Ekonomia eta Ogasun Saila

7. osagaia

Habitat naturala eta hondamendi naturalen prebentzioa

Euskal Autonomia Erkidegoa ahalegin handia ari da egiten 1980ko hamarkadaz geroztik ingurumenaren egoera orokorra eta, bereziki, bere habitat naturala berreskuratzeko. Ordutik, ingurumena babesteko hainbat politika aplikatzen ari dira, eta, Europako politika eta jarraibideen ildotik, ingurumen-adierazleen kalitatea eta bioaniztasunaren defentsan eta errespetuan gauzatutako jarduerak nabarmen hobetzea ahalbidetzen ari dira.

Ildo horretan, eta ahalegin horien ondorioz, Euskal Autonomia Erkidegoak lehen mailako ingurumen-baliabideen sare zabala du, eta sare hori, adibidez, hauetan islatzen da: 9 parke natural, 7 biotopo babestu, Natura 2000 Sareko espazioak (Kontserbazio Bereziko 47 Eremu (KBE) eta Hegaztientzako Babes Bereziko 4 Eremu [HBBE]), Ramsar motako 6 hezegune. Gainera, Euskal Autonomia Erkidegoak legegintza-corpus propioa du arlo horretan (Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Kontserbatzeko Legearen testu bategina onartzen duen 1/2014 Legegintzako Dekretua, batez ere).

Euskal Autonomia Erkidegoa tematuta dago habitat naturala babesteko lehentasunezko arreta ematen jarraitzen. Hala, 2016an onetsi zen eta Nazio Batuen Garapen Jasangarrirako 2030 Agendaren Europar Batasunaren Bioaniztasunari buruzko Estrategiarekin eta Garapen Jasangarriko Helburuekin bat datorren Euskal Autonomia Erkidegoko 2030erako Bioaniztasun Estrategiak, Euskadiko natura-ondarearen arloko lehentasun eta konpromiso nagusiak ezartzen ditu, 2030. urteari begira, ingurumenaren defentsa espezie guztientzat eta gizakiarentzat oparotasuna eta ongizatea erakusten duen faktore gisa hartzen baita.