Hezkuntza Sailaren balorazioa, gizarte ekimeneko itunpeko ikastetxeetan izan diren azken greba egunen ondoren

2019.eko martxoak 21

Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak, Olatz Garamendi Administrazio eta Zerbitzuetako sailburuordearekin batera, gizarte ekimeneko ikastetxeetan azken egunotan izan diren greba egunen ondorengo balorazioa egin du, gaur goizez Gasteizen.

Uriarte sailburuak berriro ere azaldu du berak zuzentzen duen Sailean kezka handiz bizi direla azken hilabeteotan patronal eta sindikatuen artean izaten ari den lan gatazka honen ondorioak. “Eta kezka handiz diot, ikasle askorentzat eta familia askorentzat kaltea begi bistakoa delako”, azaldu du.

“Egoera konplexua da benetan, eta horregatik hain zuzen ere erantzukizunez jokatu behar dugu guztiok, eta bereziki, hezkuntza patronalek eta sindikatuek. Dei egiten diegu berriro ere alde guztiei, ikasleei egiten zaien kalte objektiboa aintzat hartuz eta parteen posizio maximalistetatik aldenduz, irtenbideak bilatu ditzaten. Azken asteetan murgilduta gauden egoeratik irten beharra dugu, nahitaez. Zilegi da bakoitzak bere ikuspuntua defenditzea, noski, baina ahalegin berezia egin beharko litzateke bakoitzaren interesak modulatu, eta lehentasuna emateko ikasleen eskubideei”.

Horrela bada, Uriarte sailburuak azaldu du, akordioa alde bien artean gauzatu beharrekoa den arren, Hezkuntza Sailak azken hilabeteotan gogotik indartu duela lana, eta bilera ugari izan dituela alde guztiekin, oso era diskretuan bada ere, “hurbilketa hori errazteko helburuarekin; balizko konponketara hurbiltzen lagundu dezaketen lan-ildoak mahai gaineratuz”.

Beste aldera begiratu beharrean, Hezkuntza Sailak 30 bileratik gora izan ditu hezkuntza eragileekin, urtea hasi zenetik hona: bilerak patronalekin, sindikatuekin nahiz familiekin. “30 bilera diskretutik gora izan ditugu, batzuen eta besteen ikuspuntuak entzunez, eta gure proposamenak mahai gainean jarriz, betiere gure eskumenen eremutik eta gure erantzukizunetik”, zehaztu du sailburuak.

Uriarteren esanetan, “behin baino gehiagotan leporatu izan zaigu ez garela gatazka honen aurrean mugitu, nahiz eta halakoak esan dituztenek, ondo baino hobeto dakiten eten gabe aritu garela lanean, elkarrekin lanean. Denbora luzez ari gara lanean, eta azken hilabete hauetan ere bai, beti modu diskretuan. Harremanak mantendu ditugu alde guztiekin, lan hori indartu egin dugu, eta hainbat eta hainbat bilera bultzatu ditugu. Eta hori guztia hedabideetako fokoetatik urrun mantenduz. Diskrezio hori gure kontra erabili nahi izan dute sarritan, baina hala ere guk gure jarrera diskretuari eutsi diogu. Izan ere, benetan uste dugu, gatazka eta elkarren kontra mokoka aritzea ez direla akordioetara iristeko bideak; alderantziz baizik, lana, eztabaida, negoziazioa eta gure ikasleen ongizatearen alde aritzea dela jarraitu beharreko bidea”, baieztatu du Uriarte sailburuak. 

Horrela bada, Cristina Uriartek azaldu du bilera hauetan zein izan den Hezkuntza Sailak hartu duen lan-ildoa: bilakaera demografikoak –jaiotzen jaitsierak- ikastetxeetan izan dezakeen eragina. Etorkizun hurbilean egoera horri hobeto heltzeko helburuz, lan-ildo horrek honako bi ardatz nagusi hauek ditu:

            -Batetik, irakasleen birkokatze sistema bat

            -Bestetik, irakasleen belaunaldi erreleboa errazteari dagokiona

Amaitzeko, Uriarte sailburuak berretsi du ez dagokiola Hezkuntza sailari “lan-baldintzen esparruan sartzea, hori erakunde patronalen eta erakunde sindikalen joko-eremua da, euren hitzarmenetako negoziazio-eremua. Hala ere, uste dugu, jaitsiera demografikoaren aurrean, lanpostuak mantentzea bezalako gai garrantzitsu batean lagundu dezakegula, eta horretara bideratu dugu gure ahalegina. Lanean jarraituko dugu, orain arte bezala”.