Euskalmetek Meteorologiaren Eguna ospatuko du, eta baldintza meteorologikoak txarrak direnerako babes zibileko erreminta gisa baliatzeko "Eskatu ahalako jakinarazpenak" zerbitzua aurkeztu du

2019.eko martxoak 21

Meteorologiaren Mundu Eguna dela-eta, Euskalmetek “Eskatu ahalako jakinarazpenak” zerbitzu berria aurkeztu du. Babes zibilarekin zerikusia duen informazio-erreminta honek baldintza meteorologiko txarren aurreikuspenei buruzko datu zehatzak emango dizkio nahi duenari eta dohainik posta elektronikoaren bidez. Euskalmet – Euskal Meteorologia Agentziaren instalazioetan egin den ekitaldian Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Heredia, Segurtasuneko sailburuorde Josu Zubiaga eta Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako zuzendari Pedro Anitua izan dira.

Orain arte, baldintza meteorologiko txarren ondorioz Segurtasun Sailak aktibatzen zituen oharrak prebentzio-lanetan inplikatutako organismoei eta erakundeei bakarrik bidaltzen zitzaizkien mezu elektronikoen eta SMS bidez. Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak 2018an bakarrik 37.412 SMS eta 302.251 mezu elektroniko bidali zituen.

Informazio-sistema instituzional horrek aurrerantzean ere bere horretan jarraituko du, baina hemendik aurrera, eta “Eskatu ahalako jakinarazpenak” sistema berriari esker, edozein pertsonak jaso ahal izango ditu ohar horiek bere helbide elektronikoan. Horretarako, alta hartu beharko du SOS-Deiak zerbitzuaren www.euskadi.eus/112 webgunean, eta aldez aurretik aukeratu beharko du EAEko zein eremu geografikori/ei buruzko informazioa nahi duen eta ze fenomeno interesatzen zaion.

Zerbitzu berri honetan alta hartzen dutenek, mezu elektronikoak jasoko dituzte abisuak aktibatzen diren bakoitzean: abisu horiak (ez dago arriskurik biztanleria orokorrarentzat, baina bai jarduera jakin batzuentzat), alerta laranjak (arrisku meteorologiko esanguratsua dago) eta alarma gorriak (arriskua handia da ohikoak ez diren eta ezohiko intentsitatea duten fenomenoen inpaktuagatik).

Segurtasun Sailak 2018an 251 abisu hori eta 21 alerta laranja aktibatu zituen, eta ez zuen alarma gorririk aktibatu.

Estefanía Beltrán de Heredia Segurtasuneko sailburuak Larrialdiei Aurre egiteko eta meteorologiako Zuzendaritzari zein Euskalmeteko langileei eskertu die zerbitzu berria martxan jartzeko egindako esfortzua: “Meteorologia-fenomeno kaltegarrien inguruan herritarrak alertatzeko zerbitzuek berriz ere harritu gaituzte, onerako harritu ere. Aurrerapauso bat da, kaltegarri suerta dakizkigun meteorologia-fenomenoen aurrean norberak hartu ahal eta hartu behar dituen autobabes-ekintzak hobetzeko garrantzi handikoa dena, zalantzarik gabe. Sarbide pertsonalizatua eskaintzen du, klik batean norbera harpidetuta dagoen alerta-zerbitzuetara sartu ahal izateko, aurreikuspenera, prebentziora eta autobabesera ohitzeko modu ona da”.