Cristina Uriartek 4Gune Klusterraren bileran parte hartu du

2020.eko otsailak 26

  • Euskadiko Ingeniaritza, Zientzia eta Teknologiako Unibertsitate Prestakuntzako 4Gune Klusterraren helburuetako bat unibertsitatearen eta enpresaren arteko harremanak estutzea da.
  • Unibertsitatea+Enpresa Gelen programa beste eremu batzuetara zabaltzea aztertzen ari da Klusterra, hala nola Bio-osasuna edo Kultura eta Sormen Industriak.
  • Galesko ordezkaritza batek Klusterrak egiten duen lana bertatik bertara ezagutzeko aukera izan du

Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak, Adolfo Morais Unibertsitate eta Ikerketa sailburuordea eta Miren Artaraz Unibertsitate Politika eta Koordinazioko zuzendaria lagun zituela, 4Gune Klusterrak Bilbon gaur goizez egin duen bileran parte hartu du. 2017ko uztailean sortua Hezkuntza Sailaren Unibertsitatea+Enpresa 2022 Estrategiaren barruan, Euskadiko Ingeniaritza, Zientzia eta Teknologiako Unibertsitate Prestakuntzako Klusterra da 4Gune. Kluster horretan, besteak beste, arlo horietako ikasketak ematen dituzten Euskal Unibertsitate Sistemako unibertsitate-zentroek parte hartzen dute. Hezkuntza Saileko Unibertsitate eta Ikerketa Sailburuordetzaren gidaritzapean, 4Gune Klusterrak unibertsitatearen eta enpresen arteko harremanak estutzeko helburuarekin dihardu lanean, era honetan ikasleen enplegagarritasuna areagotuz eta ezagutza Unibertsitatetik ehun sozio-ekonomiko eta produktibora transferitzea erraztuz.

4Gunek gaur egin duen bilera baliagarria izan da, batetik, Klusterra sortu zenetik garatzen ari den ekintzen azterketa eta balorazioa egiteko, eta, bestetik, 2020 urte honetan egin beharreko ekintza berriak aurkezteko eta eztabaidatzeko. Bilkuran, eta egiten ari diren ekintzen azalpenaren bidez, dagoeneko martxan dauden jarduera horiek eta Klusterra bera finkatuta daudela egiaztatu da. Horri esker, gaur egun lantzen dituen ildoetan sakontzen jarraitu ahal izango du, eta datozen hilabeteetarako jarduera-eremu berriak planteatuko ditu.

Unibertsitatea+Enpresa Gelen programa, Klusterrak hasieratik bultzatzen duena, aipatutako finkapenaren adibide ona da. Hezkuntza Sailaren Unibertsitatea+Enpresa 2022 Estrategiaren barruan sortua, estrategia horren ekintzarik enblematikoenetako bat da hau. Unibertsitatea enpresara hurbiltzen duten espazioak dira gela hauk, bien arteko lankidetza praktikoa bultzatzen dute aktibaziora bideratutako enpresa-erronken bidez, eta unibertsitateko ikasleen eta irakasleen parte-hartzea sustatzen dute. Ekimenak ikasleentzat dituen onurak nabarmenak dira: hazkunde profesionala, trebetasun eta gaitasun zientifiko-teknologikoak garatzen baititu; hazkunde pertsonala, ekoizpen-sektorearekiko kontaktuaren bidez zeharkako gaitasunak garatuz; eta enplegagarritasuna hobetzea. Enpresek ere badute onurarik, unibertsitateko talentua detektatzeko aukera ematen baitie.

Boroan kokatutako "AIC Open University" gela 2018-2019 ikasturtean jarri zen martxan. Lehen deialdi horretan 22 enpresak eta eragilek parte hartu zuten, 9 erronka-proposamen garatu ziren eta 348 ikaslek lan egin zuten erronken konponbidean. Ikasgela hori finkatuta dago jada, eta programa honetarako hirugarren deialdia prestatzen ari dira dagoeneko. Gaur egun, 4Gune Klusterra Unibertsitatea+Enpresa Gela berriak garatzea aztertzen ari da, baina beste esparru batzuetan, hala nola Bio-osasunean edo Kultura- eta Sormen-Industrietan.

