ez elektronikoak, egiteko aukera egotea ohikoa denez gero, sofistikazio telematikoaren mailak Interneti ematen dio lehentasuna, eta bigarrenik, kanal ez elektronikoei (faxa, telefonoa edo ohiko posta), gainontzekoen aurrean.

Itzuli

SoundCloud. Musikarientzako sare soziala, musika banatzeko kanalak eskaintzen dituena. Start My Song edo Songpull sare sozialen antzeko zerbait da, baina kasu honetan ideia da amaituta dagoen musika erakustea, entzuteko prest dagoena. SoundCloud plataformak abestia eta soinu-uhina aztertzen ditu, entzuten ari den edonork aukera izan dezan, audioaren une jakin batean, bere iruzkina egiteko. (Wikipedia).

Itzuli

SRS (Gizarte Sareen Guneak). Sare soziala grafo baten edo gehiagoren bitartez irudika daitekeen egitura bat da. Grafo horiek nodoz eta ertzez osatuta daude: nodoek pertsonak irudikatzen dituzte, eta ertzek, berriz, pertsona horien arteko harremanak. MySpace, Facebook, Cyworld, Twitter, Meeterh eta Bebo sareek milaka pertsona erakarri dituzte, eta haietako askok egunero erabiltzen dituzte gune horiek. Sare sozialen lehen gune ezaguna, SixDegrees.com izenekoa, 1997an jarri zen abian, eta erabiltzaileei aukera ematen zien profilak, lagunen zerrendak eta lagunen lagunen zerrendak sortzeko.

Itzuli 

SSL (Secure Sockets Layer, Konexio seguruen Geruza). Datuak komunikatzeko protokoloa, Netscape-k garatua agiri pribatuak Interneten bidez transmititzeko. SSL-k sistema kriptografikoa erabiltzen du, datuak enkriptatzeko bi gako dituena: gako publiko bat, partekatu edo publikatu daitekeena, eta gako pribatu edo sekretu bat, mezuaren hartzaileak baino ezagutzen ez duena. Interneteko gune askok SSL erabiltzen dute erabiltzailearen isilpeko informazioa lortzeko, hala nola kreditu-txartelaren zenbakia lortzeko. Konbentzioz, SSL erabiltzen duten guneen helbideak (URLak) https letrez hasten dira, http letrez hasi beharrean.

Berriki, IETF-kTLS izendatu du protokolo hau. Badira alde txiki batzuk SSL 3.0 eta TLS 1.0 bertsioen artean, baina, funtsean, protokoloa berdina da.

Itzuli

Streaming. Multimediako edukien emanaldia.  Zuzeneko emanaldia edo etengabeko emanaldia (ingelesez, streaming) -sekuentzien bidezko transmisioa, etengabeko irakurketa, etengabeko hedapena edo etengabeko deskarga ere esaten zaiona- multimediako edukien banaketa digitala da, ordenagailu-sare baten bidezkoa, eta erabiltzaileak produktua erabiltzen du deskargatzen den bitartean. "Emanaldi" hitzak etenik gabe ibiltzen den korronte jarraitua esan nahi du, zehazki, audio edo bideo bidezko hedapena.

Internet bidezko emanaldia aurrez grabatua izan daiteke, edo aldez aurretik grabatutako edukia izan dezake, esaterako, eskatutako film bat edo bideo bat. Emanaldia zuzenean ere egin daiteke, hau da, gertaeraren baten edukia Internet bidez denbora errealean zabaldu daiteke, gertatu ahala alegia; adibidez, kontzertu bat edo telebista-kate baten seinalea. Zuzeneko emanaldiak bideo eta audioko grabazio-iturri bat, edukiaren kodetzaile bat, editore bat eta edukia banatzeko sare bat behar ditu, emanaldia erabiltzaileei helarazteko. (Wikipedia)

Itzuli

Teams (Microsoft). Bat-bateko mezularitzako aplikazio hau lanerako pentsatuta dago. Beraren bidez bideo-deiak egin daitezke, fitxategiak gorde daitezke eta taldean lan egin daiteke fitxategi horiek kudeatzen. Gainera, beste aplikazio batzuk integratzeko aukera ematen du.

