Sede electrónica del Gobierno Vasco

Euskadi.eus

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

172. zk., 2019ko irailaren 11, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
4155

73/2019 EBAZPENA, irailaren 5ekoa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita argitara ematea Andoaingo Udalarekin sinatutako lankidetza-hitzarmena, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4.b) artikuluan ezarritakoa betetzeko (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari zuzendutako idazkiak udal erregistroetan aurkezteko lankidetza).

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak hitzarmena sinatu duenez gero, zabalkunde egokia izan dezan, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Andoaingo Udalarekin sinatutako lankidetza-hitzarmenaren testua, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4.b) artikuluan ezarritakoa betetzeko (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari zuzendutako idazkiak udal erregistroetan aurkezteko lankidetza). Honen eranskinean dago jasota testu hori.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko irailaren 5a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

JUAN ANTONIO ARIETA-ARAUNABEÑA IBARZABAL.

ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN IRAILAREN 5EKO 73/2019 EBAZPENARENA
HITZARMENA, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOAREN ADMINISTRAZIOAREN ETA ANDOAINGO UDALAREN ARTEKOA, HERRI ADMINISTRAZIOEN ARAUBIDE JURIDIKOAREN ETA ADMINISTRAZIO PROZEDURA ERKIDEAREN AZAROAREN 26KO 30/1992 LEGEAREN 38.4.B) ARTIKULUAN EZARRITAKOA BETETZEKO

Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioari zuzendutako idazkiak udal erregistroetan aurkezteko lankidetza.

Batetik, Josu Iñaki Erkoreka Gervasio jauna, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua, Euskal Autonomia Erkidegoaren ordezkari gisa, eta bestetik,

Maider Lainez Lazcoz andrea, Andoaingo Udaleko alkate-lehendakaria, udal horren ordezkari gisa.

Bi ordezkariok honako lege-xedapen hauek emandako eskumenak erabiliz dihardute: batetik, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen apirilaren 11ko 71/2017 Dekretua, eta Gobernu Kontseiluak 1996ko urriaren 29an hartutako Erabakia (Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 38.4.b) artikuluan aurreikusitako hitzarmenak gauzatzekoa); eta bestetik, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legea eta Toki Araubidearen arloan indarrean dauden xedapenen testu bategina, apirilaren 18ko 781/1986 Legegintzako Errege Dekretuak onartutakoa.

Bi aldeek elkar onartzen dute eta elkarri aitortzen diote honako hitzarmen hau gauzatzeko legezko gaitasuna. Horretarako hau

ADIERAZTEN DUTE:

30/1992 Legearen 38.4.b) artikuluaren arabera, Administrazio Publikoei zuzendutako eskabideak, idazkiak eta jakinarazpenak edozein administrazio-organotako erregistroan aurkez daitezke, dela Estatuko Administrazio Orokorrekoa, dela autonomia-erkidegoetako administrazioetakoak, dela probintzietako diputazioen, kabildoen eta uharteetako kontseiluen administraziotakoak, dela Toki-araubidearen oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 121. artikuluak aurreikusten dituen udalerrietako udaletakoak, dela gainerako Toki-Administrazioko erakundeetakoak, betiere, azken kasu honetan, dagokion hitzarmena sinatu bada.

Aipatutako lege-xedapen hori betetzea eta herritarren eta administrazio publikoen arteko harremanak erraztea da gaur sinatzen den hitzarmen honen helburua; izan ere, administrazio sinatzaileek lehendik zuten asmoa gauzatu egiten da hitzarmen honen bidez, hau da, herritarrek EAEko Administrazioaren edozein organo edo erakunderi zuzendu nahi dizkioten agiriak Andoaingo Udalaren erregistroetan, eraginkortasun osoz, aurkeztu ahal izatea.

Gauzak horrela, arestian aipatutako administrazioek hitzarmen hau sinatzen dute; hauek dira hitzarmenaren

KLAUSULAK

Lehenengoa.– Hitzarmen honen helburua da, EAEko Administrazioari eta haren menpeko edo hari atxikitako berezko nortasun juridikodun zuzenbide publikoko erakundeei herritarrek zuzentzen dizkieten eskabideak, idazkiak eta jakinarazpenak Andoaingo Udalaren erregistroetan aurkeztu ahal izatea.

