Lehendakariak Ertzaintza Hernanin hedatu zeneko 30. urteurreneko ekitaldian parte hartu du, eta aurrez aurre ikusi ditu Ertzain-etxearen birmoldaketa-lanak eta modernizazio teknologikoa

2019.eko irailak 25

  • Ekitaldian omenaldia egin diete mugapean zerbitzua ematen hiru hamarkada daramatzaten zazpi ertzaini

Iñigo Urkullu lehendakariak, Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Herediak lagunduta, Ertzaintza Hernanin hedatu zeneko 30. urteurrena ospatzeko eta Ertzain-etxean zerbitzua ematen hiru hamarkada daramatzaten zazpi ertzaini aitorpena adierazteko ekitaldietan parte hartu du.Urkulluk Ertzain-etxeko pertsonala agurtu du, eta aurrez aurre ezagutu ahal izan du Ertzain-etxea hiri-bilbean modu irisgarrian integratzeko planteatutako berrikuntza, bai eta Ertzaintzaren furgonetetan instalatutako gailu mugikorrekin egiten ari diren proba pilotua ere.

Bisitaldian Ertzain-etxeak eskaintzen dituen zerbitzuetan lan egiten duen pertsonalarekin hitz egin ahal izan du lehendakariak, eta, horrez gainera, bertan garatzen ari diren jarduketei, besteak beste, eraikina, arkitektura-oztopoak kenduta eta herritarrei arreta emateko guneak atseginagoak izan daitezen egokituta, hiri-bilbean integratzeko asmoz egiten ari diren birmoldaketa-lanei, buruzko interesa agertu du. Jarduketa horiek aurtengo urtean zehar eta datorren urtean burutuko dira, eta horien baitan zaintzako garita zaharra botako da eta perimetroko hesia kenduko da, eta, gainera, herritarrei arreta emateko guneak zabalduko eta egokituko dira.   

Era berean, Ertzain-etxea lantzen ari den beste alderdi berritzaile batzuk ere ezagutu ahal izan ditu lehendakariak, horien artean Ertzaintzaren furgonetetan instalatutako gailu mugikorrekin egiten ari diren probak; horiei esker polizia-erreminta informatikoetara sarbidea kaletik bertatik izango dute agenteek herritarrei arreta eman ahal izateko.   Hernaniko Ertzain-etxea trafikoko hiru lurralde-unitateekin batera ari da programa pilotu horretan parte hartzen.

Aitorpena

Ertzain-etxea bisitatu ostean, Ertzaintza Hernanin hedatu zeneko urteurren-ekitaldiari hasiera emateko, hitz batzuk esan ditu Hernaniko unitate-buruak, Karmelo Martínez Sarobek, eta minutu bateko isilaldia eskatu du zerbitzuan hildako Ertzain-etxeko ertzainen omenez.

Boskoteak jo duen Ertzaintzaren himnoa entzun ondoren, bertaratuek Hernanikoa bezalako Ertzain-etxe baten eguneroko jarduna jasotzen duen bideo bat ikusi ahal izan dute, Iñigo Urkullu lehendakariak eta Estefanía Beltrán de Heredia Segurtasuneko sailburuak Hernanin lanean 30 urte daramatzaten zazpi ertzaini errekonozimenduak eman aurretik.

Lehendakariaren hitzek eman diote amaiera urteurrena ospatzeko ekitaldiari, eta bertan izan dira Segurtasun Saileko kargudunak, Ertzaintzako agintari eta agenteak eta Ertzain-etxearen mugapeko udaltzaingoen buruak eta ordezkari politikoak.