Itzuli

Telefonia mugikorra. Telefonia zelular ere esaten zaio. Bi elementuk osatzen dute, funtsean: komunikazio-sare (edo telefonia mugikorreko sare) batek, eta sare horretara sartzeko aukera ematen duten terminalek (edo telefono mugikorrek).

Itzuli

Telefonoa. Telekomunikazioko gailua, seinale akustikoak seinale elektrikoen bidez urrutitik transmititzeko diseinatua.

Itzuli

Telegram. Internet bidezko mezularitza-zerbitzua, Nikolai eta Pavel Durov anaiek garatua (haiek sortua da VK sare soziala ere). Hasieran, sakelako telefonoetarako erabili zen, eta urtebete gerora, berriz, hainbat plataformatarako. Mezuak (testuak, dokumentuak edo bestelakoak) XMPP arkitektura famatuarekin bidali ordez MTProtorekin bidaltzean datza.

Itzuli

Teleizapidetza. Bide telematikoak erabiltzen dituen edozein izapide (halakotzat hartuko dira bide elektronikoak, posta elektronikoa, telefonoa, faxa edo posta arrunta). Nolanahi ere, saihestu egin behar du pertsona fisikoa edo juridikoa erakunde izapidegilearen egoitzara joatea.

Itzuli

Teletestua. Testu erako informazio-zerbitzua, telebista-seinalearekin batera igortzen dena. Telebista egokiak behar dira zerbitzua eskuratzeko. Nolanahi ere, 1990etik aurrera saltzen diren telebista gehienek badute zerbitzu hau.

Itzuli

Trafiko soziala. Sare sozialen bidez webgune batera datorren trafikoa.

Itzuli

Trazabilitatea. Trazabilitatearen bidez neurtzen da sistema informatiko batek zenbaterainoko gaitasuna daukan berak denboran zehar kudeatutako informazioak izan dituen aldaketen historia eta sistema horretan aritu edo sartu diren pertsonen edo beste sistema informatiko batzuen historia erreproduzitzeko. Administrazioaren ikuspegitik, pertsona fisiko edo juridiko baten jarduketak soil-soilik pertsona fisiko edo juridiko horri egotzi ahal izatean datzan propietate edo ezaugarriari esaten zaio trazabilitatea.

Itzuli

Tuenti. Espainian 2006an sortutako sare soziala. Hasieran pribatua zen, eta, bertara sartzeko, beharrezkoa zen kideren baten gonbidapena jasotzea, baina, 2011tik aurrera, erregistroa zabalik dago erabiltzaile guztientzat. Aukera ematen du norberaren profila sortzeko, beste erabiltzaile batzuk lagun gisa gehitzeko eta mezuak trukatzeko. Erabiltzaileek, gainera, antzeko interesak dituzten beste orrialde batzuekin bat egin dezakete, ekitaldiak kudea ditzakete eta argazkiak nahiz bideoak igo ditzakete.

Itzuli

Twitter. Microblogging-eko Sare sozial zerbitzua, Jack Dorsey-k sortua, erabiltzaileei gehienez 140 karaktereko testuak, tweet izenekoak, bidaltzeko eta irakurtzeko aukera ematen diena. Mezu hauek bi modutan bidal daitezke: Twitter-en webgunearen bidez, eta SMS (Short Message Service delakoaren) bidez. Mezuak SMS bidez bidaltzeko, telefono mugikorra erabil daiteke, bat-bateko mezularitzako programak, eta are hirugarrenen edozein aplikazio ere, hala nola Twidroid, Twitterrific, Tweetie, Facebook, Twinkle, Tweetboard edo TweetDeck.

Mezu berri horiek erabiltzaileen profilaren orrian erakusten dira, eta berriak jasotzea aukeratu duten beste pertsona batzuei ere berehala bidaltzen zaizkie. Jatorrizko erabiltzaileak aukera du mezu horiek bere lagunei baino ez bidaltzeko, edo jende guztiari sartzen uzteko, azken hori izaten da-eta aukera lehenetsia.

