Segurtasun Sailak amaitu du Ertzaintzako ertzain-etxeei 300 patruila-auto, lur orotako 104 ibilgailu etatrafikoko 74 furgoneta berri banatzeko prozesua

COCHES_SEAT-LEON-SAILBURU.jpg

2019.eko urtarrilak 11

Lur orotako lau ibilgailu eta sei furgoneta Arabako Miñoien kidegoarentzat dira

Vitoria-Gasteiz, 2019ko urtarrilak 11.

Segurtasun Sailak amaitu du Ertzaintzaren ibilgailuak berritzeko lehenengo fasea. Fase horretan SEAT markako 300 León X-perienc 2.0 TDi auto eskuratu ditu renting sistemaren bidez patruila-lanetarako; lur orotako beste 104 ibilgailu, Toyota Land Cruisxer 177CV SP VXL modeloak, herritarren segurtasunerako lanetarako; eta 74 furgoneta, Mercedes Benz Vito 114 CDI Tourer modeloak, trafikoko lurralde-unitateentzat, errepideko patruila-lanetarako, istripuen ikerketarako edo prebentzio-kontroletarako.

 

 

Ertzaintzaren ibilgailuak berritzeko prozesuari ekiteko, alokairuan hartu ziren polizia-lanetarako bereizgarririk gabeko 600 ibilgailu berri, eta ordutik, azken sei hilabete hauetan, bata bestearen atzetik eskuratu dira renting sistemaren bidez bereizgarridun 300 ibilgailu (150 atxilotuentzako manparekin, eta beste 150 gabe), lur orotako 104 ibilgailu eta trafiko-unitateentzako 74 furgoneta.

 

Patruila-auto, lur orotako ibilgailu eta furgoneta berriak Ertzaintzako unitateen eta ertzain-etxeen artean banatu dira Erandion jaso ahala. Azkeneko multzoan Arabako Miñoien kidegoak trafiko-lanetarako erabiliko dituen lur orotako 4 ibilgailu eta 6 furgoneta ere bazeuden.

 

Ibilgailu guztiak renting bidez eskuratu dira, 60 hilabeteko indarraldia duten alokairu-kontratuen bitartez, eta beste 24 hilabetez luzatzeko aukera jaso da kontratuen xede den flota osoarentzat edo zati batentzat. Modalitate horrek barne hartzen ditu asegurua eta ibilgailuak konpondu eta mantentzeko zerbitzuak, nahiz eta baldintza-orrietan jaso den Segurtasun Sailaren baliabideekin mantentze-lan eta konponketa txikiak egiteko aukera, hain zuzen ere, erabilgarri dauden baliabideak optimizatu ahal izateko eta Ertzaintzaren ibilgailuen parkean izaten diren gorabeherei erantzun azkarra emateko.

 

Ibilgailuak egokitu eta moldatu egin dira polizia-lanetarako, eta ekipamendu espezifikoa, seinalizazio-elementu modernoak eta dagokion errotulazioa izateaz gainera, barruko bidaiari-lekuak eta maletategia egokituta dituzte. Horrez gainera, dagozkion eta egin behar dituzten lanetarako beharrezkoak diren komunikazio-sistemak instalatu eta kodetu dira.

 

Ibilgailuak renting sistemaren bidez eskuratzeko inbertsioa, 5 urtean mantentze-lanak, konponketak eta aseguruak barne direla, urtean 7,2 milioi eurokoa da.

 

Behin lehenengo fasea amaituta, Segurtasun Sailak beste unitate berezi batzuen motozikletak eta furgonetak berritzeko prozesuarekin jarraituko du.