Dekretua, hizkuntza eskola ofizialetako irakaskuntzak eta horien curriculumak ezartzen dituena (Gobernu Bilera 2019-05-2019)

fotoconsejo.jpg

2019.eko maiatzak 21

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza sailburuaren proposamenez, Dekretu berri bat onartu du gaurko bileran. Dekretu honek EAEko araubide bereziko hizkuntza-irakaskuntzak (Hizkuntza Eskola Ofizialetakoak) ezartzen ditu, irakaskuntza horietako Oinarrizko mailaren (A1 eta A2), Tarteko mailaren  (B1 eta B2) eta  maila Aurreratuaren (C1 eta C2) curriculumarekin batera.

Dekretu berriak datorren 2019-2020 ikasturtetik aurrera dakartzan berritasun nagusienen artean, nabarmentzekoa da B2 maila bi ikasturtetan banatuko dela aurrerantzean (orain arte ikasturte batean egiten zen). Aldi berean, B1 maila ikasturte bakarrean garatuko da (orain arte bi ikasturtetan egiten zen). Era horretan, Tarteko mailak hiru ikasturte izaten jarraituko du, baina B2 maila indartuta.

Bestalde, ikasleak ebaluatzeko aintzat hartzen diren ohiko gaitasunei (testu idatziak ulertzea; testu idatziak sortzea; ahozko testuak ulertzea; eta ahozko testuak sortzea) beste bat gehitzen zaie: bitartekotza. Gaitasun honek hirugarrenekin hizkuntzaren erabileran elkarreragiteko gaitasuna neurtzen du. Gaitasun hau B1 mailatik aurrera neurtuko da, betiere dagokion maila aintzat hartuta.

Aipatzekoa da, halaber, arau berriak mailen izendapenean dakarren aldaketa txikia. Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratua ez da aldatzen (A1, A2, B1, B2, C1 eta C2 izaten jarraitzen dute), baina orain arte C1 mailarentzat erabili izan den “Gaitasun” izendapena desagertu egiten da, eta maila guztiak hiru izendapen hauetan multzokatuta gelditzen dira: Oinarrizkoa, A1 eta A2 mailentzat; Tartekoa, B1 eta B2 mailentzat; eta Aurreratua, C1 eta C2 mailentzat.

Dekretu berri hau indarrean sartzearekin indargabetu egingo da egungo 46/2009 Dekretua, otsailaren 24koa.