Eskola Hiztun Bila jardunaldiak ikastetxeetako hizkuntza normalkuntzako 400 teknikari elkartu ditu Gasteizen

Eugenio Jimenez Ikastetxeen eta Plangintza zuzendaria (eskuinetik lehena), jardunaldiari hasiera emateko ekitaldian

2018.eko urriak 09

  • “Hizkuntza Normalkuntza proiektua garatzeko gako diren zenbait esparru” lelopean irakasleak, gurasoak zein ikasleak dira saioetako ardatz

Ikastetxeen eta Plangintzako zuzendari Eugenio Jimenezek hasiera eman dio gaur goizez Hezkuntza Sailak antolaturiko XXII. Eskola Hiztun Bila Jardunaldiari, Gasteizko Europa Jauregian. Bi egunez (gaur urriak 9 eta bihar, urriak 10) “Normalkuntza proiektua garatzeko gako diren zenbait esparru” lelopean, ikastetxeetan hizkuntza normalkuntzaren arloan lanean ari diren 400 teknikari eta profesional inguruk eztabaidarako eta hausnarketarako unea izango dute, eta baita tartean esperientziak elkarrekin partekatzeko aukera ere.  

Eugenio Jimenez zuzendariak, ongietorriko hitzaldian, eremu ez formaletan euskararen erabilera bultzatzeko eta ikasleen zein irakasleen artean horretarako motibazioa pizteko Hezkuntza Sailaren Ulibarri Programak duen garrantzia hartu du hizpide. “Euskararen erabilerarako, motibazioa eta atxikimendua ezinbestekoak dira, eta ikasleek ez dute euskararekiko atxikimendurik sentituko eremu formalera mugatzen badugu. Nerabe batek arlo akademikoan eraginda soilik ez du atxikimendurik sentituko; patioko erabileran, aisialdian… lortuko da atxikimendua, eta hor kokatzen da Ulibarri programa”. Horregatik, ikastetxeetako hizkuntza proiektuak integralak izatearen garrantzia ere azpimarratu du Jimenezek; hau da, eremu formala eta ez formala uztartuko dituzten proiektuak. “Ezagutzak, ulermenak eta erabilerak bat egin behar dute. Erabilera ezagutzatik etorriko da, eta ezagutza neurri handi batean ulermenetik. Baina ezagutzan eta ulermenean sakontzeko ezinbesteko tresna da erabilera”, azaldu du. 

Jardunaldiaren lehen eguneko saioetan, gaur goizez, irakaslea eta honek ikastetxeko hizkuntza normalkuntzan duen papera izan dira ardatz: nola inplikatu  edo nola bilakatu irakaslea lider, erabilera bultzatzeko prozedura horretan. Horrela bada, Kataluniako Generalitatean Murgiltze eta Hizkuntza-harrera Zerbitzuaren buru Pere Mayans-ek hartu du hitza Eugenio Jimenezen ondotik. “Irakasleen esku hartzea ikastetxearen Hizkuntza Proiektua eraikitzeko lanetan” izenburuko hitzaldia eskaini du bertaratutakoen aurrean.

Jarraian, mahai inguruen eta talde-lanen txanda izan da. Batetik, Barakaldoko Hizkuntza Eskola Ofizialeko ordezkariek Eusle deritzon metodologiarekin izan duten esperientzia azaldu dute, irakasleen artean euskararen erabileran eragiteko helburuz. Eusle metodologia, lankideen arteko hizkuntza ohiturak aldatzeko (gaztelaniatik euskarara aldatzeko) hainbat enpresa eta lantokitan probatu eta emaitza onak eman dituen metodologia da. Bestetik, Gurutzetako Salestarren ikastetxeak ere bere esperientzia partekatu du, kasu honetan, irakasleak ikastetxeko Hizkuntza Normalkuntzarako Proiektuan parte aktibo bihurtzeko egin duten lanean.

Talde-lanari ekin diotenean, berriz, honako aztergai hauek izan dituzte parte hartzaileek, besteak beste: irakasleen hizkuntza gaitasuna, kalitatezko eredua bermatzeko; irakasleak erabileraren eragile; irakasleak ikasleen motibatzaile; edo irakasleek Hizkuntza Normalkuntzako lanak beren gain hartzea.

Gaur hasi den jardunaldiak bihar izango du jarraipena Gasteizko Europa Jauregian. Saio paralelotan banaturik, gurasoak alde batetik, eta ikasleak bestetik, izango dira hitzaldi, mahai inguru eta talde-lanetako ardatz. Gurasoen paperaz eta inplikazioaz arduratuko diren saioak Olarizu aretoan burutuko dira, eta ikasleen inguruko esperientziak eta jarduera egokiak partekatzean aldiz, Green aretoan.

Urtero antolatzen ditu Hezkuntza Sailak aurten XXII. ediziora iritsi diren Eskola Hiztun Bila jardunaldiak. Hizkuntza normalkuntzarako Ulibarri programan parte hartzen duten ikastetxeei eta bertako arduradunei zuzendurik, formazioa eta esperientzia trukaketa ditu helburu. 1996-1997 ikasturtean abian jarri zen programan Euskadiko 400 ikastetxe inguruk hartzen dute parte, euren egunerokoan euskararen erabilera eta kalitatea indartzeko xedez.  

Ikus aurtengo egitarau osoa atxikitako PDF dokumentuan.