Cristina Uriarte Euskadiko Lanbide Heziketan prestakuntza jasotzen ari diren irakasle eta ikasle txiletarrekin elkartu da

2020.eko otsailak 06

  • Txileko Gobernuaren bekadun, 81 irakasle eta ikasle Euskadiko Lanbide Heziketan ari dira prestakuntza-egonaldia egiten

  • Irakaskuntza eta ikasketa metodologia aktibo eta kolaboratiboen inguruko formazioa jasotzen ari dira; edo ezagutza sakontzen eguzki-energia, mekatronika nahiz elikagaien bioteknologia arloetan

Cristina Uriarte Hezkuntza sailburua, Jorge Arevalo Lanbide Heziketako sailburuordearekin batera, Txileko lizeo teknikoetako irakasle nahiz ikasle talde batekin elkartu da gaur eguerdiz Lakuan. Euskadiko Lanbide Heziketan prestakuntza-egonaldia egiten ari dira hilabete hauetan txiletarrok. Irakasleak eta ikasleak batuta, 81 laguneko taldea osatzen dute, guztiak ere Txileko Hezkuntza Ministerioaren beka jaso dutenak, Técnicos para Chile programaren baitan. Hauetako batzuek hil honen amaieran amaituko dute Euskadiko egonaldia, eta beste batzuk aldiz, ekainera arte izango dira gure artean.

Aipatutako programa horrek bi beka mota ditu: bata prestakuntza teknikoko irakasleentzat, eta bestea bi urteko lan esperientzia duten prestakuntza teknikoko tituludunentzat (ikasleentzat).

Bekadunak

Lehenengo modalitatean, industria-adarretako zein zerbitzu-adarretako 24 irakasle ari dira hilabete hauetan prestakuntza jasotzen Euskadiko Lanbide Heziketan. Formazioa jaso dute irakaskuntza eta ikasketarako metodologia aktibo eta kolaboratiboen inguruan, eta bereziki, Euskadiko Lanbide Heziketan nola ezarri den errendimendu handiko eredu hori. Aipaturiko eredu horretan elementu nagusia lankidetzazko ikaskuntza da, erronketan oinarritutakoa. Horretarako Tknikan (Euskadiko Lanbide Heziketako Ikerketa Zentroan) jaso dute prestakuntza lehenik, Lanbide Heziketako zenbait euskal ikastetxetan abian diren esperientziak ere ezagutu dituzte eta, azkenik, aukera izan dute, espezialitate bereko lankideekin, Euskadiko  ikastetxetako eguneroko giroa bizitzeko. Era berean, metodologia horiek Txileko ikastetxeetan aplikatzeko proiektua egiteko aholkularitza ere jaso dute. Izan ere, hemen ikusia eta ikasia praktikara eraman beharko baitute Txilera itzultzean.

Txileko irakasleek interes handiz jarraitu dute metodologia honek nola jartzen duen ardatza ikasleengan –izan ere, ikaslea bera baita bere ikasketa prozesuaren protagonista-, eta nolako garrantzia duten zeharkako gaitasunek bertan, hala nola, talde lanak, erantzukizunak edo ekintzailetzak.

Bigarren modalitatean, prestakuntza teknikoko tituludunei dagokienean, 57 ikasleko talde bat dugu Euskadiko Lanbide Heziketan, nor bere espezialitate teknikoan ezagutza sakontzen, hiru ikastetxetan banaturik: Usurbil LHII; Lea Artibai Ikastetxea; eta Goierri Eskola. Honako arlo hauetako prestakuntza jasotzen dute: Eguzki-instalazio fotovoltaikoak; Eguzki-instalazio termikoak; Elikagaien zientzia eta bioteknologia; Mekatronika; eta Eraikuntza metalikoen ekoizpena.

Enplegagarritasuna eta enpresen lehiakortasuna

Bilkuran zehar, Hezkuntza Sailak Txileko Gobernuarekin hamarkada bat baino gehiagoz duen akordioa eta harremana izan ditu hizpide Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak. "Benetan uste dut akordio hau aberasgarria dela bi herrialdeentzat. Dakizuen bezala, munduaren ertz guztiak elkarri konektatuta ditugu egun. Ez bakarrik informaziorako edo komunikazioetarako sarbideagatik, baita ekoizpenaren esparruan edo prestakuntzarenean dauden harremanengatik ere ". Horregatik, gaineratu duenez, "pozgarria da zuen prestakuntza hobetzen lagundu ahal izatea, duela zenbait urte gurekin lan egitea erabaki zuen Txileko irakasle talde baten prestakuntzan, beste hezkuntza-praktika eta -esperientzia batzuk ezagutzeko asmoarekin".

Horrela bada, Uriartek Euskadiko Lanbide Heziketaren ezaugarri nagusiak azaldu dizkio Txileko ordezkaritzari. "Euskadin Lanbide Heziketa oso dinamikoa dugu, askotariko sektoreei erantzuna ematen diena, indargune handiak dituena eta bere proiektuak bi helburu zehatzetara bideratzen dituena: gure enpresen lehiakortasuna; eta gure biztanleria aktiboaren enplegagarritasuna, jakinda gero eta gehiago mugituko garela ingurune zalantzagarrietan eta gero eta konplexuagoetan", adierazi du. “Gure Lanbide Heziketak horretan egin duen eta egiten duen lana, funtsezkoa izan da. Aurrerapen teknologikoek, ekoizpen prozesuetan gertatu diren aldaketek, material aurreratuek eta pertsonen enplegagarritasunak ikasleen prestakuntzan etengabe aldaketak egiten jarraitzea eskatzen dute. Nahitaezko aldaketak dira, gure herrialdeen onura ekonomikoaren alde aritu nahi badugu. Benetan uste dut produkzio-sektoreen benetako beharrekin guztiz bat datorren prestakuntza dugula".

Azkenik, zuzentzen duen Sailak arreta bereziz zaintzen duen beste alderdi bat nabarmendu du Uriartek: Euskadiko Lanbide Heziketaren nazioartekotzea. "Zuek hemen egotea da horren adibide, eta guretzat funtsezkoa da. Aurrerantzean gure enbaxadore onenak izan zaitezten nahi nuke. Euskadin defendatzen ditugun baloreak zabal ditzazuela, eta Euskadi laguntza emateko nahiz jasotzeko prest dagoen herria dela konta dezazuela, etxera itzultzen zaretenean” esan du amaitzeko.

Técnicos para Chile programa

Euskadik 2008tik du, Hezkuntza Sailaren bidez, Txileko Hezkuntza Ministerioarekin lankidetza hitzarmena, herrialde hark Técnicos para Chile programa abian jarri zuen lehen urtetik, hain zuzen ere. Lehen urte hartan programak 150 beka eman zituen, eta horietatik 55 bekadun Euskadira etorri ziren prestakuntza jasotzera. Ordutik hona, 600 teknikaritik gora (ikasle nahiz irakasle) izan dira euskal ikastetxeetan euren prestakuntza osatzen.

Tknika (Euskadiko Lanbide Heziketaren Ikerketa Zentroa) arduratzen da, Zubigune fundazioarekin batera, koordinazio lanak egiteaz Euskadiko Lanbide Heziketako ikastetxeen eta Txileko programaren arduradunen artean.