Salbamenduaren eta sorospenaren arloko hogei bat profesional izan dira Txurdinagako Larrialdiak Kudeatzeko Zentroan egin den formakuntza jardunaldian

2019.eko maiatzak 28

Topaketan Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Heredia izan da

 

Txurdinaga, 2019.eko maiatzak 28

Hondartza, urtegi, erreka eta igerilekuetako salbamenduaren eta sorospenaren arloko hogei bat profesionalek parte hartu dute Segurtasuneko Sailak antolatuta egin den Hondartzetako Koordinatzaileak Prestatzeko 2019ko Jardunaldi Teknikoan, eta bertan izan da Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Heredia ere.

 

Datorren ekainaren hasieran zabalduko den bainu-denboraldiaren aurretik egin nahi izan den jardunaldia Bilbon, Euskadiko SOS Deiak zerbitzuaren Larrialdiak Koordinatzeko Zentroan, egin da, eta Bizkaiko eta Arabako foru aldundietako, eta Gasteiz, Donostia, Zumaia, Orio, Hondarribia, Mutriku, Getaria, Deba eta Zarauzko udaletako hondartza, erreka, urtegi eta igerilekuetako salbamendu eta sorospen zerbitzuen 20 koordinatzailek parte hartu dute bertan.

 

Formakuntza ikastaroan Gasteizko Mendizorrotza eta Gamarra igerilekuetako koordinatzaileak ere izan dira, eta hitzaldiak Ertzaintzako Aeronautikako eta Uretako Zaintza eta Erreskateko, Osakidetzako larrialdietako eta Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzako adituek eman dituzte.

 

Hitzaldi horietan salbamendu eta erreskate lanekin lotutako gaiak izan dira hizpide, urpekaritzarekin eta helikopteroekin lotutakoak barne direla, bai eta herritarren babesa, era horretako agertokietan ohikoak izaten diren osasunaren arloko larrialdiak eta Larrialdiei Aurre Egiteko Euskal Sistemaren itsasertzeko, erreketako eta urtegietako taktika operatiboak ere.