Ehun motozalek parte hartu dute Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak Los Arcoseko zirkuituan antolatu duten bide-segurtasuneko formakuntza-ekintzan

Argitalpen-data: 

Aurten 10 motozale hil dira Euskadiko errepideetan, eta 3 Nafarroakoetan

 

Guztira zilindrada handiko motozikleten 100 gidarik parte hartu dute asteburu honetan, irailaren 7an eta 8an, eta beste ehunek irailaren 14an eta urriaren 27an parte hartuko dute, Nafarroako zirkuituan (Los Arcos) antolatutako bide-segurtasuneko formakuntza-ekintza bateratu batean. Jardueraren helburua gidatze segurua sustatzea da, motozaleak baitira, oinezkoekin eta txirrindulariekin batera, arrisku-taldeetako bat. Formakuntza-ekintza Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak antolatu dute, trafikoaren eta bide-segurtasunaren arloan lankidetzan jarduteko Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak eta Nafarroako Gobernuko Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuak 2017an izenpetu zuten lankidetza-protokoloaren baitan.

 

Ekimenaren baitan motozikletak segurtasun handiagoz gidatzera bideratutako hainbat ariketa egin dira. Bertan parte hartu dutenek oinarrizko kontzeptu praktiko batzuk ikasi dituzte, hala nola, motozikleta kontrolatzeko eta menderatzeko teknikak, frenatzeko modu ezberdinak, hiriko eta hiriarteko trafikoan izan behar duten posizionamendua edo egoeren araberako trazadura. Era berean, azken belaunaldiko segurtasun pasiboko ekipoak ikusteko aukera ere izan dute, besteak beste, airbaga duten eta istripua izanez gero lesioak izateko arriskua nabarmen murrizten duten motozaleentzako jantziak.

Asteburu honetako formakuntza-ekintzan Eusko Jaurlaritzako Trafikoko zuzendari Sonia Díaz de Corcuera eta Nafarroako Gobernuko Barne Departamentuko zuzendari nagusi Amparo López Antelo izan dira, eta irailaren 14koan eta urriaren 27koan ere izango dira. Asteburu honetan zilindrada ertaineko eta handiko motozikleten 100 gidarik parte hartu dute guztira, egun bakoitzean 50eko bi taldetan banatuta. Eta bi txandatan egin dituzte saioak: batzuek goizez, 9:00etatik 13:00etara, eta besteek arratsaldez, 15:00etatik 19:00etara.

Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak abian jarritako Nire gurpiletan jar zaitez estrategia partekatuaren esparruan aurreikusitako jardueretako bat da ekintza hau, eta estrategia horren helburua motor-gidariak motozikleta bat behar bezala ez gidatzeak dakartzan arriskuez jabe daitezen laguntzea da.

Bestalde, antolatu da, batetik, bi administrazioak kezkatuta daudelako gora egiten ari delako errepideetan hildako eta zauritutako motozale-kopurua, eta, bestetik, txirrindulariekin, 65 urtetik gorakoekin, 14 urtetik beherakoekin eta oinezkoekin batera, arrisku-taldeetako bat delako. 

Aurtengo lehenengo bederatzi hilabeteetan guztira 10 motozale hil dira Euskadiko errepideetan (6 Gipuzkoan, 2 Bizkaian eta 2 Araban) eta Nafarroakoetan beste 3.

Trafikoari eta bide-segurtasunari buruzko ikastaroak, jardunaldiak eta mintegiak antolatzea da Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak eta Nafarroako Gobernuko Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuak 2017ko ekainean izenpetu zuten lankidetza-protokoloan jasotako gaietako bat.