Bigarrena.– EAEko Administrazioari eta haren menpeko edo hari atxikitako lotutako berezko nortasun juridikodun zuzenbide publikoko erakundeei herritarrek zuzentzen dizkieten eskabideak, idazkiak eta jakinarazpenak Andoaingo Udalaren erregistroetan aurkezten diren eguna hartuko da kontuan interesdunek epeak betetzeari dagokionean; ildo horretatik, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 30. artikuluan ezarritakoari jarraituko zaio.

Hirugarrena.– Andoaingo Udalak honako konpromiso hauek hartzen ditu:

a) EAEko Administrazioko organoei edo administrazio horren menpeko edo hari atxikiriko zuzenbide publikoko erakundeei herritarrek zuzentzen dizkieten eskabideak, idazkiak eta jakinarazpenak bere erregistroetan onartzea.

b) EAEko Administrazioari zuzendutako eskabideei, idazkiei eta jakinarazpenei bere erregistroetan sarrera ematea, eta honako hauek idatzita gordetzea: sarrera-zenbakia, izenburua, idazkia jaso zen eguna eta ordua, interesdunaren datuak, eta, hala dagokionean, idazkia bidali duen organoaren izena, edo bidaltzen zaion pertsona edo organoaren izena; behar denetan, idazkiaren edo jakinarazpenaren laburpena ere jasoko da; hori guztia 30/1992 Legearen 38.3 artikuluaren eta bigarren xedapen gehigarriaren arabera.

c) Agiriak erregistroan jaso eta beranduenez bi egunera, dagozkien organoei edo erakundeei zuzenean bidaltzea, eta beti irteera-data idatzita egongo da. Agiriok ahalik eta azkarren jaso daitezen, ahal delarik behintzat, egoki ikusten diren teknika eta bitarteko elektroniko, informatiko eta telematikoak erabiliko dira; betiere kontuan izanik 30/1992 Legearen 45. artikuluan eta horrekin bat datozen gainerako arauetan eta xedapenetan aurreikusten diren bermeak eta betebeharrak.

Laugarrena.– EAEko Administrazioak honako konpromiso hauek hartzen ditu:

a) Andoaingo Udalari, EAEko Administrazioa osatzen duten eta haren menpe edo hari atxikita dauden organoei eta erakundeei buruzko informazioa ematea, bai eta informazio hori etengabe eguneratzea ere.

b) Andoaingo Udalari baliabide egokiak ematea, berak herritarrei eman diezaien EAEko Administrazioari eta haren menpeko edo hari atxikitako zuzenbide publikoko erakundeei buruzko informazioa.

c) Erregistroak antolatzeko eta informatizatzeko laguntza teknikoa eta behar den lankidetza eskaintzea.

Bosgarrena.– Hitzarmen hau sinatzen duten administrazioek beren erregistroak informatizatzeko neurririk hartzen badute, elkarri jakinarazteko konpromisoa hartzen dute, betiere neurriok interkomunikazio sistemen bateragarritasunari eragiten badiote; horrelakoetan, administrazio sinatzaileek aipatutako bateragarritasuna eta euren erregistroen arteko koordinazioa bermatzeko hitzarmena sinatuko dute.

Seigarrena.– Hitzarmen honen indarraldia Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean erregistro elektronikoari buruz jasotako xedapenak indarrean jartzean amaituko da, eta muga 4 urtekoa da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

Hitzarmena arrazoi hauek direla kausa ere iraungiko da: administrazio sinatzaileek adostasunez hala erabakitzen badute; administrazioetako batek nabarmen urratzen baditu beste administrazioak hitzarmenean ezarritako betebeharrak, bere aldetik hala erabakitzen badu.

Hitzarmen honen formalizazioa eta iraungipena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean eta Andoaingo Udaleko iragarki taulan argitaratuko dira.

Zazpigarrena.– Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuari dagokio hitzarmen honen interpretazioa eta aplikazioa direla-eta sor daitezkeen zalantzen eta eztabaiden inguruko erabakiak hartzea; erabakiok betearazleak izango dira eta, haien aurka, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahalko da.

Ados daudela adierazteko, hala jasota gera dadin eta dagozkion ondorioak izan ditzan, idazpuruan esandako pertsona interesdunek sinatzen dute.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,

JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.

Andoaingo Udaleko alkate-lehendakaria,

MAIDER LAINEZ LAZCOZ.


Azterketa dokumentala

Euskadi, bien común