Lehendakariak kredentzialak banatu dizkie Ertzaintzaren 27. Promozioko 324 gizon-emakumeei

2019.eko uztailak 05

  • Azken sei urteotan, Segurtasun Sailak guztira bost promozio deitu ditu eta 1.750 ertzain-plaza atera ditu

Iñigo Urkullu lehendakaria izan da gaur kredentzialak banatzeko ekitaldiaren buruan. Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian bederatzi hilabeteko prestakuntza egin ondoren, 324 gizon-emakumeak Ertzaintzan, 27. Promozioan, integratuko dira, eta urubia aukeratu dute enblema moduan. Diplomak banatzeko ekitaldian lehendakariarekin batera izan dira Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Heredia, Segurtasuneko eta Administrazio eta Zerbitzuetako sailburuordeak, Josu Zubiaga eta Ana Agirre, Arkauteko Akademiaren zuzendari Malentxo Arruabarrena eta Ertzaintzako Zuzendari, Gervasio Gabirondo.

Guztira 324 pertsonak (264 gizonezkok eta 60 emakumek) jaso dituzte ertzain-kredentzialak bederatzi hilabetean Polizia eta Larrialdietako Akademian jasotako prestakuntza gainditu ondoren. Orain, eta zikloa betetzeko, urtebeteko praktika-aldia egin beharko dute herritarrak babesteko unitate ezberdinetan, eta horrekin Euskadiko herrietako ertzainen presentzia indartuko da.

Lehendakaria buru izan duen ekitaldian, Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Herediarekin, Segurtasuneko sailburuorde Josu Zubiagarekin, Administrazio eta Zerbitzuetako sailburuorde Ana Agirrerekin eta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren zuzendariarekin batera izan dira Segurtasun Saileko beste hainbat kargudun eta polizia-agintari.

Legebiltzarreko lehendakari Bakartxo Tejería, Josu Erkoreka, Cristina Uriarte eta Beatriz Artolazabal sailburuak, Gobernuaren ordezkariorde Jose de la Fuente eta Eusko Legebiltzarreko, Euskadiko Judikaturako eta Fiskaltzako, Gasteizko Udaleko eta Arabako Foru Aldundiko ordezkariak eta agente berrien familiartekoak ere izan dira ekitaldian.

27. Promozioak urubia aukeratu du bere estandarterako enblema moduan, eta 324 agentek osatzen dute, 264 gizonek eta 60 emakumek. Horietatik 41 arabarrak dira, 204 bizkaitarrak, 75 gipuzkoarrak eta 2 nafarrak, eta batez besteko adina 29 urtekoa da. Era berean, azpimarratu behar da % 97k dutela egiaztatuta hizkuntza-eskakizunen bat (20k B1; 220k B2; eta 77k C1).

Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren zuzendariak 2017ko abenduan izenpetu zuen 300 plazako deialdia onartzeko ebazpena, eta 2018ko maiatzean plaza-kopurua 380ra igo zen. Behin hautaketa eta prestakuntza prozesua amaituta, azkenean 324 pertsonek gainditu dituzte proba guztiak eta oinarrizko prestakuntza-ikastaroa, eta orain urtebeteko praktika-aldia egin beharko dute.

Oinarrizko ikastaroan polizia-lanarekin zerikusia duten gai askori buruzko prestakuntza jaso dute ertzaingaiek:

- Arlo Tekniko Profesionala: Euskadiko Segurtasun Publikoaren Sistema, Ertzaintza eta giza eskubideak, Polizia herritarren zerbitzura, Larrialdiei aurre egiteko jarduerak, Delituzko jokabideak, Bide-segurtasuna sustatzea, Herritarren babesa, Herritarren segurtasuna berrezartzea, Ingurua ezagutzea, Erreminta teknologikoak.

- Hizkuntza Arloa: Euskara, Hizkuntza-trebetasunak

- Polizia Esku-hartzearen Arloa: Polizia-babesa; Jaurtigailua, pistola eta eskopeta erabiltzeko teknikak; Polizia- prozedurak eta Diziplinarteko ekintzak.

- Polizia Trebetasunen Arloa: Agirien idazkuntza, Ibilgailuen gidaritza, Hezkuntza fisikoa

Azken 6 urteotan Segurtasun Sailak guztira 5 promozio deitu ditu eta 1.750 ertzain-plaza atera ditu. Berez, azken hiru promozioetan handitu egin da deitutako plaza-kopurua, eskaerari erantzuteko eta erretiroen ondorioz izandako bajak betetzeko.