500.000 euro bideratu ditu hezkuntza sailak ekipamendu zientifikoa eskuratzeko laguntzatara (Gobernu Bilera 2019-11-19)

fotoconsejo.jpg

2019.eko azaroak 19

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza sailburuaren proposamenez, 2020 urtean ekipamendu zientifikoa eskuratzeko laguntzak ematen dituen Agindua onartu du. Laguntza hauek Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sarea osatzen duten eragileei daude zuzenduak, UPV/EHU salbu. Deialdi honek 500.000 euroko diru-kopurua du.

Deialdia honen xedea da 2020an zehar ekipamendu zientifikoa erosi ahal izateko diru-laguntzak ematea, beti ere hauen kostua 18.000 eta 240.000 euro artekoa bada (BEZ gabe). Era honetan, deialdiak dituen bi helburu nagusiei erantzuten zaie: batetik, Euskadiko zientzia eta teknologia-ahalbideak areagotzea, eta bestetik, ikertzaile-taldeek arrakastaz eta gaitasunez parte hartu ahal izatea Europako ikerketa-espazioaren eraikuntzan.

Ekipamendu zientifikotzat hartzen da, deialdi honetarako, I+G+b jarduerak garatu ahal izateko beharrezko den bitarteko fisikoen (ekipoen) multzoa. Ekipamendu hauek, entitateetako ikerketa-taldeen oraingo zein etorkizuneko ikerketa-proiektuak egiteko egokiak eta beharrezkoak izan behar dute. Ekipamendua erabiliko duten proiektuak 2020an eta 2021ean garatuko dira, ekipamendua entitate onuradunean funtzionatzen hasten denetik.

Aipaturiko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sareko kide dira, eta beraz, deialdiaren onuradun izan daiteke: Oinarrizko eta Bikaintasun Ikerketarako Zentroak (BERC); Unibertsitateetako zentro, departamentu, atal, institutu edo bestelako ikerketa unitateak, (UPV/EHUkoak izan ezik);  Ikerketa Kooperatiboko Zentroak (CIC); eta Teknologia Zentroak.