Erabiltzaileek Twitter-eko orritik jaso ditzakete berriak, bat-bateko mazularitzaren, SMS-ren, RSS-ren eta posta elektronikoaren bitartez. Berriak SMS-ren bitartez jasotzeko aukera oraindik ez dago eskuragarri herrialde guztietan, eta, zerbitzua eskatzeko, konfirmazio-kode bat bidali behar da atzerriko zenbaki batera.

Itzuli

URL helbidea. (Ingelesezko siglak, Uniform Resource Locator, hau da, baliabideen kokatzaile uniformea).  Sareko baliabideak identifikatzeko sistema bateratua erabiliz Interneteko gune zehatz bat identifikatzeko balio duen karaktere-multzoa. Helbideak honako xehetasun hauek jasotzen ditu: sareko baliabidea eskuratzeko behar den protokoloaren izena, Interneten sistema zehatz bat identifikatzen duen izen osoa, eta webgunearen orri nagusia sistema horretan non kokatuta dagoen.

Hona hemen sintaxia:

zerbitzua:// host.subdomeinua.domeinua.xxx/Ibilbide/izena_fitxategia.xxx

Adibidez:

https://www.lantik.bizkaia.eus//r53not/es/contenidos/noticia/2015_01_16_24004/es_24004/index.shtml

• http/https protokoloa (zerbitzua)

• Host (besterik adierazi ezean, http/https-rako www da)

• Bizkaia.eus domeinua da

.eus, goi-mailako domeinu geografikoa da.

• Lantik azpidomeinua da

•/r53-not/es/contenidos/noticia/2015_01_16_24004/es_24004/ ibilbidea da

• Index.shtml da izena_fitxategia

URL zerbitzuak. Zerbitzuak sarearen bidez informazioa berreskuratzeko erabiltzen den sare-protokoloa adierazten du.

Itzuli

URL. URL —ingelesezko Uniform Resource Locator-en siglak— baliabideen kokatzaile uniforme bat da, edo hobeto ulertzeko, nabigatzailetik sareko edozein baliabide erraz aurkitzeko edo atzitzeko aukera ematen du.

Itzuli

Vimeo. Bideoetan oinarritutako Interneteko sare soziala, InterActiveCorp (IAC) konpainiak 2004ko azaroan argitara atera zuena. Publizitaterik gabeko bideo-plataforma bat da, New York hirian du egoitza, eta bideoak bistaratzeko zerbitzuak ematen ditu.

Webguneak aukera ematen du bideo digitalak partekatu eta gordetzeko, eta erabiltzaileek bideoak iruzkindu ditzakete haien orrietan. Erabiltzaileak aldez aurretik erregistratu behar dira bideoak igotzeko, haien profila sortzeko, abatarrak kargatzeko, iruzkinak egiteko eta gogokoak dituzten bideoen zerrendak eratzeko. (Wikipedia).

Itzuli

WAI arauak (Web Accesibility Initiative arauak). Webguneak diseinatzeko eta garatzeko jarraibideak, W3C-k gomendatuak desgaitasunen bat duten pertsonek web-edukietara sarbidea izan dezaten.

Itzuli

WAP (Wireless Application Protocol). (Haririk Gabeko Aplikazio Protokoloa). Haririk gabeko komunikazioek erabiltzen dituzten aplikazioetarako nazioarteko estandar irekia.

Itzuli

WEB. World Wide Web delakoa (amarauna/mundu-sare erraldoia) informazioa banatzeko sistema da, lotuta dauden eta Interneten bitartez eskura daitezkeen hipertestu eta hipermedietan oinarritzen dena. Web-nabigatzaile batek aukera ematen du testua, irudia, bideoak nahiz bestelako multimedia-edukiak izan ditzaketen orriez osatutako webguneak bistaratzeko, eta, orobat, webgune horietan hiperestekak erabiliz nabigatzeko.

Itzuli 

Web 2.0. Termino hau web teknologiaren garapenaren historiako bigarren balunaldia aipatzeko sortu zen. Erabiltzaileen komunitateetan oinarritzen da, eta zerbitzu-sorta berezia eskaintzen du, hala nola Sare sozial birtualak, blogak, wikiak, eta folcsonomiak. Zerbitzu horiek, hain zuzen ere, komunitate edo Sare sozial bateko erabiltzaileen lankidetza eta informazio-truke arina eta eraginkorra sustatzen dute. Web 2.0-ri web soziala ere esaten zaio, lankidetzari eta eraikuntza sozialari ematen dion garrantziagatik. Web 2.0 terminoa Tim O’Reilly-rekin lotzen da, 2004an O’Reilly Media Web 2.0 konferentzian egindako aipamena dela-eta.

