500.000 euro Lanbide Heziketan Erasmus+ mugikortasun programak laguntzeko (Gobernu Bilera 2019-06-18)

fotoconsejo.jpg

2019.eko ekainak 18

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza sailburuaren proposamenez, gaurko bileran onartu du Lanbide Heziketaren eremuan ikaskuntzarako mugikortasun-ekintzak antolatu eta garatzeko dirulaguntzak deitzen dituen agindua, Erasmus+ programaren barruan.

500.000 euroko zenbatekoa duen Agindu honen helburua da, Erasmus+ programaren 2019ko deialdian ikaskuntza arrazoiengatik pertsonak mugitzeko onartutako mugikortasun-proiektuak kofinantzatzeko dirulaguntzak ematea, betiere mugikortasun-proiektu horiek 2019 eta 2020 urteetan gauzatzen badira. Mugikortasun horien azken hartzaileak Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketan matrikulatutako edo titulatutako ikasleak (bai Erdi Mailako Heziketa Zikloetakoak, bai Goi Mailako Zikloetakoak) edo euskal Lanbide Heziketako irakasleak izan daitezke.

Europako Batasunak mugikortasun jarduera horiek finantzatzeko egiten duen ekarpen ekonomikoa ez da nahikoa izaten jarduera horiek gauzatu ahal izateko, beraz ezinbesteko gertatzen da deialdi hauek egitea Europako finantziazioak hartzen ez duen portzentajea osatzeko. Deialdi honen bidez ematen diren dirulaguntzak egonaldi-gastuetarako bideratzen dira, batez ere.

696 ikasle eta 158 irakasle 

2018-2019 ikasturte honetan Euskadiko Lanbide Heziketako 696 ikaslek jaso dituzte orotara, bai  ikastetxe publikoetakoek bai itunpekoek, Erasmus+ mugikortasun proiektuetan parte hartzeko laguntza hauek, iazko deialdien bidez. Irakasleak berriz, 158 izan dira. Gehienek ikasturtean zehar egin dute dagoeneko Europako herrialderen batean prestakuntza egonaldia, baina horietako batzuk oraindik aste hauetan prestakuntza jasotzen ari dira jomuga izan dituzten herrialdeetako enpresa edo erakundetan. 

Deialdi honek laguntzen dituen ikasleen zein irakasleen mugikortasun-ekintzek honako helburu hauek sustatzen dituzte:

  • Parte-hartzaileei laguntzea ezagutza, trebetasunak eta gaitasunak bereganatzen, haien garapen pertsonala bultzatze aldera.
  • Lanbide Heziketako ikasleei atzerrian prestakuntza jasotzeko aukerak ugaritzea.
  • Ikasleei beharrezko dituzten trebetasunak ematea, hezkuntza eta prestakuntza-arlotik lan-merkatura igaro daitezen.
  • Hezkuntzaren eta Lanbide Heziketaren esparruetan ohitura berritzaileak garatzen laguntzea eta horien transferentzia lortzea bertan zein herrialde parte-hartzaileen artean.