Ekonomia eta Ogasun Saila

4. osagaia

Mugikortasun jasangarria

Erregai fosiletan oinarritutako garraio-ereduak hazkunde esponentziala izan zuen XX. mendearen bigarren erdialdean, bai Euskal Autonomia Erkidegoan, bai beste lurralde batzuetan, eta horrek eragin negatibo ugari izan zituen, airearen kutsadura, energiaren gehiegizko kontsumoa, osasunaren gaineko eragin kaltegarriak edo zirkulazio-bideen saturazioa, besteak beste. Gainera, ez da ahaztu behar gaur egun garraioaren sektoreak petrolioaren deribatuak kontsumitzen dituela nagusiki (azken energia-kontsumoaren % 90 baino gehiago dira), eta energia-iturri mota hori gehien eskatzen duen sektorea dela. Gaur egun, nitrogeno oxidoen emisioak airearen kalitatearekin erlazionatutako arazo nagusia dira gure ingurunean.

Egoera horren aurrean, Euskadik, Europako herrialde guztiek bezala, garapen jasangarria sustatzen duten politikak ezarri behar ditu, bai ekonomiaren aldetik, bai gizartearen eta ingurumenaren aldetik. Erronka horren aurrean, garraioa sektore estrategikoa da egungo eta etorkizuneko ingurumen-jasangarritasunean, eta, aldi berean, funtsezko elementua da Euskadiren garapen ekonomikoan.

Euskadi aitzindaria da eta izaten jarraitu nahi du garapen jasangarriaren, ingurumenarekiko errespetuaren eta klima-aldaketaren aurkako estrategiaren aurreko konpromisoan, eta horrek guztiak agerian uzten du beharrezkoa dela mugikortasun adimenduna bultzatzea. Horretarako, Euskadik aurrera egiten du erregai fosilen desloturaren eta berotegi-efektuko gasen isurketen neutraltasunaren alde egingo duen eredu ekonomiko eta energetiko berri baterantz, gizarte- eta ingurumen-kostu txikiagoa duten garraiobideei lehentasuna emanez. Mugikortasun jasangarria eta adimenduna, “garraio berdea” deitutakoa, etorkizuneko ekonomiaren parte da, eta lehentasuna da Euskadi berdeagoa, digitalagoa eta inklusiboagoa lortzeko.

.