Uriarte sailburuak Unibertsitate-politikako eta Politika Zientifiko, Teknologia eta Berrikuntzako kontseiluetan parte hartu du

2020.eko otsailak 24

  • Cristina Uriartek Manuel Castells ministroari adierazi dio garrantzitsua dela Eusko Jaurlaritzarekin eta autonomia-erkidegoekin unibertsitate publikoen eta unibertsitateko ekosistemaren onerako izango den elkarrizketari ekitea
  • Arratsaldean, sailburuak Zientzia Politika, Teknologia eta Berrikuntzari buruzko Konferentzia sektorialean parte hartuko du

Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak Unibertsitate Politikari buruzko Konferentzia Sektorialean parte hartu du gaur goizean Madrilen. Sailburuak, Adolfo Morais Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearekin batera, bilera baliatu du berriki Unibertsitateetako ministro izendatu dutenarekin lehen harremana izateko, eta bere eskumen-eremuarekin lotutako gai garrantzitsuenez aritzeko. Uriarte sailburuak bere harridura helarazi nahi izan dio ministroari, autonomia-erkidegoekin elkarrizketa sustatzeko borondaterik erakutsi ez duelako, unibertsitate publikoetako errektoreekin izan dituen topaketekin batera.

Bilkuran hitza hartu duen aldietan, Uriarte sailburuak euskal unibertsitate-ekosistemaren garrantzia azpimarratu du: bai espezializazio handiko prestakuntzan, bai ezagutzaren sorrera eta transferentzian ere. Elementu horiek guztiak Euskadiren etorkizunerako helburu estrategikoak dira. Eusko Jaurlaritzaren aburuz, elkarrengandik banaezinak dira unibertsitate politika eta politika zientifikoa. Hezkuntza Sailaren iritziz, beharrezkoa da unibertsitate-hezkuntzaren aldeko estrategia indartzea, bikaintasunaren, espezializazioaren, nazioartekotzearen eta lankidetzaren aldeko apustu irmoa eginez. Horiek baitira unibertsitate-hezkuntzaren euskal ereduaren arrakastaren gakoak. Horretarako, ezinbestekoa da goi-mailako ikasketen eta lan-munduaren arteko lotura berariaz areagotzea, unibertsitatea+enpresa eta unibertsitatea+gizartea harremanak sustatuz.

Ministerioak unibertsitate-tasak jaisteko duen asmoari dagokionez, Uriarte sailburuak gogorarazi du Euskadin tasak izoztuta daudela 2014-2015 ikasturtetik, eta, horri esker, unibertsitate-ikasketen prezio publikoa Estatuko baxuenen artean finkatu ahal izan dela EAEn. Gai honi dagokionez, Uriartek aurreratu du hurrengo ikasturtean ere unibertsitate-tasek izoztuta jarraituko dutela Euskadin. Euskadik urteak daramatza, bekei dagokienez, gizarteari zuzendutako ekitatearen ikuskera integral bati eutsiz, goi-mailako ikasketak lortzea bultzatuz, eta talentu-mapa integral bat osatuz, adin goiztiarretatik unibertsitateko goi-mailako ikasketetaraino aurrera egiten duena.

Hezkuntza sailburuak aurpegiratu dio unibertsitateko beken euskal sistema –beste politika, inbertsio edo gastu batzuen aurretik lehentasunez defendatu dena- erasotu egin dutela ondoz ondoko hainbat Minsiteriok, beherantz doitzea beste asmorik gabe, eta laguntzak murriztuz haren onuradun diren ia 12.000 pertsonei. Cristina Uriarteren iritziz, euskal beka sistema erreferentzia izan beharko litzateke Ministerioak lortu nahi duen Estatuko beka-sistema hobetzeko.

Prestakuntza dualaren arloari dagokionez, Uriarte sailburuak Castells ministroari eskatu dio unibertsitateko ikasleentzako praktiketako kontratua lortzeko bidean buru izan dadila, Lanbide Heziketaren egungo errealitatearekin bat etorriz. Beharrezkoa da erregulazio integrala lortzea, prestakuntza dualean ari diren ikasleek babes handiagoa izan dezaten.

Zientzia eta Berrikuntza ministroarekin bilera

Arratsaldean, Zientzia Politika, Teknologia eta Berrikuntzarako Kontseiluan parte hartuko du sailburuak. Hitzordu horretan, aurreko hitzorduetan Pedro Duque ministroarekin batera aztertutako gaiei jarraipena emango zaie. Goizean azaldu duen eran –goizeko bileran Duque ministroa ere presente izan baita-  Uriartek arratsaldeko bileran berretsi egingo du politika zientifikoa, unibertsitatekoa eta berrikuntzakoa  bi ministeriotan banatzeko erabakiaren inguruko jarrera kritikoa.

Uriarte sailburuak Duque ministroari gogoraraziko dio bikaintasunezko ikerketara zuzendutako Politika Zientifikoa sustapen- eta indartze-printzipioetan oinarritzen dela. Unibertsitateetan, bikaintasuneko ikerketa-zentroetan eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko beste ikerketa-zentro batzuetan ikertzera zuzendua. Politika horrek erabateko eragina du hainbat ikerketa-eremutan, hala nola: ikerketarako sarbidean, doktoretza aurreko zein doktoretza ondoko ikertzaileen prestakuntzan, bikaintasuneko ikerketa-taldeak indartzean, mugikortasun-programak ezartzean, azpiegitura zientifikoak eta azpiegitura handi bereziak eskuratzeko programak hornitzean, bai eta talentua erakartzean ere, Ikerbasque bikaintasun-programen bidez.

Unibertsitateek, ikerketa-taldeek eta bikaintasun-zentroek jarraitu behar dute erreferente izaten, ikerketa-talentuaren erakarpenean, atxikipenean eta prestakuntzan oinarritzen den esparrua ezartzeko.

Hezkuntza sailburuak bileran azalduko du bikaintasun-, teknologia- eta berrikuntza-zentroak bultzatzeko politika, besteak beste, lehiakortasunean eta epe luzerako ikuspegian oinarrituta dagoela. Politika horri esker, besteak beste, nazioartean erreferentzia den Oinarrizko Ikerketako Bikaintasun-zentroen sare bat – BERC sarea – abiarazi eta indartu ahal izan da. Politika horrek izan duen arrakasta bere programetarako kontuan har dezala eskatu dio Uriartek ministroari, eta Severo Ochoa eta Maria de Maeztu programen errekonozimendu epea mugatzeko asmoari uko egin diezaiola.