Fecha de publicación: 05/06/2013

Bartzelona Euskadi Basque Countryren erakuslehio izango da Ekainaren 14, 15 eta 16an. Turismoa sustatzeko ekintza ugari antolatu dira euskal kultura, kirola eta gastronomiaren inguruan.

Gaur goizean eman da ezagutzera Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak, ACT, Basquetour eta HAZIrekin batera Bartzelonan antolatu dituen ekintza sorta.

San Miguel Ligako lehen estropada, Euskadi Basque Country Bandera jokatuko da Ekainaren 16an Bartzelonan, eta kirol zita garrantzitsu hau abiapuntu delarik, Euskadiren sustapen turistikoa egiteko parada izango da.

Lehen aldia izango da Euskadi Basque Country marka gure eremutik kanpo aurkezten dela, eta horretarako gure kulturaren osagai diren kirolak, dantzak, musikak eta beste hainbat elementu uztartuko dira.

Gaur, goizean egin da programa osoaren aurkezpena Donostian. Pedro Andueza, ACTko presidenteak estropada alorrari dagokion informazioa eman ondoren, Itziar Epalza Merkataritza eta Turismoko sailburuordeak, Bartzelonan egingo den ekimena estrategikoa izango dela aipatu du.

“Euskadiko Turismo eskaintza, Euskadi-Basque Country” markapean, Barceloneta inguruan egingo da. Gune zabal bat prestatu da bertan eta Euskadi jomuga turistiko moduan erakutsiko da, kultura, kirola eta gastronomia bezalako alorrak azpimarratuz.”

Bittor Oroz Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien politikako sailburuordeak berriz, euskal gastronomiaren oinarrian dauden produktu eta produktoreak aipatu ditu, eta asteburua hasteko, ostiralean egingo den topaketa profesionala azpimarratu du. “Helburua, HOREKA taldeko banatzaile, jatetxe, eta gainerako profesionalei euskal produktua ezagutzera eman eta harremanak lantzea izango da.”

Harremanetarako:  Olatz Yarza, 616233565 / info@euskadibasquecountry.info