Itzuli

3.0 weba. Pertsonen arteko interakzio honek helburu du nabigatzailerik gabeko hainbat aplikaziok erabiltzeko moduko edukiak sortzea eta adimen artifizialeko teknologiak, web semantikoa, web geoespaziala eta 3D weba sustatzea. 4.0 webera igarotzea dago; azken hori balioan, aktibo digitaletan, aktiboen lagapenean, konfiantza banatuan eta bitartekotzarik ezean oinarritzen da.

Itzuli

WEB orria. Web-orri bat (Interneteko orri ere esaten zaio) weberako egokitutako agiri elektroniko bat da. Normalean, webgune baten parte izaten da. Web-orri baten ezaugarri nagusia hiperestekak dira, eta horixe da webaren funtsa.

Web-orri bat informazioak (testuak eta/edo multimedia-moduluak) eta hiperestekek osatzen dute nagusiki. Estilo-datuak edo datu horien loturak ere eduki ditzake orria nola bistaratu behar den zehazteko, eta aplikazio txertatuak ere izan ditzake, orri interaktibo bihurtzeko.

Itzuli

Web irisgarritasuna. Pertsona guztiek webean sartzeko eta bertako edukiak eskuratzeko duten ahalmena da, edozein dela ere haien desgaitasuna, dela desgaitasun fisikoa, adimen-desgaitasuna edo desgaitasun teknikoa, dela erabileraren testuinguruarekin (teknologiekin edo ingurunearekin) zerikusia duen desgaitasuna. Irisgarritasunak lotura estua dauka erabilerraztasunarekin.

Itzuli

Webcast. Webcast bat telebista-programa baten antzekoa da, baina Interneten bidez transmititzeko diseinatua.

Itzuli

Webcasting. Webcasting-a ekitaldi bat Interneten bidez zuzenean ematea da. Erabiltzaileek aukera daukate ekitaldiaren eduki guztietara sartzeko, bai eta aurkezleekin elkarreragiteko ere, ekitaldian bertan baleude bezala.

Horrela, bideo bat bistaratzen da, non parte-hartzailearen jarduna ikus-entzun baitaiteke oso kalitate onarekin. Aldi berean, aurkezpena oinarritzeko nahiz indartzeko erabiltzen diren diapositibak nahiz bestelako elementuak ere ikus daitezke, bideoarekin eta audioarekin sinkronizaturik. Aurkezleak eta entzuleek ere elkarreragin dezakete, FeedBack, Discussion, Polls eta antzeko tresnen bitartez.

Itzuli

Web-eduki irekia. Murriztailea ez den lizentziapean eta berariaz kopiatzeko, banatzeko eta aldatzeko aukera ematen duen formatuan argitaratutako edukia. Eduki ireki bat ezin da aldatu librea ez bada.

Itzuli

Web-eduki librea. Erabiltzaileek bertsio aldatuak edo eratorriak erabiltzeko, birbanatzeko eta sortzeko duten eskubideari dagokionez, legezko muga nabarmenik ez duen edukia.

Berariaz adierazi behar da eduki bat librea dela, eta, horretarako, lizentzia-klausulak jaso behar dira edukiarekin batera, legearen arabera jabeek beren sorkuntzen gaineko kontrol erabatekoa daukate-eta.

Itzuli

Web-eduki tematikoa. Gai homogeneok lantzen dituzten informazio-unitateak dira, nahiko zehatz desberdindu daitezkeenak eta mantentze-lanak batera egiten zaizkienak. Orrialde baten zati bat edo hainbat orrialde bete ahal dituzte.

Eduki tematikoak lantzearen eta proposatzearen helburua beti izaten da bezeroei erabakiak hartzeko erabilgarri izango diren informazioak eskaintzea eta, beraz, azken batean, zerbitzu publiko bat da.

