Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak 2018-19ko Neguko Bidezaintza Plana aurkeztu du

Argitalpen-data: 

nieve_1.jpg

Elurra kentzeko makinak, garabiak eta laguntzako eta zaintzako ibilgailuak, guztira 300 bat baliabide mugikor izango dira aurtengo neguan Euskadiko errepide-sareko zirkulazioa bermatzeko

 

 

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saileko Trafikoko zuzendari Sonia Díaz de Corcuerak gaur goizean aurkeztu du 2018-19ko Neguko Bidezaintza Plana Euskadiko Trafikoa Kudeatzeko Zentroan, Bilbon, egindako bileran. Bertan izan dira Ertzaintzaren, foru-aldundien, autobideen, Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zerbitzuaren eta Gobernu zentralaren ordezkariak.

 

2018-19ko Neguko Bidezaintza Planak (NBP) aurreko urteetako oinarrizko parametroak mantentzen ditu, eta aktibazio partzialaren aukera eskaintzen du, elur-mailaren eta prezipitazio-bolumenaren arabera. Sonia Díaz de Corcuerak azaldu duenez, NBPren jarraipen eta informazio fasea elur-maila 1.000 metroan kokatzen denean aktibatuko da, eta fase operatiboa, berriz, elur-maila 700 metrora jaisten denean.

Trafiko Zuzendaritzaren NBP iragarpen meteorologikoen eta meteorologiak Euskadiko errepideetan duen eraginaren arabera baliabideak mugitzen dituzten erakundeak eta autobideen emakidadunak koordinatzeko plan bat da.

2018-19ko neguan, elurra kentzeko foru aldundien eta autobideen 185 makina, tona askotako ibilgailuak erretiratzeko puntu estrategikoetan kokatuko diren Euskadiko Trafikoa Kudeatzeko Zentroaren 7 garabi astun eta beste 130 ibilgailu izango dira koordinazio eta zaintza lanetarako. Horiei Ertzaintzaren lurraldeko trafiko-unitateetako patruilak batu behar zaizkie, eta patruila-kopurua ertzain-etxeetako baliabideekin sendotu eta osatu ahal izango da.

Negualdiko lehenengo elur-prezipitazioak ohikoa baino lehenago iritsi dira aurten. Hori dela eta, larunbatean, urriaren 27an, aktibatu zen lehenbiziko aldiz NBPren jarraipen eta informazio fasea, eta fase operatiboa, berriz, asteleheneko, urriaren 29ko, gauerditik eguerdira arte, elur-maila 700 metrotik behera jaitsi zenez Euskadiko hainbat puntutan, nahiz eta ez zuen eragin handirik izan errepide-sare nagusiko zirkulazioan.

 

NBP 17 aldiz aktibatu zen 2017-2018ko neguan

2017-18ko neguan plana aurreko urteetan baino askoz ere gehiagotan aktibatu behar izan zen. Jarraipen eta informazio fasea 17 aldiz aktibatu zen (aktibazioak 2016-17ko neguan baino 9 gehiago eta 2015-16an baino 6 gehiago izan ziren). Fase operatiboa, berriz, 10 aldiz aktibatu behar izan zen 2017-18-ko neguan (aurreko ekitaldiko aktibazioak baino 4 gehiago eta 2015-16an baino 2 gehiago).

 

NBPren aktibazioak

 

2017-18

 

2016-17

 

2015-16

 

2014-15

 

Jarraipen-fasea

 

17

 

8

 

11

 

12

 

Fase operatiboa

 

10

 

6

 

8

 

9

 

Lehenbiziko aldiz azaroaren 8an eta 9an egin zuen elurra. Elur-maila 900 metro inguruan kokatu zen, prezipitazio ugariak izan ziren Gipuzkoan, eta txingor-ekaitzak Kantauri isurialdean. Kateak Opakuako eta Herrerako mendateetan bakarrik behar izan ziren arren, prezipitazio ugarien ondorioz (60 litro metro koadroko 24 orduan Gipuzkoako ekialdean) ohikoak direnak baino istripu gehiago gertatu ziren ibilgailuak errepidetik atera izanaren eta talken ondorioz.

