Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak arreta berezia eskainiko dio motor-gidarien kolektiboari aurtengo Zaintza eta Kontrol Kanpainetan

Argitalpen-data: 

FOTO_DE_GRUPO.jpg

Ertzaintzak, udaltzaingoekin lankidetzan, 44 Zaintza eta Kontrol Kanpaina aurreikusi ditu 2019rako, 2018an baino 4 gehiago

 

(2019/01/30)

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saileko Trafikoko zuzendari Sonia Díaz de Corcuerak gaur goizean aurkeztu du Ertzaintzak, udaltzaingoekin lankidetzan, 2019an beteko duen Zaintza eta Kontrol Kanpainen egutegia. Aurten guztira 44 kanpaina aurreikusi dira, 2018an baino 4 gehiago, hainbat arrisku-faktore (abiadura, arreta-galtzeak, alkohola eta drogak…) kontrolatzeko eta bide-segurtasuna hobetu eta trafiko-istripuen biktimen kopurua murrizteko. Ertzaintzaren Erandioko egoitza nagusian egin den lan-bileran Segurtasuna Koordinatzeko zuzendari Rodrigo Gartzia, Ertzaintzako Trafikoko Buruzagitza Nagusiko intendente Iñigo Ibarra eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako udaltzaingoen ordezkariak izan dira, bai eta Ertzaintzako Trafikoko Lurralde Unitateen arduradunak ere.

 

Egutegia 2018an erregistratutako istripuei buruzko datuak kontuan izanda prestatu da. Horrela, motor-gidariei zuzenduta abiadura kontrolatzeko 5 kanpaina espezifiko egingo dira (iaz 2 egin ziren.). Era berean, beste kanpaina espezifiko bat aurreikusten da kamioi eta autobus gidarien atseden-aldia zaintzeko. Guztira, 2018an baino lau kanpaina gehiago egitea aurreikusten da.

 

“Iaz izandako istripuei buruzko datuak aztertu ondoren erabaki dugu 2019ko egutegian beste lau kanpaina egitea. Ekitaldi honetan arreta berezia eskainiko diegu motor-gidariei; izan ere, 2018an Euskadin trafiko-istripuetan hildako hiru pertsonetatik bat ziklomotorrean edo motozikletan zirkulatzen ari zen. Horien istripu-tasa murriztea eta autobus eta kamioi gidarien atseden-aldiak kontrolatzea izango da Ertzaintzarekin eta udaltzaingoekin koordinatuta prestatu den egutegi honen lehentasunetako bat. Era horretara, 2015-2020 aldiko Bide Segurtasuneko eta Mugikortasun Seguru eta Iraunkorrerako Plan Estrategikoan ezarritako lerroei erantzungo diegu", azpimarratu du Trafikoko zuzendari Sonia Díaz de Corcuerak.

 

2018ko zaintza-kanpainetan guztira 11.968 kontrol egin ziren, eta kontrol horietan 273.999 proba egin ziren eta 19.440 arau-hauste hauteman ziren. Kontroletan batez beste % 7,1ek eman zuen emaitza positiboa (iaz baino % 0,2 gehiagok).

 

2019rako Zaintza eta Kontrol Egutegian alkohol- eta droga-kanpainak egitea aurreikusten da, bai eta honako hauek kontrolatzekoak ere: arreta-galtzeak, hiri-bideetako harrapaketak, eskola-garraioa eta salgaien eta pertsonen garraioa, abiadura, uhala eta haurrak eusteko sistemak eta bigarren mailako errepideetako baldintza teknikoak motozikleten, ziklomotorren eta bizikleten kasuan. (Egutegia erantsi da).