Hezkuntza Sailaren eta Vitoria-Gasteizko Udalaren arteko Esparru-Hitzarmenaren sinadura, bizikidetza eta hezkuntza-ekitatearen aldeko lankidetza garatzeko

2019.eko uztailak 03

  • Pasa den martxoan sinatutako asmoen protokoloaren ondoren, Hezkuntza Sailak eta Vitoria-Gasteizko Udalak akordioa sinatu dute, bizikidetzaren eta hezkuntza-ekitatearen aldeko ekintzak sustatzeko

  • Bi erakundeak ari dira lanean, dagoeneko, datorren ikasturterako ekintza zehatzetan

Gorka Urtaran Vitoria-Gasteizko alkateak eta Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak, gaur goizean, lankidetzarako esparru-hitzarmena sinatu dute bi erakundeen artean, bizikidetzaren eta hezkuntza-ekitatearen aldeko lankidetza garatzeko.

Hitzarmena sinatzeak pasa den martxoan asmoen protokolo baten bidez Eusko Jaurlaritzak eta Vitoria-Gasteizko Udalak beren gain hartutako konpromisoak formalizatzea dakar. Gaur sinatutako akordioaren helburua da lankidetza-sistema bat antolatzea Vitoria-Gasteizko Udalaren eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren artean, urte anitzeko esparruan.

Koordinazio horrek aukera emango du, erakundeen arteko erantzunkidetasunetik, aniztasunaren balioa sendotzen, eskolatze orekatua eta aukera-berdintasunean oinarritzen dena sustatzen eta ikasle bakoitzaren ahalmena garatzen laguntzen duten politikak eta neurriak hartzeko; horretarako, lehentasuna emango zaie Vitoria-Gasteiz hirian ikasle ahulenak eskolatzen dituzten ingurune ahulenei.

“Vitoria-Gasteizko ume guztiek beren eskola-arrakasta bermatzeko eta etorkizuna lantzeko aukera berak izatea nahi dugu. Gure helburua da zenbat eta pertsona gehiagok prestakuntza eta trebakuntza jaso, orduan eta hobea izango dela beren etorkizuna eta beraien herriarena. Horretarako, hezkuntza-berdintasun handiagoa lortzeko lanean jarraitu behar dugu; hori da, hain zuzen, akordioaren helburua”, esan du Gorka Urtaran alkateak.

Bestalde, Uriarte sailburuak honako hau esan du: “gaur Vitoria-Gasteizko Udalarekin sinatutako akordioak bi erakundeek bizikidetzaren eta hezkuntza-ekitatearen alde batera lan egiteko borondatea eta aukera egiaztatzen du. Dagoeneko denbora daramagu elkarlanean zenbait ekimenetan, baina gaur sinatutako esparru-akordioak lankidetza hori sendotzen du, baita etorkizunera begira ere”.

Baterako helburuak

Funtsezko printzipio gisa, euskal hezkuntza-sistemak ekitatearen aldeko apustua zenbait ekimen pedagogiko eta osagarriren bidez egiten du.

Hezkuntza Sailak ikasleen inklusibotasun eta hezkuntza-arrakasta handiagorako zenbait planen bidez egiten duen ahalegina nabarmendu behar da: besteak beste, Ikasle Etorkinei Harreta emateko II Plana, eta 2019-2022 aldirako Eskola Inklusiboa Garatzeko Esparru-Plana. Era berean, beste neurri-mota batzuk ere sustatzen ditu, esaterako: Haurren Garapenaren Jarraipenerako Protokoloa, ezartzea, eskolatu berri diren eta/edo hezkuntza-laguntzako behar bereziak dituzten ikasleentzako laguntzak edo bigarren mailako etapan aniztasunerako arreta-neurriak. Halaber, Hamaika Esku Programa eta Bidelaguna nabarmendu behar dira; horiek eskola-porroterako arrisku handiena duten ikasleen hezkuntza-arrakasta bilatzen dute. Horrez guztiaz gainera, beka-sistema eta hezkuntzaren zerbitzu osagarriak aipatu behar dira (garraioa, jangelak etab.).