4Guneren Gaitasun Mapari dagokionez, mapa horrek zehatz-mehatz jasotzen eta islatzen ditu 4Guneko kide diren euskal unibertsitate-zentroen prestakuntza-, ikerketa-, transferentzia- eta ekipamendu-gaitasunak, 4.0 Industriari dagokionez. Tresna horri esker, Unibertsitateak sortutako balioa gehiago transferitzen da herrialdeko ekoizpen-eremura. Mapa honen funtzionamenduari esker, era berean, 4.0 Industriako unibertsitate-eskaintza ere ikus daiteke.

Gaitasunen Mapari esker unibertsitate-zentroek beren gaitasunei ikusgarritasuna eman diezaiekete. Ikasleek, bestalde, haren bidez eta azkar ezagutu dezakete Euskal Unibertsitate Sistemako unibertsitateen prestakuntza-eskaintza, 4.0 industriari dagokionez; enpresek, berriz, erraz identifika ditzakete arlo horretan lan egiten duten ikerketa-taldeak.

4Gune Klusterrak mapa hori osatzen jarraitzeko asmoa du, Euskal Unibertsitate Sisteman garatzen diren ikerketa-esparru edo -eremu gehiago sartuz.

Klusterrak 2020 urte honetarako aurreikusita dituen ekintzen artean, Gerentziarako 4Gune Programa Exekutiboa nabarmentzen da. Gaur egun, prestakuntza-programa horren diseinuan ari da Klusterra. Programa hori EAEko enpresen beharrei egokitzen zaie, 4.0 Espezializazioari dagokionez, eta, bereziki, gerentziako prefesionalei zuzenduta dago.

Eman asmo dituen hurrengo urratsen artean, klusterrak ekintza hauek ere aurreikusten ditu: Unibertsitateko Prestakuntza Duala bultzatzea, Unibertsitatea+Lanbide Heziketa lankidetza, Unibertsitatea+Enpresa Txiki eta Eratainak lankidetza, eta STEAM Euskadi Estrategia bultzatzea eta garatzea.

Bileraren amaieran Gales eskualdeko ordezkaritza bat gehitu da batzarrera, Euskadik lankidetza estrategikorako akordioa sinatua baitu herrialde horrekin. Kevin Morgan Cardiffeko Unibertsitateko katedraduna eta Espezializazio Adimendunarekin lotutako gaietarako Europako Batzordearen aholkularia buru zela, Galesko ordezkaritzak bertatik bertara ezagutu ditu 4Gune Klusterraren eredua eta funtzionamendua, horrek RIS3 Euskadi estrategian duen eragina, Unibertsitatea+Enpresa Euskal Estrategiaren ildo eta ardatz nagusiak eta etorkizuneko erronkak.

Zer da 4Gune?

2017ko uztailean sortua, 4Gune Euskadiko Ingeniaritza, Zientzia eta Teknologiako Unibertsitate Prestakuntzako Klusterra da. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila buru dela, honako kide hauek osatzen dute: Euskal Unibertsitate Sistemako 11 Ingeniaritza Eskola eta Fakultate (Zientzien, Teknologiaren, Ingeniaritzen edo Informatikaren alorrekoak); Basque Industry 4.0 Pilotaje Taldea; Innobasque; Confebask; SPRI; eta Automotive Intelligent Center (AIC).

4Gune klusterra, unibertsitateetan eta ikerketa-zentroetan sortutako ezagutza enpresa- eta ekoizpen-eremuetara transferitzea eta hauetan aplikatzea optimizatzeko asmoz sortu zen. Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatearen eta enpresaren arteko lankidetza indartzen laguntzea du helburu, euskal RIS3aren agertoki berrian. 4GUNE Klusterraren lehen urteak nagusiki 4.0 industrian garatu badira ere, lehentasunezko eremu guztietan eragina izateko bokazioa du.