Cristina Uriartek 2017-2018 ikasturteko eskola-jazarpen datuak aurkeztu ditu

2019.eko otsailak 20

  • 2017-2018 ikasturtean 79 eskola-jazarpen kasu identifikatu ziren Euskadin

Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak Euskadin eskola-jazarpen kasuek 2017-2018 ikasturtean izan duten bilakaera aurkeztu du gaur goizez Bilbon, eta Hezkuntza Ikuskaritzak jasoriko datuak ezagutarazi ditu horretarako. Datu horiekin batera, eskola-jazarpenaren aurkako Bizikasi ekimena ere hizpide izan du Uriartek, ikastetxeetan izaten ari den hedapenaren inguruko azalpenak emanez. Sailburuarekin batera aurkezpenean parte hartzaile izan da Jose Angel Ayucar, Hezkuntza Ikuskaritzako ikuskari nagusia ere.

Jazarpen kasuak behera

2017-2018 ikasturtean Euskadiko ikastetxeetan 79 jazarpen kasu identifikatu dira, Hezkuntza Ikuskaritzak azterturiko 553 kasuen %14,29 dira horiek. Aurreko ikasturtearekin alderatuta, nabarmen ikus daiteke aztertutako kasu kopuruak gora egin arren (443tik 553ra pasa dira), jazarpen gisa identifikaturiko kasuen beherakada esanguratsua gertatu dela, bai zenbaki absolututan, bai portzentajetan: 86tik 79ra jaitsi da jazarpenen kopurua (%19,41 ziren 2016-2017 ikasturtean, %14, 29 2017-2018an).

Datu hauek azaltzeko arrazoien artean, Uriarte sailburuak aipatu ditu gaur egun hezkuntza komunitateak zein gizarte osoak eskola-jazarpenaren aurrean duten sentsibilizazio maila altua, Bizikasi ekimena, eta era beran, azken urteotan Hezkuntza Ikuskaritza auzi honekiko izaten ari den jarrera proaktiboa. Izan ere, aztertutako kasuen kopuruak gora egin arren urtez urte, jazarpen gisa identifikaturiko kasuek behera egiten jarraitzen dute.

Jazarpen kopururik handiena Bigarren Hezkuntzan gertatzen da: 79 kasu horien artean 45, etapa honetan gertatu dira (%57). Lehen Hezkuntzan 33 kasu identifikatu dira, batez ere, etapa honetako azken urteetan.

Antzeman diren kasuen izaera aztertuz, zera ikusten da:

  • Eraso fisiko zuzena: kasuen %13,92tan
  • Hitzezko erasoak: %20,25
  • Bazterketa edo marjinazio soziala: %43,03
  • Beldurra eragitea, xantaia edo mehatxuak: %11,39
  • Jazarpen edo abusu sexuala, jazarpen sexista: %6,32
  • Bestelakoak: %5,06

Aipatzekoa da, bestalde, identifikatutako kasuen %21,5ean jazarpena Internet, sare sozial edo bestelako bitarteko zibernetikoren baten bidez gertatu dela. Gai honekin lotura estuan, Uriarte sailburuak nabarmendu du gelakideen artean gertatzen diren jazarpen kasu asko, maiz, eskola eremutik eta eskola ordutegitik kanpo gertatzen direla. Sailburuak azpimarratu du “kasu hauek ere eskola-jazarpen gisa aztertzen dira, eta ikastetxeak hartzen du egoera bideratu eta konpontzeko erantzukizuna. Begi bistakoa da, hala ere, aipaturiko kasu hauetan familien eginkizuna ere funtsezkoa dela”.

Bizikasi ekimena

Aurkezpenean, Cristina Uriartek Bizikasi ekimena ere hizpide izan du, hau da, 2017 urte amaieran Hezkuntza Sailak abian ipini zuen eskola jazarpenaren aurkako eta bizikidetza positiborako ekimena. Ekimenak hedatuz jarraitzen du, eta Uriarte sailburuak orain arte egindako lana eta egungo egoera zein den zehaztu du.

  • Ikastetxeetako talde dinamizatzaile guztiak eratuta daude dagoeneko, BAT deritzen taldeak (Bulluingaren Aurkako Taldea). Ikastetxe bakoitzeko 4 kidek osatzen dute talde hau, eta ekimenaren muina direla esan liteke, ikastetxean eskola jarpenari eman beharreko erantzuna koordinatzen duena.
  • Klaustro gehienetan formazioa burutu da dagoeneko. Irakasleen %90 inguruk formazioa jaso dute, eta baita bullying kasuen aurrean zuzen jokatzeko beharrezko diren material eta informazioa ere.
  • Era berean, irakasle ez den pertsonalarentzat eta familientzat ere formazioa eta informazioa eskaintzen ari da. Izan ere, hezkuntza komunitate guztiaren inplikazioa funtsezkoa baita auzi honetan.
  • Berriki, urtarrilean, Bizikasi eta eskola jazarpenaren inguruko formazio espezifikoa eman zaie ikasturte honetan erreleboa hartu eta lanean hasi diren 250 zuzendaritza talderi. 300 lagun inguruk hartu dute parte.

Ikastetxeentzat, familientzat nahiz interesik duen ororentzat irekia dagoen www.bizikasi.euskadi.eus webguneak, eskola jazarpen kasuen aurrean jardunbide egokia izateko informazioa, orientabideak, materialak nahiz tresnak eskaintzen ditu. Webgune bizia da, une oro elikatua, eta jazarpenaren aurkako lana ahalik eta ondoen egiteko erraztasunak eskaintzea helburu duena.