Barne sartzen dira arau-erreferentziak, katalogoak, direktorioak, erroldak eta beste era bateko zerrenda, gida, argitalpen, estatistika, azterlan, txosten, memoria, mapa, gomendio eta abar. Eduki horien euskarriak dokumentuak, irudiak edo soinuak izan daitezke.

Web-orrialde baten eduki gisa ez dira sartzen beste eduki edo web-orrialdeetarako estekak, non eta ez den direktorio edo zerrenda tematiko bat osatzen duen esteka-multzo bat, adibidez arlo jakin bateko (garraioa, hirigintza, etab.) arau-erreferentziak.

Eusko Jaurlaritzak egindako Zerbitzu Publiko Elektronikoen Estatistikan jasota dago definizio hori. Web-eduki tematikoak helburu du administrazioen webguneen pisua eta bokazioa edo espezializazioa neurtzea, behin web-edukiak sailkatu ondoren.

Itzuli

Web-edukia. Web-edukitzat jotzen da webeko nabigatzaile baten bitartez transmititu eta exekutatu daitekeen dokumentu, irudi, animazio, testu, soinu, bideo eta aplikazio oro.

Aplikazioek ere kode horiek sor ditzakete kudeatzen dituzten espediente elektronikoetarako; horri esker, egiaztapen-tresna zentralizatuarekin integratuta dauden sistema eta gordailuek espediente elektronikoak truka ditzakete elkarrekin.

Itzuli

Webgune lotua. Sektore publikoko erakunde baten webgune lotuak dira:

Webgune nagusi gisa sailkatu ez direnak. Webgune lotuetara web nagusien bitartez sartzen da normalean, baina webgune lotuen URLa zeharo desberdina da.

Webgune lotuak, jeneralean, erakundeetako sail edo zerbitzu garrantzitsuenei dagozkie (Ogasuna, Kirolak, Garraioak, eta abar).

Itzuli

Webgune nagusia. Sektore publikoko erakunde baten webgune nagusian gaudela ulertuko da, baldin:

 

A)    Erakundeak berak hala erabakitzen badu. Batzuetan, webgune ofiziala dela adierazten da.

B)    Webgunearen izena (hasierako orrialdeko nahiz URLko identifikazioa) erakundearen izen ofizialarekin bat badator edo oso antzekoa bada.

C)    Wegunearen eduki eta zerbitzu gehientsuenak eta garrantzitsuenak erakundearen jardueraren xedearekin zerikusia badute.

Itzuli

Webgune ostalaria / ostatu-emailea. Sektore publikoko erakunde baten webgune ostatu-emaileak dira:

Beste erakunde publiko batzuen webak, erakunde ostatu-hartzailearen titulartasunpekoak diren edukiak, nahiz prozedurak nahiz zerbitzuak jasotzen dituztenak.

Gerta daiteke erakunde batek, web nagusia eta/edo web lotuaz gainera, web ostatu-emailea ere edukitzea.

Web ostatu-emaileak bi eratakoak izan daitezke: batzuetan, web ostatu-hartzailea beste web batean kokatzen da, jeneralean web ostatu-emailea ostatatzen den erakunde publikoaren webean (web txertatua). Beste batzuetan, berriz, erakunde batek beste web bat erabiltzen du bere zerbitzu elektroniko batzuk edo guztiak ostatatzeko, eta web hori beste erakunde publiko nahiz enpresa pribatu batean ostatatzen edo /eta kudeatzen da.

Itzuli

Webgune ostatu-hartzailea. Entitate apopiloaren ikuspegitik, Webgune ostatu-hartzaileaz hitz egingo da –Webgunea erabiltzen du baina horren titular izan gabe-.

Itzuli

Webgunea. Gai edo erakunde jakin bati buruzko web-orrien eta fitxategi elektronikoen multzoa. Ongietorria egiteko hasierako orri bat dauka, Home Page izenekoa, Interneteko domeinu-izen eta helbide espezifikoak dituena.

Itzuli

Webgunearen URL-ezizena. Webguneko ezizen batek aukera ematen du URL bat beste URL batekin edo gogoratzeko erraza den web-helbide batekin lotzeko. Helburu nagusia da herritarrei erraztasunak ematea garrantzitsua den webgune batean –edo eduki batean– sartzeko.

