Udaltzaingoaren hirugarren LEP bateratuko sarbide-probak ekainaren 15ean, larunbatean, egingo dira Bilbao Exhibition Centerren

2019.eko maiatzak 20

  • 3.830 pertsonatik gora daude izena emanda prozesu berrian, eta izena emateko epea gaur gaueko 12etan amaituko da

Udaltzaingoaren hirugarren LEP bateratuko lehenengo sarbide-probak ekainaren 15ean, larunbatean, egingo dituzte Bilbao Exhibition Centerreko instalazioetan. Orain arte 3.830 pertsonak eman dute izena www.arkauteakademia.eus web-orriaren bidez Euskadiko 36 udalerrik eskainitako 270 udaltzain-plazetako bat betetzeko hautaketa-prozesu honetan. Interesa dutenek gaur gaueko hamabiak arte dute izena emateko aukera.

Izena emateko epea amaitzeko ordu batzuk falta direnean, 3.830 pertsona (1.000 emakumezko eta 2.830 gizonezko) daude izena emanda Segurtasun Sailak EUDEL – Euskadiko Udalen Elkartearekin lankidetzan deitutako Udaltzaingoaren hirugarren LEP bateratuko sarbide-probak egiteko.

Behin izena emateko epea amaitzen denean, gaur gaueko hamabietan, alegia, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren zuzendari Malentxo Arruabarrenak datozen egunotan emango du argitara hautaprobak egin ditzaketen onartuen zerrendari buruzko erabakia.

Lehenengo probak ekainaren 15ean, larunbatean, egingo dituzte Barakaldoko Bilbao Exhibition Centerreko pabiloietako batean. “Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiarekin kudeaketa-agindua sinatu ondoren eskaera egin diguten Euskadiko 36 udaletako 270 udaltzain-plaza. Oraingoa, hirugarren deialdi bateratua da oraingoa” adierazi du Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Herediak, udaltzaingoen hautaketa-prozesuari eta Arkauteko Akademian gauzatuko diren formakuntza-ekintzei buruzko informazioa emateko egin den prentsaurrekoan.

Hirugarren LEP bateratu honetan parte hartzeko onartutakoak Udaltzaingoko oinarrizko eskalako 270 agente-plazetako bat lortzen saiatuko dira. Eskaintzak Euskadiko 36 udalerrik aurkeztu dituzte: 45 Arabako hiru udalerrik, 109 Bizkaiko 17 udalerrik eta 116 Gipuzkoako 16 udalerrik.

Udalerrien arabera plazak honela banakatuta daude:

Araban: 1 Amurrion, 5 Laudion, 39 Gasteizen

Bizkaian: 2 Abanto-Zierbenan, 3 Zornotzan, 20 Barakaldon, 6 Basaurin, 11 Bermeon, 1 Derion, 21 Getxon, 1 Gorlizen, 9 Etxebarrin, 3 Lekeition, 7 Mungian, 2 Ortuellan, 4 Portugaleten, 13 Santurtzin, 2 Sestaon eta 2 Zallan.

Gipuzkoan: 1 Aretxabaletan, 5 Arrasaten, 2 Azkoitian, 2 Beasainen, 49 Donostian, 8 Eibarren, 4 Elgoibarren, 7 Errenterian, 13 Irunen, 4 Lasarten, 1 Ordizian, 6 Pasaian, 2 Urretxun, 3 Zarautzen, 1 Zumaian eta 8 Zumarragan.

Udaltzaingoaren 270 plazetarako izangaiek ezagutza teorikoen probak, gaitasunak ebaluatzeko lau ariketako proba psikoteknikoa eta nortasuna ebaluatzeko beste bat egingo dituzte. Behin proba horien emaitzak jakiten direnean, fase hori gainditu dutenek proba fisikoak egingo dituzte uztailan eta elkarrizketak irailan.

Lehiaketa-fasean Udaltzaingoan egindako zerbitzuak baloratuko dira. Euskararen ezagutza merezimendu gisa baloratuko da izangaiek bete nahi duten plazan eskatutako hizkuntza-eskakizuna baino euskara maila handiagoa egiaztatzen duten pertsonen kasuan.

Behin hautaketa-prozesua amaituta, Udaltzaingoaren oinarrizko eskalako agente izateko izangaiek zazpi hilabeteko prestakuntza hasiko dute 2019ko azaroan Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian. Ondoren, gutxienez 12 hilabeteko praktika-aldia hasiko dute.

Bitartekoen poltsa

Udaltzaingoaren hirugarren LEP bateratuko hautaketa-prozesuaren aldi berean, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademia bitarteko agenteen formakuntza-ikastaroak egiten ari da udaletan udan sortuko diren premiei erantzuteko. Aurtengo urtean zehar hiru formakuntza-edizio egin dira 333 pertsonarentzat, eta uztailean 140 pertsonarentzat beste ikastaro bat antolatzea aurreikusten da.