Lehendakariak "Hemen Gaude", Arkauteko Euskal Poliziaren Museoan ETAren biktima izandako ertzainak betiko gogoan izateko gune berria, inauguratu du

2019.eko ekainak 02

  • Zerbitzuan hildako ertzainei urtero egiten zaien omenaldia eta polizia-lana aitortzeko dominak emateko ekitaldia ere egin dira

Iñigo Urkullu lehendakariak, Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Herediak lagunduta, ‘Hemen Gaude’, Arkauteko Euskal Poliziaren Museoan ETAren biktima izandako ertzainak betiko gogoan izateko gune berria, inauguratu du. Jon Alvarezek 1993an diseinatu zuen eta 2012ko otsailera arte piztuta egon zen suontzia dago aurrez aurre, ETAren biktima izandako hamabost ertzainen txapelak eta izenak, eta gertatutakoaren berri ematen duten hitz batzuk, hartu dituen gunean. Inaugurazio-ekitaldia ekaineko lehenengo igandean egin da, ASERFAVITE – Ertzain eta Terrorismo Biktimen Senideen Elkartearekin adostuta, egun horretan egiten baita, urtero, zerbitzuan hildako ertzainei omenaldia egiteko eta erakundearen alde egindako lanarengatik eta polizia-jarduera aipagarriengatik saritutako agenteei dominak banatzeko ekitaldia.

Lehendakariak orain dela urtebete jakinarazi zuen Ertzaintzaren Oiartzungo egoitzan ETAren biktima izandako ertzainak betiko gogoan izateko gune bat sortuko zela.”Euren memoria babestu egin behar dugu ertzainen eta euskal gizartearen belaunaldi berrientzat. Horrela izateko eta hemendik urtebete barru, oroimen-ekitaldi hauxe bera egiteko berriz elkartzen garenean zuekin partekatu ahal izateko lan egingo dugu”, esan zuen orduan lehendakariak.

Ordutik urtebete igaro denean, eta adierazitako oroimen-ekitaldiarekin batera, lehendakariak, ETAren biktima izandako ertzainen familiez lagunduta, ‘Hemen Gaude’ gunea inauguratu du Euskal Poliziaren Museoan. Gunean, aurrez aurre, Ertzaintzako Joseba Goikoetxea sarjentua hil zutenean eta ETAren biktima izandako ertzainen omenez diseinatutako suontzia jarri da.

Guneko txoko batean ‘Beti Gure Baitan’ goiburupean, ETAren biktima izandako ertzainen hamabost txapelak eta familiek emandako euren argazkiak daude.

‘Zuen Oroimenean’ deitu den beste txoko bat Euskal Poliziaren Museoa bisitatzen dutenek bideo bat ikusteko prestatu da. Bideoan, batez ere, ETAren biktima izan ziren ertzainen familiartekoen oroitzapenak, sentipenak eta kontakizunak jaso dira.

Azkenik, ‘Gure memorian’ izeneko laugarren txokoan sinadura-liburu bat jarri da, nahi duenak bere sinadura eta hitz batzuk idatz ditzan.

Gunearen inaugurazioaren ondoren, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako frontoian jarraitu dute omenaldi-ekitaldiarekin, eta lehenbizi minutu bateko isilaldia egin dute zerbitzuan hildako 37 ertzainen omenez. Eszenategian ertzainen izenak zituen monolito bat jarri da, eta ohorezko aurreskua dantzatu da.

Domina banaketa

Inaugurazioaren eta omenaldiaren ostean, aitorpen-motaren araberako bereizgarria duten (gorria, berdea, zuria eta urdina) 20 kondekorazio banatu dituzte.

Bereizgarri gorriko dominak bi ertzaini eman dizkiete. Bati talde terrorista bat desegin zuen polizia-operatibo batean parte hartu izana aitortu zaio; operatiboan larri zaurituta geratu zen. Eta besteari terrorismoaren aurkako polizia-operatiboan egindakoa aitortu zaio. Operatiboan bere lankidea hil egin zen eta bera oso larri zaurituta geratu zen. Polizia-operatiboa lehergailu baten abisua jaso ondoren jarri zen abian. Lehergailuak eztanda egin zuen eta berarekin zegoen beste ertzainari heriotza eragin zion eta omenduari, berriz, ezintasun egonkorra.

Ekitaldian bereizgarri berdeko beste zortzi domina eman zaizkie beste zortzi ertzaini. Batek, zerbitzuz kanpo zegoela, labana batekin larriki zauritu berri zuen emakume baten aurkako lesioak, genero-indarkeria eta hilketa-ahalegina leporatu zizkioten gizonezko bat immobilizatu eta atxilotu zuen. Bereizgarri berdeko domina jaso duten beste bi ertzainek Beasaingo Arriarango urtegian buia bati helduta laguntza eske ari zen emakume bat salbatu zuten. Beste domina bat zerbitzuz kanpo zegoela bi zakur arriskutsuk eraso egin zioten nerabe bati lagundu zion ertzainari eman diote. Kasu hartan ertzainak bere segurtasuna arriskuan jarri zuen, azkenean menderatu zituen animaliek eraso egin zioten eta.