Itzuli

Webinar. Web eta seminario (mintegia) terminoekin sortutako neologismoa. Bideokonferentzia-aplikazio baten bidez (Zoom, Team, Google Hangouts, Cisco Webex, Microsoft Skype, Viber eta abar) egiten diren hezkuntza edo prestakuntzako saioak dira; audio eta bideo fitxategiak, dokumentuak eta aplikazioak (zenbait formatutan) denbora errealean bidaltzeko eta jasotzeko aukera ematen du.

Egokia da hitzaldiak, tailerrak edo mintegiak emateko, arreta berezia ipinita irakasleen eta ikasleen arteko elkarreraginean, galde-erantzunean aritzeko eta oharrak egiteko aukera ematen du eta.

Itzuli

Webmaster. Webgune bat kudeatzeaz arduratzen den pertsona.

Itzuli

WhatsApp. Mezuak SMS bidez doan bidaltzeko eta jasotzeko modua ematen duen plataforma askotarako mezularitza-aplikazioa. WhatsApp erabilgarri dago iPhonen, BlackBerryn, Windows Phonen, Androiden eta Nokian, eta gailu horiek guztiak elkarrekin komunika daitezke. WhatsAppen erabiltzaileek, oinarrizko mezularitza erabiltzeaz gain, taldeak sor ditzakete eta elkarri nahi adina irudi, bideo eta audio-mezu bidal diezazkiekete.

Itzuli

Widget. Aplikazio edo programa, widgets edo Widget Engine motor batek exekutatzen dituen fitxategi txikietan aurkeztu ohi dena. Bere helburuen artean, sarritan erabiltzen diren funtzioetarako sarbidea ematea eta ikusizko informazioa ematea daude. Ezinbesteko baldintza ez den arren, widgetak beste webgune batean ‘txertatzeko’ erabiltzen dira, widget berak erabiltzailearen eskura jartzen duen kodea kopiatuz. (WIKIPEDIA)

Itzuli

Wiki. Webgune bat da, eta bertako orriak pertsona askok editatu ditzakete, web-nabigatzaile baten bidez. Partekatzen den testu bat sortu, aldatu eta ezabatu daiteke. Testuek edo Wiki-orriek titulu bakarrak dituzte. Wiki-orri baten titulua idatziz gero wikiaren toki batean, hitz hori web-lotura bihurtzen da.

Itzuli

Windows 10 Mobile (sistema eragilea). Sistema eragileak nabarmen zatikatuta daudenez, Microsoftek 2015eko urtarrilean iragarri zuen Windows Phoneri baja emango ziola, Windows 10 Mobile izeneko sistema moldagarriago batean zentratzeko, plataforma mota guztietarako eskuragarri dagoena (telefono adimendunak, tabletak eta PCak).

Itzuli

Windows Phone (sistema eragilea). Windows Phone (laburtua WP) mugikorretarako sistema eragile bat da, Microsoftek garatua Windows Mobile-ren ondorengoa den aldetik. Aurrekoak ez bezala, enpresa-merkatura barik kontsumo-merkatura jotzen du. Windows Phoneren bidez, Microsoftek erabiltzaile-interfaze berri bat eskaintzen du, bere zerbitzu aktiboetako batzuk jasotzen dituena.

Itzuli

WWW (World Wide Web). Host. Munduko Informatika Sarea haien artean loturik dauden hipertestu dokumentuen banaketa-sistema bat da, Internet bidez atzigarria dena.

Itzuli

XHTML. Hipertestu hedatua markatzeko lengoaia. Oro har webean argitaratzen diren hipertestuzko dokumentu eta edukiak sortzeko erabiltzen da. HTML lengoaiaren birformulazio bat da, XML estandarrarekin bateragarria, eta markatze-lengoaien familian sartzen da. XHTMLk bereizi egiten ditu edukia eta diseinua; hau da, batek ez dio besteari eragiten, eta zein bere aldetik alda daitezke. Nabigatzaileetarako ez ezik web-gailu baterako baino gehiagorako (sakelako telefonoak, gailu eramangarriak, PDAk, etab.) funtzionala izan dadin diseinatuta dago.

