EUSKADIK EUROPAKO IKERKETA KONTSEILUAK EMANDAKO 16 ERC LAGUNTZA DITU, 27 MILIOI EUROTIK GORAKO BALIOAREKIN

Datuen berri ematen

2019.eko apirilak 17

  • ERCk ezagutzaren mugan dauden arrisku handiko ikerketa berritzaileak garatzeko proiektuak bultzatzen ditu. Ikerketari zuzendutako mundu osoko laguntzarik garrantzitsuenetakoa da.
  • 2018ko deialdian beste 4 ERC laguntza lortu dira, eta aurreko deialdietakoei gehituta, erabateko errekorra suposatzen dute indarrean dagoen ERC laguntza-kopuruari dagokionez.

  

Europako Batzordeak Europako Ikerketa Kontseilua (ERC, ingelesezko siglen arabera) sortu zuen 2007 Europan bikaintasunezko oinarrizko zientzia sustatzeko asmoz, ezagutzaren mugan ikertzen jarraitu nahi duten esparru eta nazionalitate guztietako ikertzailerik onenei laguntza emanez. ERCk arrisku handiko ikerketa berritzaileak garatzea xede duten prestigiozko proiektuak finantzatzen ditu. Sortu zenetik, ERCk garrantzi handiko eragina izan du Europako ikerketaren arloan.

Euskadik 16 ERC laguntza ditu gaur egun, hiru modalitatetan banatuta: 7 Starting Grant, lider independenteak izateko gaitasuna frogatu duten gazte ikertzaileentzat; 5 Consolidator Grant, bikaintasunezko ikertzaileei ikerketa talde edo programa propioak bultzatzen laguntzeko, eta 4 Advanced Grant, asmo handi-handiko proiektu aitzindariak dituzten ibilbide luzeko eta lidergo-gaitasun aparteko ikertzaileentzat. Euskadin ERC laguntza dutenen % 86 Ikerbasqueko ikertzaileak dira.

2018an beste 4 ERC laguntza lortu ziren Euskadin: 2 Starting Grants eta 2 Consolidator Grants. Horiei esker, puntako teknologia garatu ahal izan da hainbat esparrutan; hala nola, Arkaitz Carracedo buru duen CancerAdapt proiektuan, prostatako minbiziak aurrera egiteko erabiltzen dituen mekanismoak ikuspegi berritzailetik aztertzeko; edota Clara Martín hizkuntza eta elebitasunari buruzko ikerketa bide berriak jorratzeko zuzentzen ari den proiektua, adingabeek irakurtzen ikasten dutenean ortografiak hizkuntza-soinuen pertzepzioari eta ekoizpenari nola eragiten dien ezagutzea helburu duena. Hauexek dira 2018an ERC Consolidator kategorian aukeratutako Estatuko 16 proiektuetako bi. Proiektu bakoitzak bi milioi euroko finantzaketa du.

Urtean biltzen diren milaka eskaerari bikaintasun zientifikoa irizpide bakarra duen nazioarteko ebaluazioa egin ondoren, proiektuen % 10-15ek baino ez dute lortzen finantzazio erakargarri hau. Europako Ikerketa Kontseiluaren laguntza jaso duten ekimenek prestigio handia izan ohi dute nazioarteko komunitate zientifikoan, izan ere, esparru zientifiko guztiei zuzendutako laguntza hauek bikaintasunaren adierazletzat jotzen dira nazioartean. Adolfo Morais Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearen esanetan, "ERC laguntzak lortzeak Euskadi nazioartean ikerketa aurreratuko eskualdetzat jotzea errazten du, nazioarte mailako euskal ikerketa-taldeei eta bertan nazioarteko kategoriako ikerketa garatzeko eskaintzen diren baldintza egokiei erreparatuz".

Hori dela eta, Ikerbasquek ERC Fast Track deritzon deialdia zabalik dauka, 2017-2019ko deialdietan ERC laguntza jaso duten ikertzaileak Euskadira erakartzeko asmoz. Urte osoan irekita egongo den deialdi berri hau munduko edozein lekutan lanean diharduten jakintza-arlo guztietako ikertzaileei zuzenduta daude. Ikerbasquek kontratu mugagabea eskainiko die Research Associate eta Research Professor kategorietan, norberaren ikerketa-ibilbidearen arabera.

IKERBASQUEri buruz

IKERBASQUE, autonomia erkidegoko administrazioek, unibertsitateek eta enpresek duela zenbait urtez geroztik ikerketa zientifikoaren alde egin duten apustua indartzea xede duen Eusko Jaurlaritzaren ekimen baten emaitza da, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Planean islatuta geratu dena. Euskadi I+G+b arloko potentzia garrantzitsuenen artean kokatzeko ahalegin horretan lagundu nahian, ikerketa arloko talentua erakartzeko gunea izatea da IKERBASQUEren jardunaren ardatz nagusia.