Euskadiko Musikari Gazteen Lehiaketak 150 ikasle elkartuko ditu asteburuan Gasteizen

2019.eko martxoak 18

  • Gasteizko Jesus Guridi Musika Kontserbatorioan burutuko dira probak, martxoaren 22an eta 23an, ostiralez eta larunbatez
  • Ikasle irabazleek saritzat jasoko dituzte: Musikeneko irakasle batekin eskola magistralak, EOSekin musika-esperientziak, eta grabazio estudio profesional batean grabaketa didaktikoetan parte hartzeko aukera

Euskadiko Musika Eskola eta Kontserbatorioetako 150 ikasle inguruk parte hartuko dute datorren asteburu honetan Euskadiko Musikari Gazteen XIII Lehiaketan. Adinaren arabera hiru kategoriatan banaturik, honako 11 modalitate hauetan lehiatuko dira ikasle gazteak:

  • Akordeoia
  • Gitarra, Harpa eta Hari Pultsatu musika tresnak
  • Haize-Egurra
  • Haize-Metala
  • Harizko musika tresnak
  • Jazz eta Musika Modernoa
  • Kantua
  • Konposizioa (kategoria bakarra, 20 urte artekoa)
  • Perkusioa
  • Talde instrumentalak eta bokalak
  • Tekla

Hamahirugarren edizio honetan, lehiaketa Gasteizko Jesus Guridi Musika Kontserbatorioan burutuko da, martxoaren 22an, ostiral arratsaldez hasi, eta larunbatean (martxoaren 23an), goiz eta arratsaldez. Probak bertaratu nahi duen publiko guztiarentzat irekiak izango dira, Konposiziokoak izan ezik. Sariak banatzeko ekitaldia eta irabazleen azken kontzertua, azkenik, igande eguerdian burutuko da, martxoaren 24an, Kontserbatorio horretan bertan.

Sariak

Ikasle irabazleek jasoko dituzten sariak, ohi denez, erabat datoz bat gazte hauek musikarako erakusten duten zaletasun eta bokazioarekin:

  • A kategorian (19 urte artekoak), modalitate bakoitzeko lehen eta bigarren  saria lortzen dutenek Musikeneko bere espezialitateko irakaslearen eskola magistrala jasoko dute.
  • B kategorian (15 urte artekoak), modalitate bakoitzeko lehen eta bigarren saria jasotzen dutenek Musikeneko bere espezialitateko irakaslearen eskola magistral batera entzule moduan joateko aukera izango dute.

Era berean, Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin sinaturiko lankidetza akordioari esker, lehen sariak jasotzen dituztenek honako esperientzia musikal hauek bizitzeko aukera izango dute:

  • Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren entseguetara joateko aukera berezia
  • Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren kontzertu baten froga akustikora joateko aukera berezia
  • Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren kontzertua hasi baino lehen backstage-an musikariekin topaketa berezia bizitzeko aukera

Grabazio didaktikoa

Gainera, Oiartzungo Mecca Recording estudioak ere lehiaketarekin bat egiten duenez, lehen sariak jasotzen dituztenei grabaketa-saio didaktiko batean parte hartzeko aukera eskainiko die. Musikari gazteek grabaketa profesional batek eskatzen dituen baldintza eta gorabeherak zuzen-zuzenean ezagutuko dituzte.

Informazioa zehatzago, hemen: www.jmeuskadi.com