Itzuli 

YouTube. Bideoak kargatzeko eta partekatzeko aukera ematen duen gune elektronikoa. Edukia eskaintzeko, YouTube-k Adobe Flash-en oinarritutako lineako erreproduzitzale bat erabiltzen du. Arrakasta handikoa da, bideo pertsonalak erraz kargatzeko aukera ematen du eta. Filmen klipak, telebista-programak, musika-bideoak, eta Videoblog gisako eduki amateurrak karga daitezke. YouTube-ko bideoetarako loturak blog eta gune elektroniko pertsonaletan ere ipini daitezke, API erabiliz edo HTML kodea txertatuz.

Itzuli 

Zerbitzu digitala (Informazioaren Gizarteko eta Merkataritza Elektronikoko Zerbitzuei buruzko uztailaren 11ko 34/2002 Legearen arabera). Informazioaren gizarteko zerbitzua da, ulertua Informazioaren Gizarteko eta Merkataritza Elektronikoko Zerbitzuei buruzko uztailaren 11ko 34/2002 Legearen eranskineko a) letran jasotako zentzuan.

['Informazioaren gizarteko zerbitzuak' edo 'zerbitzuak’: zerbitzuek normalean kostua dakarte, eta urrunetik, bide elektronikoz eta hartzaileak berak eskatuta ematen dira.

Informazioaren gizarteko zerbitzuaren barruan, hartzaileek ordaintzen ez dituzten zerbitzuak ere sartzen dira, baldin zerbitzu horiek zerbitzu-emailearen jarduera ekonomikoen barruan sartzen badira.

Honako hauek dira, besteak beste, informazioaren gizarteko zerbitzuak, jarduera ekonomiko diren neurrian:

 

1.- Ondasunak edo zerbitzuak bide elektronikoz kontratatzea.

2.- Bitarteko elektronikoen edo merkatu eta saltoki birtualen bidez enkanteak antolatzea eta kudeatzea.

3.- Pertsona-taldeek sareko erosketak kudeatzea.

4.- Merkataritza-komunikazioak igortzea.

5.- Bide telematikoa erabiliz informazioa ematea.

 

Ez dira informazioaren gizarteko zerbitzutzat hartuko arestian aipatutako ezaugarriak betetzen ez dituzten zerbitzuak; honako hauek, batez ere:

 

1.- Ahozko telefoniaren, faxaren edo telexaren bidez emandako zerbitzuak.

2.- Posta elektronikoaren bidez edo komunikazio elektronikoko antzeko beste bitarteko baten bidez informazioa trukatzea, bitarteko horien erabiltzaileen jarduera ekonomikoarekin zerikusirik ez duten helburuekin.

3.-Telebistaren irrati-hedapeneko zerbitzuak, Kontseiluaren urriaren 3ko 89/552/EE Direktiba Espainiako ordenamendu juridikora ekartzen duen uztailaren 12ko 25/1994 Legearen 3.ª) artikuluan aipatzen direnak, ia eskatu ahalako bideoak barne (89/552/EE Zuzentaraua, hain zuzen ere, Estatu kideek telebistaren irrati-hedapeneko jardueren gainean hartutako lege-, erregelamendu- eta administrazio-mailako xedapen batzuk koordinatzeari buruzkoa da).

4.- Soinuaren irrati-hedapeneko zerbitzuak.

5.- Teletestua eta antzeko beste zerbitzu batzuk, hala nola telebista-plataformen bitartez eskaintzen diren programazio-gida elektronikoak.

(Iturria: Diccionario de Conceptos y Términos de la Administración Electrónica 6. bertsioa. 2020ko urrikoa. Ogasun Ministerioa Ekonomia Gaietako eta Transformazio Digitaleko Ministerioa)

Itzuli

Zerbitzu publikoa. Administrazio publiko baten titulartasunpekoa den eta araubide juridiko berezia duen giza baliabideen eta baliabide materialen antolaketa baten bidez herritarrei modu erregular eta konstantean emandako zerbitzu teknikoa (Fernando Garrido Falla [1]).