Bigarren aldiz elurra azaroaren 29tik abenduaren 4ra bitartean egin zuen, eta fase operatiboa aktibatu behar izan zen elur-maila 700 metrotik behera kokatu zenez. Abenduaren 1ean eta 2an, esate baterako, 200 eta 400 metro artean kokatu zen elur-maila. N-1 errepidea (Etzegarateko mendatean) eta A-15 autobidea trafikoarentzat itxita egon ziren abenduaren 1ean, 08:30etik 11:00etara bitartean, elurra gogotik egin zuenez. Era berean, egun horretan bertan zulo handi bat sortu zen AP-8rako Arroa Beheko sarbidean; bestalde, harkaitz handiak erori ziren N-634 errepidera, Getaria eta Zumaia artean. Araban, zirkulatzeko arazorik handienak Herrerako, Opakuako, Zaldiarango eta Orduñako mendateetan izan zituzten.

Abenduan, berriz, 8-9an, 11-12an, 15-17an eta 27-28an egin zuen elurra, baina elur-maila ez zen 700 metrotik jaitsi, une jakin batzuetan izan ezik. Elurrak berez ez zuen arren gorabehera handirik sortu, azpimarratu behar da “Ana“ borraskaren ondorioz Euskadiko Babes Zibileko Planeko alerta-egoera aktibatu behar izan zela haize handiagatik abenduaren 10ean. Bilboko aireportuan, esate baterako, 22 hegaldi utzi behar izan ziren bertan behera, eta haizeak zuhaitzak bota zituen Euskadiko errepide-sareko puntu askotan, esate baterako, AP-68an, Zanbrana parean, A-624 errepidean, Zuia parean, eta GI-2630 errepidean, Oñatin.

Hurrengo lau elurteak urtarrilean izan genituen. Hilaren 5etik 8ra bitartean elur-maila 200-400 metro ingurura jaitsi zen, eta prezipitazio iraunkorrak izan genituen Gipuzkoan eta Bizkaian. Horren ondorioz urtarrilaren 6an, Errege Magoen egunean, itxita geratu zen A-15 errepidea bi noranzkoetan Andoain eta Nafarroako muga bitartean, eta N-1 errepidea Etzegarateko mendatean.

Urtarrilaren 9tik 12ra bitartean elur-maila 500-700 metrora jaitsi zen eta zirkulazioan arazoak sortu zituen hilaren 11n N-622an Altuben, N-240an Barazarren eta AP-1ean Armiñonen, bai eta BI-635ean ere, Gernika eta Muxika artean, Elizalde errekak gainezka egin izanaren ondorioz. 13-15ean eta 25-27an elur-maila 700-900 metro inguruan ibili zen, eta ez zen gorabehera azpimarragarririk izan errepide-sarean.

Otsailean beste lau aldiz egin zuen elurra (1-10era, 12-13an, 21-22an eta 27-28an). Ostiralean, hilaren 2an, goizaldean, itxi egin behar izan ziren Arabako Altube, Opakua, Orduña eta Herrera mendateak eta Gipuzkoako Arrate, Mandubia eta Otzaurte, elur ugari pilatu zenez. Gainera, tarteka eten egin behar izan zen zirkulazioa N-1ean, Etzegarateko mendatean, eta A-15ean, Andoain eta Nafarroako muga artean, elur makinek bidea garbitu ahal izateko. Bestalde, AP-68an ibilgailu astunen ilarak antolatu behar izan ziren elur makinen atzetik zirkulatu ahal izateko. Ostiral goizean, hilaren 2an, txingor-zaparrada handiak eta etengabeak izan genituen, eta AP-8 autobidean, Orion, hainbat istripu gertatu ziren eta ilarak sortu ziren bi noranzkoetan.

