970.000 euro oinarrizko ikerketaren edota ikerketa aplikatuaren proiektuetarako eta ikerketa eta berriztapen teknologikorako (Gobernu Bilera 2019-12-10)

fotoconsejo.jpg

2019.eko abenduak 10

Gobernu Kontseiluak, gaurko bileran, Hezkuntza sailburuaren agindu bat onartu du. Agindu horren bidez oinarrizko ikerketako edota ikerketa aplikatuko proiektuak 2020-2022 aldian gauzatzeko diru-laguntzak deitzen dira, baina baita ikerketa eta berrikuntza teknologikorako laguntzak ere, Unibertsitatearen eta enpresaren artean 2020-2021 aldian egin beharreko jarduerak gauzatzeko aurreikusitako fondoen kontura. Deialdi honek 970.000 euroko diru-kopurua du orotara.

Bi helburu nagusi ditu deialdi honek: alde batetik, Euskal Autonomia Erkidegoko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza sistema indartzea, Hezkuntza Sailak kudeatuko dituen oinarrizko ikerketa eta ikerketa aplikatuko proiektu konkretuak gauzatzeko laguntzak emanez. Eta, bestetik, unibertsitateko eta teknologiako ikerketa-taldeen eta ekoizpen-sareko enpresen artean egon beharreko interakzioa sendotzea, kalitateko eta interes zientifiko eta teknologikoko ikerketa aplikatuko edo teknologikoko proiektuak egitearen bidez. Enpresentzat interesgarri gertatu beharko duten proiektu horiek, teknologia unibertsitatetik enpresara transferitzea edo prozesu edo produktuen mailan helburu berritzaileak lortzea ekarri beharko dute ondorioz.

Beraz, deialdi honen bidez ikerketa-proiektuak gauzatzeko diru-laguntzak bi lerrotan ematen dira:

-Diru-laguntza lerro bat, 690.000 euroko kopurua duena, 2020-2022 aldian oinarrizko ikerketa edota ikerketa aplikatuko proiektuetarako. Diru-laguntza horiek, halaber, bi modalitate dituzte: lehena, oinarrizko ikerketaren edota ikerketa aplikatuaren proiektuak organismo bakar batean gauzatzen sustatzera bideratutakoa, eta organismo desberdinetako ikerketa-taldeak proiektu berean sustatuko dituena, bigarrena.

-Beste diru-laguntza lerro bat, 280.000 euroko kopurua duena, ezagutza unibertsitatetik enpresetara transferitzeko ikerketa-proiektuetarako, enpresa horiei interesatzen zaizkien arloetan, 2020-2021 aldirako. Unibertsitate-taldeak, enpresako pertsonalaren parte-hartzearekin, gauzatu beharko ditu proiektuak; laguntzen duten erakundeetako ikertzaileek ere izango dute parte hartzeko aukera. Bigarren lerro honetan, parte hartzen duten enpresek proiektuaren kostu osoaren % 10 finantzatu beharko dute gutxienez.

Laguntza hauen onuradun izan daitezke Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sareko eragile egiaztatu gisa erregistratuta dauden ikerketa-entitateak, hala nola: Oinarrizko Ikerketa eta Bikaintasun Zentroak (BERC), Euskadiko unibertsitate publikoko (UPV/EHU) nahiz pribatuetako ikerketa taldeak; Teknologia Zentroak; eta Ikerketa Kooperatiboko Zentroak (CIC).

Deialdi honen bidez diruz lagundu ahal izango diren kontzeptuen artean daude: doktore ez den pertsonalaren gastuak, doktoreen pertsonal gastuak, inbentarioko materiala, material suntsikorra, edo proiektuaren garapenak eskatuta egin behar izan diren bidaien gastuak.