200.000 euroko dirulaguntza DIPC - Donostia International Physics Centerri, superkonputazio zentroa hobetzeko (Gobernu Bilera 2019-11-19)

fotoconsejo.jpg

2019.eko azaroak 19

Gobernu Kontseiluak gaurko bileran onartu du, Hezkuntza sailburuaren proposamenez, Donostia International Physics Center Fundazioari (DIPC) 200.000 euroko dirulaguntza zuzena ematea, bere Superkonputazio Zentroaren zerbitzu-eskaintza areagotu dezan.

DIPCren Superkonputazio Zentroa, eta bertako “Atlas” superkonputagailua, funtsezko erreminta da DIPCeko bertako ikertzaileek nahiz inguruneko beste ikertzaile talde batzuek burutzen duten bikaintasunezko ikerketararako. Fisika eta Kimika konputazionala Euskadiko ikerketa-lerrorik sendoenetako bat da, eta DIPCren Superkonputazio Zentroa funtsezko baliabidea izan da horren garapen maila altua zergatik lortu duen ulertzeko.

Talentua erakartzea

Azpiegitura konputazional ahaltsu hau, kalitatezko ikerketaren alde erakundeetatik egiten den apustuaren erakusle izateaz gain, Euskadin abanguardiako ikerketa egiteko ditugun baliabideen irudi ere bada. Era horretan, talentua erakartzeko foku bihurtzen da baliabide hau, bai ikertzaile bisitarientzat, bai zientzialari iraunkorrentzat (Ikerbasqueren programen bidez erakarriak, kasu).

Zentro hau, Errendimendu Handiko Konputazioaren garapenerako apustu estrategikoa ere bada (HPC edo High Performance Computing), ez soilik erreminta gisa, baita EAEko berezko diziplina gisa ere.

HPCan diharduen zentro bat, goi mailako baliabide fisikoak, teknikoak eta giza baliabideak dituena, ezagutza teknologikoaren, berrikuntzaren eta formazioaren foku bat ere bada, eta beronen eraginak eta garrantziak hastapeneko bere misioa ere gainditu egiten du.

Eusko Jaurlaritzak azken urteotan egin duen inbertsioari esker –bi milioi eurotik gorakoa 2016tik hona-, eta “Atlas” superkonputagailuak aldian-aldian izan dituen gaitasun handitzeekin, DIPCren Superkonputazio Zentroak hirukoiztu egin du potentzia, eta Estatuko ahalmen handieneko bost superkonputagailuetako bat da.

DIPC-ren Superkonputazio Zentroa lagungarri da ikertzaile kopuru zabal batek punta-puntako ikerketa lerroak gara ditzan nanoelektronikan, polimero eta materia bigunean, nanofotonikan, edo dinamika elektronikoan.