500.000 euroko dirulaguntza Euskampus Fundazioari (Gobernu Bilera 2019-11-19)

fotoconsejo.jpg

2019.eko azaroak 19

Gobernu Kontseiluak gaurko bileran onartu du, Hezkuntza sailburuaren proposamenez, 500.00 euroko dirulaguntza zuzena ematea Euskampus Fundazioari. Diru kopuru hau, batetik, bi aldeek 2017ko abenduan sinatu zuten lankidetza hitzarmenean jasoriko laguntza osatzera bideratuko da, eta bestetik, fundazioak abian dauzkan “Bikaintasun Campusa Indartzea” eta “Unibertsitatea-Enpresa” programetara. Era honetan banatuko da diru kopuru hau:

  • “Bikaintasun Campusa Indartzea” programa: 300.000 euro
  • "Unibertsitatea-Enpresa" programa: 50.000 euro
  • Lankidetza Hitzarmena: 150.000 euro

2017ko abenduan Hezkuntza Sailak eta Euskampus Fundazioak lankidetza hitzarmena sinatu zuten, Euskal Unibertsitate Sistemaren jarduerak gizartearen eta ekonomiaren arloko eragileekin hedatzeko eta Euskadiren nazioarteko proiekzioa sustatuko duten ikerketa-proiektu bereziak babesteko helburuz. Hitzarmen honen baitan, 2019ko uztailean Hezkuntza Sailak 400.000 euroko dirulaguntza eman zion fundazioari, hitzarmenak ezartzen dituen ekintzak garatu ahal izateko. Gaur onarturiko laguntzak aurreko hori osatzen du, sinatutako dokumentuak jasoriko kopurura iritsi arte (550.000 euro).

Bikaintasun Campusa Indartzea programan, Jakintza Guneen Komunitatea hedatzeko lanarekin jarraituko du Euskampus Fundazioak, agregazio-entitateen gaitasunak aktibatzeko eta konektatzeko formula gisa, eta horiek helize laukoitza duten gainerako eragileekin batera, erronka globalei tokiko erantzunak sortzera bideratuz. Zehazki, honoko polo hauetan ari da lanean: Itsas-energiak; Lurralde jasangarri eta osasungarriak; Giza-osasunerako zientzia eta teknologia; 4.0 Industria; Jasangarritasunerako material berri eta funtzio anitzekoak; Datuen zientzia eta eraldaketa digitala. Gainera, ikertzaile-komunitate berriak sortzeko aukera ere aurreikusten da, hauetatik Jakintza Gune berriak jaio daitezkeelakoan.

Bestalde, Unibertsitatea-Enpresa programan, Hezkuntza Sailak bultzatutako Unibertsitatea+Enpresa Estrategiak ezarritako helburuak lortzeko lanean jarraitzen du fundazioak. Estrategia honek proposatutako helburuek eta ekintzek Europako Batzordearen kontrastea, ekarpena eta balioztatzea jaso dute. Beraz, estrategia hau erreferentziazko dokumentu bat da, eta beronen edukia Europako hezkuntza- eta garapen-politika berrienekin ere lerrokatuta dago, besteak beste, lankidetza-testuinguru zabal batean gertatzen den unibertsitate-prestakuntzari dagokionez: enpresekin, beste erakunde batzuekin eta euskal lanbide-heziketarekin. Estrategiaren helburuen artean nabarmentzen du, hain zuzen ere, gaitasun handiko giza kapitala prestatzea, enpresa-esparruko premietara aplikatutako eta egokitutako osagai batekin.