Euskadiko Ikasleen Orkestra Gaztea udako kontzertuetarako prest da
2019.eko ekainak 21
- Entseguetarako egonaldia hasiko dute astelehenean Ajangizko aterpetxean, ekainaren 28, 29 eta 30eko kontzertuak prestatzeko
- Euskadiko Kontserbatorio eta Musika Eskoletako 83 ikaslek osatzen dute EIO Gaztea, 13-15 urteko neska-mutilak guztiak ere
- Txaber Fernandezen zuzendaritzapean, Jean Sibelius eta Edward Grieg-en lanak joko dituzte
Oraintxe oporrak hartzea besterik ez dute egin, baina Euskadiko Ikasleen Orkestra Gaztea osatzen duten neska-mutilak hasiak dira musika-tresnak afinatzen. Joan zen maiatzaren 26an Gasteizko Jesus Guridi Musika Kontserbatorioan lehen entsegua egin ondoren, datorren astelehen honetan, ekainaren 24an, egonaldia hasiko dute Ajangizko Lurraska aterpetxean, Urdaibaiko Biosferaren Erreserbaren bihotzean. Behar ere bai. Kontzertu egunak gainean dituzte eta entseguak ezin dira gerorako utzi. Entsegutan murgildutako lau egun luze emango dituzte aterpetxean, baina noski, inguruak eskaintzen dituen aisialdiko aukerei ere leku eginez. Kontzertuak Gasteizen (ekainaren 28an), Getxon (ekainaren 29an) eta Donostian (ekainaren 30ean) eskainiko dituzte. Sarrerak doan izango dira, aretoen edukiera bete arte.
Euskadiko Ikasleen Orkestra Gaztea:
Egonaldia eta entseguak Ekainak 24-28 Lurraska aterpetxea Ajangiz
|
Kontzertua Ekainak 29, larunbata Muxikebarri zentroa-Getxo 19:00etan
|
Kontzertua Ekainak 28, ostirala Kontserbatorioa–Gasteiz 19:00etan
|
Kontzertua Ekainak 30, igandea Musikene - Donostia 12:30etan
|
EIO, Euskadiko Ikasleen Orkestra
Euskadiko Ikasleen Orkestra (EIO) Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak bultzatzen duen hezkuntza-proiektu musikala da. Etorkizuneko euskal musikarien trebakuntza musikalean bidelagun izan nahi duen ekimen honek, musika jendaurrean eta orkestra bateko kide gisa jo dezaten plaza eskaintzen die ikasle gazteei. EIOren helburu nagusia musika kontserbatorioetako eta eskoletako ikasleei heziketa sinfonikoa eta orkestra-heziketa eskaintzea da. Batetik, ikasleen motibazioa piztu nahi du EIOk, musika ikasketetan jarrai dezaten; eta bestetik, kontserbatorioetan ikasleek landu ezin izango luketen errepertorio sinfoniko zabala jotzeko aukera eman.
Euskadiko musika irakaskuntza zentroetan ikasten ari diren neska-mutilek osatzen dute, eta adinaren arabera, proiektuak hiru orkestra desberdin ditu:
- EIO: 15 urtetik 18-19ra bitarteko ikasleek osatzen dute. 2005-2006 ikasturtean jaio zen.
- EIO Gaztea: 13 – 15 urte tarteko neska-mutilak. 2010-2011 ikasturtean sortua
- EIO Txikia: 10 urtetik 13ra bitarteko ikaslez osatua. 2015-2016 ikasturtean jaio zen.
Kontzertu-programa
Karelia Obertura - Jean Sibelius
Peer Gynt Suite nº1 - Edward Grieg
- Goiza
- Aase-ren heriotza
- Anitra-ren dantza
- Mendiko erregearen haitzuloan
Peer Gynt Suite nº2 - Edward Grieg
- Andregaiaren bahiketa
- Dantza arabiarra
- Peer Gynt-en itzulera
- Solveig-en abestia
Zuzendaria: Txaber Fernandez