Bereizgarri berdeko beste domina bat jaso duen ertzainak emakume bati lagundu zion lanera zihoala. Bi gizonezkok lapurreta egin zioten emakumeari, eta atzetik jarraitu zien eta haietako bat atxilotu egin zuen. Bestea udaltzain batek atxilotu zuen.

Bereizgarri berdeko domina jaso duten beste bi ertzainek esku-hartze erabakigarria izan zuten bonba-auto bat leherrarazita atentatu terrorista bat egin zuten bi pertsona atxilotzeko. Atentatuan ertzain bat hil zen.

Eta kolore bereko beste kondekorazio bat jaso duen ertzainak komando terrorista bateko kide bat atxilotzen parte hartu zuen. Komandoak bonba-autoekin hainbat atentatu egin zituen, eta hainbat ordu lehenago lehergailua jarri zuen Zumarragako Adingabeen Zentroan eraikitzen ari ziren eraikinean.

Bestalde, bereizgarri zuriko zazpi domina eman dituzte zailtasun edo garrantzi handiko zerbitzuetan, operatiboetan edo jarduketetan izandako parte-hartze arrakastatsuagatik eta horietan dohain profesional edo zibikoa apartak erakusteagatik, era nabarian nabarmendu izanagatik polizia-eginkizuna betetzean edo kidegoaren ospea hobetzeko edo zerbitzuan erabilgarriak diren lan eta azterketa profesional edo zientifiko bikainak egin izanagatik.

Bestalde, bereizgarri urdineko hiru domina eman dituzte segurtasun publikoaren defentsan garrantzi handiko ekintzak egiteagatik edo Ertzaintzaren mesederako edo ospea hobetzeko harekin funtsezko lankidetzan aritzeagatik. Kasu honetan domina bat Belgikako Polizia Federalaren Komisario Nagusia eta Belgikak Espainian duen Enbaxadako kontseilaria denari eman diote, Ertzaintzarekin lankidetzan jarduteagatik eta Hodei Egiluz desagertu zenean ikerketan laguntzeagatik. Sexu-eraso bat eragotzi zuen gizonezko bati eman zaio bigarrena, eta bereizgarri urdineko hirugarren domina hainbat pertsona atxilotzea ahalbidetu zuten laguntza eta informazioa eman zituen beste herritar bati eman zaio.

Gaur Arkauten egin den ekitaldian azken urte honetan zerbitzuan garrantzi bereziko jardunak egin dituzten ertzainen izenak ere irakurri dituzte, dagozkien espediente pertsonaleko oharren artean jardun horiek agertzea merezi dutela eta.

Ekitaldian Gobernu Kontseiluko kideak, Eusko Legebiltzarreko lehendakaria, Gobernuaren ordezkaria, Legebiltzarreko Mahaiaren eta Erakunde, Segurtasun eta Gobernantza Publikoaren Batzordearen ordezkariak, Segurtasun Saileko hainbat kargu, Ertzaintzako dibisio buruak eta beste hainbat agintari izan dira, bai eta ASERFAVITE – Ertzain eta Terrorismo Biktimen Senideen Elkartearen eta ADEPYR elkartearen ordezkariak, Zaitu elkartea, sindikatuen ordezkariak eta omenduen familiartekoak, senideak eta lankideak ere.

(*) Ertzaintzaren kondekorazioen araubidea

Kondekorazioen egungo araubidea urriaren 16ko 202/2012 Dekretuan jasota dago. Dekretu horrek arautzen du Ertzaintzako zerbitzu-egintzaren deklarazioa eta kondekorazioen eta ohorezko sarien erregimena.

Kondekorazioei eta aitorpenei dagokienez, Dekretuak polizia-lana aitortzeko hiru domina –bereizgarri gorrikoa, bereizgarri berdekoa eta bereizgarri zurikoa– eta bi diploma-mota –bereizgarri gorrikoa eta bereizgarri zurikoa– finkatu ditu.

Polizia-lana aitortzeko bereizgarri gorriko domina ematen da ezohiko jardunak edo agenteek beren bizitza arriskuan jarrita burutzen dituzten jardunak saritzeko; bereizgarri berdekoa ematen da bizia arriskuan jarri gabe egin diren garrantzizko egintzak saritzeko; eta, azkenik, bereizgarri zurikoak aitortzen ditu polizia-zereginetan nabarmentzen direnen ereduzko jokabideak edo Ertzaintzaren izen ona hedatzen duten azterketen edo lan zientifikoen egileen ereduzko jokabideak. Laugarren domina, bereizgarri urdina duena, ematen zaie beste polizia-kidego batzuetako kideei, larrialdi-zerbitzuetako kideei, segurtasun pribatuko kideei eta beste hainbati, Ertzaintzaren zereginekin lotzen diren merituzko jardunak egiteagatik.

Diplomek, bestalde, ertzainen ibilbide profesional osoa saritzen dute. Bereizgarri zurikoa ematen da zerbitzuan, diziplina-faltarik gabe, hogei urte eman ostean, eta bereizgarri gorrikoa hogeita hamar urte betetzean.