Hurrengo elurtean, 12ko goizean, hainbat ibilgailu ez aurrera ez atzera geratu ziren N-240 errepidean, Barazarko mendatean, elurraren ondorioz, eta N-622 errepidean, Bilborako noranzkoan, hainbat ibilgailuren arteko istripua gertatu zen eta itxi egin behar izan zen errepidea. Hilaren 13ko goizaldean, 300 metroko malda bat jausi zen Larrabetzu eta Morga lotzen dituen BI-3102 errepidera, eta erabat itxita geratu zen. Otsaila elurte handi batekin amaitu zen, asteazkenean, hilaren 28an, elur asko egin baitzuen 03:00etatik 12:00etara eta elur-maila itsasertzeraino jaitsi zen lehenengo orduetan. Zirkulazio-arazo ugari sortu ziren errepide-sareko puntu askotan.

Eguraldi txarreko martxoko beste bi une izan genituen 6-7an eta 17-22an, baina zirkulazioan ez zuten aparteko arazorik eragin. Arazo puntualen bat edo beste Euskadiko errepide-sareko mendaterik garaienetan izan zuten, Opakuan eta Herreran, esate baterako, 20ko goizaldean.

Iazko negu luzeko azken astinaldia apirilaren 10-11n izan genuen, elur-maila 700-1000 metro inguruan kokatu zen eta prezipitazio ugariak izan genituen. Bigarren mailako errepide-sarea leku askotan geratu zen moztuta ibaiek gainezka egin zutenez eta lur-jausiak gertatu zirenez, batez ere hilaren 11n. Ibai-arroen egoera ikusita, apirilaren 11n eta 12an aktibatuta izan genuen Uholde Arriskua Kudeatzeko Planaren larrialdi-fasearen 1 egoera.

 

Aholku praktikoak

Eguraldi txarrarekin kontu handiz eta zuhurrago ibili behar da errepidean. Abiadura moteldu behar da eta tarte handiagoa utzi behar da aurrean doazen ibilgailuekin, zoru bustian distantzia handiagoa behar baita ibilgailua gelditzeko.

Pneumatikoek egoera onean egon behar dute, pneumatiko higatuek ez baitute ura behar bezala husten, eta istripua eragin dezakete. Neguko pneumatikoek jartzeko aukera baloratzea gomendatzen da, trakzio, frenatze-ahalmen eta kontrol hobea eskaintzen baitute zoruan ura, izotz zuria, izotza eta elurra dagoenean. Neguko pneumatikoak muntatu ez badira, bidean elurra dagoenean behar-beharrezkoa da ibilgailuetan kateak eramatea eta jartzen jakitea zirkulatu ahal izateko.

Hotz handia egiten duen egunetan kontuz izotzarekin, ABS edo lau gurpileko trakzioa bezalako sistema modernoek ere ez gaituzte libratzen irristatzeko arriskutik. Ezinbestekoa da, beraz, astiroago eta zuhurrago gidatzea.

Beira-garbigailuak dira zaindu beharreko beste elementuetako bat: baldintza onetan eduki behar dira beti, euria edo elurra ari duenean errepidea ongi ikusi ahal izateko.

Era berean, funtsezkoa da bat-batean ez frenatzea eta abiadura handian ez zirkulatzea. Leunki eta pixkanaka frenatzen ahalegindu behar da, gurpilak blokea ez daitezen eta ibilgailuaren kontrola gal ez dezagun. Horrelakoetan, frenoko pedala askatu beharko da trakzioa berreskuratzeko, eta motor-frenoa erabili frenoko pedalarekin txandakatuta.

Azkenik, elurrarekin abiatzean garrantzizkoa da pixkana azeleratzea. Gurpilek irrist egiten badute, martxa handiagoa sartu beharko dugu gurpilei indar txikiagoa aplikatzeko.