Javier Hurtado sailburuak Expovacaciones 2024 inauguratu du, Euskadiko turismo-industriaren eta sortutako enpleguaren unerik onenean

Argitalpen-data: 

Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburua 2024ko Expovacaciones, “Esperimentatu eta dastatu”, azokaren aurkezpenean izan da. Sonia Perez Bizkaiko Foru Aldundiko Turismo Saileko foru-diputatua buru dela aurkeztu den azoka datorren maiatzaren 12ra arte egongo da zabalik Barakaldoko BECen. Edizio berri honek munduko hainbat lekutako erakusketariak erakarri ditu, eta mugarri garrantzitsua bihurtu da turismoaren sektoreak legegintzaldi honetan gainditu behar izan dituen erronken ondoren.

Sailburuak Euskadin turismoa, merkataritza eta ostalaritza, laguntzen bidez, suspertzeko egin diren etengabeko ahaleginak nabarmendu ditu, horietako gehienak apartekoak, 150 milioitik gorako Erresistentzia Plan batekin. Gainera, Hurtadok adierazi duenez, “Espainiako Gobernuaren Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planak 90 milioi baino gehiago sartu ditu Euskadiko turismo-sektorean, zuzenean gure eskualde eta udalerrietara bideratuta”. Pandemia globalak eta gerra-krisiek markatutako testuinguru horretan, sektore hori suspertzeko konpromisoa erabateko lehentasuna izan da.  

Pandemiaren ondoren Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saila turismoaren erresistentzia indartzen eta, ondoren, suspertzen aritu zen, bai nazioartekoarena bai distantzia luzekoarena. “Garrantzitsuena da modu desestazionalizatuan hazten ari garela; izan ere, uztailean eta abuztuan % 0,4 baino ez gara hazten, baina udako hilabeteetatik kanpora % 12 hazten ari gara” aipatu du sailburuak.

Tokiko ekonomian eta enpleguan duen eragin positiboa nabarmenduz, jakinarazi du legegintzaldi honetan ia % 400ekoa izan dela turismo-sektoreko kontratazio mugagabearen hazkundea. Turismoak zuzeneko enplegua ematen die Euskadiko 107.000 familiari baino gehiagori, eta horiek Euskadiko langile guztien % 11 dira, eta, gainera, beste sektore batzuk ere bultzatzen ditu, hala nola, merkataritza, garraioa eta kultura.  

Etorkizunera begira, Eusko Jaurlaritzak turismo jasangarriarekin eta turismo-eskaintzaren dibertsifikazioarekin duen konpromisoari eusten dio.  Expovacaiones 2024 azoka honetan Grand Tour Euskadi Basque Country aurkeztuko da, eta, sailburuak adierazi duen bezala, Euskadin zehar egiteko 8 etapatan banatutako bidaia horrek “turismo jasangarriaren estrategia indartzen du eta desestazionalizazioa, lurraldean zeharreko fluxuen mugimendua eta egonaldia luzatzea sustatzen ditu”.

Expovacaiones 2024 Euskadiko turismoaren aukeren eta ahalmenaren erakusleihoa izango da, munduko alde guztietako bidaiarientzako lehenengo mailako helmuga gisa sendotuz. “Nazioartean ezaguna den eta bisitatzen gaituztenen motibazio nagusia den gastronomiarekin, Euskadik turismo-eskaintza askotarikoa eta aberatsa eskaintzen du, gustu guztietarako modukoa”, adierazi du sailburuak

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)