Euskadiko Ikasleen Orkestra Derbyshireko Orkestra Gaztearekin ari da elkarlanean aurtengo kontzertu programa osatzen

Atzo izandako kontzertua

2019.eko apirilak 17

Euskadiko Ikasleen Orkestra (EIO) eta Derbyshire City & County Youth Orchestra kontzertu bira betean dira egunotan, Ingalaterran eta Euskadin

Jon Malaxetxebarriaren zuzendaritzapean, euskal eta ingeles konposatzaileen lanak joko dituzte: Walton, Elgar eta Guridi
Euskadiko Ikasleen Orkestra (EIO) osatzen duten ikasleak gelditu ere egin gabe dabiltza Aste Santuko opor hauetan. Egun hauetan Ingalaterran Derbyshire konderriko orkestra gaztearekin elkarlanean eskaintzen ari diren kontzertuen ondotik, Euskadira bueltan datoz aurki. Baina ez dira bakarrik iritsiko. Derbyshireko musikari gazteekin batera etorriko dira. Elkarrekin, euskal eta ingeles gazteek, beste hiru kontzertu eskainiko dituzte datozen egunotan Euskadin: apirilaren 18an, Gasteizen; 19an, Donostian; eta apirilaren 20an, larunbata, Bilboko Arriaga Antzokian.
Izan ere EIO-k aurten bere pareko orkestra bat aurkitu du Ingalaterran, Derbyshire City & County Youth Orchestra, eta orkestra honekin elkarlanean burutuko du aurtengo bere programazioa, Ingalaterran hasi eta Euskadin jarraipena izango duen kontzertu bira barne. Aste Santuko oporrak hartzearekin batera, joan zen apirilaren 12an, EIO osatzen duten musika eskola eta kontserbatorioetako ikasleek Ingalaterrarako hegaldia hartu zuten. Derbyshire konderriko orkestrako musikari gazteekin hiru egunez entseguak egin ondoren, atzo (apirilak 16) eskaini zuten lehen kontzertua Nottingham-eko Albert Hall auditorioan, eta gaur berriz (apirilak 17) Cambrigen arituko dira (Cambridge University Concert Hall; 13:10 ordu britainiarra).
Cambridgeko kontzertuko azken noten oihartzuna artean entzuten ari direla, gaur gauez berriz bueltako hegaldia hartuko dute. Bihartik aurrera, anfitrioi lana egin beharko dute: Euskadin kontzertuak eskaintzeko txanda izango da.


Euskadiko Ikasleen Orkestra
& Derbyshire City & County Youth Orchestra

Kontzertua Apirilak 20, larunbata Arriaga Antzokia - Bilbo 19:00etan Kontzertua Apirilak 19, ostirala Musikene - Donostia 19:00etan Kontzertua Apirilak 18, osteguna Kontserbatorioa-Gasteiz 19:00etan

Jon Malaxetxebarriaren zuzendaritzapean, bi orkestra gazteen arteko elkarlan hau, musika arloko hitzordu bikaina izateaz gain, hango nahiz hemengo musikari gazteentzat elkar truke eta esperientzia paregabea ere bada, adin bertsuko gazteok musikarekiko grina ere partekatze baitute.
EIO, Euskadiko Ikasleen Orkestra
Euskadiko Ikasleen Orkestra (EIO) Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak bultzatzen duen hezkuntza-proiektu musikala da. Etorkizuneko euskal musikarien trebakuntza musikalean bidelagun izan nahi duen ekimen honek, musika jendaurrean eta orkestra bateko kide gisa jo dezaten plaza eskaintzen die ikasle gazteei. EIOren helburu nagusia musika kontserbatorioetako eta eskoletako ikasleei heziketa sinfonikoa eta orkestra-heziketa eskaintzea da. Batetik, ikasleen motibazioa piztu nahi du EIOk, musika ikasketetan jarrai dezaten; eta bestetik, kontserbatorioetan ikasleek landu ezin izango luketen errepertorio sinfoniko zabala jotzeko aukera eman.


Euskadiko musika irakaskuntza zentroetan ikasten ari diren neska-mutilek osatzen dute, eta adinaren arabera, proiektuak hiru orkestra desberdin ditu:


EIO: 15 urtetik 18-19ra bitarteko ikasleek osatzen dute. 2005-2006 ikasturtean jaio zen.
EIO Gaztea: 13 – 15 urte tarteko neska-mutilak. 2010-2011 ikasturtean sortua.
EIO Txikia: 10 urtetik 13ra bitarteko ikaslez osatua. 2015-2016 ikasturtean jaio zen.


Egun, Jon Malaxetxebarria gernikarra da EIOren zuzendari musikal. Aurretik ordea, zeregin hori bera hartu dute beren gain Maite Aurrekoetxeak, Roberto Nuñok, Diego Martinek, Iker Sanchezek eta Juanjo Menak.


Derbyshire City & County Youth Orchestra
Derbyshire City & County orkestra gaztean, Derby herrialdeko eskola eta musika zentroetako ikasle onenek hartzen dute parte. 14-21 urte arteko ikasleak aukeratuak izaten dira otsailean eta uztailean egonaldiko kurtsoetan parte hartu ahal izan dezaten. Derbyshire Music Education programaren bi helburu nagusiak hauek dira: Ikasleen jatorri edo egoera pertsonala kontutan hartu barik, musika egiteko aukera ematea, eta bestalde, ahalik eta musika mailarik altuena lortzea, betiere bertako ikasleekin.
Gaur egun zuzendariak hauek dira: Peter Stark (Londreseko Royal College of Musicen irakasle eta zuzendaria) eta Jon Malaxetxebarria. Azken urteotan egin dituzten obrak besteak beste hauek dira: Shostakovich− Sinfonía no.5 (2016), Vaughan Williams − A London Symphony (2017), Bernstein − On the Waterfront Suite (2018) eta Berlioz − Sinfonía Fantástica (2018).