Itzuli

Zerbitzu publiko telematikoa. Herritarren edo erakunde ofizial nahiz pribaturen baten interesak zaintzeko eta premiak asetzeko helburua duen zerbitzu publikoa da, eta, helburu hori betetzeko, kanal telematikoak erabiltzen ditu fase edo egiteko batzuetan edo guztietan.

Itzuli 

Zerbitzu, prozedura edo izapideen katalogoa. Administrazio batek kudeatzen duen inbentarioa, zeinak prozesu bakoitzaren oinarrizko informazioa jasotzen baitu (izapideari ekiteko modua, aurkezteko epea, ebazpena emango duen organoa, administrazio-isiltasunaren ondorioak, aplikatzekoa den araudia, errekurtsoak, etab.) jendeak errazago uler dezan.

Itzuli

Ziurtagiri digitala. Konfiantzazko hirugarren batek (ziurtapen-agintariak) pertsona edo erakunde baten eta administrazio publiko edo enpresa baten arteko erlazioa ziurtatzeko baliatzen duen agiri digita

Edozein pertsonak edo erakundek izan dezake ziurtagiri digital bat, baina ziurtagiriaren jabearekiko elkarreraginean daudenek ziurtagiri-igorlea aintzat hartzen ez badute, ziurtagiria sinatu ez balitz bezala geratzen da. Horregatik, ziurtagiri-igorleek akreditatuta daudela erakutsi behar dute, beste pertsona, komunitate, enpresa edo herrialde batzuek aintzat har ditzaten.

Ziurtagiri digital batek kriptografia-gako pare bat du, bat publikoa eta bestea pribatua, zeinak algoritmo matematiko batekin sortuak baitaude; horrela, gakoetako batekin zifratzen dena haren gako parekidearekin baizik ezin da deszifratu.

Ziurtagiri digitalen formatua nazioarteko ITU-T X.509 estandarraren bidez definituta dago. Modu horretan, estandar hori betetzen duen edozein aplikaziok irakur edo idatz ditzake ziurtagiriak.

Itzuli

Ziurtagiri elektronikoa. Sinadura Elektronikoari buruzko abenduaren 19ko 59/2003 Legearen 6. artikuluaren arabera, ziurtapen-zerbitzuen emaile batek modu elektronikoan sinatutako agiria da, sinadura egiaztatzeko datuak sinatzaile batekin lotzen dituena eta haren identitatea berresten duena. (12352 11/2007 LEGEA, ekainaren 22koa, Herritarrek Zerbitzu Publikoetan Sarbide Elektronikoa izateari buruzkoa).

Itzuli

Ziurtagiri elektroniko aitortua. Sinadura Elektronikoari buruzko abenduaren 19ko 59/2003 Legearen 11. artikuluaren arabera: ziurtapen-zerbitzuen emaile batek egindako ziurtagiri elektronikoak dira; emaile horiek lege horretan ezarritako betekizunak bete beharko dituzte, eskatzaileen identitatea eta gainerako inguruabarrak egiaztatzeari eta ziurtagirien bermeei dagokienez. (12352 11/2007 LEGEA, ekainaren 22koa, Herritarrek Zerbitzu Publikoetan Sarbide Elektronikoa izateari buruzkoa).

Itzuli

Zoom Video (Zoom eta Zoom App). Bat-bateko mezularitzako aplikazio honen bidez bideo-deiak eta bilera birtualak egin daitezke PC ordenagailu eramangarriarekin, telefono adimendunarekin eta tabletarekin.  Bideotxat zerbitzua eskaintzen du: 100 pertsona aldi berean gehienez, 40 minutuko mugarekin. Prestazio horiek hobetu nahi izanez gero, ordaindu egin behar da: 1.000 pertsona gehienez aldi berean eta 30 orduko muga.

Itzuli

Zuzeneko trafikoa. Erabiltzaileak izena zuzenean bilatzailean idatzi duen saioak webgune batean sartzeko.

Itzuli


[1] Garrido Falla, Fernando El concepto de servicio público en Derecho español

Universidad Complutense. Madrid .Revista de Administración Pública .Núm. 135. Septiembre?diciembre 1994

https://dialnet.unirioja.es/servlet/articulo?codigo=17240 [20190312]

Azken aldaketako data: