Hezkuntza Sailak STEAMgunea atari berria jarri du ikastetxeen esku

2019.eko azaroak 21

  • Hezkuntza Sailaren STEAM Euskadi Estrategiaren baitan garatu den erreminta digital berriak, euren STEAM Planak osatu ditzaten laguntza emango die ikastetxeei

  • STEAM Hezkuntzaren inguruko Jardunaldian aurkeztu zaie webgune berria irakasleei eta hezkuntza komunitateari

Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak, Maite Alonso sailburuordearekin batera, STEAM Hezkuntzaren inguruko Jardunaldia ireki du gaur goizez Gasteizen (Science, Technology, Engeneering, Arts and Mathematics hitzek osatzen duten akronimo ingelesa da STEAM).  Hezkuntza Sailak antolaturiko jardunaldian STEAMgunea atari berria aurkeztu zaio hezkuntza komunitateari, eta erreminta berri honek ikastetxeetan STEAM ekimenak zein proiektuak garatzeko eskaintzen dituen aukerak azaldu. Hezkuntza arloko 190 profesional inguru elkartu dira Gasteizko Jesus Guridi Musika Kontserbatorioan, irakasleak eta orientatzaileak tarteko. 

STEAMgunea atari berria, Hezkuntza Saila bultzatzen ari den STEAM Euskadi Estartegiaren hedapenean beste pauso bat gehiago da. Aipaturiko estrategiak, maila guztietako ikasleen artean zientzia eta teknologia arloko hezkuntza sustatzea du helburu, arreta berezia ipiniz neskengan. Hezkuntza komunitatearen eskura jartzen den erreminta berri hau, laguntza baliabide bat da: STEAM konpetentziak garatzen eta hobetzen laguntzeko, bai eta ikasleak arlo horretako ikasketetara motibatzeko eta erakartzeko ere. Tresna berri hori hezkuntza-komunitatearen eskura dago dagoeneko.

STEAMgunea ataria aurkezteaz gain, Euskadiko hainbat ikastetxetan garatzen ari diren STEAM esperientziak trukatzeko aukera ere izan da gaurko jardunaldian, edo arlo honi dagozkion zenbait material didaktiko aurkezteko abagunea ere bai.

Jardunaldia amaitzeko, STEAM arloan erreferente diren hiru emakumerekin mahai-ingurua izango da. Mahai horretan euren hausnarketa partekatuko duten emakumeak dira: Miren Berasategi, Eika enpresako (Mondragon Corporation) kalitate zuzendaria; Cristina Zuza, UPV/EHUko Fisika Aplikatuko Departamentuko irakaslea; eta Natalia Gascon, Lanbide Heziketan ikaskuntza metodologia berrietan aditua.

STEAM Euskadi Estrategia

Jardunaldiaren irekieran, Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak gogoan izan ditu STEAM Euskadi Estrategiaren baitan berak zuzentzen duen Sailak abian ipini dituen jarduera nagusienetako batzuk, gaur aurkeztu den erreminta digital berriaz gain. STEAMsare programa berria izan du hizpide, edo Hezkuntza Sailak aurki deituko dituen STEAM Euskadi Sariak ere bai. Gainera, bertaratutako irakasleak animatu ditu datozen urteetan parte har dezaten Zientzia-Kultura Masterrean. UPV/EHU eta Hezkuntza Sailaren arteko lankidetzaz garatzen den master hau bereziki diseinatu da Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako irakasleak kontuan hartuta, eta hauen matrikula diruz laguntzen du Hezkuntza Sailak.

Uriarte sailburuak, 2017-2018 ikasturtean STEAM Euskadi Estrategia abian jartzean zehaztu ziren helburuak zeintzuk diren ere azaldu du. “Batetik, hezkuntza eta prestakuntza zientifiko-teknikoa bultzatu nahi genituen hezkuntza etapa guztietan. Eta hori adin txikienetan hasi eta Lanbide Heziketa eta unibertsitatera arte egitea. Bestalde, STEM eremuko lanbide-bokazioak sustatzea beharrezkoa ikusten genuen, arreta berezia eskainiz neskei. Hirugarren helburu gisa, euskal herritarren artean dibulgazioa eta kultura zientifiko-teknologikoa sustatzeko beharra ezarri genuen”, azaldu du.

Gaur goizean burutu den jardunaldia foro ezin hobea izan da STEAMgunea atari berriahezkuntza komunitatearen aurrean aurkezteko, eta irakasleen aurrean bereziki. Baliabide berri hau dagoeneko ikastetxeen esku dago. Atari berri hau, ikastetxeei euren STEAM Planak diseinatzen laguntzeko jaio da, hezkuntza etapa guztietan, hasi Haur Hezkuntzan eta Bigarren Hezkuntzaraino. Ikastetxeko STEAM Planbatek, STEAM eremu osoaren tratamendua antolatzen eta artikulatzen du, bai eta ikuspegi horrekin garatzen diren jarduera guztiak ere, ikasleen motibazioan eragiteko, helburu argi eta zehatz batzuetatik abiatuta.

Atariak eskaintzen duen material eta informazio baliagarri guztiaren artean, ikastetxeek euren STEAM Plana osatu ahal izateko pauta eta jarraibide zehatzak aurkituko dituzte, horretarako oinarrizko bost pausoko bideari ekinez: abiapuntuko egoeraren diagnostikoa; helburuak zehaztea; jarduketak antolatzea; plana abian jartzea; eta planaren ebaluazioa.

Aurrez diseinaturiko STEAM Plan bat ere aurkituko dute, erreferentziatzat hartu eta euren ezaugarrietara egokitu dezaten.

Ikasleen artean STEAM konpetentziak hobetzeko helburua betetzeko, Ikastetxeko STEAM Plana honako sei ardatz hauen inguruan osatuko da:

  • STEM zientzia-bokazioak eta lanbide-helburuak sustatzea, genero ikuspegiarekin
  • Ikasleen STEM gaikuntza hobetzea, genero ikuspegiarekin betiere
  • STEAM diziplinen zeharkakotasuna
  • Oinarrizko gaitasuna garatzea: diziplinarrak zein zeharkakoak
  • Erronka ikuspegia. Metodologia aktibo eta eraginkorrak aplikatzea
  • Teknologia digitalak erabiltzea

Atari berriak baliabide-banku zabala ere eskaintzen du, askotariko baliabidez hornitua. Baliabide hauek jardunbide egoki gisa proposatzen dira. Ikastetxeek aintzat har dezakete bertako baliabide sorta, euren STEAM Plana lantzeko garaian.  

Aurrez esandakori gehitzen zaizkio, batetik, ikasleen STEAM konpetentziaz arduratzen den ezinbesteko atala, eta zeregin horretarako irizpide eta adierazleak ematen dituena; eta bestetik, ikastetxeen arteko elkartrukerako irekia dagoen atala. Bertan, nork bere jarduera eta adibideak eskegi eta partekatu ahal izango ditu. Atal hau familiek nahiz gainerako hezkuntza-eragileek egin ditzaketen ekarpenentzat ere irekia izango da, era horretan guztion artean STEAMgunea aberastu ahal izateko.

STEAMgunea atariarako sarbidea, hemen

Zer da STEAM Hezkuntza?

STEAM Hezkuntza da zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematika integratzen dituen hezkuntza, betiere Arteekin eta Humanitateekin lotuta (Science, Technology, Engeneering, Arts and Mathematics hitzek osatzen dute STEAM akronimo ingelesa), ikasleen artean STEM lanbideekiko grina pizteko helburuz. Oinarrizko gaitasunak garatzen ditu, zeharkakoak nahiz diziplinarrak, eta ikasleak ahalduntzen ditu erantzukizunez aurre egin diezaieten gure gizartearen erronkei.

Hezkuntzaren STEAM ikuspuntuak berariaz eragin nahi ditu egoera jakin batzuk, aldi berean eta era integratuan gai hauetako kontzeptuak ikasteko, problemak diseinatu eta ebatziko dituen testuinguru praktiko batean, enpresetan ingeniaritzan egiten den bezala. Ikerketan oinarritua dago, eta hori gauzatzeko saiakuntzak planifikatu, hipotesiak ikertu, informazioa bilatu, ereduak eraiki, taldean lan egin, azalpen koherenteak eztabaidatu eta proposatzen dira.

UNESCOk berak Science Education txostenean ezartzen duenez, zientzia eta teknologiarako gaikuntza funtsezko elementua da, eta ezinbesteko jotzen du arlo horietako hezkuntza sustatzea hezkuntzako maila guztietan eta, oro har, gizarteko hezkuntza zientifikoa hobetzea. Halaber, arreta berezia jartzen dio gazteek, bereziki neskek, zientzia eta teknologia arloetako ibilbide profesionalak hauta ditzaten bultzatzeari.