Aldi berean, Vitoria-Gasteizko Udalak “Hiri Hezitzaileen Gutuna” sinatu du, eta konpromisoa du hezkuntzaren sustapenarekin, bere proiektuaren zeharkako ardatzetako bat bezala. Vitoria-Gasteizko Udalak hezkuntzaren arloan udal-administrazioari atxikitako gaitasunak betetzen ditu; zerbitzuak, baliabideak eta hezkuntza-programak sortu eta kudeatzen ditu zuzenean; udal-sailek sustatutako hezkuntza-jarduketak koordinatzen ditu; Hezkuntza Administrazioarekin dihardu lankidetzan hezkuntza formalaren hezkuntza-jarduketa osagarriak ezartzen. Zentzu horretan, besteak beste, honako ekintzak bultzatzen ditu: Bizikidetza eta Aniztasun Plana, Haur eta Nerabeetzako Udal Plana, edota Hezkuntza zerbitzuaren Plan estrategikoa 2016-2022.

Jarduteko funtsezko eremuak

Sinatutako hitzarmenean jaso diren Vitoria-Gasteiz udalerriko baterako jarduketen proiektuak besteak beste honako funtsezko eremu hauekin egongo dira lotuta:

  • Familiei informazioa eta orientazioa ematea eskolatze orekatuaren aldeko eskolatze-prozesuan.
  • Herritarren komunikazioa eta sentsibilizazioa, aniztasunari balioa emateko.
  • Bizikidetza positiboaren sustapena, ikastetxeen barruan eta kanpoan.
  • Haur eta nerabeen eta hezkuntza-laguntzako premia bereziak dituztenen ahultasun-, arrisku- eta babesgabetasun-egoeretan detekzio eta esku-hartze goiztiarra.
  • Koordinazioa heldu berri dauden ikasle atzerritarrei harrera egiteko.
  • Koordinazioa eta lankidetza udal-mailako gizarte-zerbitzuekin, gizarte-bazterketako arriskuan edo egoeran edo eskola-eremuan behar psikosozialak dituzten ikasleei arreta emateko.
  • Ingurune ahulenetako ikastetxeen irudia eta erakargarritasuna hobetzea eta haien hezkuntza-proiektuak indartzea.
  • Ikastetxea auzoari zabaltzea eta gizarte- eta hezkuntza-ekimenak sustatzea, komunitatearen elkarlanarekin eta inplikazioarekin.
  • Gizarte- eta ekonomia-desabantaila handienean dauden familientzako laguntza osagarriak; horrela, gizarte- eta hezkuntza-aukeretara jotzeko eta horiek aprobetxatzeko bide eman nahi da, aukera-berdintasunean oinarrituta.

Magnet-Erakarri programa

Hezkuntza Saila eta Vitoria-Gasteizko Udala datorren ikasturterako diseinatzen ari diren ekintzen artean, Magnet-Erakarri programa dago.

AEBetako Magnet School-en esperientzian eta Kataluniako Magnet programan oinarritzen da; helburua da gizarte- eta kultura-aniztasun handiko ikastetxeen (eta itxura suntsitua gizarte-eraketa dela eta?) eta EAEko bikaintasuneko erakundeen artean aliantza estrategikoak sustatzea. Dagokion erakundearen ezagutza-eremuarekin zerikusia duen lotura sortu eta sustatzea, hori abiapuntu hartuta berrikuntza-proiektu partekatua antolatu eta garatzeko. Hezkuntza-proiektu berritzailea, kalitatekoa, erakargarri eta hurbileneko ingurunean erreferentziazko bilakatuko dena. Ekintza horren bidez, proiektu berriaren xedea da, ikasleen ikasketa-arrakastari laguntzeaz ez ezik, profil heterogeneoa duten auzoko familien interesa ere erakartzea, eta ikastetxe horietako gizarte-konposizioa orekatzea.

Eusko Jaurlaritzak eta Vitoria-Gasteizko Udalak jarraitzen dute lanean, lankidetza berezia zehazteko; lankidetza horrek bizikidetza positiboa eta hezkuntza-ekitatea lortzeko ekintza hori eta beste batzuk zehaztuko ditu.